“Asko maite zaitut” programak lortu du erakustea euskaldunak gai garela norbaiti publikoki adierazteko barru-barrutik ateratzen zaizkigun maitasun sentimenduak. Orain erronka handiagoa hartuko du telebista publikoak: “Asko gorroto zaitut” saioarekin, urteetan ezkutuan gordetako ezin-ikusiak adieraztera animatuko dituzte herritarrak. “Maitasunarena baino askoz emankorragoa da hau”, adierazi dute programaren arduradunek. “Pentsa zenbat familia, elkarte gastronomiko eta alderdi politiko dauden Euskal Herrian eta nola mantentzen diren. Adierazi gabeko gorroto pila bat dago hor, norbaitek ateratzeko aukera emateko zain”. Euskal kulturgintzako zenbait eragilek dagoeneko eskatu dute programa ez dezatela emititu: “Kultura txikia da euskaldunona, horrelako zerbait emitituko balitz zer litzateke hurrengoa, bertsolaritza aspergarria dela publikoki adieraztea? Katastrofea litzateke!”.