Gipuzkoarra da Jokin Altuna, eta horregatik hark irabaztea nahi zuen Jexuxmai Odriozola donostiarrak. Baina Altuna Athletic-zalea da, eta horregatik nahi zuen hark galtzea. Ezkurdia berriz nafarra da; ez da bizkaitarra izatea bezain txarra, baina ezta gipuzkoarra izatea bezain ona ere, eta horregatik hark galtzea nahi zuen Imazek. Baina Ezkurdia realzalea da, eta horregatik nahi zuen hark irabaztea. Partida osoan majo sufritu zuen Odriozolak, pilotari batek tantoa egitean ez zekielako txalo jo ala txistu egin. Saiatu zen Diario Vascon bere trantzetik aterako zuen informazioa topatzen, baina alferrik, kiroletako lehen orrialdean Altunaren jatorriari gorazarre egiten zioten, baina hurrengoan Athletic-en aurka egiten zuten sutsuki. Geroz eta urduriago, hamaikagarren tantorako frontoiko tabernan biba eta biraoka zen Odriozola, azala horitzen hasi zitzaion arte, bost euroko gilda eztarrian trabatuta. Ospitalera eraman zuten eta han da oraindik.