Hasiera »
Eneko Fernandezen bloga - HasiHeziHaziBerria
Eneko Fernandez
Hazi berria has dadin hezi egin behar da. Erein, landatu eta uzta elkar banatu. Bizitza "hitzrudiz" osatuta dago. Horretan laguntzeko denetarik apur bat eta apur bat denetarik. Aniztasuna.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Joan Nieva(e)k Eneko Fernandezen bloga bidalketan
- Txibierroak uluka 43: Feminismo beltza, Daurmith twitera eta mozorro sexistak – Arrosa(e)k Mozorro sexistarik ez!!! bidalketan
- leize(e)k KOMUNERA JOAN NAITEKE? bidalketan
- leize(e)k Goizero, akaso, egun(h)EROkotasuna bidalketan
- leize(e)k “Iraultza txikiak” zure esku daude… bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
Elkarbizitza-Dekalogoa
2016-09-20 // Testuak edo // Iruzkinik ez
Aspaldiko! Zer moduz? Blogari amarauna kentzeko asmoz, gelan ikasleekin egindako ohitura egokien dekalogoa zuekin partekatuko dut. Norbaiti baliagarri izango zaiolakoan edo agian norbaitentzat bere dekalogoa sortzeko pizgarria izango delakoan, ondo izan eta laster arte;)
GURE DEKALOGOA
1.- Besteek hitz egiten dutenean adi-adi entzungo ditut eta aurpegira begiratuko diet.
2.- Besteen iritziak eta txandak errespetatuko ditut.
3.- Jarrera desegokia ikusiz gero konpontzen saiatu, ez naiz arazoaren parte bihurtuko.
4.- Nire materiala, besteen materiala eta ikastolako instalazioak zainduko ditut.
5.- Garaiz helduko naiz, besteak ez dira nire zai egon behar.
6.- Nire materiala, nire ideiak, nire pentsamenduak, nire jokoak…besteekin partekatuko ditut.
7.- Niretzako nahi ez dudana ez diot inori egingo, hau da, ez ditut minduko, ez ditut joko eta ez ditut irainduko.
8.- Laguntza behar duenari nire laguntza eskainiko diot.
9.- Zintzoa eta enpatia handikoa izango naiz.
10.-Dekalogo honetan idatzi dudana beteko eta errespetatuko dut, zin dagit.
Martxoak 8
2016-03-07 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Oztopoz eta zailtasunez beteriko berdintasunaren aldeko bide luzean, beste data garrantzitsu baten bezperan gaude; martxoaren 8a. Egun horretan, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da, baina zergatik egun hau Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzeko? Nahiz eta ez dagoen oso argi, bi izaten dira, normalean, kontuan hartzen diren gertakizunak: Lehenengoa, 1857ko martxoaren 8an, New Yorken emakume langile talde bat kalera atera zen lan-baldintza duinen alde (emakumeeek gizonek baino gutxiago irabazten zuten, hau, tamalez oraindik ez da asko aldatu). Bigarrena, 1911ko martxoan New Yorken gertakari tragiko bat bizi izan zen; beraien lan-baldintzen eta eskubideen alde langile talde bat arropen lantegian itxi zen. Sute baten ondorioz 146 pertsona hil egin ziren, jabeek ateak eta leihoak itxi zituztelako.
Esaten da lantegitik ateratzen zen kea kolore morea zuela.
Azkenean, 1975ean Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8a izendatu zuen Emakumeen Nazioarteko Eguna gisa
Urte guzti hauetan ukaezina da gizarteak aurrera egin duela berdintasunerantz. Bestalde, ukaezina da oraindik berdintasunetik oso urrun gaudela. Gainera, ohartarazi behar da atzera egitearen arriskua ere dagoela.
Horregatik eta berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzeko, bihar more koloreko jantziren batekin joango naiz lanera, irtengo naiz kalera… azken finean, bihar morez jantzita biziko naiz. Izan ere, kolore moreak berdintasuna adierazten du.
Bihar kolore morea arropan, eta egunero saiatuko naiz betaurreko moreekin edozein jarrera sexista eta matxista detektatzen eta noski, gaitzesten.
Berdintasunaren bidean, feminismoa da iparrorratza.
Bihar berdintasuna aldarrikatzeko morez jantzita ikusiko al zaitut?
