Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

Gorputzak gaizki aukeratu zuen

2015-11-27  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

Bizitzaren lege nagusia desobeditzeari ekin zion lau urteko egozkortxoak, oraingoan gorputza epaitegietara eraman nahi luke, eta natura epailearen aurrean, hauxe salatu:

– Gorputzak gaizki aukeratu zuen…

– … -oraindik defentsarena edo fiskalarena egitea, zer egitea egokituko zaion igarri ezin duen helduak.

– Jaio, hazi, xaharra egin eta hiltzea aukeratu zuen. Eta klaro, orain denok hazi eta xahartutakoan hil egingo gara…

– …

– Jaio, hazi eta xahartzea aukeratu behar zuen, eta kito.

Jaiotzea aukeratu ez dugunontzat gustu oso txarreko broma da heriotzera goazela deskubritzea.

Heriotzari desobedientzia?

2015-11-26  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

Lau urteko egozkortxoak bizitzaren lege nagusia desobeditzeari ekin dio:

– Gizon hori zaharra da… hil egingo da!

– Bai, tira, noizbait bai… denok bezala… – saiatzen da heldua, umea agureak entzungo ez dituen lekura daraman bitartean.

– … A… ba ni ez, e!

– Zu ez?

– Igual ez, igual ez naiz inoiz hilko, igual denak hilko dira eta zu eta ni izango gara inoiz hilko ez diren bakarrak. Hori ez dakigu! Ezin da jakin!

Ez dakigu, ez. Eta heldu gehienok ere ume honen modura bizi ote garen: gertatzen den arte, inoiz etorriko ez delakoan.

Eskubide zibil eta politikoen alde: Nola lortuko dugu “terroristaaaa!” sirenak pito hotsa izatea?

2015-11-12  //  Herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

"Epaiketa politikorik ez!" hitzaldian Pako Letamendia, Dabid Soto, Estitxu Eizagirre eta Patxi Urrutia.

“Epaiketa politikorik ez!” hitzaldian Pako Letamendia, Dabid Soto, Estitxu Eizagirre eta Patxi Urrutia.

Azaroaren 6an, Libre ekimenak epaiketa politikoen inguruan antolatutako hitzaldian parte hartu nuen, ARGIAko ordezkari gisa.  Helburu bakarra genuen: eskandaluzko injustizia baten ondorioz kartzelara joateko arriskuan dauden herritarren ondoan egotea, eta beharrezko den leku guztietan publikoki eskubide zibil eta politikoen aldeko defentsa egitea. Besterik ez. Hau da bertan adierazi nahi izan nuena:

Disidentzia birrintzen duen makinaria

Beti izango zen honela, baina orain oso nabarmen ageri da: Estatua makinaria handi eta engrasatu bat da, txikitu-zanpatu-mazpildu dezakeena mehatxuzkoa zaion, disidente iruditzen zaion, sorgin aurpegia ikusten dion edozein herritarren mugimendu. Gaur Askapena eta 04/08 sumarioko kasuak ditugu aztergai, baina herenegun Andaluziako SAT sindikatuko bozermaileetako bat zen: Eta SATeko 600 kide daude dagoeneko prozesatuak! Duela juxtu astebete Galiziako talde independentistako kideak atxilotu zituzten; uztailean Mozal Legea indarrean jarri eta 56 lagunen aurkako Armiarma operazioak egin zuen Guardia Zibilak sare sozialetan “terrorismoa goratzea” leporatuta…

Komunikabideak, putre eta legitimatzaile

Estatuaren makinaria handi horren parte dira status quo-aren komunikabideak. Hainbat modutan betetzen dute euren lana:

– Putreen iragarle papera betetzen dute: kaleko ekintza batean edo disidenteren baten etxe aurrean zenbait komunikabide inguratzen ikustean, badakigu atzetik polizia datorrela, sarri atxiloketak egitera. Euren entramadoan hainbesteko jarioan doazen filtrazioek erakusten dute zaila dela bereizten non hasten den Barne Saila eta non bukatzen hedabideetako egitura.

