Oier Lakuntza
Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
- Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
- Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Iñaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
- Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan
Mehategiak eta metanoa
Atalak: Gaurkotasunekoak
Iragan urriaren 28an, zoritxarreko berria iritsi zitzaigun Leongo Pozo Emilio del Valle ikatz mehategitik: metano gas jario baten ondorioz leherketa bat gertatu zen sei mehaginen heriotza eraginez. Tamalez, ez da hau halako zerbait gertatzen den lehen aldia, historian zehar era honetako istripu asko gertatu izan baitira. Gainera, hauetako gehienak metano gas leherketen ondorioz izaten dira.
Ikusi denez, %5 eta %15eko kontzentrazio tarteetan, metanoak leherketa bat eragin dezake. Hortik gora leherketarik eragin gabe su har dezake, eta kontzentrazio txikiagoetan, ez du arazorik eragiten. Aipaturiko baldintza horietan,nahikoa izaten da txispa txiki bat, gasari istripua gertatzeko behar duen hasierako energia ahalbidetzeko. Hori gertatzen denean, mehategiko oxigeno kontzentrazioa kolpetik jaitsi egiten da, (ez ahaztu errekuntza eta leherketa guztietan oxigenoak parte hartzen duela), mehaginak asfixiagatik arriskuan jarriz. Funtsean, hori izan zen Leongo mehategi hartan gertatu zena.
Hori kontuan hartuta, mehategietan bi eratako oinarrizko neurriak hartzen dira (edo behar lirateke behintzat!):
Aireztatzeko sistema bat erabiltzea, gerta litezkeen metano jarioen aurrean, bere kontzentrazioa baju mantentzeko.
Leherketa gertatzeko behar den hasierako energia eman dezakeen sistema oro ekiditea, txispak adibidez.
Metanoaren jatorria eta hornidurak
Gaur egun, metanoa maiz aipatzen den konposatua da. Izan ere, kasu honetan bere berri mehategietako istripu baten harira izan badugu ere, azken urteetan etorkizuneko energia iturri “garbi” gisa aurkeztu izan digute.
Metanoa konposatu organikorik sinpleena da. Izaki bizidunen hondakinen deskonposaketa anaerobikotik (oxigenorik gabeko giroetan) sortzen da, eta izaki bizidunetan, bakterio metanogenikoen metabolismoko produktu gisa lortzen da. Hala, petrolioa eta ikatza bezalako erregai fosilen erreserbatan, metano poltsak egoten dira.
Horrekin lotuta, atmosferara metano emisiorik haundiena suposatzen duten eremu batzuk aipa daitezke:
Ikatz mehategiak: metanoa ikatz poroetan aurkitzen da grisu gasaren osagai nagusi gisa (gas honek karbono dioxidoa eta beste zenbait gas ere izan ditzake proportzio txikiagoan), eta ikatza askatzean bertan bildutako metano gasa ere askatzen da.
Abeltzantza eremuak: behiak bezalako belarjaleek, beren hesteetan dituzten bakterien eraginez, beren metabolismoan zehar metanoa askatzen dute.
Ur araztegiak: uren material organikoa desegiteko, mikroorganismoen jarduera aprobetxatzen da, metano kopuru haundiak askatuz.
Zabortegiak: aurreko bi kasuetan bezala, bakterio metanogenikoek bertako materia organikoaren deskonposaketa ahalbidetzen dute.
Metano emisio hauei lotuta, ezinbestean bere ezaugarri bat aipatu behar. Izan ere, metanoak karbono dioxidoak baino 25 aldiz errazago xurgatzen du eguzkitik datorren beroa. Honek, klima aldaketaren gaia puri-purian dagoen honetan, atmosferara igortzen den metano kopurua neurtu beharra dakar. Jakina den bezala, karbono dioxidoa da negutegi efektuaren erantzule nagusia, berau baita fenomeno hau eragin dezaketen gasen artean atmosferan kontzentraziorik haundiena duena. Edonola ere, metanoaren kontzentrazioa askoz ere txikiagoa izan arren, gas honek eguzkitiko beroa xurgatzeko horrelako erraztasuna izateak, halabeharrez negutegi efektuan zeresana izatea dakar.
Zentzu horretan, azken urteetan eremu hauetan askatzen den metanoa bildu eta erabili ahal izateko ikerketak abiarazi dira. Lehenago aipatu bezala, erabilera hauetako bat metano hori erregai gisa ustiatzea litzateke. Dena den, kontuan hartu behar da energia iturri honentzat “garbia” labela erabiltzea ez dela guztiz zuzena. Izan ere, errekuntza guztietan bezala, metanoa erretzean ere karbono dioxidoa askatuko litzateke, eta honek negutegi efektuaren arazora garamatza berriz ere. Edonola ere, egia da metanoa erregai gisa erabilita aurrerapauso bat ematen dela, lehenago aipatu dugun bezala, karbono dioxidoaren negutegi efektu potentziala metanoarena baino 25 aldiz txikiagoa baita.
Metanoaren aktibazioa
Hala ere, metanoak izan zitzakeen beste erabilera posible batzuk aztertzea ere komeni da. Hala, metanoa era kontrolatuan aktibatzea posible izango balitz, erregai gisa ezezik, hidrogeno molekularraren lorpenean eta konposatu organiko haundiagoen sintesian ere (alkoholak adibidez) erabili ahalko litzateke.
Honetan guztian, kontuan hartu behar da metanoa, konposatu organikorik sinpleena den heinean, oso egonkorra dela. Izan ere, metanoak (CH4) lau karbono-hidrogeno (C-H) lotura ditu eta hauek oso sendoak dira. Hain zuzen ere, aipaturiko beste erabilera horietarako lehen pausoa lotura horietako bat apurtzean datza.
Hori ordea, energiaren ikuspegitik oso prozesu garestia da, eta gaur egungo ikerketa askotan, erreakzio hori erraztuko zuketen katalizatzaile egokiak bilatzen dira. Konposatu hauek, erreakzioan kontsumitu gabe, berau errazago gertatzea ahalbidetzen dute.
Hori lortu ezkero, posible litzateke metanotik energia iturri garbi bat lortzea (izan ditzakeen ezpurutasunak salbu), hidrogeno molekularra (H2) alegia. Izan ere, metanoak ez bezala, hidrogeno molekularrak erretzean ez du karbono dioxidorik askatzen, eta beraz, negutegi efektuaren aferan aurrerapauso haundi bat emango litzateke.