Zaintza digital ariketa gisa

Argiaren Telegram kanalera harpidetuta bazaude, jakingo duzu hilaren 13an Instagramek, bere burua biluztasunaren aurkako terminoetan babestuz, Joxe Arregiren torturen irudia zentsuratu zuela. Torturak gertatu eta berrogei urtetara. Otsailaren hasiera zaila izan zen, digitalki aztertuz, Hala Bedirentzat ere. Maiteminduen eguna baino bi egun lehenago, Youtubek Hala Bediren kanala itxi zuelako. Zorionez, berreskuratu egin dute.

Ez da herri mugimenduak nagusiaren hedabideetan zentsura jasaten duen lehen aldia. Azkena ere ez da izango.

Gauzak honela, bi albiste hauek aukera paregabea eskaintzen didate bi gai jorratzeko: lehenengoa, sarean sartzen ditugun materialei buruzkoa. Bigarrena, partidak beste batzuen etxean jokatzeari buruzkoa.

Materialei dagokienez, askotan pentsatzen dugu Internetera igotzen duguna betiko geratuko dela hodeian-edo. Aktibista asko ezagutzen ditut, adibidez, Youtubera bideo bat igo ondoren disko gogorrean gordetzen ez dutenak. “Fitxategia Youtuben dagoelako”. Akats larria iruditzen zait. Ezin dugu beste batzuen esku utzi (Youtube, Dropbox, Google Drive…) geuretzako garrantzitsua den material hori. Zer gertatuko litzateke zerbitzua eskaintzen duen enpresak berau ixtea erabakitzen badu eta horren kopiarik ez badugu? Imajinatzen duzue Hala Bedik bere material grafikoa lokalean gordeko ez balu, zelako putada izango litzatekeen Gasteizeko herri mugimenduarentzat Youtubek kanal hori ixtea? Hondamendia.

Bestalde, beste pertsona batzuen etxean jokatzeak, de facto joko-arau batzuk betetzera garamatza. Normalean arau horiekin ados ez bagaude ere. Instagramera igotzen diren argazkien biluztasuna neurtzen duen algoritmoaren kasua jende askok kritikatzen duen arau horietako bat da. Eta argi dago kritikagarria dela, baina oso gutxitan lortu dugu Silicon Valley-ko erraldoi teknologikoek (ez ahaztu Instagram Facebookena dela eta Youtube Googlena) herri mugimenduaren eskaerei kasu egitea.

Bide oso interesgarria daukagu esploratzeke. Kolektiboa. Autogestionatua. Guk geuk eskaini behar ditugu guk geuk behar ditugun zerbitzuak. Baina ez dut esan nahi Argiak bere Pixelfed edo Hala Bedik bere Peertube muntatu behar dutenik. Esan nahi dut, arlo digitalean ere, elkar-laguntza sareak ehundu behar ditugula, eta sare horiek, komunitatearen mesedetan jartzen baditugu, burujabetza kolektiboa bermatuko lukeen ariketa bat egiten egongo ginatekeela. Eta ertz horretatik eutsi behar diogu burujabetza teknologikoari ere. Burujabetza teknologikoaren helburua ez delako software librea erailtzea, baizik eta herri mugimendua ahalduntzea. Guk geuk adosteko bete nahi ditugun joko-arauak. Malguak izateko. Geure etxe propioa sortzeko.

Argi dago doako zerbitzu bat erabiltzea baino deserosoagoa izango dela. Asanbladak, arauak sortu, taldeak dinamizatu, softwarea martxan jarri, ekonomikoki bideragarriak izateko moduak bilatu, autogestiora heldu… baina gaztetxea okupatzen dugunean ere, erosoagoa izan liteke lan hori hartu ordez parkean pipak jatea. Baina autu politiko kontzientea egiten dugu. Gauza bera egin behar dugu maila digitalean.

Uler dezagun burujabetza teknologikoa zaintza digital ariketa gisa. Teknologia gaur egun, bere horretan, borroka esparrua delako.