– Legitimatzaile funtzioa ere betetzen dute: batzuetan atxiloketen aurretik eragileak kalifikatuz (oso esanguratsua, besteak beste ABCk, Askapena “ETAren ONG” definitu zuela). Baina hedabideek baita ere legitimatzen dute estatuaren makinaria etengabe, gertaerei eta egoerei buruzko diskurtso ofiziala (eta ia ofiziala baino ez) emanaz. Status quoaren komunikabideek ematen dutena, hori da normalidadea.

Komeni da geure ohiturak aztertzea herritarrok, komunikabideak irakurtzen eta ikusentzuten ditugunok: elikadura burujabetzaren alde egitea onuragarri da komunikabideekin ere. Hedabideen gaian ere, zer jaten dugun kriterio handiz hautatu behar dugu. Zein da gure bazka? Ados, irakurtzeak laguntzen du besteen diskurtsoa ezagutzen, gutaz herritarrek izan dezaketen perzepzioa izaten… ados, baina kontziente gara status quoa irakurrita handitu egiten dugula beren indarra? Kasu zipitzik egingo ez bagenie zenbakitan berehala murriztuko litzatekeela euren eragin esparrua? Kontra egiteko bada ere, nondik pentsatzen dugu; zein da gure oinarria; status quoaren diskurtsoa? Eta irakurri edo ikusentzun tira, baina pagatu? Jaten eman behar diegu buru gainean bueltaka ibiltzen diren putreei? Erein dezagun kazetaritza independentea: Barne Saileko iturriak kontrastatzen dituena; auzipetuak direnei hitza ematen diena euren kontakizuna lehen eskutik egin dezaten; status quoari etengabe galderak planteatuko dizkiona, beste errealitate batzuek azaltzen dituztenak… elikatu gaitezen komunikabide independenteekin; gero eta gehiago gara, bai Euskal Herrian, bai zapaltzen gaituzten estatuek agintzen duten lurretan, bai munduaren gainerako txokoetan. Gutako bakoitzak jarraitzen eta ordaintzen dituen bakoitzean, hazi egiten da medio independenteen indarra eta eragin esparrua. Hemen ere osasuna irabazten dugu (fisiko eta mentala, ultzera eta umore txarrak saihestuz), eta berezko diskurtsoak eta ikuspegiak eraikitzen hasten gara, ez boterearen hitz, errealitatearen ikuspegi eta logikari erantzunez. Burujabetza hortik ere asko eraikitzen da.

Estatuek Euskal Herriari xurgatzen dioten zerga mozorrotua

Kapitalismoa trebea da makinariak diruz olioztatzen, eta ikusi daiteke disidentzia gasolina bihurtu duela estatuaren makinaria handi horrentzat. Ikerketa kazetaritzarako auzolan bat antolatu beharko genuke, edo ekonomia doktore tesi bat (edo… gutxienekoa da forma):

– Estatu “demokratiko” hauen sorreratik gaur arte, zenbat euskal herritarrek zenbat kartzela egun bete dituzte, jarduera disidenteagatik, arrazoi ideologikoek motibatutako jarduerengatik, alegia, motibo politikoengatik? Euskal Herrian falta diren pertsonak dira, bizitzak, baita “lan indarra” ere, zentzu zabalean hartuta: herri hau hobea izan dadin lanean behar ditugunak, euren parte-hartzearekin proiektuak aberasten dituztenak… Eta kuantifikatu beharreko pertsona eta egun horietatik guztietatik zenbat dira ondoren estatuak bere legeekin “errugabe” deklaratuak?

– Eta estatu “demokratiko” deitu horiek zenbat diru jaso dute euskal herritar disidenteengandik fidantzetan? eta konfiskatutako egoitzetan eta ondasunetan? Euskal Herriaren Barne Produktu Gordinaren zer zati da? eta per capita, bakoitzak zenbat ordaintzea esan nahiko luke? Eta zenbat diru bideratu behar izan dute estatu “demokratiko” horien sorreratik herritarrek, preso politikoak bisitatzeko?

