Tarteka itzuli naiz

Errealitate bat da pandemiak aldatu egiten dituela ez bakarrik teknologia erabiltzeko moduak eta harekin dugun harremana, baita haietan ditugun jokabideak ere. Ez dut jokabideei buruz denbora luzez hitz egingo, ez bainaiz gai sentitzen, baina gustatuko litzaidake esatea gero eta desatseginagoak garela sare sozialetan. Ikusi besterik ez dago Ceutan migratzaile bat besarkatzen zuen Gurutze Gorriko neskaren kontua ixtea behartu duten miserableen ekintzak. Egongo da esango didanik: “Ai, Dabid! Nolakoak zareten lehen mundukoak, zuen arazo txikiekin existitzen ez diren mendiak sortzen”. Eta akaso arrazoia izango du, baina lehen mundutik idaztea dagokit, teknologia ardatz duen blog baten.

Gaur artikulu pertsonalago batekin nator.

Bada, mastodon.eus sortu genuenean, Twitterretik ateratzeko beharra sentitu nuen, eta hala egin nuen. Ezabatu nituen nire aurreko txio guztiak, ezabatu nuen aplikazioa mugikorretik eta urtebete inguru eman nuen Twitter irakurtzen, asko jota, urtean bitan edo hirutan. Beti ordenagailutik. Denbora horretan ez nuen mikroblogintza esparru horretan gehiegi hitz egiteko beharrik sentitu, ezta pertsona askorekin elkarreragiteko beharrik ere.

Baina pandemia iritsi zen. Eta Twitterren egunero sartzen hasi nintzen. Eta egunkariak egunero, behin baino gehiagotan, irakurtzen nituen. Eta albisteak irensten nituen. Eta irakurtzen ari nintzen albiste horiek aztertzeko oso denbora gutxi neukan. Eta iritziak osatu behar nituen, batzuetan erabat polarizatuak, oso denbora-tarte laburretan. Eta ibaiak nola publizitateak hala egin zidan. Gainezka.

Twitterri dagokionez, hasieran ordenagailutik konektatzen nintzen eta Nitter izeneko software libre bat erabiliz. Ondoren, Twitterreko lotura bat egin nuen nire telefono mugikorraren pantaila nagusian, aplikazioa instalatu gabe. Hurrengo urratsa, noizean behin txio bat edo beste idaztea izan zen, tarteka idazten ari nintzen artikuluen loturekin. Ondoren, aplikazioa instalatu nuen, baina jakinarazpenak isildu nituen, nahi dudanean sartzeko, ez Twitterrek sartu beharko nukeela pentsatzen duenean. Eta puntu horretan nago orain. Inori axola ez zaizkion gauzak idazten ditut, eta, kasurik onenean, irakurri eta pare bat ordura ahaztuko direnak. Jakinarazpenak desgaituta.

Joan den astean jakin nuen euskaraz idatzitako asteko txio onenen zerrendan nengoela.

Eta orduantxe konturatu nintzen porrot egin dudala, neurri batean, Twitterreko irteeran. Eta nahi dudanean eta nahi dudan bezala itzultzea erabaki dut. Whatsapp instalatzeko beharrari eskinazoa eman diot eta horrekin kontsolatu beharko naiz, baina ez da erraza izan. Horrelako erabakiak hartzen dituzunean, zure bizitzako egun guzti-guztietan justifikatu behar dituzulako. Barkamen eske edo.

Eta Twitterren dagoen publizitate kopuruarekin flipatzen jarraitzen dut.

Nik nahiago dut Internet herritarra, pertsonetan oinarrituko dena, ez enpresetan. Nik nahiago dut, aberastasun guztia dozena bat enpresa teknologikotan biltzen duen gizarte digitala feudalismotik alde egiteko gaitasuna izango balu. Burujabetza teknologikoa eta software librea sustatzeaz gain, pentsamendu kritikoa eta balio askatzaileak ere sustatuko dituen gizarte digitala. Pertsona eta kolektibo asko gara espazio hori osatzeko asmotan guretik onena ematen ari garenak. Web pertosna.pertsona. Hemen utziko dizkizuet Munduko Gizarte Foroaren harira Latinoamerikako pertsonen ahotik egin zituzten aurkezpen eta hausnarketa interesgarri batzuk. Zenbat ikasi behar dugun Latinoamerikatik!

Guk ere horrelako erakunde bat behar dugu Euskal Herrian. Aktibistok osatua. Baina, bitartean, badirudi irrikaz nagoela noizean behin publizitatea bazkaltzeko.

