Negoziazio hiper-sekretu baten ostean, Sarek eta Parisko Udalak akordioa egin dute Eiffel dorrea Bilbora eramateko urtarrilaren 13ko presoen aldeko manifestaziorako. “Abenduaren 9an frogatu denez espetxeak husteko borrokan garrantzi handikoa da manifestazioetako argazkien atzeko aldean ospe handiko monumentu bat ikustea”, azaldu digu Sareko eledun Joxe Motelagak.

Iberdrola dorrea kendu eta haren lekuan paratuko dute Eiffelena. “Iberdrolarena, ba zer nahi duzue esatea, altua da eta hola, baina ez da inondik inora bestea bezain xarmagarria”, adierazi du Sarek bere azken balorazio politikoan. Azkenik, katalan herriari elkartasunezko mezua bidaltzeko aprobetxatu du Motelagak: “Bai, zuek 45.000 elkartu zenituzten Bruselan, baina gure Parisko argazkiak politagoak dira”.

EAJk, bere aldetik, urtarrileko mobilizazioarekin bat ez egitea erabaki du ustekabean. “Guk argi adierazi genuen Kremlina Zabalburu erdian ipiniz gero hitz egiten has gintezkeela, baina argi dago herri honetan batzuek ez dutela gura jeltzaleok euren manifestazioetan egoterik”, esan digu Sabin Etxeko erantzungailu automatikoak.