Euskal Herriko zenbat baliabide, humano eta ekonomiko, xurgatu ditu estatuaren makinariak urte guztiotan? Euskal herritarrok prest gaude legalitatez mozorrotutako “zerga” horrekin jarraitzeko?

Estatuaren sirena-hotsa: Terroristaaaaaa!!!!

Bukatzeko: Munduko estatu guztiek, eta Espainiakoak bertsio txabakanoan, badute sirena bat euren makinaria handi eta koipeztatu horretan: lehen abisuan paretik kentzen ez den disidentea apisonadorarekin zapaldu aurretik jotzen duten sirena: Hartu bakoitzak tarte bat, begiak itxi eta sirena horren soinua entzuteko.

Sirena horrek “Terrorista!” egiten du oihu, “terrorista” estigmarekin seinalatzen du xehetzera doan disidentea. Duela 500 urte “sorgina!” zen, orain munduan (eta Euskal Herria esperimentu laborategia da), “terrorista” da. Sirena hori entzun eta herritar denok, beldur edo paranoia irrazionalak jotzen gaitu. Sirena horren ostean justifikatuta dago edozer: herritarrak atxilotu eta torturatzea, egunkariak ixtea, ondasunak lapurtzea, presoak heriotzera bultzatzea, bizi osoko kartzela zigorrak jartzea, herritarrak heriotz zibilera kondenatzea (lan egiteko, kargu publikoak izateko, eta parte-hartze politikorako inabilitatuta)… E-DO-ZER.

Edo lortzen dugu herritarrok sirena horrek gugan duen erreakzioa aldatzea, sirenen arabera ez mugitzea, sirenak pito ahots irrigarria izan dezala, sirenak seinalatutako disidentea ez dadila bakarrik-babesgabe eta salduta geratu makinaria handi eta koipeztatuaren aurrean… Edo lortzen dugu hori herritarrok, edo prestatu gaitezen lurraren pean bizitzeko.

“Terrorista” estigmarekin bakarrik eta salduta geratu diren herritarrak ez badira norberaren familiakoak edo lagunak, tentazioa izan dezakegu beste alde batera begiratzeko: baina disidentzia indarkeria osoz suntsitzen duen estatu batek ez dirudi ongi eta askatasunean zoriontsu bizitzeko leku idealena. Egun eskubide ditugunak lan disidentez lortutako aldarrikapenak dira. Alde ederreko estatua da disidentziaren lana erakunde publikoetan txertatzen asmatzen duena, herritarren ekimen eta planteamenduei irekia dagoena.

Estatu beraren pean diren ez-euskal herritarrek tentazioa izan dezakete pentsatzeko terrorismoaren alarmak aktibatzen duen makinaria irrazional osoa nazio arazoetarako soilik dela, euskaldunon arazo, ez direla arazoaren parte… hasieran aipatutako kasuek erakusten dute baietz, estatuaren makinaria euskal auzietarako tuneatzen dela, puntu puntuan jartzen eta zorrozten, baina ondoren gainerako testuinguruetarako jartzen dela martxan. Inongo herritarri ez zaiola komeni estatuak inpunitatez jokatu ahal izatea, bada ezpada ere.

Barkatu, baina zehazki, zer da “terrorista”?

Nola lortu indargabetzea sirena-hotsa? Kendu diezaiogun herritarrok estatuaren ekintza irrazionalak justifikatzen dituen hitz mamu horri maskara: Zehatz mehatz eta aratz, zer da “terrorista”? indarkeria erabiltzea? Azter dezagun orduan, lasai, indarkeriEn gaia. Noiz erabiltzen du nork indarkeria? Nola? Nola jokatu daiteke indarkeria horiEn aurrean? Nola gainditu daitezke? … Herritarrok lelotzat hartzen gaituzte disidentzia indarkeriaren “pekatua”rekin seinalatuta (nahiz eta denok dakigun egun estatuaren makinariak azpian harrapatzeko ez dela inongo indarkeria ekintzarik egin beharrik); zeren eta iradokitzen da horiek omen direla indarkeriaren “pekatua” darabilten bakarrak, alegia, herritar lelook sinetsita gaudela egungo sistemak ez darabilela batere indarkeriarik indarrean jarraitzeko…

Nola desakreditatuko dugu “terrorista!” sirena-hotsa? Nola lortuko dugu “terrorista!” sirena-hotsa jotakoan disidenteak ez daitezela egon estatuaren makinariaren aurrean bakar-bakarrik eta erabat babesgabe?

