Espainiako Itzulian parte hartu duten ziklistei eskainitako “Aurreskubike” iraultzaileak izan duen arrakastak bultzatuta, euskal produktu tradizionalak sortzen dituen artisau eta artista jendea ideia berriak garatzen hasi da, udazken-neguko feria eta euskal jaietan aurkezteko asmoarekin. Txistulariak, trikitilariak, bertsolariak… guztiak hasi dira tradizioa eta modernitatea uztartuko dituzten piezak lantzen, baita saskigile, hargin eta gainerako guztien egileak ere, produktu gastronomikoenak tartean. Beranduegik horietako bat ezagutu ahal izan du: Goierriko Talogileen Països Catalans formako taloa, GED dinamikan oinarritua. “Aurreskue ikusita, erabaki genuen guk ere zerbait politte egitea”, azaldu digu Mertxe Aranguren segurarrak. “Zaile izan da taloe sortzea, Kataluniaren forma luzexka horrekin, baina lortu dugu. Bai, hala da, askok esan digute taloaren tradizioe prostituitzen ari gerala. Ba ikusiko duzu produktu berriaren prezioe ezagutzen dutenean, kar kar kar…”.