Copyleftaz bi hitz eta argudio gaupasero bat

Bizitzak aurrera egin ahala, uste dut gauza geroz eta gutxiago ulertzen ditudala. Adibidez, astelehenean eztabaida handi samarra piztu zen lizentziamendu eredu baten inguruan. Hitz egin dezagun horretaz.

Gertatutakoa laburbiltzen saiatuko naiz, eta esan gabe doa ezin didala inork eskatu, kazetaritzak ustez berezko beharko lukeen inpartzialtasuna. Ni ez naizelako kazetaria. Beraz, barkamena eskatzen dut aldez aurretik:

Argiak Aiurri.eus-eko artikulu bat kopiatu eta bere webgunean jarri zuen, Aiurriren lizentziak horretarako ematen dion aukera baliatuz. Lizentzia Creative Commons BY-SA (aurrerantzean CC BY-SA) da. Lizentzia horrek dio, oro har (sakondu nahi duenak hemen egin dezake), edozein pertsona dela libre lizentzia hori duen lan bat partekatzeko eta egokitzeko edozein helbururekin, baita helburu komertzialarekin ere. Hau da, kopia bat egitea eta berau partekatzea zilegi dela. Baina askatasun horiez gain, betebehar batzuk ezartzen ditu, noski, kopiak edo eratorriak jatorrizko lana aitortu behar duela eta lizentzia berarekin partekatu behar dela. Honaino, dena ondo. Hurrengo egun baten, Twitterren -hau da, publikoki-, eztabaida sare sozial iragankor baten gehiago ez elikatzeagatik aipatuko ez dudan txio batek (bere iritzia eman nahi duenak eskura dauka bide hau eta beste hau, txioak baino askoz eraginkorragoak eztabaidarako), Argiak egin zuena legezkoa zela jakinda eta onartuta ere, etikarik ez izatea salatu zuen.

Bada, nik, copyleftean eta kultura librean interesatuta nagoenak, Argiak beste komunikabide batzuetako edukiak hartzen dituela jakin badakit. Are gehiago, hori egitea desiragarri deritzot. Argi gera dadila: lizentziak ezartzen dituen legezko baldintza guztiak betetzen badira (gogoratu: aitortza eta kopiak lizentzia bera izatea). Argiak beti betetzen ditu. Hala ere, artikulua ikustera joan nintzen. Argi zegoen jatorrizkoa modu egokian aipatzen zela, eta Argiaren lizentziak -Aiurriren berdina-, baldintza egokia betetzen zuela zilegizko kopia bat egiteko. Honaino, dena ondo. Erabat onargarria zen Aiurrik aukeratu zuen lizentziapean Argiak egindako kopia.

Bada, non da arazoa? Egia esan -artikulu hasieran aitortu dut-, ez daukat argi. Ez dut arrazoiketa guztiz ulertzen. Nire enpatia falta izan da, akaso. Are zailagoa egiten zait ulertzea, txioan onartzen bada maila legalean dena ondo zegoela. Baina errepikatzen hasia naiz.

Egin dezagun aurrera. Gehien interesatzen zaidana, ez delako albistea bere horretan, baizik eta sortutako eztabaida: askok elkarrizketa eremu positiboetara eraman nahi izan zuten, eta hori zoragarria iruditzen zait -are gehiago Twitterren-. Baina nire ustez, egindako proposamenak ez dira gauzagarriak. Akordio bat egitea proposatzen zuten, non komunikabideek onartu dezaketen ezin dela beste batzuen lan bat kopiatu ordu batzuk igaro arte (adibidez, 24 edo 48 ordu, baina denbora tartearen zenbatekoa ez da garrantzitsua). Eta horrek lizentzian aldaketa ekarriko lukeenez, ez nago proposamenaren alde. Zergatik? Oso erraza: Creative Commons erabiltzea, edozein dela lizentzia, mundu mailan aztertuta dauden lege-baldintzak eskaintzen dituelako, eta “gu desberdinak garelako” aldatu ezin ditugun lan-moduak. Hau da, ez nago ados, proposamena onartuko balitz, Creative Commnos lizentzia guztiak zentzua galduko luketelako. Eta orduan, zertarako beharko genituzke? Gure asmoa informazioaren eta kulturaren zirkulazio askea bermatzea bada, eta nire asmoa hori bada behintzat, ezin ditugu copyleft lizentziak aldatu. Ezta ondo hausnartu eta aztertu gabeko termino berriak asmatu ere. Copyleft izateari uzteaz gain, euskarri legal gabe geratuko ginatekeelako!

