Diotenez, baliteke epailea ei den batek bost lagun espetxeratzeko agindua eman izana, egunotan sanferminak ospatzen ari omen diren Iruñean emakume bat ustez bortxatzea egotzita. Bortxaketa erakusten duen ustezko grabazioa, apika telefono mugikor bat erabilita ustezko erasotzaileek eurek beharbada egindakoa, akaso egiazkoa da eta akaso ez. Antza denez, hala zabaldu bide zuten menturaz publikoa den hedabide bateko ustezko zenbait kazetarik jaien bigarren egunean, gutxi gorabehera.

Gerta liteke espetxeratutako bost gizonetako bat ausaz guardia zibila izatea, baina datu hori oso zalantzazkoa dateke; “horiek beti binaka ibiltzen dira-eta, non dago bestea?”, esplikatu du alegiazko lekuko batek. Beranduegi ustezko biktimarekin harremanean jartzen saiatu da, baina gaia ondo ezagutzen duten iturriek argitu digutenez, ez da segurua pertsona hori existitzen denik ere.

Informatzen jarraituko dugu.