Liderra
Iragan astelehen goizean egindako kronika da ondorengoa, El Pais-ek Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketan oinarritua. Asteartean inprentatik aterata irakurri nuen eta ez nintzen oso gustura geratu bukaerarekin. Bake prozesu saio berriaren egoera aldatzen ari dela aztertzen da analisian, apurka, baina aldatzen; eta Otegiren elkarrizketa hori ere horren adierazle zela. Bukatzen nuen esanez: “Elkarrizketa honek Otegi sendotu egin du eta, aurrerantzean gehiago, espetxeak ere sendotu egiten du”.
Gerora irakurri eta neure artean egin nuen gogoeta: “baina ez dakik zenbat egingo duen espetxean, eta gainera, idatzitakoarekin uler liteke komeni dela espetxean egotea, horrek Otegi bera eta, beraz, ezker abertzalearen oraingo estrategia sendotzen duelako”. Bai, ez dut zalantzarik espetxeak Otegiren irudia indartu egiten duela euskal gizartean, azken finean herritarren gehiengo zabalak injustizia nabarmen gisa ikusten duelako. Ziur nago, alabaina, Otegi baliotsuagoa litzatekeela kanpoan barruan baino. Gainera, ez nuke nahi azken esaldiaren zentzua Barne Ministerioak zenbait esparrutan zabaldua duen honekin nahastea: “Lasai, ezker abertzalea ETAren aurrean indartzeko espetxeratu zituzten Otegi eta konpainia. Otegi espetxeratzeak bere irudia indartzen du eta horrek Batasunak daraman estrategia ere indartzen du”.
Erlojuak sarri estutzen ditu gure artikuluak eta batzuetan ez dakizu zein neurritan ulertuko den zerbait norberak nahi duen ildoan. Tira, Internetek gure burua hobeto azaltzeko aukera ematen du gaur egun. Ondoren, beraz, ARGIAko 2.249 zenbakian argitaratutako artikulua:
ARNALDO OTEGIK El País-i emandako elkarrizketa ez da edozein indar politikoren buruzagik ematen duena. Arrazoi askorengatik ez da elkarrizketa bat gehiago: espetxean dago, ez da bere elkarrizketarik irakurri oso aspaldi eta datorren garaian dator, irailean zehar ezker abertzaleak bake prozesu berri hau mugiarazteko erakutsitako ekimen politiko indartsuaren ondoren.
Otegik elkarrizketa eskaera asko izan ditu, zalantzarik gabe, baina El País-i eman dio oraingoan, eta ez egunkari honetako edozein kazetariri, John Carlini baizik. Kazetari britainiar honen lan ezagunena Playing the Enemy da eta bertan sakon aztertzen du Hegoafrikako bake prozesua nola elikatu zen. Carlinek ondo ezagutzen ditu hango bazterrak. Eta ez dugu ahaztu behar, halaber, Brian Currin hegoafrikarra dela nazioarteko bitartekaritzaren dinamizatzaile publikoa.
Elkarrizketak PSOEren oniritzia ere baduela pentsa liteke eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren erantzun azkar eta baikorrak ere itxura hori indartzen du. Gidoirik badagoen ala ez, hori bestelako kontua da, baina badirudi Zapaterori interesatzen zaiola Espainiako iritzi publikoak Otegik pentsatzen duena jaso dezan. Elkarrizketa honen bidez, halaber, nazioarteko komunitateak ezker abertzalearen iritzia bere liderraren eskutik jasotzen du.
Bai, liderra. Eta hau da seguruenik elkarrizketaren atalik garrantzitsuenetakoa, Otegiren lidergoa argi adieraztearena. Preso batek oso gutxitan hitz egiten du maila horretan eta halako tinkotasunarekin, baldin eta ez bada Presoen Kolektiboaren izenean edo, aitzitik, kolektibo horretatik kanpo kokatua. Eta Otegik hasieratik argi uzten du ezker abertzaleko buruzagi moduan mintzo dela. Besteak beste, zorrotz jardun du ezker abertzalearen estrategia berriaren izaeraz:
“Bide baketsu eta demokratikoak soilik, independentziarantz ez da beste biderik”.
Balizko atentatu bat, zerga iraultzailea, kale borroka… eta gisakoak ere ezker abertzalearen estrategia politikotik kanpo uzten ditu. Eta ETAk egin beharko lukeena ere oso zehatz azpimarratu du:
“Anbiguetaterik onartzen ez duen ezker abertzaleko oinarrien agindua dago eta bete egin behar da”.