Hona hemen hausnarketarako bideo interesgarriak:
https://www.youtube.com/watch?v=GoVl31RX7sk (Caso abierto)
https://www.youtube.com/watch?v=DwIGcVCDbgE (Ella era una brillante científica)
https://www.youtube.com/watch?v=7hBX7YUAx2I (La mente en pañales)
Emakunderen kartela
Mozorro sexistarik ez!!!
2016-02-02 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Berdin hezten al ditugu? Iturria: http://nataliarubio.es/2014/02/07/disfraz-carnaval-sexismo-mujer-sexy/
Aratusteak ate joka ditugu. Egun hauetan kaleak kolorez, poztasunez, fantasiaz eta mozorroz beteko ditugu, baina esparru honetan ere, berdintasunaren aldeko borrokak ezin du atsedenik hartu. Izan ere, mozorro sexistek sexuari lotutako genero rolak eta estereotipatuak errepikatzen dituzte. Adituek adierazten dutenez, gaur egungo sexu zatiketa erreproduzitzen dituzten mozorroak identifikatzen dira mozorro sexista gisa.
Gainera, mozorro sexistekin ez dira aukera berdinak eskaintzen mutilei eta neskei; umearen garapena oztopatuz.
Berez mozorroak ez dira arriskutsuak, horien atzean dagoena baizik. Mozorroen generoaren erabileraren ondorioz, estereotipo sexistak barneratzen dira eta arestian aipatu dudan bezala, erreproduzituko dira, eta hori noski, berdintasunaren aldeko lanean eta bidean oztopoa da.
Horrexegatik, kontzientzia garatzeko eta bide batez, hausnarketa eragiteko asmoz, mozorroen inguruan galdera batzuk luzatu nahiko nituzke:
• Zergatik bereizi neskentzako eta mutilentzako mozorroak ?
• Zergatik nesken mozorroetan nagusi dira gorputza agerian uzten dituzten jantziak (minigona…)?
• Zergatik neskei zuzendutako mozorro batzuk dirudite gizonezko batzuen fantasia sexualetik aterata daudela?
• Zergatik izaten da errazagoa topatzea emakumeen mozorro “sexyak” gizonenak baino?
• Zergatik mutil txikiek “futbolariz” eta neskatxoak “printzesaz”?
• Zergatik mutilek dute erraztasun handiagoa neskez mozorrotzeko, neskek mutilez baino?
Eta prezioei dagokionez, zergatik izaten dira garestiagoak neskei zuzendutako mozorroak?
Argi dago galderak ugariak izan daitezkeela eta hausnarketak anitzak, zuen esku.
Bukatzeko, niri gustatuko litzaidake aholku xume bat ematea; kontuan izanda bizitza honetan detaileek sekulako garrantzia dutela, mozorroa aukeratzeko orduan genero ikuspegia txertatzea eta gogoan izatea beharrezkoa dela ohartzea da.
http://nataliarubio.es/2014/02/07/disfraz-carnaval-sexismo-mujer-sexy/
KOMUNERA JOAN NAITEKE?
2016-01-18 // Hezkuntza // Iruzkin bat
“Komunera joan naiteke?” zenbat aldiz entzuten ote den galdera hau egunero Euskal Herriko ikasgeletan, zenbatezina, ezta? baina zein izan beharko litzateke erantzunik egokiena? Erantzunak anitzak izan daitezkeenez, esaera zaharrak dion moduan: “zenbat buru, hainbat aburu”, hona hemen nire erantzuna:
“Ez, eta zure osasunaren hobe beharrez ez didazu galdetu behar”.
Gauza jakina da txiza egitea, kaka egitea edo ura edatea beharrizan fisiologikoak direla eta horiek lehenbailehen asetzea premiazkotzat jotzen da. Natura oso jakintsua denez, gure gorputzak behar ez dituen sustantziak kanporatzeko beharrizana sentitzen duenean abisatu egiten digu eta horri erantzun beharra dago.
Askotan deiari ez diogu berehalako erantzunik ematen eta txiza edo kaka egiteko gogoari eusten saiatzen gara. Dena den, huskeria dirudien arren, osasunerako nahiko kaltegarria izan daiteke, beraz, irakatsiko ahal diegu gure ikasleei/umeei kaltegarria izan daitekeen ohitura bat? edo larriagoa dena, beraien osasuna kaltetuko ahal dugu komunera joaten ez uzten?
Izan ere, txiza edo kaka egiteko beharrizana luzaroan aguantatzeak gure osasuna kaltetuko du:
1.- Hesteetan gas poltsak pilatzea.