Nire ustez -eta hemen bai egiten dut bat zenbaiten ikuspuntuarekin-, arazoa pedagogikoa da. Hasiko naiz esaten, lan egiteko modu zaharrekin amaitu behar dugula. XVIII. mendetik aurrera martxan dagoen copyright-a garaitu behar dela. Garaitu. Hasteko, formatuak eta teknologiak ez direlako XVIII. mendan ziren berdinak, baina, batez ere, behar sozialak ere ez direlako berdinak. Eta nola egiten zaio aurre horri? Copyleft-a sustatzen duen edozein lizentzia erabiliz, horien artean Creative Commons-etako batzuk (libreak diren Creative Commons lizentziak 3 dira: CC BY-SA, CC BY eta CC0. Hauetatik bakarra da copyleft, CC BY-SA). Nire ustez, arazoa komunikabide baten lizentzia inertziaz ezarri izana da eta ez ohartu izana elkarrizketatuak ez zuela albiste horren hedapenik nahi Aiurritik kanpo, baina ezarritako lizentziak bermatzen zuela hedapena.

Lizentzia bat hausnartu egin behar da, ez inertziaz dagoena jarri.

Garrantzitsua da nire iritziz etorkizunerako hiru gauza azpimarratzea, amaitzen joateko. Lehenengoa: lizentzia bat onartzen eta ezartzen denean bere eskubide eta betebehar guztiak onartzen eta ezartzen direla. Bigarrena: edozein arrazoirengatik sortutako edukia zabaltzea nahi ez bada, agian beste lizentzia bat aukeratu beharko litzatekeela lan horretarako (kasu honetan artikulu horretarako). Eta hau, lana argitaratzen duenak egin beharko lukeela (kasu honetan Aiurrik). Eta hirugarrena da guztien artean nabarmenena: mundu mailan denek onartzen badugu semaforoa berde dagoenean, bidea gurutzatu dezakegula, ezin da inor etorri esatera bere kalean ezin dela berdez gurutzatu. Ezta argi eta garbi berdea den argia laranja dela onartzera inor behartu. Kasu horretan behar dena ez delako semaforo bat. STOP bat baizik.

Zer nahi duzue nik esatea. Ez naiz kazetaria eta ez naiz jurista, baina erabat sinetsita nago euskarak eta euskarazko kulturak oro har behar-beharrezkoa dutela copyleft-a. Hala ere, dirudienez, egindakotzat jotzen genituen gauza asko berrikusi eta berriz hausnartu beharko ditugula dirudi.

Ongi etorriak blogeko ikasturte berrira.

SMS (SOS)

Pazko oporretan, autoa hondatu egin zitzaigun eta autobide baten erdian botata utzi gintuen. Edonori gerta dakioke. Hitz egin aseguruarekin, garabiarekin eta taxiarekin. Honaino dena normal. Ni urduri samar nengoen, autoak bere lana egiteari uko egiteko aukeratu zuen leku txarragatik, eta ez nekien oso ondo zein kilometrotan geunden, beraz, ez nekien nola azaldu gugana heltzeko egin behar zuten bidea garabiari eta taxiari. WhatsApp-en bidez gure lokalizazioa bidaltzea ideia ona zela otu zitzaidan. Eta horrela egin genuen. Bai garabia, zein taxia, gidatzen ari zirela kontutan hartu gabe. Nekez irakur daiteke Whatsapp egoera horretan. Zer ondorioztatu dezakegu anekdota honetaz? Ez nuela kontuan hartu nortzuk ziren komunikazioaren hartzaileak eta pertsona horien egoera zein zen, iritsi zirenean, tonu atseginean, trafiko-urratze bat egitera behartu nituela esan zidaten arte.

Bada, hau ez zait niri bakarrik gertatzen.

Osakidetzako zuzendari eta kargudun politikoak beren ibilbide profesional osoan izango duten antolakuntza-erronkarik zailenaren aurrean daude murgilduta. EAEko biztanle guztiei COVID-19aren kontrako txertoa jartzea. Baldintzarik okerrenetan, onartzen dut. Taxiarekin egin nuen bezala, nire ustez, Osakitdetzak ere ez du oso kontuan hartu zeintzuk diren bidaltzen ari diren SMSen hartzaileak. Ondorioz, eta nire iritzi apalean, bi arazo garrantzitsu eragiten dituzten, bi akats larri egiten ari dira. Eta, hasi orduko, onartuko dut ez dudala uste maltzurkeriaz egin dutenik. Gehiago da aginpiderik eza. Lehenengo akatsa da, pentsatzea herritar guztiek, SMS bat irakurtzen dakitela. Bigarren akatsa da, onartzea SMSa irakurriz gero, mezuaren hartzaileak smartphone bat edo Interneterako konexioa duen ordenagailu bat erabiltzeko eta erabiltzen jakiteko moduan egongo direla. Esan bezala, bi akats horiek bi arazo potolo sortzen dituzte. Lehenengo arazoa da, SMSa irakurri ondoren, jende askok ez dakiela hitzordu bat nola hartu Internetez, eta, ondorioz, anbulategietara deitzen dutela telefonoak erabat bete arte. Jarduteko modu horrek sortzen duen bigarren arazoa, ahal dela lehenengoa baino okerragoa da; adineko pertsona askok ez dakite mezua jaso dutenik ere.