Berak esandako gehienak sarri atera dituzte mahai gainera ezker abertzaleko hainbat buruzagik, baina berak orain eta molde honetan esateak beste balio bat du iritzi publikoari begira, bereziki Espainiako eta nazioarteko iritzi publikoei begira.
Azaroaren 11n epaituko dute Otegi, –Joseba Permach eta Joseba Alvarezekin batera– oraingoan 2004an Anoetako Proposamena egin eta, besteak beste, “terrorismoa goresteagatik”. Iaz sasoi honetan ETA berrantolatzeagatik –ETA eta Batasuna bat baldin badira, Espainiako Justiziak dioen legez– atxilotu zuten gisara. Tesi horretan murgilduta, Otegik ETA berrantolatzen du honek borroka armatua utz dezan. Hara delitua. “Baina jakina, hauteskundeei begirako estrategiak dira”. Hala amaitzen du tesiak.
Herritarren gero eta gehiengo handiago bati, ordea, gero eta sinesgaitzagoa egiten zaio ipuina. Egia da ezker abertzaleak gizartearen aurrean sinesgarritasun arazo handiak dituela, baina ez da inongo zalantzarik, euskal gizartearen aurrean ezker abertzale hori astetik astera sinesgarritasuna irabazten ari dela. Otegiren elkarrizketa honek sinesgarritasun hori are eta gehiago sendotzen du, Espainian ere gero eta zabalduago dagoen mezua finkatzen laguntzen du –”Batasuna serio ari da”– eta ezker abertzalearen baitan Otegi lider gisara agertzen da.
Mandela bezala espetxeratua dagoen liderra. Eta atzerrira begira –eta bien arteko inongo konparazio pertsonalik egin gura barik– irudi horren itzala zabaltzen da. Barne Ministerioaren politika errepresiboaren mende egon ezean, nekez uler baitaiteke nola egon litekeen espetxean borroka armatua alboratzeko ezker abertzalea egiten ari den bide gaitz horren protagonista nagusietakoa.
Elkarrizketa honek Otegi sendotu egin du eta, aurrerantzean gehiago, espetxeak ere sendotu egiten du.
Sendotzen ari denaz…
Ados nago, Xabier zure artikuluarekin.
Nire ustez ere askoz baliotsuagoa da Arnaldo kalean barruan baino, eta nire ustez, herri honek (edo mugimendu honek bederen) lotsarik gabe eskatu behar luke bere liderraren askatasuna, batzuetan ematen baitu denak berdin tratatze arau ixil horrengatik ez genukeela ahotsa gehiegi altxatu behar bere alde. Baina inor mintzeko asmorik gabe, nola izango da gauza bera lider bat eta beste edozein? Mandelak Hegoafrikan egin zuen bezala, Otegik neurri handi batean, Euskal Herriko gatazkaren parte bat pertsonifikatu, sinbolizatu eta lideratzen du. Horrek ezberdintzen du beste guztiongandik.
Nire ustez, nazioartean bere izena ezagutaraztea gure betebeharra da. ETAren amaiera bideratzen saiatzeagatik dago barruan. Espainian ez, baina nazioartean edonork ikusten du hor injustizia.
Horregatik kanpaina indartsu baten beharra ikusten dut, eta bestela, gutxienez, Wikipedian ahal bezain hizkuntza gehienetan bere sarrera idatzi.
Zer iritzi duzu guzti honetaz, Xabier?
Ados nago eta iruditzen zait Otegirena denborarekin zama bihurtuko zaiola Espainiako Gobernuari. Ateratzean indartua aterako dela eta, beraz, baita ezker abertzalea ere. Azken finean, orain Espainiako Barne Ministerioa bideratzen ari den sarekada horiekin ere -su-etena ezagutzera eman zenetik 35 pertsona- antzera gertatuko da. Gobernuak bere iritzi publikoaren aurrean berdin jarraitzen duela adierazi nahi du, eta beraz egurra. Hori gobernuaren helburu politikoen aldeko indarkeriaren erabilera da. Orain, dena den, 2012a begien bistan, Otegiren elkarrizketarekin azenario muturra ere erakutsi du Zapaterok. Konfrontazio bortitzaren garai gogorrean, ezker abertzaleak gaitza zuen bere aurkako indarkeria hau baliatzea. Atentaturik gabe, eta barne kohesioari eustea lortuz gero, errepresioak Espainiako Gobernua ahulduko du eta ezker abertzalea politikoki indartu. Euskal Herrian jakina, Espainian egoera bestelakoa da.