2.- Txizak azidoa eta amoniakoa duenez gernu-aparatuan infekzioa eragin dezake, esate baterako, Zistitisa.
3.- Giltzurrunetako kolikoa edo giltzurrunetako harriak.
4.- Gernu-maskuria handitzea.
Arazo larri hauez gain, kaka eta txiza egiteko gogoari eusteak antsietatea, deserosotasuna eta ezinegona ere sortu dezake gure ikasleengan, hortaz, ikasleak kontzentratzeko arazoak izango ditu arreta gehiena aguantatzeko ahaleginean bilduko baita. Ez al da zaila hausnartzea, memorizatzea, arreta jartzea, kontzentratzea…txiza edo kaka egin nahi dugunean? Ez al dugu hobetu hitz egingo eztarria bustita badugu?
Gainera, beraiei komunera noiz joan ahal diren erabakitzeko aukera ematen badiegu autonomoa garatzen egongo ginateke. Akaso guk baimena eskatzen dugu irolara joateko?
Bukatzeko, adituek esaten dute pixa edo kaka egiteko gogoa 10-15 minutu atzeratzea ez dela gomendagarria, orduan, zertarako itxarongo dugu? A! eta zelako lasaitasuna hartzen dugun behin dena hustu ondoren, ezta?
Euskara maitagarria…
2015-12-03 // Kultura // Iruzkinik ez
Euskara maitagarria,
Gaur, zure nazioarteko eguna ospatzen da munduko txoko askotan. Gaur, akaso, euskaldun guztion ahotan egongo zara eta hitz potoloak adituko dituzu zure inguruan, baina nik badakit, zuri, egunero eta nonahi pertsonen mihian egotea gustatuko litzaizuekela. Zoritxarrez, hamaika arrazoiengatik gaur egun egoera utopiko hori ezinezkoa da, baina ez ezazu itxaropenik galdu, gero eta gehiago baikara zure alde gaudenok eta garrantzitsuena, euskaraz bizi garenok edo behintzat, euskaraz bizitzen saiatzen garenok, beti ez baitugu horretarako aukerarik.
Begira, kontutxo bat esan nahi dizut. Jaio nintzenean ez zintudan ezagutzen, baina garai horretan ere, nire gurasoek erakutsi zidaten gauza miresgarria eta miragarri bat; ez duguna ere, eman eta eskaini dezakegula. Alegia, beraiek ez zeukaten euskararik eta niri ikastolaren bitartez euskara eman zidaten. Horrexegatik, beraiekin beti zorretan egongo naiz. Gainera, bere ahalegintxoak egin dituzte zu hobeto ezagutzeko.
Ba al dakizu ezagutu zintudanetik nire bihotzean eta mihian eramaten zaitudala? Ez dakit zer duzun, euskara, baina nire parte sentitzen zaitut. Ez dakit zer duzun, euskara, baina bihotzean zirrara sortzeko gaitasuna daukazu.
Mundu baten atea zabaldu didazu; euskal musikaren leihoa, euskal artearen, kulturaren eta literaturaren korrontea, komunikabide berrien ezagutza, pertsonak ere zuri esker ezagutu ditut… Azken finean, bizimodu bat eman didazu, euskara, eta, nire hautua da zurekin bizitzea.
Badakit zure bidea ez dela erraza izan, eta oraindik ere, oztopoz eta trabaz beterik dagoela, baina ez zaitez kezkatu, denok batera arraun egingo dugula, zure alde, traineru berezi honetan.
Egia da zuk ez duzula inor mindu, baina gorrotatua izan zara, eta oraindik ere, gorrotatua zara. Agian, inbidiagatik izango da, edota enpatiarik ez dutelako, edo besterik gabe, ezjakintasunaren erruz, eta zintzoki nik ez dut ulertzen, baina ez zaitez kezkatu, dena ez dela negatiboa. Ikusi, ikusi.
Euskara maitea, milaka lagun gara zure alde gaudenok, zure alboan gaituzu eta gainera, zugatik gauza harrigarriak eta magikoak egiteko prest daude, nire gurasoek egin zuten bezalaxe. Pentsa ezazu diktadura latzenetik ere bizirik atera zintuztela. Hortaz, denon artean ere saiatuko gara gorrotoa errespetuaren ordez ordezkatzen eta ahal baldin bada, zu maitatzea. Tamalez, motiboak dituzu kezkatuta egoteko, baina miresten zaituzten pertsonei esker zure etorkizuna oparoa izango delakoan nago.
