Teknologiak aniztasuna ulertzen ez duenean

Atzo bertan, azken belaunaldiko erloju adimendun bat jaso nuen. Pantaila distiratsuarekin, diseinu dotorearekin eta nire osasuna, loa eta jarduera fisikoa monitorizatzeko gai izango zena. Hala ere, gailua behar bezala ez zebilela konturatu nintzen. Arrazoia? Tatuajeak.

Bai, tatuajeak. Erlojuaren sentsore optikoak argi berdea erabiltzen du bihotz-maiztasuna neurtzeko, eta ezin du nire tatuajeen tintaren erruz “ikusi”. Horrek esan nahi du, janzten dudan bakoitzean, erlojuak ezin duela antzeman soinean daramadala eta, ondorioz, funtzio guztiak galtzen dituela. Hasieran, arazo isolatua zela pentsatu nuen, software doikuntza batekin edo konfigurazio aldaketa batekin konpon zitekeen zerbait. Pixka bat gehiago ikertzean, ohartu nintzen enpresa fabrikatzaileak ohar bat duela bere webgunean, argi eta garbi azaltzen duena:

“Banakako diferentziek, hala nola larruazalaren koloreak, ileak, tatuajeek eta orbainek, bihotz-maiztasunaren kontrolean ere eragin dezakete, behar bezala erabiltzen badira ere (larruazal marroia eta beltza ezin dira neurtu, eta larruazal ilunak argi berde asko xurgatzen du, eta ezin da detektatu).”

Adierazpen horrek zur eta lur utzi ninduen. Baina ez erlojuak tatuajeengatik funtzionatzen ez duelako, baizik eta enpresak argi eta garbi onartzen duelako bere teknologia ez dela bateragarria larruazalaren tonu jakin batzuekin, ilunagoekin hain zuzen ere. Eta badakite, baina hori gertatzea onargarria dela uste dute.

Teknologiak aniztasuna ulertzen ez duenean

Hau gertatzen dela kontu jakina da aspaldi, baina nire larruan bizi izan dut lehen aldiz. Gizon zuri europarra naizen aldetik, hau da nire posizio pribilegiatutik horrelako arazo bati aurre egiten diodan lehen aldia. Inoiz ez dut sentitu nire gorputza, nire itxura edo nire nortasuna produktu teknologiko bat erabiltzeko oztopo izan denik. Eta azaleko kexa baten itxura izan dezakeen arren, gertakari honek bide ematen dit askoz sakonagoa den arazo bati buruz idazteko: arrazismoa teknologian. Teknologiak, teorian, neutrala izan beharko luke. Hala ere, ez da. Guztientzat berdin funtzionatu beharko luke, arraza, generoa, adina edo itxura fisikoa edozein dela ere. Hala ere, gailu eta sistema asko pertsona-talde batzuek ez erabiltzeko moduan diseinatuta daude, askotan inkontzienteki, beste batzuetan… Kasu honetan, badirudi erloju adimenduna erabiltzaile “estandar” batean pentsatuta diseinatu dela: larruazal argia duen norbait.

Horrek dagoeneko nahikoa errotuta dauden desberdintasunak areagotzen ditu.

Enpresak bere gailuak larruazal ilunagoetan behar bezala funtzionatzen ez duela onartzea, nire ustez, oso arrazista da. Larruazalak argi berde hori xurgatzen ez duela esanez zuritu nahi badute ere. Ez da arazo tekniko bat bakarrik; diseinu eta perspektiba arazo bat da. Ingeniariek eta diseinatzaileek hasieratik aintzat hartu izan balute giza aniztasuna, hasieratik inklusiboa izango litzatekeen teknologia bat garatuko zuketen. Horren ordez, azal iluneko pertsonak diskriminatzen dituen produktu bat sortu dute. Beste bat.

Gertakari honek teknologiaren neutraltasunari buruz idatzi nuen azken artikuluan idatzitako argudioak indartzen ditu. Bertan, argudiatzen nuen teknologia ez dela neutrala, baizik eta teknologia sortzen dutenen balioak eta aurreiritziak islatzen dituela. Kasu hau horren adibide ezin hobea da. Erloju adimendun honen diseinuan aniztasunarekiko begirunerik eza ez da akats tekniko bat bakarrik; talde batzuk besteen gainetik lehenesten dituen pentsamolde baten isla da.

