“Inork ez du hitz egiten pairatzen ari garenaz, baina egoera oso gogorra da: diru-laguntza gehiago eman behar dizkigu Jaurlaritzak”, adierazi du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak igandean Deia egunkari guztiz independentean. 100 Batzoki baino gehiago itxita dauzkatela gogorarazi du eta lokal horiek “Euzkadiko bizimodu sozial eta ekonomikoaren erdigunea” direla gaineratu du. Horregatik, Jaurlaritzak ostalaritzari emango dizkion diru-laguntzez gain, partida berezi bat eskatu du Batzokientzat bakarrik. Berehala etorri da Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren erantzuna Twitter bidez: “Gure balioak indartzeko garaia bizi dugu: konpromisoa, ahalegina, irmotasuna, talde lana, elkartasuna, gauzak ondo egitea, eta ongia egitea”. Txioa ulertu nahian lehendakaritzara deitu du Beranduegik eta iturri ofizialek baieztatu dutenez, Urkulluk esan nahi izan du kontu honekin ere betiko jendeak aterako duela dirua. “Egia esan, ez dakigu zergatik konplikatzen den hainbeste mezuekin, ondorioa beti bera izanda”, gaineratu dute.