Bukatzeko, aitorpen bat egingo dizut, aditu, aditu.
Euskara, nahi duzun guztietan zurekin izango naiz, eta inportanteena, behar nauzunean ere, hor izango nauzu, zurekin. Baita momentu zailenetan ere.
A! Sekretutxo bat: bihar ere zure eguna ospatuko dut, eta etzi, eta baita etzidamu ere, eta ez naiz horretaz damutuko, zutaz harro nagoelako.
Urte askotarako, maitasun osoz.
Euskarak 365 egun izatea zure esku dago
Indarkeriari EZ, errespetuari eta berdintasunari BAI
2015-11-11 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Indarkeria matxistaren aurka
Imajinatzen al duzue herritar guztiok azaroaren 25ean morez jantzita egotea? Ez al litzateke herri gisa ekimen ikusgarria, adierazgarria eta erraldoia egun horretan herritar eta hiritar guztiak kaleetan, parkeetan, dendetan, ikastoletan, tabernetan, komunikabideetan, kiroldegietan, liburutegietan, garraiobideetan, bulegoetan, lantegietan eta zerbitzuetan lilaz jantzita egotea berdintasuna aldarrikatzen eta indarkeria matxistak eta sexistak salatzen?
Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da, baina zergatik aukeratu zen udazkeneko egun hau indarkeria matxista eta sexista salatzeko?
1960ko azaroaren 25ean Dominikar Errepublikako Trujillo diktadoreak Mirabal ahizpak “Las Mariposas” hiltzea agindu zuen, bere erregimenaren aurkako ekintzaileak izateagatik. Horren ondorioz, 1981ean Bogotan ospatu zen Latinoamerikako lehenengo topaketa feministan aukeratu zuten egun hori Mirabal ahizpak gogoratzeko.
Topaketa hartan, emakumeek gizarteko eremu guztietan genero indarkeria, etxeko tratu txarrak, hilketak, bortxaketak, sexu jazarpena eta indarkeria oro jasan behar izaten zutela salatu zen, baita emakumezko preso politikoek tortura eta abusuak pairatzen zituztela ere. Azkenean, 1999an Nazio Batuen erakundeak ofizial bihurtu zuen data hori Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna gisa.
Izan ere, emakumeek pairatzen duten indarkeria mota askotakoa izan daiteke: alde batetik, indarkeria fisiko zuzena dago (kolpeak, jipoiak, erailketak…), indarkeria psikologikoa (irainak, mesprezuak, mehatxuak…) eta sexu-indarkeria (bortxaketa eta bestelako abusuak) eta bestetik, mikromatxismoak izeneko indarkeria sotilak eta ikusezinak daude, esate baterako, xantaia emozionalak, kontrola, etxeko lanak ez partekatzea etab.
Emakumeen aurkako indarkeria matxista eta sexista guztiak desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko denon inplikazioa beharrezkoa delakoan nago. Nire ustez, pertsonen berdintasunean oinarritu nahi duen herri bat izanik, bere ahotsa altxatu behar du edozein motatako erasoen kontra. Hortaz, beharrezkoa iruditzen zait gizarte osoa gai horretaz sentsibilizatzea eta pertsonon artean berdintasuna, errespetua eta askatasuna sustatzea.
Horregatik, azaroaren 25ean, emakumeen kontrako edozein indarkeriren aurkako sinboloa den puntu lila oinarrian hartuta, kolore moreko arroparen batekin jantzita joatea proposatu nahi dizuet. Modu horretan genero berdintasuna aldarrikatu eta emakumeen aurkako indarkeria guztien salaketa irmoa egin nahi da.
Beraz, azaroaren 25ean more koloreko jantziren batekin bizitzea gonbidatzen zaituztet eta ahoz aho zabaltzeko aukera izanez gero, ekimenak eskertuko luke.
Aldez aurretik eskertu nahi dizuet zuen parte-hartzea eta elkarlana.
Berdintasunaren aldeko bidean elkar ikusiko dugulakoan, begirunez.
Goizero, akaso, egun(h)EROkotasuna
2015-10-02 // Testuak edo // Iruzkin bat
Argazki honetan oinarriturik asmatutako testua, ea gustukoa duzuen, edo ez 😉
Eta zuri, zer iradokitzen dizu argazki honek? Animatuko zinateke 100 hitzetan (askoz jota) zure testua sortzera?
Itsaso Bartolomek Argi-Hizkiak 2015 lehiaketarako ateratako argazkia
Egunerokotasunaren kaiolan leihoa omen zen bere aterabidea, edo ez.
Goizero, leiho horretatik kanpora so egiten zuen, beldurturik.
Akaso, eguratsaren egoerak kezkatzen zuen.
Goizero, leiho horretatik bere arropak zabaltzen eta zintzilikatzen zituen, bustirik.
Akaso, ez zen arropa bustita zegoen elementu bakarra.
Goizero, bere pentsamenduak eta sentimenduak aireratzen zituen, isilik.
Akaso, ipar-haizeak lau haizetara zabalduko zituelako.
Goizero, kordeletik tiratu egiten zuen arropa bata bestearen alboan kokatzeko, atsekabeturik.
Akaso, bere iragana zen atzean utzi nahi zuena.
Goizero, matxardak hartzen zituen bere oroitzapenak tentuz mantentzeko, giltzapeturik.
Akaso, matxardek ezin dute dena sostengatu.
Goizero, akaso, ez da dena dirudien bezala, akaso, goizero, ero edo heroi.
Bizitzak, bideak, bidaiak
2015-09-21 // Nazioarteko elkartasuna // Iruzkinik ez
Bidaia mota asko egin daitezke: lanak behartuta egiten diren negozio-bidaiak, lana bilatzeko egiten diren bidaiak, lana egiteko egiten diren bidaiak, plazer hutsez egiten diren opor-bidaiak, egunerokotasunarekin eta errutinarekin apurtzeko egiten diren bidaiak, abenturen bila eta maitasun bila egiten diren bidaiak, kultur, pertsona eta esperientzia berriak ezagutzeko egiten diren bidaiak, dispertsioak behartuta egiten diren bidaiak, hausnartzeko edo deskonektatzeko egiten diren bidaiak, lekutik mugitu barik egiten diren barne-bidaiak, baina denetan zailena, arrazoi politiko eta sozialengatik bere etxetik ihes egin behar duten pertsonen bidaia izan behar da.
Herri guztietan, eta historian zehar etengabe errepikatua den fenomenoa da aterpetuena. Azkenaldian, Europako gaurkotasuna iheslarien argazkiez eta albistez bete da, baina honek ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, errefuxiatuen drama ez zela existitzen, baizik eta entzungor eta ikusiarena egiten genuela, baina noski, oraingoan, pertsona hauen tragedia Europako atea joka dagoela, erantzun beharra dago.
Iheslarien argazki horiek ikusten ditugunean eta albisteak irakurtzen ditugunean, normala denez, lastima sentitzen dugu. Hala ere, denek ez dute penarik sentitzen. “Zer dute buruan jaio diren tokiagatik hobeak sentitzen diren pertsonek?” Normala denez, “Errefuxiatuak ondo etorriak” kanpainak antolatzen dira. Hala ere, eslogan eder bat ez da nahikoa izaten arazoari aurre egiteko. Normala denez, egoeraren gordintasuna salatzen dugu. Hala ere, arazoaren sustraia ere salatu beharra dago. Hori egin ezean, alferrik.
Eta hau dena gertatzen den bitartean, iheslariei harrera egokia emateko hesiak eraikitzen ditugu. Hau dena gertatzen den bitartean, “ondo etorria” emateko ere, aterpetuei oldartzen zaizkien poliziak bidaltzen ditugu. “Zer pentsatzen du polizia batek errefuxiatu baten aurka egiten duenean?” Sumintzen garen bitartean ere, agintariek iheslariak tarta bat balira bezala banatzen dituzte. Hau dena gertatzen den bitartean, pertsonak zauritzen, hiltzen eta etxeak suntsitzen dituzten armak egiten eta saltzen ditugu.
Zergatik egiten dute ihes? Zergatik pertsona batek daukan guztia atzean uzten du eta babes bila abiatzen da? Agian, hauek dira gure buruari egin beharko genizkiokeen galderak.
A! Eta denek ez dute ihes egiteko aukerarik. Horiek, gure herrietan eraikitako armengandik ezkutatzen jarraitu beharko dute. Nor gogoratzen da beraietaz? Nork lagunduko ditu?
“Errefuxiatuak ondo etorriak” esloganaren ondotik, gerrarik ez, gorrotorik ez eta hipokrisiarik ez jarraitu beharko liokete.
Hegazti migratzaileek ez dituzte mugarik topatzen, baina armen arriskua ere pairatzen dute.
A! Eta etorkinei ere ondo etorria egingo nieke eta baita kale gorrian daudenei ere.
IN-fernua (mikroipuina)
2015-05-03 // Testuak edo // Iruzkin bat
Eskola jazarpena (ingelesez, school bullying) pairatzen duten ikasle horiei eskainitako mikroipuin xumea. Denok enpatian, errespetuan, elkartasunean, elkarlanean eta berdintasunean heziak izan gaitezen.
Itxaropenen mundura bidali ninduten. Bertan, lagunekin batera zoriontasuna topatuko nuelakoan. Agurtzeko mementoan irribarretsu ikusi nituen gurasoak. Nire bihotzak ere irri egiten zuen. Urduritasunaren eta ilusioaren arteko nahasketa goxoa. Ikasi eta jolastu. Jolastu eta ikasi. Horixe zegoen nire zain. Lagunekin batera paradisua eraikiko omen nuen. Nire ametsak betetzeko aukera parez pare zabalduko zitzaidan. Tinbre hotsa. Lagunak etsai. Paradisua infernua.
“Ba ote dago infernuan ezkutatzerik ?”
Michele Borbaren blogetik ateratako argazkia.
“Iraultza txikiak” zure esku daude…
2015-04-27 // Komunikabideak // Iruzkin bat
Zu ere Gaizka Garitano izan zaitezkeelako…
“Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da… Egiten duguna gara”. Besteak beste, horiek izan ziren Lorea Agirrek Korrikarako idatzitako eta ondoren irakurritako mezu sekretuan entzun genituen hitzak. Bestetik, orain dela hilabete eta erdi Gaizka Garitanok “euskaldunen iraultza txikiez” ere mintzo zen.
Hain zuzen ere, Gaizka Garitano, Eibar taldeko entrenatzailea, Almerian ekiten hasi zen, bertan, sare sozialak eta askoren kontzientziak astindu dituen iraultza txiki bat aurrera eraman zuen EITBko kazetaria den Joseba Urkiolaren laguntzarekin. Nabarmentzekoa eta azpimarratzekoa ere izan zen Almeria taldeko prentsa arduradunaren jarrera, bertako kazetariei isiltasuna eta errespetua eskatuz, zinez txalogarria.
Denok dakigun bezala, Gaizka Garitano EITBko kazetariak euskaraz egindako galderari euskaraz erantzuten hasi zen. Taldearen porrota azaltzen zegoen bitartean, Almerian zeuden kazetari batzuek protesta egiten hasi ziren (birritan) entrenatzailearen eta euskal kazetariaren lana oztopatuz eta hizkuntza eskubideak eta adierazpen askatasuna errespetatu barik. Horrexegatik, prentsaurrekotik ospa egin zuen Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzaileak.
Ekintza honek oihartzun handia izan du. Sare sozialetan ikusi eta irakurri ahal izan den moduan, euskaldunok Gaizkaren “iraultza txikia” izugarri eskertu dugu. Bere jarrera eredugarri gisa hartu izan dute askok. Jasotako babesa eta miresmena ere handia izan da.
Hamaika txio ederren artean, Aitzol Barandiaranek honako galdera luzatzen zigun euskaldunoi: “Gaur Gaizka Garitanok egin duena bihar guk egingo bagenu tabernetan, dendetan, leihatiletan, busean…?” Hau da, zer gertatuko litzateke euskal geografia “iraultza txikiz” beteko bagenu?
Zaila da galdera horri erantzutea, batek daki pentsatuko dute askok. Baina imajina dezagun, momentu batez sikiera, jatetxe batean bazkaltzeko edo afaltzeko mahaia eskatzerako orduan honako galdera hau luzatuko bagenu: Posiblea izango zaigu euskaraz afaltzea edo bazkaltzea? Eta ezetz erantzutekotan, behin gure arrazoia adierazi ondoren, beste jatetxe baten bila abiatuko bagina. Astindu egingo ote zen bere kontzientzia? Berdin-berdin jokatu genezake denda batean edo erakunde batean “no entiendo” edo “en castellano, por favor” entzungo bagenu.
Hortaz, iraultza handiak ezinezkotzat edo utopikotzat hartzen diren garai honetan, “iraultza txikiak” gero eta beharrezkoagoak dira.
Bete dezagun Euskal Herria “iraultza txikiz”, hori ere gure esku dago eta!!!
Zeintzuk dira zuk egin dituzun “iraultza txikiak”?
#mileskerGaritano