KOMUNERA JOAN NAITEKE?
“Komunera joan naiteke?” zenbat aldiz entzuten ote den galdera hau egunero Euskal Herriko ikasgeletan, zenbatezina, ezta? baina zein izan beharko litzateke erantzunik egokiena? Erantzunak anitzak izan daitezkeenez, esaera zaharrak dion moduan: “zenbat buru, hainbat aburu”, hona hemen nire erantzuna:
“Ez, eta zure osasunaren hobe beharrez ez didazu galdetu behar”.
Gauza jakina da txiza egitea, kaka egitea edo ura edatea beharrizan fisiologikoak direla eta horiek lehenbailehen asetzea premiazkotzat jotzen da. Natura oso jakintsua denez, gure gorputzak behar ez dituen sustantziak kanporatzeko beharrizana sentitzen duenean abisatu egiten digu eta horri erantzun beharra dago.
Askotan deiari ez diogu berehalako erantzunik ematen eta txiza edo kaka egiteko gogoari eusten saiatzen gara. Dena den, huskeria dirudien arren, osasunerako nahiko kaltegarria izan daiteke, beraz, irakatsiko ahal diegu gure ikasleei/umeei kaltegarria izan daitekeen ohitura bat? edo larriagoa dena, beraien osasuna kaltetuko ahal dugu komunera joaten ez uzten?
Izan ere, txiza edo kaka egiteko beharrizana luzaroan aguantatzeak gure osasuna kaltetuko du:
1.- Hesteetan gas poltsak pilatzea.
2.- Txizak azidoa eta amoniakoa duenez gernu-aparatuan infekzioa eragin dezake, esate baterako, Zistitisa.
3.- Giltzurrunetako kolikoa edo giltzurrunetako harriak.
4.- Gernu-maskuria handitzea.
Arazo larri hauez gain, kaka eta txiza egiteko gogoari eusteak antsietatea, deserosotasuna eta ezinegona ere sortu dezake gure ikasleengan, hortaz, ikasleak kontzentratzeko arazoak izango ditu arreta gehiena aguantatzeko ahaleginean bilduko baita. Ez al da zaila hausnartzea, memorizatzea, arreta jartzea, kontzentratzea…txiza edo kaka egin nahi dugunean? Ez al dugu hobetu hitz egingo eztarria bustita badugu?
Gainera, beraiei komunera noiz joan ahal diren erabakitzeko aukera ematen badiegu autonomoa garatzen egongo ginateke. Akaso guk baimena eskatzen dugu irolara joateko?
Bukatzeko, adituek esaten dute pixa edo kaka egiteko gogoa 10-15 minutu atzeratzea ez dela gomendagarria, orduan, zertarako itxarongo dugu? A! eta zelako lasaitasuna hartzen dugun behin dena hustu ondoren, ezta?
-Komunera joan naiteke?
-Bai, joan lasai.
Azpigaldera horren erantzun hori, askatasun usainarekin lotzen nuen nik beti. Ikastolako pasilo hutsetatik 3-4 minutuz paseatzeak ez bait zuen parekorik. Besteekiko nuen abantaila faltsuak sortzen zidan emozioa oroitzen dut oraindik. Gela guztiak ikuskatuz, hor nindoan ni, zoro moduan, txistuka, bihurri, nire mingain luzea denak emanda. Begiak nigana zuzentzen zituen edonori iseka egiten, jaja!!
Mototx luze neskatxa horrek, ondo asko zekien, pixa eta gainontzeko beharrizanak patio garaian asetzekoak zirela. 3-4 minutu zirraragarri horiek bere osasun eta arimaren onurarako funtsezko bilakatu ziren eta!!