Hezkuntzan burujabetza teknologikoaren alde

Blogeko bilatzailea erabili dut Hezkuntzan Librezaleri buruz zenbat aldiz idatzi dudan jakiteko asmoz. Hiru aldiz. Eta gaurko honekin laugarrena izango da. Baina iruditzen zait ezinbestekoa dela kontzeptu garrantzitsu batzuk noizean behin gure burmuinetara berriro ekartzea. Ahanzturan erori ez daitezen.

Hezkuntzan Librezale, neurri batean edo bestean hezkuntzarekin lotuta gauden profil desberdineko pertsona talde bat da: senideak, irakasleak, ekintzaileak, hacktibistak, ikasleak… Zerk batzen gaitu? Bada, kezkatuta gaudela ikasgelak digitalizatzen ari diren moduagatik.

Hezkuntza publikoan, zein pribatuan.

Bost dira Euskal Herriko ikasgelen digitalizazio-prozesuaz eztabaidatzen hasteko mahai gainean jarri genituen puntuak. Urte batzuk daramatzagu gai hori lantzen, eta zuetako askok 2019an argitaratu genuen komunikatuaren bost puntuak ezagutzen badituzue ere, baimendu nazazue labur-labur berriz jasotzen.

Bat, gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Bi, bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da. Hiru, euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Lau, ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Bost, hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da.

Aste honetako astelehenean, hilak 8, Hezkuntzan Librezale taldearen irakurketa Legebiltzarrera heldu zen. COVID-19k azkartutako digitalizazio prozesuaz eta gaur egun esku artean ditugun erronkez eztabaidatzeko asmoarekin, ponentzia bat burutu genuen Hezkuntza Batzordean. EH Bildu talde parlamentarioak gonbidatuta.

Ponentzia horren helburua argia zen, goian laburtu ditudan arrazoiak kontutan hartuta, eztabaida prozesu bat bultzatzeko unea iritsi dela uste dugu. Software librean bezala, jakintza kolektiboa eta estandar libreak bultzatzen dituzten alternatibak egon badaude, eta momentua egokia da digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko.

Gizarte gisa eztabaidatzeko aukera daukagu. Burujabetza teknologikoa ala kritikoak diren azpiegitura teknologikoak multinazionalen esku utzi?

Hitz gutxi batzuk dependentzia teknologikoaz

Askotan, dependentzia teknologikoaz hitz egiten dugunean, zerbitzariak, sistema eragileak, aplikazioak… irudikatzen ditugu. Baina, gehiago jaitsi beharko genuke teoriara (arkitektura eta politika), praktikara joan aurretik (hardwarea edo softwarea).

Gaur-gaurkoz, bistakoa da herrialde aberats gutxi direla teknologia adarbakarraren jabeak. Euren negozioak hedatzeko sortu zituzten talaietatik, etorkizuna asmatzeko modu desberdinak garatu dituzte, beti ere, helburu argi batekin: adarbakarraren jabetza mantendu. Eta besteen dependentzia bermatu.

Dependentzia teknologikoa ezinbestekoa da garapen teknologiko kapitalistarako. Eta mundu global eta kapitalista batean diharduten herrialde garatuen domeinu, desberdintasun eta asimetrien multzo gisa ulertu behar dugu dependentzia teknologikoa.

Beraz, garapen teknologikoa puru gisa ikusteari utzi behar diogu. Neutrala eta soilik teknologikoa. Boterearen elementu estrategikoa delako. Ezkutuko konkistatzailea. Gizateria osoa mendean har dezakeena. Herrialdeei zuzenean men egiteko edo etorkizunean erabili beharreko abantaila estrategiko eta politikoak aurkitzeko lan egiten duen konkistatzailea. Biztanleria teknologia jakin batzuen mende egoterakoan, barne egitura ekonomikoak moldatzera bideratu daitekeelako. Adibidez, industria arakatu eta geldiarazi dezakezu. AEBei eta Txinari begiratu besterik ez dago. Android eta Huawei.

Zorionez, egoera hau irauli egin daiteke. Lehenik eta behin, gaiari buruzko eztabaida behar dugu, inplikatutako eragile guztiek parte har dezaten. Enpresen dependentzia ekonomiko, politiko eta teknologikorik sortzen ez diguten elementuak babestea behar dugu. Mendekotasun egoerarekin amaitu nahi badugu, Latinoamerikak, Asiak eta Afrikak bidearen hasiera zein izan daitekeen erakusten duten egiturei erreparatu beharko diegu. Eta, batez ere, gure sistemako sektore kritikoen autonomia teknologikoa, gutxienez, politikoki bermatu behar dugu. Gaur baino, atzo.

Gauza bat proposatu nahi dizut, gailu elektroniko bat erabiltzen duzun hurrengo aldian, saiatu galdera hau erantzuten: Zein da gailu horrek sortzen duen mendekotasun teknologikoaren katea?

Azter ezazu norbanako zein kolektibo gisa.

Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz

Ez dakit kapitalismo berdeari ongi etorri egin ziona zehazki nor izan zen. Baina badakit zein asmakizunarekin egin zuen egoerak okerrera: erabiltzen dituzten kapsulak birziklatu ere nekez egin daitezkeen kafe-ontzi horiekin. Seguru nago hori izan zela gure etxeetan sartu genuen lehenetarikoa. Aipatu bezala kapsulak ez ziren oso birziklagarriak eta ondorioz eztabaida sutsua eman zen enpresaren kontra sare sozialetan. Aluminioa eta plastikoa. Eta barruan kafe hondar organikoak.

Beraien inbertsioa kolokan ikusi eta konpostagarriak ei ziren materialekin egin zuten kapsula. Eurek sortutako arazoa, eurek konponduz. Eta denak harro. Nolanahi ere, begi bistakoa da kapsulen merkatuak hazten jarraitzen duen heinean, alternatiba jasangarriagoak eskaintzeko presioa ez dela izan litekeen bezain handia.

Kapsulen ondoren, milaka asmakizun berri iritsi ziren. Eta arazo ekologiko bat sortu ondoren, kapitalismo berdea deritzon osasun larrialdia eragin zuten. Aipatzekoa da ez dela ingurumen-kezka bat buruan dutena, baizik eta gehiago saldu ahal izatea eta gero eta kirats handiagoa duen berniz ekologiko bainu bat hartzea.

Eta lasterketa horrekin bat egiten duten azkenak mugikorrak dira.

Mugikorrak kargagailurik gabe saldu zituen lehen enpresa estatubatuarra izan zen, bigarrena txinatarra. Nik dakidanez, bietako inork ez zuen erabaki produktu berriaren prezioa jaistea, osagai bat gutxiago zuelako. Mugikorra, mugikorraren eta kargagailuaren prezio berean. Lehengo egunean lagun batek esan zidan Europar Batasunaren gidalerroak norabide horretan joango zirela, etxean kargagailu ugari ditugulako eta ez dagoelako gehiago eduki beharrik. Eta ideia logikoa da. Kapitalismo basati batek eutsiko ez balio.

Gailu elektronikoen kargari dagokionez, lehenik eta behin nabarmendu behar da azken urteetako berrikuntzaren zati handi bat baterietan zentratu dela. Karga azkarra, karga magnetikoa, haririk gabeko karga… Erosten ditugun mugikorren karga-abiadurak gero eta handiagoak dira. Nire aurreko mugikorrak 18W-ra kargatzen bazuen oraingoak 33W-ra egiten du. Ez daukat 33 W-eko kargagailurik, mugikorrarekin zetorrena ez bada. Aurrekoa erabiliko banu, ez nuke erabiliko ordaindu dudan karga azkarra. Eta zer gertatuko litzateke? Ba, funtsean, mugikorrarekin ez datorren kargadorea erosiko nukeela. Marketinak saldu, nik ordaindu eta enpresak lapurtu didan hori berreskuratzeko asmoz. Berriz ordainduz. Noski.

Hala ere, enpresak berdetzat joko luke bere burua.

