Hodeia erre egin zenekoa

OVH Europan cloud zerbitzuak saltzen dituen enpresa handienetako bat da. Ospe handiko enpresa izateaz gain, askotan, proiektu asko eta asko ostatatzeko aukera lehenetsia ere bada. Euren artean aurkituko dituzue, besteen artean, Euskal Herriko zenbait eragile politiko.

Lasai, EAJk Euskaltelen ostatatzen du berea.

Aste honetan sute bat izan da OVHko Estrasburgoko zentroan. Zentro horrek 29.000 zerbitzari zituen. Zorionez, ez zen langilerik zauritu. Enpresari datuak galduko ote zituen galdetu ziotenean, ezin zuela galdera berehala erantzun esan zuen. Erantzunak harritu egin ninduen, zeren eta, logikoa litzatekeenez, enpresak herrialde ezberdinetan dituen beste zentro batzuetan Estrasburgon erretako zerbitzari horietan zegoen guztiaren babes-kopiak izan beharko lituzke. Nik dakidanez, datu-zentroak dituzte Irlandan edo Frantzian, adibide bi jartzearren. Datuak galduz gero, argi dago OVHk horien erantzukizuna hartu beharko duela, eta, hala ez balitz, OVHren abokatuek lan itzela izango luketela. Hurrengo asteotan zer gertatzen den ikusi beharko dugu.

Sute honek pentsarazten dit, alde batetik, gehienetan hodei bezala ezagutzen ditugunak, esloganak dioen bezala, beste pertsona batzuen ordenagailuak direla. Ez da ohikoa datu-zentro bat erretzea, baina uste dut Estrasburgoko irudiak ikusi izanagatik pertsona askok ondorioztatu dutela (eta bazen garaia), haien datuak ez daudela paradisu atsegin batean, baizik eta, aitzitik, zerbitzari asko dituzten espazio fisikoetan.

Esan bezala, 29.000 zerbitzari Estrasburgon.

Bestetik, burura ekarri didan bigarren gogoeta da zein zaila den burujabetza teknologikoan oinarritutako sistemak ezartzea. Proiektu askotan horrelako datu-zentroetara eraman behar izaten ditugu geure webguneak, aplikazioak… Izan ere, beste gune batzuetan ostatu hartzeko alternatibak (zerbitzari autogestionatuak, Km0…) konplexuegiak izaten jarraitzen dute. Agian etorkizunean errazagoa izango da. Baina geroz eta ezinbestekoagoa da honi ekitea.

Edonola ere, egungo egoeran, azkenean OVHk bere bezeroen datuak galtzen baditu, argi geratzen da cloud irtenbideak behar dituzten proiektuek datuak hobeto banatu eta segurtasun-kopiak ondo kudeatu behar dituztela.

Gogoratu hodeia ez dela existitzen, beste batzuen ordenagailuak direla.

Eta galdera ezinbestekoa da: Euskal Herrian zenbat proiekturi eragin die OVHren suteak? Zer galdu dugu?

Internet segurua merezi dugu

Uste dut oso jende gutxik jartzen duela zalantzan, Internet segurua merezi dugula. Geroz eta pertsona gehiago gara Internetera konektatzen garenak, eta konexio-denborek sarbide-abiadurek sortu duten abiadura berean egin dute gorantz. Kontuan izanik Internet gaur egun ezinbesteko tresna dela, ez bakarrik lan egiteko edo ikasteko, baita sozializatzeko ere, ezinbestekoa da sarearen bidez ematen diren harremanak seguruak izatea. Horretarako, besteak beste, pribatutasuna behar da.

Sareko pribatutasunaz ari garenean, pentsatu behar dugu Interneten historiaurrean, diseinatu zutenean, pribatutasunaren zera ez zela ingeniariek kontuan hartu zuten baldintzetako bat. Ziur aski, beren ametsik onenetan ere ez zuten pentsatu beren asmakizuna iritsi den botere esparruetara iritsiko zenik. Ez naiz ari konektatutako pertsonen kopuruaz bakarrik, hauek sortzen duten trafikoaz ere ari naiz, konektatuta dauden gailuen kopuruaz… Ingeniari haiek puntu batetik beste puntu batera informazioa bidaltzeari konponbide eraginkorra eman nahi izan zioten. Hori, eta ez beste ezer, zen euren lana.

Hasierako arkitektura horretan pribatutasunaren aldagaia kanpoan geratu izanak, arazo larria adierazten du. Horri gehitu behar diogu Internet, gaur egun, etengabeko saldo bat dela. Enkantea. Milaka milioi produktu berrietara erabiltzaile-arreta erakartzeko gunea. Gainera, azken urteotan konexio bakoitzean sortzen ditugun datuen balioa nabarmen handitu da.

Ehunka mila adabaki gehitu dizkiogu hasierako Internet horri hain desiratua den pribatutasuna lortzeko, baina gaur egun, nire ustez, urrun gaude Internet seguru bat lortzetik. Eta esan gabe doa, segurtasuna bermatzeko aldagai bakarra, ez dela pribatutasuna.