Ba aber, nola lortzen dugun! Gaur eta hemen, pauso bat izan daiteke, herritar denok jartzea sirenak seinalatu dituen eta makinaria handi eta koipeztatuaren aurrean salduta dauden disidente hauen ondoan, eta behar den lekuetan publikoki eskubide zibil eta politikoen aldarri egitea. Eta herritarrok baita ere konpromezu bera exigitzea erakunde publiko guztiei (herriko etxe, aldundi, legebiltzar, gobernu…): erakunde publiko hauek direlako (omen) herritarron ordezkari eta herritarron eskubide zibil eta politikoak bermatzeko obligazioa dutelako. Euskal herritarren askatasuna dago jokoan, eta baita estatuek Euskal Herriari xurgatzen dizkioten baliabide humano eta ekonomikoak ere.

Tolosaldeko osasuna: pribatizazioari geldiarazitako urratsak eta hurrengo erronkak

2015-11-09  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

TOPA300 lagun bildu ginen azaroaren 7an, TOPAk Tolosako Trianguloa plazarako deitutako agerraldian. Zergatik? Eusko Jaurlaritzak Asunción klinika pribatuarekin egin zuen hitzarmena 2016ko azaroan amaituko delako eta beraz, garaia delako balorazioa egin eta hurrengo hitzarmenean eragiteko. Plataformak baloratu duenez, osasun publikoarekin etekin pribatuak lortzeko xedea duen enpresak kalitate eskaseko zerbitzua eman du: azpiegitura eskasak ditu, larrialdietan espezialistak gutxitu ditu, langile-ratioa murriztu du…

Bi lorpen: Donostiako urgentzietarako sarbidea eta Tolosako anbulategia ez hustea

Herritarren presioa ez da debaldekoa. Kasu honetan, Jaurlaritzaren bi asmo geldiaraztea lortu dutela adierazi zuten TOPAko kideek: bata, Tolosaldeko herritarrek abisua jasoa genuen ezingo genuela Donostiako Ospitaleko larrialdietako arreta zuzena jaso, Asunción klinika zegokigula larrialdi kasuetan ere. Gaur da eguna hori aplikatu ez dena. Eta bestetik, Tolosako anbulategiko espezialitate denak eraman nahi zituzten Asunción klinikara, eta ez dute gauzatu.

Beste eskualdeekin parekatzea helburu

TOPAkoek behin eta berriz azaltzen dute Tolosaldeako herritarrek osasunean ez dutela gainerako eskualdeetako herritarren zerbitzu bera jasotzen: eskualde bakarra dela ez ospitale publikorik, ez espezialitate guztiekin osatutako anbulategirik ez duena. Zerbitzu hauek lortzeko eta pribatizazioa galarazteko, mobilizazio-kate bati hasiera eman zioten azaroaren 7ko agerraldian: alorrez alor landuko dute gaia, bakoitzeko eragileekin: Osasuna, sindikatuak, hezkuntza, komunikabideak, kultura, kirolak, musika, talde sozialak, auzo elkarteak, merkataritza, pentsionistak, eta abar.

Bukaera bertsotan

Giro alai eta optimistan bukatu zen elkarretaratzea, denen artean bertso hauek kantatuz (furra-furra doinuan). Tolosaldeko Atarian dituzue bertsoen eta manifestuaren audioak entzungai.

 

Furra, furra, fandangoa

osasungintza debalde eta publikoa (bis)

 

Pribatizazioak

abilidadea,

osasunaren kezkak

egin du bidea,

hemen elkartu gara

jende eta talde,

osasun publikoa!

gaude horren alde.

