Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Iñaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
Euskera eta zientzia
Atalak: Gogoetak
Aurreko batean, zientziaren dibulgazio aldizkari bat irakurtzen ari nintzela, Euskal Herrian egiten den Materialen zientzia eta teknologia kongresuaren berri izan nuen. Egiari zor, aldizkarian irakurri arte ez nuen sekula bere berri izan, eta ilusio haundia egin zidan, hitzaldi eta poster guztiak euskera hutsean izan baitziren. Aurtengo uztailean izan zen kongresuaren hirugarren edizioa Markina-Xemeinen, eta maila altuko ehundik gora hitzaldi eta berrogei poster inguru izan omen ziren. Kopurua gutxienekoa da, deigarriena halako kongresu bat euskera hutsean izatea baita.
Izan ere, gaur egun ingelerak zientziaren ikerketa mundua monopolizatu duela esan daiteke. Egiten diren kongresu, argitalpen eta zientzialarien arteko harreman gehienak ingeleraz izaten dira. Neurri batean, ulertzekoa ere izan daiteke. Azken batean, zientzia geroz eta nazioartekoagoa da, eta guztiek ulertzen duten hizkuntza bat erabili ezean, nekez egingo du aurrera. Eta tira, gaur egun mundu mailako politika kontuan izanda, bidezkoa izan ala ez, zientzia munduan ingelerak lortu duen nagusitasuna ere normaltzat hartu beharko dugu.
Baina ez dezagun nazioartekotasun horren ondorioz gure hizkuntza ahaztuta utzi. Azken finean, euskeraren normalkuntza benetakoa izango bada, gizartearen esparru guztietan igarri beharko da, baita zientziaren ikerketa munduan ere. Ikerketa zentru eta unibertsitateek, bertan lan egiten duten atzerritar andana dela medio, arlo honetan zeregin haundia daukate. Halakoetan maiz gertatzen da zuzendaritzatik langilego osoari bidaltzen zaizkien e-mail nahiz bestelako oharrak idazteko ingelera erabiltzea. Bada, kasu horietan informazioa euskeraz ere egon beharko litzateke. Are gehiago, lehenengo euskerazkoak behar luke, eta ingelerazkoa bere ostean egon beharko litzateke. Era honetan, bertako langile atzerritarrek uneoro presente lukete bertako hizkuntza euskera dela eta ingelera eurekin komunikatzeko baliabide gisa erabiltzen dela.
Hasierako gaira itzuliz, Materialen zientzia eta teknologia kongresuaren moduko ekimenek ere paper garrantzitsua betetzen dute. Esparru horretako ikerketetan dabiltzan euskal ikerlarien harremana sendotu dezake, mundu horretan euskeraren erabilera sustatuz. Erakuts diezaiegun kanpotik datozen ikerlariei euskeraz bizi nahi duen herri batera datozela, eta bide batez, oraindik ulertu nahi ez duenik balego, erakuts diezaiogun jendeari gure hizkuntzak kateto eta hipotenusaz ezezik, nanoteknologia bezelako gai konplexuez hitzegiteko ere balio duela.