Segurtasuna ez da arazo pertsonal bat, arazo kolektiboa da. Horregatik, legeak egin behar dira hura babesteko. Internet lubaki segurua bihur dadin erabiltzen dugun pertsona guztiontzat. Interneteko segurtasunak, politika publiko egokiak eskatzeaz gain, bertan zirkulatzen duten datuak eta enpresa handiek (eta ez hain handiek) uneoro egiten dituzten abusuak zorrotz zaintzea ere eskatzen du.

Eta bai, Interneteko segurtasunaren inguruko prestakuntza ere izan dezakegu maila pertsonalean, segurtasun-neurri batzuk hartzeko eta gure datuak seguruago kudeatzeko aukera izan dezagun. Baina ezinezkoa izango da ekintza pertsonalak eraginkorrak izatea, legediak dagokion zatia betetzen ez duen bitartean. Eta gaur egungo legedia enpresekin lerratuta dago, ez erabiltzaileekin.

Bai, baliteke beste behin ere, esparru seguruak sortzeko erantzukizuna herriarena izatea.

Zaintza digital ariketa gisa

Argiaren Telegram kanalera harpidetuta bazaude, jakingo duzu hilaren 13an Instagramek, bere burua biluztasunaren aurkako terminoetan babestuz, Joxe Arregiren torturen irudia zentsuratu zuela. Torturak gertatu eta berrogei urtetara. Otsailaren hasiera zaila izan zen, digitalki aztertuz, Hala Bedirentzat ere. Maiteminduen eguna baino bi egun lehenago, Youtubek Hala Bediren kanala itxi zuelako. Zorionez, berreskuratu egin dute.

Ez da herri mugimenduak nagusiaren hedabideetan zentsura jasaten duen lehen aldia. Azkena ere ez da izango.

Gauzak honela, bi albiste hauek aukera paregabea eskaintzen didate bi gai jorratzeko: lehenengoa, sarean sartzen ditugun materialei buruzkoa. Bigarrena, partidak beste batzuen etxean jokatzeari buruzkoa.

Materialei dagokienez, askotan pentsatzen dugu Internetera igotzen duguna betiko geratuko dela hodeian-edo. Aktibista asko ezagutzen ditut, adibidez, Youtubera bideo bat igo ondoren disko gogorrean gordetzen ez dutenak. “Fitxategia Youtuben dagoelako”. Akats larria iruditzen zait. Ezin dugu beste batzuen esku utzi (Youtube, Dropbox, Google Drive…) geuretzako garrantzitsua den material hori. Zer gertatuko litzateke zerbitzua eskaintzen duen enpresak berau ixtea erabakitzen badu eta horren kopiarik ez badugu? Imajinatzen duzue Hala Bedik bere material grafikoa lokalean gordeko ez balu, zelako putada izango litzatekeen Gasteizeko herri mugimenduarentzat Youtubek kanal hori ixtea? Hondamendia.

Bestalde, beste pertsona batzuen etxean jokatzeak, de facto joko-arau batzuk betetzera garamatza. Normalean arau horiekin ados ez bagaude ere. Instagramera igotzen diren argazkien biluztasuna neurtzen duen algoritmoaren kasua jende askok kritikatzen duen arau horietako bat da. Eta argi dago kritikagarria dela, baina oso gutxitan lortu dugu Silicon Valley-ko erraldoi teknologikoek (ez ahaztu Instagram Facebookena dela eta Youtube Googlena) herri mugimenduaren eskaerei kasu egitea.

Bide oso interesgarria daukagu esploratzeke. Kolektiboa. Autogestionatua. Guk geuk eskaini behar ditugu guk geuk behar ditugun zerbitzuak. Baina ez dut esan nahi Argiak bere Pixelfed edo Hala Bedik bere Peertube muntatu behar dutenik. Esan nahi dut, arlo digitalean ere, elkar-laguntza sareak ehundu behar ditugula, eta sare horiek, komunitatearen mesedetan jartzen baditugu, burujabetza kolektiboa bermatuko lukeen ariketa bat egiten egongo ginatekeela. Eta ertz horretatik eutsi behar diogu burujabetza teknologikoari ere. Burujabetza teknologikoaren helburua ez delako software librea erailtzea, baizik eta herri mugimendua ahalduntzea. Guk geuk adosteko bete nahi ditugun joko-arauak. Malguak izateko. Geure etxe propioa sortzeko.

Argi dago doako zerbitzu bat erabiltzea baino deserosoagoa izango dela. Asanbladak, arauak sortu, taldeak dinamizatu, softwarea martxan jarri, ekonomikoki bideragarriak izateko moduak bilatu, autogestiora heldu… baina gaztetxea okupatzen dugunean ere, erosoagoa izan liteke lan hori hartu ordez parkean pipak jatea. Baina autu politiko kontzientea egiten dugu. Gauza bera egin behar dugu maila digitalean.

Uler dezagun burujabetza teknologikoa zaintza digital ariketa gisa. Teknologia gaur egun, bere horretan, borroka esparrua delako.