Netflix euskaraz

Bere garaian, lagun batek Twitter euskaratzera gonbidatu ninduen. Uko egin nion Twitter itzultzeari. Alde batetik, Twitter baliabide itzelak dituen enpresa bat delako. Bestetik, Twitter software pribatiboa delako eta nik software librea baino ez dudalako itzultzen. Estatu Batuetako enpresa batek bere plataforma euskaraz izan nahi badu, itzulpena ordaindu dezala. Nolanahi ere, galdera garrantzitsu baten aurrean jarri ninduen. Zer da garrantzitsuagoa, euskara ala burujabetza teknologikoa?

Saiatuko naiz erantzuten.

Aurrekoan, Durangon aurkeztu zen Netflix euskaraz egitasmo ezaguna. Eta blog bidalketa hau idatzi nahi nuenetik publikatzen dudan eguna arte Disney+ euskaraz ere aurkeztu dute. Netflix euskaraz taldeak aurkezpen horretan, azken hilabeteetan egindako lana aurkeztu zuen, 10.000 sinadura baino gehiago gizartearen esku jarri zituen eta bere etorkizunaz hitz egin zuen.

Nik ez dut sinatu eskaera hori. Hala ere, une batzuetan sinatu egin beharko nukeela pentsatzen dut eta momentuko gogo horri eutsi egin behar diot. Noizean behin horietan, software librearen eta burujabetza teknologikoaren aldeko aktibista izatea eta euskaltzalea izatea balantzaren aurkako platerean dauden zera horien artean aukeratzera behartzen nau. Aurrekoan Twitter bezala, gaurko honetan euskara dago plater batean eta software librea eta burujabetza teknologikoa bestean.

Alde batetik, euskaltzalea naiz, eta horrek esan nahi du, nire ustez, euskara streaming plataformetara ate handitik (mugimendu batek aupatua) sartzea desiragarria litzatekeela. Plataforma horiek duten izena berdin dit. Bestalde, software librearen eta burujabetza teknologikoaren aldeko aktibista naiz, eta, beraz, erraza da ondorioztatzea niretzat teknologia borrokarako esparru jarraitua dela. Ez erreminta, helburu. Gaur gaurkoz, ezagunenak diren streaming sistema guztiak software pribatiboak dira. Bere algoritmoek ikusten ditugun edukiei buruz hartzen ditugun erabakietan nola eragiten duten baloratzera sartu gabe, derrigorrezkoa bihurtzen zait esatea, Netflix burujabetza teknologikoaren guztiz aurkako norabidean doala. Kontuz, horrekin ez dut esan nahi streaming bidezko edukia kontsumitu behar ez dugunik, baizik eta Netflixen eredua ez dela eduki hori kontsumitzeko modurik eredugarriena. Desazkundetik ere azter genezake beste egun batean.

Balantzaren alde batean euskara eta balantzaren beste aldean burujabetza teknologikoa. Nola asmatu?

Azken zera baten ondorioz, nire balantzak, eskaera ez sinatzearen alde egin zuen: sinadurak change.org plataforman eskatzea. Sinadura kanpaina bat egiteko modu asko daude Interneten, baina change.org da modu horietan guztietan okerrena. Urtzi Urkizuk, Berrian, software librearen aldeko aktibista batzuei change.org-ri buruz egin zigun elkarrizketa irakurtzea gomendatzen dizuet. Uste dut artikuluaren izenburua ezin dela hobeto aukeratuta egon: Sinatzea ez da doakoa.

Laburbilduz, ulertzen dut Netflix euskaraz jartzearen aldeko eskariaren garrantzia. Hala ere, ezinezkoa zait sinatzea. Aspaldi ulertu nuen euskara ezin dela teknologia berrien karrerara bakarrik joan. Horrela egingo balu, inora ez daraman esprint nekagarrian bukatuko luke. Euskara software librearen eta burujabetza teknologikoaren eskutik atera behar da teknologiaren zelaira, euskararen independentzia eta epe luzerako estrategia erabat bermatu dezakeen eredu teknologiko eta politiko bakarra baita.

SMS (SOS)

Pazko oporretan, autoa hondatu egin zitzaigun eta autobide baten erdian botata utzi gintuen. Edonori gerta dakioke. Hitz egin aseguruarekin, garabiarekin eta taxiarekin. Honaino dena normal. Ni urduri samar nengoen, autoak bere lana egiteari uko egiteko aukeratu zuen leku txarragatik, eta ez nekien oso ondo zein kilometrotan geunden, beraz, ez nekien nola azaldu gugana heltzeko egin behar zuten bidea garabiari eta taxiari. WhatsApp-en bidez gure lokalizazioa bidaltzea ideia ona zela otu zitzaidan. Eta horrela egin genuen. Bai garabia, zein taxia, gidatzen ari zirela kontutan hartu gabe. Nekez irakur daiteke Whatsapp egoera horretan. Zer ondorioztatu dezakegu anekdota honetaz? Ez nuela kontuan hartu nortzuk ziren komunikazioaren hartzaileak eta pertsona horien egoera zein zen, iritsi zirenean, tonu atseginean, trafiko-urratze bat egitera behartu nituela esan zidaten arte.

