Urriaren 12ko desfilean bide ertzeko farola bat besarkatu zuen paraxutistak esan digu “oso kontentu” dagoela egindakoagatik. “Dena planeatu bezala atera da. Farola nahita jo nuen, jendea barrez mozkor zedin eta meme inozoak zabaldu zitzan whatsapp bidez. Pairatuko zuten biharamuna handiagoa izango zen horrela. Banekien bi egunera zer helduko zen: hamahiru eta bederatzi urte arteko zigorrak. Eutsi horri, indepe zikinok! Niri zortzi hortz erori zaizkit, eta Riverari patatekoak eman zion ia, baina ez dago espidifenik zuen buruko-mina arinduko duenik. Zer, gaur ez dago memerik e, memelook? Nork egiten du barre orain? Ua ha ha ha ha! Enfin, horrela ikasiko duzue. Datorren urtean gure ahuntzak adarra sartzen dionean koronelari bere erdiko zuzenbidetik, zuek egizue barre lasai”.