Erabat seguru nago, hau irakurtzen ari zareten bat baino gehiagok, senideak eta lagunak lagundu behar izan dituzuela txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko. Eta zer egingo dugu tramitea egiteko laguntzarik ez duten pertsona horiekin? Beraien txertoa atzeratu? Bai, onartzen dut egongo dela esaten duenik edozein pertsonak dakiela SMS bat irakurtzen. Erantzungo nioke Euskadi Irratia entzuteko eta zenbatzeko edozein adineko kexak.

Digitalizazioa, izan dadila zentzuduna eta, ahal dela, orekatua.

Ez zara zu, ni naiz

Trump jauna zenbait egunetan kabreatuta iristen omen da ohera. Tximino-plantetan imajinatzen dut. Hiperkabreatuta. Eta hiperazeleratuta.

Gaurkoa laburbilduz: Twitter plataformak Trump jaunaren txio bat ezkutatzea erabaki ei du eta albisteak ez du presidentearen poztasuna piztu. Twitter-ek dio txioaren testuak -irakurtzeko batere interesik ez dut-, gorrotoa eragin dezakeela. Amerikako Estatu Batuetako presidentearen mezuen mailari so eginez, zerbait berria balitz bezala.

Esan gabe doa ez natorrela bat ideologikoki Trump jaunak sustatzen duen estatu eta ekonomia ereduarekin, baina, badaezpada, hobeto aipatu. Gehien harritzen nauena da hilabete baino gehiagoan ez zuela atzamarrik mugitu estatubatuarrak Covid-19tik babesteko, baina 48 ordu baino ez dituela behar izan Twitter “zigortzeko” neurriak hartzeko.

“Egun handia izango da sare sozialetarako eta inpartzialtasunerako!” txiokatu zuen. Prestatzen ari zen dekretuari buruzko xehetasun gehiago eman gabe.

Handik ordu batzuetara jakin genuen sinatutako dekretuak Estatu Batuetako epaileei (edo) lege bat berrinterpreta zezatela eskatzen ziela. Antza denez, erabiltzaileek argitaratutako edukiengatik Silicon Valley erantzukizunetik salbuesten duena. Sare sozialen aurkako auziak errazagoak izatea da, funtsean, helburua. Edo hori esan digu behintzat. Sare sozialen indarra kontuan hartuta, oso zaila egiten zait horrelakorik imajinatzea. Ipar Amerikako presidentearen hitzetan, historikoki adierazpen-askatasuna errespetatu duen herrialdea da berea, eta praktika antiamerikarra eta antidemokratikoa ei da bere hitzak ezkutatzea. Hipokritagoa izatea ez dirudi gauza erraza.

Hala ere, nire ustez, Trump-ek eskerrak eman behar dizkie gizarte-sare horiei; adibidez, Cambridge Analyticak egin zizkion mesedeak edo Youtubeko algoritmoek, xenofobia eta faxismoa sustatzea ordaintzeko. Besteak beste. Izan ere, niretzako berdin du Twitter izan, Youtube izan, edo Facebook izan. Ideologikoki gauza bera baitira. Ez didazu sinesten? Egin dezagun proba erraz bat. Sartu Youtuben, bilatu espainiar politikari buruzko bideo polemiko bat, adibidez, Pablo Iglesiasena, “markesa” hitza behin eta berriz errepikatuz. Ziur nago, gomendatutakoei erreparatzen badiezu, gutxienez VOXen en Libertad Digitalen hiru edo lau bideo aurkituko dituzula, bide horri jarraitzen badiozu… akabo. Zergatik? Ez zehazki faxismoa goraipatzeagatik, baizik eta sare sozial korporatiboetan polemikak saritzen direlako. Ez al dizue Youtubek inoiz gomendatuko terraplanismoari buruzko bideo bat?

Konspirazio teorietan sartu beharrik gabe, batzuk uste dugu hori ez dela kasualitatez gertatzen eta algoritmo horiek ez direla neutralak.