Enpresa teknologikoek haien praktikei buruz hausnartu behar dute, eta inklusiboagoak izateko neurriak hartu. Funtsezkoa da diseinu- eta garapen-taldeak askotarikoak izatea. Teknologia horiek sortzen dituzten pertsonak jatorri desberdinetatik badatoz eta esperientzia desberdinak badituzte, litekeena da premia eta ezaugarri fisikoen sorta zabalagoa aintzat hartzea. Bigarrenik, enpresek proba sakonak egin behar dituzte erabiltzaile desberdinekin produktu bat merkaturatu aurretik. Horrek gaur azaltzen ari naizen bezalako arazoak identifikatzen eta zuzentzen lagunduko luke, dagoeneko nahikoa bazterkeria sufritzen duten taldeei eragin aurretik. Garrantzitsua da kontsumitzaileok ere enpresei gehiago eskatzea. Ez dugu konformatu behar talde jakin batzuk baztertzen edo diskriminatzen dituzten produktuekin. Gardentasuna eskatu behar diegu enpresei, eta benetan inklusiboak diren irtenbideak exijitu behar ditugu. Gertakari honek gogorarazi dit teknologiak gu batzeko potentziala duen arren, zatitu ere egin gaitzakeela kontuz eta arretaz diseinatzen ez bada.

Beraz, gailu teknologiko bat erosten duzun hurrengo aldian, galdetu zeure buruari: berdin funtzionatuko du guztiontzat? Edo pertsona mota jakin batentzat bakarrik diseinatuta dago?

Erantzunak harritu egin zaitzake.

Bi hitz, asteburu honetan ikasi dugunaz

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Telegramen blokeoa atzera botatzea erabaki du. Gutxienez norbaitek Telegram zer den, zer funtzio betetzen duen eta zertarako erabil daitekeen azaltzen duen txostena prestatzen dion arte. Eta gaizki esaka aritu nahi duen batek esan dezake hori nik neuk ateratako ondorioa dela, lehenago idatzi izana justifikatzeko: “Oso ohikoa delako teknologiari buruzko oinarrizko ezagutzarik ez duten pertsonek, teknologiei buruzko erabakiak hartzeko boterea izatea.

Baina, uste dut dokumentua oso argigarria dela:

Eta orain unea da dena positiboan jartzeko.

Badirudi oraingoz behintzat ez dutela Telegram blokeatuko. Baina, nire ustez, urrats bat harago joan behar dugu eta ikasitakoen gogoeta egin. Burkide (eta lagun) batekin izandako mezu-truke batean oinarriturik, ikasi ditugun zazpi gauza zerrendatuko ditut:

  1. Zerbitzari zentral baten menpe dagoen berehalako mezularitzako aplikazio bat blokeatzea posible dela ikasi dugu. Eta ez bakarrik posible dela, baita agindu hori pertsona batek betearaz dezakeela, nahiz eta horrek atzean zer dakarren jakin ez.
  2. Ikasi dugu, teknologiak neutralak ez diren eragin sozial eta kultural esanguratsuak izan ditzakeela. Teknologia ikuspegi, aurreiritzi, interes eta balio propioak dituzten gizakiek sortzen, kudeatzen eta arautzen dutelako eta alderdi horiek teknologiaren diseinuan, garapenean eta sozializazioan islatzen direlako.
  3. Aplikazio bat blokeatzea edo, gutxienez, blokeoa gauzatzea neurri zail samarra dela ikasi dugu. Gehienetan modu bat edo beste dagoelako blokeoa saihesteko.
  4. Alternatibak existitzen direla ikasi dugu. Eta, gaurtik, testuinguru teknologiko dezentralizatuetara jo dezakegula, hala nola Matrix edo XMPP protokoloetara.
  5. Ikasi dugu garrantzitsuena gure datuak nori uzten dizkiogun hausnartzea dela.
  6. Ikasi dugu, baita ere, ez dagoela, une honetan behintzat, atzoko artikuluan aipatzen nituen beharrei erantzun diezaiekeen plataforma publiko eta gardenik. Dauden apurrak aktibistek kudeatzen dituztela, edo hobeki esanda, hacktibistek. Gehienetan musu-truk.
  7. Bukatzeko, ikasi dugu burujabetza teknologikoa beste burujabetzak bezain garrantzitsua dela, bizi dugun gizarte honetan behintzat. Edo beste modu batera esanda, teknologia ez dela neutrala, askotan erabaki teknologikoak, politikoak direlako.

Eta nire iritziak zerbaiterako balio badu, ez da gutxi 72 ordu baino gutxiagotan ikasi duguna.

Telegram, eta orain zer?

Asteburu osoa daramagu bi gauzez hitz egiten: Korrikaren beste edizio zoragarri baten amaieraz eta Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eskatu izanaz. Utzidazue bigarren honetan arreta jartzen. Eta, behin aipatuta, Korrikako antolatzaileak zoriontzen.

