Ertzaintzan, lantokira joatea crossfit eta Krav Magaren uztarketaren antzeko zerbait dela ulertzen dutenen ordezkari sindikalek –Esan eta Erne kasu– diote irudiko uniformedunak “profesionaltasunez” aritu direla, eta, biktimak ertzainak direla. Ezaguna zaigu argudioa. Gazatar edo libanoarren buru gainean bonbak botatzen dituztenek ere logika bera darabilte: “betikoen” probokazioen aurrean “defendatu”. Horregatik, lurrean babesgabe dagoenari borrarekin buruan jo behar. Poliziaren eredua gogorarazteko. Indarkeriaren monopolioarekin maitemindutako makarra horiek Ertzaintzan (ere) gehiengo dira, eta botere politikoaren ahotik “sentitzen dut” ekidistante batek ez du egoera konponduko, Ertzaintzan nagusi diren korporatibismoa eta zigorgabetasuna indartu besterik.
Argazkia: Oskar Matxin / Foku
Testua: Axier Lopez


