Aldarrikatu zu zeu zaren altxorra
Asel Luzarragak Bioklik idatzi zuenean, baleko distopia bat aurkeztu zigula uste nuela esan nion. Bere liburu onenaren aurrean geundela. Ez naiz nekatu Bioklik gomendatzeaz. Aste honetan irakurritako albiste batek, berriz ekarri dit gogora Aselen liburua. Izan ere, martxan jarri duten Reclaim Your Face kanpaina hausnarketarako momentu egokian etorri dela uste dut.
Reclaim Your Face kanpainak teknologia biometrikoen erabilera zorrotz arautzeko eskatuko dio Europako Batzordeari, europarron oinarrizko eskubideak ez suntsitzeko. Bereziki, Batzordeari eskatuko dio debekatzeko, legedian eta praktikan, legez kanpoko zaintza masiboa eragin dezaketen biometriaren erabilera arbitrarioak. Kanpainaren sortzaileen arabera, eta neure egiten dut idatzitakoa, biometria sistema maltzurrak ez dira garatu behar, ez eta hedatu ere (ezta probak egiteko). Erakunde publikoek edo pribatuek ere ez dituzte erabili behar, pertsonen oinarrizko eskubideetan beharrezkoa ez den edo neurriz kanpokoa den esku-sartzea eragin dezaketelako. Pribatutasuna, adierazpen-askatasunerako eskubidea edo diskriminaziorik ez jasateko eskubidea. Batzuk aipatzearren.
Sinadura bilketak 28.000 sinadura baino gehiago ditu gaur-gaurkoz, eta kanpaina bera ideia ona iruditzen zait bi arrazoirengatik.
Alde batetik, interpelatu nahi duten erakunde horrek legedi bat proposatzeko eta estatu kide guztietan betearazteko eskubidea daukalako. Nik dakidanez, estatu bakoitzak balizko legea egokitzeko aukera du, baina, gutxienez, EBtik etor daitekeen adostasun minimo hori bete beharko luke. Bestalde, gaur egun ematen ari ez den eztabaida publikora gonbidatzen gaituelako.
Zure datu biometrikoak erabili behar dituzte lan bat ondo egin dezakezun erabakitzeko? Poliziak susmagarrien zerrenda batean sartu behar zaitu ibiltzeko duzun moduagatik? Ospitale batek senide bati bisita ukatu behar dizu protesta batera joan zinelako? Unibertsitate batek uko egin behar al dizu plaza bat aukeratu duzun ikastaroan zure lagunen itxuragatik?
Erantzunak begi-bistakoak dirudite, baina biometriaren erabilera batzuek kontrakoa adierazten didate.
Izan ere, BBVA bezalako erakundeak esaten ari dira, duela urte nahikotxo, bankuek asko dutela irabazteko biometria dela eta. Pasahitzak jartzeko beharrarekin zuritzen badira ere. Baina, adibidez, osasun-erakundeak, sasi-demokraziak edo enpresa handiek, dagoeneko erabiltzen ari dira biometria mota bat edo beste: hatz-markak, begi-eskanerrak, ahotsaren ezagutza edo portaera-ereduak. Batzuk aipatzearren.
Neurri horiek guztiak berriz ere agerian geratzen dira eztabaida publikorik eskaini ezean.
Reclaim Your Face sina dezazun gomendatzen dizut. Oraindik iritzi osaturik ez baduzu, eztabaida dezagun. Eztabaidatzea, kasu honetan, sinatzea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaidalako.