“Iraultza txikiak” zure esku daude…
Zu ere Gaizka Garitano izan zaitezkeelako…
“Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da… Egiten duguna gara”. Besteak beste, horiek izan ziren Lorea Agirrek Korrikarako idatzitako eta ondoren irakurritako mezu sekretuan entzun genituen hitzak. Bestetik, orain dela hilabete eta erdi Gaizka Garitanok “euskaldunen iraultza txikiez” ere mintzo zen.
Hain zuzen ere, Gaizka Garitano, Eibar taldeko entrenatzailea, Almerian ekiten hasi zen, bertan, sare sozialak eta askoren kontzientziak astindu dituen iraultza txiki bat aurrera eraman zuen EITBko kazetaria den Joseba Urkiolaren laguntzarekin. Nabarmentzekoa eta azpimarratzekoa ere izan zen Almeria taldeko prentsa arduradunaren jarrera, bertako kazetariei isiltasuna eta errespetua eskatuz, zinez txalogarria.
Denok dakigun bezala, Gaizka Garitano EITBko kazetariak euskaraz egindako galderari euskaraz erantzuten hasi zen. Taldearen porrota azaltzen zegoen bitartean, Almerian zeuden kazetari batzuek protesta egiten hasi ziren (birritan) entrenatzailearen eta euskal kazetariaren lana oztopatuz eta hizkuntza eskubideak eta adierazpen askatasuna errespetatu barik. Horrexegatik, prentsaurrekotik ospa egin zuen Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzaileak.
Ekintza honek oihartzun handia izan du. Sare sozialetan ikusi eta irakurri ahal izan den moduan, euskaldunok Gaizkaren “iraultza txikia” izugarri eskertu dugu. Bere jarrera eredugarri gisa hartu izan dute askok. Jasotako babesa eta miresmena ere handia izan da.
Hamaika txio ederren artean, Aitzol Barandiaranek honako galdera luzatzen zigun euskaldunoi: “Gaur Gaizka Garitanok egin duena bihar guk egingo bagenu tabernetan, dendetan, leihatiletan, busean…?” Hau da, zer gertatuko litzateke euskal geografia “iraultza txikiz” beteko bagenu?
Zaila da galdera horri erantzutea, batek daki pentsatuko dute askok. Baina imajina dezagun, momentu batez sikiera, jatetxe batean bazkaltzeko edo afaltzeko mahaia eskatzerako orduan honako galdera hau luzatuko bagenu: Posiblea izango zaigu euskaraz afaltzea edo bazkaltzea? Eta ezetz erantzutekotan, behin gure arrazoia adierazi ondoren, beste jatetxe baten bila abiatuko bagina. Astindu egingo ote zen bere kontzientzia? Berdin-berdin jokatu genezake denda batean edo erakunde batean “no entiendo” edo “en castellano, por favor” entzungo bagenu.
Hortaz, iraultza handiak ezinezkotzat edo utopikotzat hartzen diren garai honetan, “iraultza txikiak” gero eta beharrezkoagoak dira.
Bete dezagun Euskal Herria “iraultza txikiz”, hori ere gure esku dago eta!!!
Zeintzuk dira zuk egin dituzun “iraultza txikiak”?
#mileskerGaritano
Tamalez, gure hizkuntza eta herria maitatze hutsagatik, beti izango gara komentatzeko jo puntu erraza. Zorionez, horrek bihurtu gaitu indartsu aspalditik. Nere ustez, HAUNDIUSTEA da haien benetako barne iraultza beldurgarria. Garitanok egin zuena da, egunero egin beharko genukeena guk, edukazioz altxa eta alde egin, askatasunerantz gure bidea jarraituz, miñ haundiagorik egin ez gaitzaten…