Natura

Labak lurperatutako etorkizuna

 Miguel Calero - EFE

Azken egunetan etengabe jasotzen ari gara La Palmako uhartean gertatzen ari den  hondamendia gaurkotzen dituzten irudiak. Egun gutxi batzuen buruan sumendi, erupzio, laba, mihi eta magma kontuetan indarrean aditu bihurtu gara Kanarietan gertatzen ari dena ulertzeko.

Une hauetan, sumenditik ateratzen ari den laba bi mihitan zatituta jaisten ari da. Mihi horietako batek oso erritmo motelean jaisten ari da hego-mendebaldean. Bestea, berriz, azkarragoa doa, astelehen gauean zabaldutako aho berriak elikatuz, eta Todoquen sartu da jada. Ondorioz, magmak itsasora heltzeko denbora gehiago beharko du.

Alfonso Escalero Ilovetheworld – AP

Jasotako irudi gehienak ilunak dira, argazkiaren atzean ezkutatzen den errealitatea bezain ilunak. Dena estaltzen duen iluntasunaren erdian laranja kolorea nabarmentzen da soilik. Laranja kolore bizien multzoan sartuta dago eta, askotan, sormena, gogoa, arrakasta eta orekaren adibide bezala erabili ohi bada ere, oraingoan guztiz kontrakoaren eredu da.

Samuel Sánchez

Labak dagoeneko 183 etxebizitza aurretik eraman ditu eta 300 eta 400 nekazaritza-ustiategi bitartean kaltetu ditu. Mehatxu aurreikusi ezinaren aurrean gero eta gehiago dira ebakuatutakoak. Ordu gutxi batzuen buruan, etxean zeuzkaten gauza ahalik eta gehienak jaso eta atzera begiratu gabe alde egin behar izan dute. Irudian Todoque auzoko bizilagun bat ageri da, udal-langileen laguntzarekin bere gauzak jasotzen.

Arturo Jiménez – Europa Press

Zoritxarrez, egoera larri honen aurrean ezer gutxi egin daiteke. Gutxi batzuek, egon badaude eta, gertatutakoa “naturaren ikuskizun” gisa deskribatzeko ausardia dute oraindik, eragindako kalteak zirku emanaldi baten parte balira bezala. Bien bitartean, labak segundo gutxitan bizitza osoan zehar eraikitako herriak eta ametsak irensten ditu, uharteko bizilagunentzat etorkizun beltz eta lazgarri bat marraztuz.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.