Goizero, akaso, egun(h)EROkotasuna
Argazki honetan oinarriturik asmatutako testua, ea gustukoa duzuen, edo ez 😉
Eta zuri, zer iradokitzen dizu argazki honek? Animatuko zinateke 100 hitzetan (askoz jota) zure testua sortzera?
Egunerokotasunaren kaiolan leihoa omen zen bere aterabidea, edo ez.
Goizero, leiho horretatik kanpora so egiten zuen, beldurturik.
Akaso, eguratsaren egoerak kezkatzen zuen.
Goizero, leiho horretatik bere arropak zabaltzen eta zintzilikatzen zituen, bustirik.
Akaso, ez zen arropa bustita zegoen elementu bakarra.
Goizero, bere pentsamenduak eta sentimenduak aireratzen zituen, isilik.
Akaso, ipar-haizeak lau haizetara zabalduko zituelako.
Goizero, kordeletik tiratu egiten zuen arropa bata bestearen alboan kokatzeko, atsekabeturik.
Akaso, bere iragana zen atzean utzi nahi zuena.
Goizero, matxardak hartzen zituen bere oroitzapenak tentuz mantentzeko, giltzapeturik.
Akaso, matxardek ezin dute dena sostengatu.
Goizero, akaso, ez da dena dirudien bezala, akaso, goizero, ero edo heroi.
Goizero, asperen amaigabe bat lurruntzen zuen leihoko kristalean.
Akaso, asteko puntuan zegoen egun zalantzagarria lehen bait lehen amai zedin. Bere kaiolatik inoiz ikusi ahalko ez zuen itsaso zabalarekin amestuz…