Bada, hau ez zait niri bakarrik gertatzen.

Osakidetzako zuzendari eta kargudun politikoak beren ibilbide profesional osoan izango duten antolakuntza-erronkarik zailenaren aurrean daude murgilduta. EAEko biztanle guztiei COVID-19aren kontrako txertoa jartzea. Baldintzarik okerrenetan, onartzen dut. Taxiarekin egin nuen bezala, nire ustez, Osakitdetzak ere ez du oso kontuan hartu zeintzuk diren bidaltzen ari diren SMSen hartzaileak. Ondorioz, eta nire iritzi apalean, bi arazo garrantzitsu eragiten dituzten, bi akats larri egiten ari dira. Eta, hasi orduko, onartuko dut ez dudala uste maltzurkeriaz egin dutenik. Gehiago da aginpiderik eza. Lehenengo akatsa da, pentsatzea herritar guztiek, SMS bat irakurtzen dakitela. Bigarren akatsa da, onartzea SMSa irakurriz gero, mezuaren hartzaileak smartphone bat edo Interneterako konexioa duen ordenagailu bat erabiltzeko eta erabiltzen jakiteko moduan egongo direla. Esan bezala, bi akats horiek bi arazo potolo sortzen dituzte. Lehenengo arazoa da, SMSa irakurri ondoren, jende askok ez dakiela hitzordu bat nola hartu Internetez, eta, ondorioz, anbulategietara deitzen dutela telefonoak erabat bete arte. Jarduteko modu horrek sortzen duen bigarren arazoa, ahal dela lehenengoa baino okerragoa da; adineko pertsona askok ez dakite mezua jaso dutenik ere.

Erabat seguru nago, hau irakurtzen ari zareten bat baino gehiagok, senideak eta lagunak lagundu behar izan dituzuela txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko. Eta zer egingo dugu tramitea egiteko laguntzarik ez duten pertsona horiekin? Beraien txertoa atzeratu? Bai, onartzen dut egongo dela esaten duenik edozein pertsonak dakiela SMS bat irakurtzen. Erantzungo nioke Euskadi Irratia entzuteko eta zenbatzeko edozein adineko kexak.

Digitalizazioa, izan dadila zentzuduna eta, ahal dela, orekatua.

Zientziaren copyrighta

Ukaezina da historiaren puntu batean gaudela, non, nire ustez, ezinbestekoa zaigun gauza bakarra baitago: zientzia. Eta inork ez dezala zalantza minimorik izan: psikologia barne hartzen dut. COVID-19aren pandemiatik atera nahi badugu, zientzia behar dugu. Baina zientzia librea.

Badakizue zeintzuk diren behar ez ditugun gauzetako bi? Etxeratze agindua eta polizia.

Duela urte gutxi hasi nintzen Kropotkin irakurtzen, baina esan behar dizuet niretzat irakurketa benetan errebelatzailea izan dela. Gaur egun lortzen ditugun lorpenak, edozein eremutan, beste pertsona askok gizartearen izenean iraganean lortu zituzten lorpenen eraginez datoz. Kropotkinen kosmobisio horrek etorkizunean ideiak askeak izan behar dutela azaltzeko balio dit. Are gehiago, aspaldidanik aske izan beharko luketela. Baina egungo egoeran, berebiziko garrantzia du zientzia iraganeko oztopoetatik askatzea.

Eta oztopo horiei buruz badakigu zerbait software librearen komunitatean. Horregatik animatu naiz panfleto hau idaztera.

Ez dut gehiegi luzatu nahi azalpena. Beraz zuenean ondoriora: software librearen ideia askatzaileek, software-patenteen beharrik ezari dagokionez, niri behintzat, patenteak gizarteko oztoporik handienetako bat direla ondorioztatzeko balio didate. Richard M. Stallmanek idatzi zuenez, “Software proiektu baterako, software patenteak lurreko minen baliokideak dira: diseinuari buruz hartzen den erabaki bakoitzak proiektua suntsi dezakeen patente batekin estropezu egiteko arriskua dakar”.

