“Planeta suntsitzen ari diren handiki diruzaleei argi esan behar diegu nahikoa dela, ez dugula ingurumenaren aurkako eraso gehiago onartuko”, azaldu du Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak. “Ezinbestekoa da klima aldaketaren mehatxu neoliberalari erabateko lehentasuna ematea. Horretan gabiltza. Andoni Ortuzarrek adibidez pinu bat landatu du Sabin Etxeko lorategian, Hego Poloaren urtzeaz ohartarazteko pinguino bat adoptatu du Iñigo Urkulluk, eta Arantxa Tapiak AHTko komunetan paper birziklatua jartzea inposatu du”. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, gaztetxoak sentsibilizatu aldera, Greta Thunberg nerabe suediarra fitxatu dute Go!azen saioan kameo bat egiteko Jose Ignazio Asensiorekin batera. Telleria anaiek Aska Nazazu Deluxe saioari filtratu diotenez, Petro Knörr-en Muskizko zentralari jarriak kantaren koreografian parte hartuko du Thunbergek, eta Danel izeneko pertsonaiari neskalaguna lapurtzen saiatuko da Asensio, baina arrakastarik gabe.