Ongi da. Auzitegi Nazionaleko epaile batek (norbaitek esan dezake: “Epaile batek ez, betiko epaileak!”), ostiralean erabaki zuen Telegram aplikazioaren behin-behineko blokeoa eskatzea Espainiar Estatu osoan. Argudiatuz zenbait enpresek salatu izana Telegramek beraien telebista-programen jabetza-intelektuala urratzea. Hau idazten dudan momentuan, ez dakigu zeintzuk diren Telegram talde horiek eta ez dakigu zeintzuk programen jabetza-intelektuala urratu duen Telegramek. Dirudienez, Telegramek ez dio erantzun epaile horrek eskatutako informazioa emateko egindako eskaerari.

Ez dakigu, ezta ere, berdina eskatuko ote dien ChatGPT-ko garatzaileei.

Aipatzekoa da neurriaren neurrigabea, kontuan hartzen badugu epaileak bere herrialdeko 8.500.000 pertsonatik gora berehalako mezularitzarako egunerokotasunean erabiltzen duen aplikaziorik gabe utzi dezakeela. Eta baita gu, hegoaldeko euskaldunok, ere (bertako herritar derrigorrean garen eñean). Zer esan nahi du honek? Blog sarrera hau irakurtzen ari zaren bitartean, agian ezin duzula Telegram erabili hegoaldean bazaude. Oso ohikoa delako teknologiari buruzko oinarrizko ezagutzarik ez duten pertsonek, teknologiei buruzko erabakiak hartzeko boterea izatea.

Balizko blokeo hori saihesteko, nahikoa da konfiantzazko VPN bat instalatzea edo komunikazioak proxy baten bidez egitea. Behintzat teorian. Baina hori ez da kontua. Hala ere, egia delako neurri horrek, aplikatzen bada, arazo asko ekarriko dizkiela aplikazio horren mende dauden pertsonei eta taldeei. Euskal Herriko milaka talderengan pentsatzen ari naiz, hauteskunde-kanpainan dauden alderdi politikoengan, RT irakurriz informatu nahi duten pertsonengan, bezeroekin komunikatzeko erabiltzen duten autonomoengan… eta abar luze batengan.

Eta neurria ezartzen bada, zein da bidea? Jakina, ez dela zure militanteei Whatsappera alde egitera gonbidatzea, zure Telegram kanal hori azken ordutan egon daitekeelako (hitzez-hitz: “[…] Parece que este canal de Telegram tiene las horas contadas. Nos seguimos viendo en Whatsapp.”). Guzti honek balio behar digu jakiteko etorkizunean ahalegin guztia egin behar dugula 1) erabiltzen duten pertsonen beharrizanetan zentratuko diren, komunikazio komunitario eta espazio teknologikoki burujabeak eraikitzen, eta 2) espazio teknologiko horiek deszentralizatuak izatea bermatzen, zerbitzari bat eroriz gero, gainontzekoak erabiltzen jarraitu ahal izateko. Gauza gehiago gehitu beharko genizkieke. Hala nola, erabiltzailearen pribatutasuna errespetatzea, muturretik-muturrera zifratzeko aukera defektuz izatea, edo horien kudeaketa enpresen mende ez egotea.

Baina momentuz, lehen biekin konformatuko naiz.

Eta, hala ere, oso kontziente naiz milaka eta milaka taldek berehalako konponbidea behar dutela, neurria aplikatuko bada. Gaur bertan. Ez bihar, ez etzi. Beno, hiru irtenbide ikusten ditut: 1) Telegramekiko mendekotasuna erabatekoa bada, VPN bat jartzea, Espainiako Estatutik kanpo dagoena (Riseup gomendatzen dizuet eta dohaintzak onartzen dituztela gogorarazten dizuet). 2) Matrix-en oinarritutako berehalako mezularitza-sistema batera pasatzea, deszentralizatua baita. Eta, 3) bigarrena egiteko aukerarik ez baduzue, behin-behinean, Signal erabiltzea.

Azkenik, gustatuko litzaidake aipatzea oso kezkatuta nagoela azken orduetan han eta hemen agertu diren Telegrameko proxy-ak nork administratzen dituen jakin gabe erabiltzea erabaki duten pertsona horiengatik. Mesedez, ez egin horrelakorik (irakurri hari hau). Telegramek ez ditu bere mezuak muturretik-muturrera zifratzen, txat pribatuetan eskuz gaitzen ez bada behintzat (inola ere ez talde bat bada). Beraz, ez dakigu proxy-aren administratzaileak zer sarbide-maila izango duen gure mezuetara. Mesedez, ez erabili horrelako proxy-rik, administratzen duen pertsona zuon konfiantza osokoa ez bada.

