Errutinak ardazten du gizakion bizimodua. Etxetik lanerako bidea automatiko bihurtzen da egunen joanarekin. Bidai labur horretan inor gutxi jabetzen da inguruan gertatzen denaz eta pausu bakoitzarekin denborak ihes egiten du. Zebrabide eta semaforoen argiak milaka bizitzen bidegurutze bihurtzen dira eta udazkeneko euriek eragindako putzuak dira lanerako lasterketen lekuko fidelak.
Desadostasun edo haserrearen eraginez, ordea, pertsonen joan-etorria gelditu egiten da. Protestatzea ezinbestekoa denean mugimendua gelditu eta hausnartzeko denbora hartzea ezinbestekoa da. Kataluniako azken gora-beherekin desadostasuna adierazteko garraiobide eta errepide guztiak gelditu dira herriaren desadostasuna agerian utziz.
Eguraldi makurrak eragindako hondamendiak errutinaren apurketa bultza dezake. Bideak urez betetzen direnean txalupak dira garraiobide bakarrak. Vietnamgo Hoi An herrixkako biztanleek haien etxeak atzean utzi dituzte, txalupen gainean leku seguruago baten bila abiatzeko. Ura desagertu eta bideak hustu arte normaltasunak ez du herrixka honetan lekurik izango.
Egunen joanean noizbehinka geldialdi bat egin eta begirada atzera botatzea ez dago gaizki. Historiako gertakizun garrantzitsuak gogora ekarri eta gertatutakoaz ikasteko aukera paregabea da hau. 1989. urtean erori zen Berlingo harresiaren urteurrena ospatzeko, gazteak harresiaren oroitarriaren gainetik antzina gertatutakoaren inguruan hausnartzen dute.
Leave a Reply