Trumpen gaira bueltatuz, dekretu berri hau lege-borroka luze baten abiapuntua izango dela aurreikus daiteke. Hala ere, nik Trumpi esango nioke ez dadila hainbeste haserretu, goza dezala bere bizi oparoa eta ez diezaiola haginka egin jaten ematen dion eskuari.

Adierazpen-askatasun handiagoa dugun Fedibertsora pasatzeko gomendatuko nioke? Hobeto ez aipatzea ere; Trumpek bere buruarekin pizten dituen haserre-mailak lasaitzeko arazoak izango lituzke, eta, ondorioz, ezingo luke onartu sare libreetan hainbeste balioesten dugun netiketa. Eta gainera, ez dut nahi, nire erruz, Fedibertsoa zaborrez betetzerik.

Bukatu dut interbentzioa, epaile jauna.

Etsaiak sistema ezagutzen du

Azken hileotan Marta Peirano kultur eta teknologia kazetariaren azken saiakera liburua irakurtzeko denbora hartu dut: El enemigo conoce el sistema, (Debate). Liburuaren lehen edizioa irten zenetik irakurri nahi banuen ere, irakurtzeke daukadan liburu zerrendak ez du mugarik ezagutzen. Izaroren aupada behar izan nuen liburua erosi eta irakurtzeko.

Liburu honen azpititulua, gutxi gora behera, honela itzuli genezake: Ideien, pertsonen eta eraginen manipulazioa arretaren ekonomiaren ondoren. Eta kontrazalak berak bakarrik dozena erdi blog bidalketa idazteko aukera eskaintzen dit. Honela dio kontrazalaren lehen esaldiak: Sarea ez da librea, ez irekia, ezta neutrala ere. Bi esaldi hauek aipatze hutsarekin, liburua irakurri behar nuela suposatuko duzue. Are gehiago, esaten badizuet Marta Peiranoren TED hitzaldiaren bideoa – Zergatik zelatatzen naute, inor ez banaiz? -, aspaldi honetan hack.in#badakigu-ren izenean eman ditugun pribatutasun hitzaldi eta tailer guztietan jarri dugula. Bideoak bi milioi ikustalditik gora ditu Youtuben.

Tira ba, hasiera hasieratik engantzatu nau saiakera honek. Teknologia liburu bat izateko, oso hasiera berezia daukala iruditu zait. Izan ere, liburuan zehar erabiliko duen argudio bat azaltzeko – dopaminak gugan duen eragina -, teknologian zentratu beharrean lurrinen merkatuan zentratzen baita. Lehen lau orriak argumentatzeko erabiltzen dituen argudioek, desberdina izango den zerbaiten aurrean aurkitzen garela adierazten digute.

Eta hala da. Adikzioa, azpiegiturak, zelatatzea, algoritmoa, iraultza, negozio eredua eta manipulazioaren inguruan berba egiteko gaitasun itzela erakusten du liburuak dituen zazpi ataletan zehar. Gainera, bere argumentuei indarra emateko erabili dituen oharrek ere, indarra emateaz gain, testua borobiltzen dute.

Sare askeekin amets lizunak ditugunontzat, oso irakurketa interesgarria iruditu zait. Baita, edozein Internet erabiltzailerentzat ere. Interneten egunero darabilgun teknologiak kontrolatzen dituzten enpresa handiek gugan duten eragin maila ulertzeko balio du. Baita eragin maila hori lortzeko erabiltzen dituzten joko eta diseinu zikinen inguruan hausnartzeko.

Gauza txar bakarra aurkitu diot. Ez dut Peiranorekin politikoki bat egiten. Izan ere, nire ustez irakurketa politiko sakonagoa beharko luke. Adibide bat jartzeagatik, idazleak behin eta berriro erabiltzen du arretaren ekonomiaren kontzeptua, baina nire uste apalean kapitalismo basatiaren ondorio besterik ez den egoera baten aurrean aurkitzen gara. Terminoen erabilerak, sakonagoa izan behar zuen. Iraultzen atalean alternatiben inguruan idazten duenean, oinarri sozialdun proposamenen bozgorailu izateko aukera esploratu izana eskertu izango nioke. Hacktibismoaz aritzea. Ez du egin. Antikapitalismoan sakondu izan balu, irakurketa borobila izango litzateke.

Edonola ere, irakurketa gomendagarria dela uste dut, jakinda, han idazten diren adibideak baino askoz gehiago egonik (eta posibleki interesgarriagoak), oinarriak ezartzeko hasiera on bat izan daitekeela.