Eta espero dezagun Kataluniako Alderdi Piratak aipatzen dituen bide legal eta politikoek fruituak ematea.

Bitartean, zifratu dena eta ez joan Whatsappera.

Mastodon ez da Twitter (lehena, finantziazioa)

Azken egunetan hainbeste jende Mastodonen lurreratu izana eta denbora luze batez bisitan etorri gabe egon direnak Mastodonera itzuli direla ikusteak, eta idazteko hainbeste denbora alfer eramateak, Mastodoni buruz hitz egitera bultzatu naute.

Egia esan, aste hauek apur bat kaotikoak izan dira Mastodonen instantziak administratzen eta moderatzen ditugun pertsonentzat. Instantzia horietako asko behartuta egon gara erregistro berrien onarpena gelditzera edo erregistro-formularioetan eskaerak hobeto kudeatzen lagundutzen diguten sistemak ezartzera. Twitterretik etorritako erabiltzaile berrien uholdeak eraginda. Mastodon.eus-en kasuan, ongien ezagutzen dudana, erregistro-formularioan galdera bat sartu behar izan dugu. Honela dio galderak: «Zergatik elkartu nahi duzu?». Erantzunetan oinarrituta, alta berriak onartzen edo ukatzen ditugu. Atzo, ostirala, zenbait doiketa egin behar izan genituen zerbitzariaren konfigurazioan, lan-ilarak pilatzen ari zirelako. Nolanahi ere, zerbitzariak ezin hobeto eutsi zion, baina horren meritua, esan gabe doa, Admin erabiltzailearena da.

Hala ere, esan bezala, Mastodoneko beste instantzia batzuek izen emate formularioak itxi behar izan zituzten, ezin zietelako aurre egin erregistro berriei maila teknikoan, moderazio mailan edo bietan. Badira iristen zaizkien jakinarazpen guztiak irakurri ere ezin dituzten administratzaileak.

Eta hori, berez, alde handia da Twitterrekiko.

Interneten dena doakoa dela pentsatzeko obsesioa dugu. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa bada ere. Mastodon instantzia bati eusteko, gutxienez, honako hauek behar dira: instantzia muntatzeko zerbitzari bat, berau elikatzeko argindarra, mantentzen eta eguneratzen duen arduradun bat eta moderatzen duen pertsona bat. Egia esan, instantzia askoren kasuan, rol horiek guztiak pertsona berak estaltzen ditu. Baita horiek suposatzen dituzten gastu guztiak ere.

Aurreratu dizuedan bezala, instantziak gehienak pertsona partikularren borondatearen bidez mantentzen dira eta pertsona horiek beraien denbora eta ilusioa jartzen dituzte proiektu horietan. Euskal Herrian eskura ditugun bi instantzien kasuan (mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus), berauek finantziatzeko modu desberdinak daudela esango nuke. Hala ere, ez dut mastodon.jalgi.eus nola kudeatzen duten azaltzeko adina ezagutzen (nahiz eta badakidan Izarkomek kudeatzen duela), beraz, mastodon.eus-en jarriko dut arreta. Mastodon.eus komunitatearen atzean hainbat talde eta norbanako gaude: Azkue Fundazioa, PuntuEUS Fundazioa, iametza, Talaios Koop., Dinahosting eta Laborategia.eus. 2018ko azaroan aurkeztu genuen proiektua eta ordutik online gaude. Proiektu sendoa da. Elkarlanean oinarritzen den egitura mota hori, oso urrun dago multinazional baten estrukturatik. Batzuk zerbitzaria eskuragarri egoteaz arduratzen dira, zerbitzaria beti online eta eguneratuta mantentzeaz, beste batzuk komunitatearen moderazioaz eta batzuk fronte guztietan daude… Bertolt Brechtek esan zuen bezala, ezinbestekoak dira.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Mastodon osatzen duen sarea ekilibrio prekario perfektu batean dagoenik (gezurretan aritzea ere ez litzatekeena, bestalde). Esan nahi dut, Mastodonen instantzia horien guztien atzean, pertsona gaudela, gehien-gehienak borondatez, eta horrek dakartzan gastu guztiekin, gure denbora, ahalegina eta dirua eskaintzen dugunak komunitate digital bat sortzeko. Maila politikoan burujabetza teknologikoan sinisten dugulako.

Twitter milaka langile, nahiz eta gero eta gutxiago izan, dituen sare sozial bat moderatzen duen algoritmoa da eta sistemarekiko desadostasuna podcast batean porro bat errez frogatzen dela uste duen aberats libertizida exzentriko bat.