Enpresa ustez berde horiek ingurumenaz benetan kezkatuko balira, mugikor modularrak egitea daukatela bururatzen zait. Horrela, mugikorreko kamera apurtzen badut, ez dut beste guztia erabiltzeari utzi behar. Kameraren modulua erosten dut, aldatu egiten dut eta gailua normal erabiltzen jarraitzen dut berri-berriak dauden gainerako osagai guztiekin. Ez da ingeniaria izan behar antzemateko horrela erabat erabilgarriak diren osagai informatiko gutxiago baztertzeko moduan egongo ginatekeela. Baina tira, ideia hau ez da nirea. Berria ere ez da oso berria.

Era eta bide berean, eskertzekoa litzateke zaharkitze programatuaren teknikak erabiltzeari utziko baliote.

Baina ez. Kargadorea kendu. Proposatzen ditudan biak beraien negozio ereduaren kontra egiten dutelako. Denak berdin jarrai dezan.

Whatsapp eta gero, zer?

Ez dut uste gaur idatzi nahi dudan honek aurre-azalpenik behar duenik, baina despistaturen bat egongo balitz, hauxe da jakin behar duena; azken asteotan Whatsapp, Facebook Inc. enpresaren aplikazioak, bere pribatutasun arauak aldatu dituela-eta, zenbait arau berri onartu behar izan dituzte aplikazio hau erabiltzen duten erabiltzaileek.

Horrek kriston eskandalua eragin du. Sare sozialetan ez ezik, kalean ere. Itxosopeteko eztabaidak sortuz eta mezularitza aplikazio libreetara enegarren exodoa erakarriz.

Aurrekoan sarean.eus irratsaiorako elkarrizketa labur bat egin zidaten Whatsapp ordezkatzeko eskuragarri ditugun aplikazioen inguruan. Egunotan honen inguruan behin eta berriz berba egin dugunez, irrati elkarrizketa horretarako prestatu nituen apunteak erdi ondo borobildu eta blog honetara ekartzea pentsatu dut. Eta hauxe duzue emaitza.

Eta bai, noski daudela Whatsapp bezalako mezularitza sistemak ordezkatzeko moduko aplikazioak, eta ez dira gutxi. Ba al zenekien Whatsapp-en oinarria XMPP izeneko komunikazio-protokolo libre bat dela? Ba hasteko, hogei urte baino gehiago duen protokolo hau erabili zenezake. Horretarako XMPP eskaintzen duen zerbitzari bat behar izango dugu, adibidez Suchat.org edo Disroot eta sarea erabiltzeko bezero bat. Adibidez, Conversations Android-en edo Gajim ordenagailuan. Hori izan liteke, Whatsapp ordezkatzeko erabili genezakeen lehen aukera. Baina badaude beste batzuk. Bigarren adibide gisa, Matrix protokoloa aipatuko dut. Aurrekoaren gauza bera: zerbitzua erabiltzeko zerbitzari bat aukeratu beharko dugu, adibidez matrix.org eta izena eman. Ostean, zerbitzua erabili ahal izateko aplikazioak beharko ditugu, Element.io izan daiteke, bai Android-en zein ordenagailuan.

Nire ustez aukera bi hauek izango lirateke, onenak. Zergatik? Bada, esan dudanagatik: zerbitzaria aukeratu daitekeelako. Zerbitzu deszentralizatu eta federatuen alde egin beharko genuke, burujabetza teknologikoaren mesedetan, ahal dugun guztietan. E-posta helbide bat sortzen dugun bakoitzean gure zerbitzaria aukeratzen dugun modu berean jokatuz. Nork bere gustukoa duen zerbitzari baten izan ditzan bere datuak. Nik adibidez, sindominio.net erabiltzen dut, amiga gisa, bai Matrix, zein XMPP-rako.

Gaur egun, zerbitzu deszentralizatuen alde egitea oso erraza bada ere, egongo da “horrenbeste” lan hartu nahi ez duenik, eta horrentzat Signal bezalako proiektuak erakargarriak izango dira.

Telegram ez da aukera onena. Ez baita erabat software librea.

Whatsapp gabe (kalitatezko bizitza soziala bermatuz) bizi daiteke. Ni eta beste asko, gara horren erakusle.