Hezkuntzan burujabetza teknologikoaren alde

Blogeko bilatzailea erabili dut Hezkuntzan Librezaleri buruz zenbat aldiz idatzi dudan jakiteko asmoz. Hiru aldiz. Eta gaurko honekin laugarrena izango da. Baina iruditzen zait ezinbestekoa dela kontzeptu garrantzitsu batzuk noizean behin gure burmuinetara berriro ekartzea. Ahanzturan erori ez daitezen.

Hezkuntzan Librezale, neurri batean edo bestean hezkuntzarekin lotuta gauden profil desberdineko pertsona talde bat da: senideak, irakasleak, ekintzaileak, hacktibistak, ikasleak… Zerk batzen gaitu? Bada, kezkatuta gaudela ikasgelak digitalizatzen ari diren moduagatik.

Hezkuntza publikoan, zein pribatuan.

Bost dira Euskal Herriko ikasgelen digitalizazio-prozesuaz eztabaidatzen hasteko mahai gainean jarri genituen puntuak. Urte batzuk daramatzagu gai hori lantzen, eta zuetako askok 2019an argitaratu genuen komunikatuaren bost puntuak ezagutzen badituzue ere, baimendu nazazue labur-labur berriz jasotzen.

Bat, gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Bi, bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da. Hiru, euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Lau, ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Bost, hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da.

Aste honetako astelehenean, hilak 8, Hezkuntzan Librezale taldearen irakurketa Legebiltzarrera heldu zen. COVID-19k azkartutako digitalizazio prozesuaz eta gaur egun esku artean ditugun erronkez eztabaidatzeko asmoarekin, ponentzia bat burutu genuen Hezkuntza Batzordean. EH Bildu talde parlamentarioak gonbidatuta.

Ponentzia horren helburua argia zen, goian laburtu ditudan arrazoiak kontutan hartuta, eztabaida prozesu bat bultzatzeko unea iritsi dela uste dugu. Software librean bezala, jakintza kolektiboa eta estandar libreak bultzatzen dituzten alternatibak egon badaude, eta momentua egokia da digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko.

Gizarte gisa eztabaidatzeko aukera daukagu. Burujabetza teknologikoa ala kritikoak diren azpiegitura teknologikoak multinazionalen esku utzi?

Hitz gutxi batzuk dependentzia teknologikoaz

Askotan, dependentzia teknologikoaz hitz egiten dugunean, zerbitzariak, sistema eragileak, aplikazioak… irudikatzen ditugu. Baina, gehiago jaitsi beharko genuke teoriara (arkitektura eta politika), praktikara joan aurretik (hardwarea edo softwarea).

Gaur-gaurkoz, bistakoa da herrialde aberats gutxi direla teknologia adarbakarraren jabeak. Euren negozioak hedatzeko sortu zituzten talaietatik, etorkizuna asmatzeko modu desberdinak garatu dituzte, beti ere, helburu argi batekin: adarbakarraren jabetza mantendu. Eta besteen dependentzia bermatu.

Dependentzia teknologikoa ezinbestekoa da garapen teknologiko kapitalistarako. Eta mundu global eta kapitalista batean diharduten herrialde garatuen domeinu, desberdintasun eta asimetrien multzo gisa ulertu behar dugu dependentzia teknologikoa.

Beraz, garapen teknologikoa puru gisa ikusteari utzi behar diogu. Neutrala eta soilik teknologikoa. Boterearen elementu estrategikoa delako. Ezkutuko konkistatzailea. Gizateria osoa mendean har dezakeena. Herrialdeei zuzenean men egiteko edo etorkizunean erabili beharreko abantaila estrategiko eta politikoak aurkitzeko lan egiten duen konkistatzailea. Biztanleria teknologia jakin batzuen mende egoterakoan, barne egitura ekonomikoak moldatzera bideratu daitekeelako. Adibidez, industria arakatu eta geldiarazi dezakezu. AEBei eta Txinari begiratu besterik ez dago. Android eta Huawei.

Zorionez, egoera hau irauli egin daiteke. Lehenik eta behin, gaiari buruzko eztabaida behar dugu, inplikatutako eragile guztiek parte har dezaten. Enpresen dependentzia ekonomiko, politiko eta teknologikorik sortzen ez diguten elementuak babestea behar dugu. Mendekotasun egoerarekin amaitu nahi badugu, Latinoamerikak, Asiak eta Afrikak bidearen hasiera zein izan daitekeen erakusten duten egiturei erreparatu beharko diegu. Eta, batez ere, gure sistemako sektore kritikoen autonomia teknologikoa, gutxienez, politikoki bermatu behar dugu. Gaur baino, atzo.

Gauza bat proposatu nahi dizut, gailu elektroniko bat erabiltzen duzun hurrengo aldian, saiatu galdera hau erantzuten: Zein da gailu horrek sortzen duen mendekotasun teknologikoaren katea?

Azter ezazu norbanako zein kolektibo gisa.