Pandemiaren gaur egungo egoerara itzuliz, iruditzen zait proiektu zientifiko bat aurrera eramateak ideia desberdineko batasun konplexu bat behar dela. Litekeena da ideia horietako asko patentatuta egotea. Kasu horretan, patentea abokatu-armada batekin baliogabetzen saia zaitezke. Eta horrek ez zaitu bide onean jarriko. Badira inozoak patenteek berrikuntza sustatzen dutela defendatzen dutenak, halako anormalidaderik! Sortzaileak bakarrik saritzen dituzten patenteak, urte askoan beren asmakuntzen gaineko legezko monopolioa emanez, asmakizun berriak bultzatzeko modurik onena al dira? Begi bistakoa da ezetz. Jabetza intelektualeko eskubideek zikindutako iragana (eta oraina) baitute.

COVID-19aren txertoak, medikamentuak eta diagnostikoak munduko pertsona guztiengana iristea nahi badugu, ezinbestekoa da patente medikorik ez egotea. Ez pandemian bakarrik, batzuek proposatzen duten bezala, patente sistema, gizartearen mesedetan, betirako suntsitzea baizik. Egungo patenteak kendu gabe, txertoak ez dira merkeak izango eta ezin izango dira mundu osora iritsi.

Osasuna ez da negozio bat, eskubide unibertsal bat baizik. Eta pertsonen bizitza da BETI garrantzitsuena. Miserable batek bakarrik ezkuta dezake bere burua patente medikoetan, etika eta enpatia falta nabarmena agerian utziz.

Ez da nire gaurko asmoa software libreko ereduen abantailak agerian uztea, baina adierazi nahi dut erabiltzaileez gain, Administrazio Publikoak eta enpresak direla, iturburu-kodea libreki ikuskatu, aldatu eta birbanatu dezaketen aplikazioak edukitzeagatik onura gehien atera dezaketenak. Zientziak gauza bera egitea behar dugu (iturburu-kodea libreki ikuskatu, aldatu eta birbanatu).

Eta orain behar dugu, bihar berandu izango delako.


Hizkera panfletariotik haratago joan nahi duenarentzat:

Hodeia erre egin zenekoa

OVH Europan cloud zerbitzuak saltzen dituen enpresa handienetako bat da. Ospe handiko enpresa izateaz gain, askotan, proiektu asko eta asko ostatatzeko aukera lehenetsia ere bada. Euren artean aurkituko dituzue, besteen artean, Euskal Herriko zenbait eragile politiko.

Lasai, EAJk Euskaltelen ostatatzen du berea.

Aste honetan sute bat izan da OVHko Estrasburgoko zentroan. Zentro horrek 29.000 zerbitzari zituen. Zorionez, ez zen langilerik zauritu. Enpresari datuak galduko ote zituen galdetu ziotenean, ezin zuela galdera berehala erantzun esan zuen. Erantzunak harritu egin ninduen, zeren eta, logikoa litzatekeenez, enpresak herrialde ezberdinetan dituen beste zentro batzuetan Estrasburgon erretako zerbitzari horietan zegoen guztiaren babes-kopiak izan beharko lituzke. Nik dakidanez, datu-zentroak dituzte Irlandan edo Frantzian, adibide bi jartzearren. Datuak galduz gero, argi dago OVHk horien erantzukizuna hartu beharko duela, eta, hala ez balitz, OVHren abokatuek lan itzela izango luketela. Hurrengo asteotan zer gertatzen den ikusi beharko dugu.

Sute honek pentsarazten dit, alde batetik, gehienetan hodei bezala ezagutzen ditugunak, esloganak dioen bezala, beste pertsona batzuen ordenagailuak direla. Ez da ohikoa datu-zentro bat erretzea, baina uste dut Estrasburgoko irudiak ikusi izanagatik pertsona askok ondorioztatu dutela (eta bazen garaia), haien datuak ez daudela paradisu atsegin batean, baizik eta, aitzitik, zerbitzari asko dituzten espazio fisikoetan.

Esan bezala, 29.000 zerbitzari Estrasburgon.

Bestetik, burura ekarri didan bigarren gogoeta da zein zaila den burujabetza teknologikoan oinarritutako sistemak ezartzea. Proiektu askotan horrelako datu-zentroetara eraman behar izaten ditugu geure webguneak, aplikazioak… Izan ere, beste gune batzuetan ostatu hartzeko alternatibak (zerbitzari autogestionatuak, Km0…) konplexuegiak izaten jarraitzen dute. Agian etorkizunean errazagoa izango da. Baina geroz eta ezinbestekoagoa da honi ekitea.

Edonola ere, egungo egoeran, azkenean OVHk bere bezeroen datuak galtzen baditu, argi geratzen da cloud irtenbideak behar dituzten proiektuek datuak hobeto banatu eta segurtasun-kopiak ondo kudeatu behar dituztela.

Gogoratu hodeia ez dela existitzen, beste batzuen ordenagailuak direla.

Eta galdera ezinbestekoa da: Euskal Herrian zenbat proiekturi eragin die OVHren suteak? Zer galdu dugu?