Kepa Berezarra bilbotarrak, goizero bezala, Xerpa krokodiloa beharrak egitera atera du Abanto ingurura. Runner jendeak mesfidati begiratzen dio atzetik segika hasten zaien animaliari, baina Kepa patxadaz zuzentzen zaie: “Lasai, ez du ezer egiten, soilik jolastu egin nahi du!”. Xerpa ez ote lukeen loturik eraman behar galdetu diogu: “Keba, zintzo-zintzoa da-eta, pertsona asko baino gehiago. Nik, adibidez, nahiago dut berarekin poteatu inguruko jendearekin baino; Athletic-ek jokatutako azken partidaz edota lantokiko mobidez ez dit matrakarik ematen, ateratakoa edan eta esandakoa egin, zoragarria da”. Krokodiloaren gorotza, gainera, ongarri ederra omen da. “Horregatik ez ditut haren mokordoak jasotzen, ezta haurrentzako parkeetan uzten dituenak ere. Demostratua dago ume batek deskuidoan ahora eramanez gero, hortz sendoagoak izango dituela etorkizunean”.