Ongi etorri Beranduegira. Zer? Bai, pixka bat arraroa hau paperean irakurtzea, ezta? Jo, izan ere, hainbeste murriztu zaigu aurrekontua, Beranduegiko ekipoaren traje, gorbata eta otorduak –batez ere otorduak– kentzea beste erremediorik ez zaigula geratu. Orri hau Wyoming horren programa bezala ikusi nahi baduzu, erabili irudimena, hori behintzat debalde da eta. Oraingoz.

Harira: Oñati albiste dugu egunotan, ARGIA Eguna dela eta. Hedabide honen festa nazionala herri honetan antolatzea erabaki logiko eta koherentetzat jo du mundu guztiak: bertara beste edozein lekutatik iristea hain zaila denez, Euskal Herria zatitzen duten debate geografiko guztiak saihestu ditugu. “Oñati? Tokitan dago!” erantzun dute kokapenaz galdezka inkestatu ditugun 10 harpidedunetatik 9k. Denak ados. Eta hori euskaldunak direla. Bada meritua.
Eskerrak Oñatiko jendea beti dagoela laguntzeko prest: “ARGIAren fans, hemendik” lemapean antolatutako manifestazioak gidatu ditu herriraino ardi galduak bailiran zebiltzan Argiazaleak, txintxo-txintxo kuartel ondoan aparkatzeraino. Gero etxe horren barruan bizi direnek denei karneta eskatu eta katxeatu dituztela? Ba bai. Eta ez dugu ulertzen zergatik. Zer arraiok pentsarazi ote die pankartan FAN HEMENDIK jartzen zuela?