Gu, hobeto saretu beharko ginatekeela uste badut ere, elkarlaguntza sareak gara. Twitterrekiko ezta antzik ere.

Osakidetzan andaluzez

Atzo txio bat bota nuen, tximinoak baino haserreago utzi ninduen pintada bat ikusi eta argazkia atera ondoren. Bidegurutzetik zeharkatzen ari nintzela idatzi nuen eta nire aurkezpen-gutuna izango zela jakin izan banu, koma bat sartuko niokeen. Beste asmo berezirik gabe, irakurketa errazteko.

Pintadak, bazuen xenofobia kirats nahiko ebidente bat. Aspaldi ikusi gabea.

Zorionez, duela hiru urte baino gehiagotik Twitterreko jakinarazpenak isilduta daramatzat nire mugikorrean. Ez asko jasotzen ditudalako, baizik eta nik erabakitzen dudalako noiz sartzen naizen plataforman, ez jakinarazpenek. Mezua goizean jarri nuenez, gauean sare soziala ireki nuen eta eskerrak jakinarazpenak isilduta ditudan. Bestela agur telefonoaren bateriari. Ulertuko duzuenez, Twitterren puntu erdiko eragina daukagun pertsonentzat 700 atsegin eta 120 bertxio baino gehiago jasotzea asaldatzeko modukoa da. Gainera, kontuan izan beste hainbeste iruzkin jaso nituela.

Interakzioak berrikusi nituenean denetarik aurkitu nuen. Eusko Legebiltzarreko ia arku osoko militanteak, batzuk pintadarekin moskatuta eta beste batzuk nirekin, belaunaldi berrietako idazkari nagusiren bat, EITBko eta hedabide alternatiboetako kazetari dezente, poetak eta filosofoak. Zenbait lagun. Gehienak ni bezala, euskaldunak eta euskaltzaleak. Ez nago ohituta Twitterren hainbeste maitasun jasotzera.

Eta hala ere ez naiz inozoa. Ondotxo nekien hori gerta zitekeela telefono mugikorrari mezua bidaltzeko agindu nionetik, une hartan erabaki bainuen hari horren mezurik ez nuela erantzungo. Kasurik txarrenean hemen idatziko nuela erantzun kolektibo bat. Eta hala egin dut. Ez ditut txioak erantzungo. Ezta itzultzaile automatikorik ez erabiltzeagatik pintada itzultzera behartu nahi izan nindutenenak. Egin nuen gauza bakarra PPko belaunaldi berrien idazkari nagusia blokeatzea izan zen, nire txiotik eratorritako ekintza politiko bat egiteagatik. Badirudi atrilak ez direla nahikoak eta mitinak urriak direla lau katu biltzen dituzten zenbaiten egoarentzat. Beraz, pertsona hori bere iruzkina ezabatzera behartu nuen hitz erdi esan edo idatzi gabe. Uste nuen belaunaldi berrietakoak izanda trebeagoak izango zirela sare sozialekin. En fin.

Hala ere, ahaztu nahi ez dudan iruzkin bat aipatu gabe uztea ezinezkoa zait. Galdera eder batekin erantzuteko oparia egin didalako. Algoritmoak eraginda nire jatorrizko txioa ikusi zuen pertsonetako bat, oso atsekabetuta sentitu ei zen argazki hori nire profilean eskegi izanagatik. Aberri Egunari eta euskarari min egiten ei niolako. Eta nik, noski, hori irakurtzean flipatu egin nuen. Lehenik eta behin, uste dudalako euskaldunak eta euskara leku txarrean uzten dituena pintadaren egilea eta bere mezua direla, ez ni. Bigarrenik, egilearen errua hirugarren bati egotzi nahi izatea geroz eta hedatuago dagoelako gure gizarte hontan. Zorionez, urte asko daramatzat Twitterren eta azal gogorregia daukat. Hala nahi dudan guztietan behintzat. Agian duela urte batzuk liskarrean sartuko nintzateke.

Eta, laburbilduz, zuengana nator, inork hau irakurtzen badu, galdera sinple batekin:

Noren errua da pintada horrek eragin hori lortu izana, pintada egin zuen pertsonarena, eta, beraz, edonoren eskura utzi zuenarena edo tximinoak baino haserreago zegoen blogari panfleteroarena, pintadaren argazki bat atera eta Internetera igo izanagatik?

Oso argi daukat nik zer uste dudan. Zuen iritzia jakin nahi dut. Ez egin alde sare sozialetara blog bidalketa hau komentatzera, erabili behean dauden iruzkinak.