 

Entzun gure mezua

Darpon, Jaurlaritza,

eta Tolosaldeari

beteiozu hitza,

gure eskualdeak

eduki dezala

ospitale publiko bat

besteek bezala.

 

Kontuan izan behar

berezitasuna,

negozioetarako

ez da osasuna,

guztiontzako dira

osasun fabrikak,

eta ez betetzeko

batzuen patrikak.

 

Azkeneko bertsoan

doa despedida,

baina ez geratzeko

atzera begira

elkartu ezezagun,

ezagun ta lagun

osasun publikoa

defenda dezagun.

 

Korrika dabiltzan Switzer eta Gibb guztiei

2015-11-04  //  Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Igandean Behobia-Donostia maratoi erdia egingo dute korrika milaka herritarrek. Aro polita, dortsala soinean maratoia egin zuen lehen emakumea gogora ekartzeko. Halaxe egin du Jabier Muguruzak kantu honetan:


1967an “KV Switzer” eman zuen izena Bostoneko maratoian. Emakumeek debekatua zuten parte-hartzea, baina siglei esker lortu zuen 261 zenbakia eskuratzea. Karreran zihoala, gizon bat saiatu zen bera oztopatu eta geratu arazten: komisarioetako bat eta lasterketako zuzendari-albokoa zen Jock Semple zen, KV hura emakumea zela baieztatu berri zuena. Halaxe egin omen zion oihu: “Ospa nire lasterketatik eta itzuli iezadazu dortsala!”. Switzerren bikoteak eta beste korrikalari batzuek eskoltatuta iritsi omen zen helmugara.

Korri bai, baina dortsala eraman ez

Bitxia egin zait jakitea egon zela beste emakume bat Bostoneko maratoia lasterka egin zuena: Bobbi Gibb. Switzerren urte berean korrika irten omen zen eta baita bere aurretik bukatu ere. Gibb-en hitzetan, ziur zegoen Semplek ikusi egin zuela bai urte horretan eta baita aurrekoan ere, baina bietan dortsalik gabe egin zuenez, bakean utzi zuela. Gibb izan omen zen 1966an, Bostongo maratoia bukatu zuen lehen emakumea, eta 415 korrikalari gizonezkoetatik 290 baino gehiago utzi omen zituen atzean. Semplek onartzen zuen nonbait emakumeek korrika egitea, baina ez dortsal ofiziala eramatea, lasterketak antolatzeko baimenetan tirabirak sortuko zituen beldur baitzen. Ofizialtasuna ez da doakoa.

New Yorkeko maratoia irabazi zuen. Eta ez bazuen…?

Handik gutxira legeztatu omen zuten emakumeen parte-hartzea maratoietan. Kathrine Switzerrek 1974an New Yorkeko maratoia irabazi zuen, eta Bostoneko 1975eko maratoian bigarren egin zuen, hantxe jarriz bere denborarik onena: 2 ordu 51 minutu eta 37 segundo.

Koadrilakoak bota digu askoren buruan dabilena: “egitea gutxi ez… eta gainera zerbait demostratu behar… a ze zama daramaguna bizkarrean!”.

Filmetakoa dirudien istorio honek filmetako amaiera izan ez balu ere (zer eta maratoia irabaztea!), Switzerrek merezi zukeen gogoan hartzea. Eta Muguruzaren kantu hau.

Ipar Amerikako euskaldun gazteei bertsoa erakusteko asmoa dute hango bertsolariek

2015-10-28  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Kurutxet eta Goikoetxea, Lujanbio eta Egañarekin kantuan Villabonako saioan. Argazkia: @HaritzAzurmendi.

Kurutxet eta Goikoetxea, Lujanbio eta Egañarekin kantuan Villabonako saioan. Argazkia: @HaritzAzurmendi.

Johnny Kurutxet eta Martin Goikoetxea dira Ameriketako bertsogintzaren aurpegiak. Ezterenzubin sortua Kurutxet, Gorritin Goikoetxea, biak hala biak gazterik joan ziren itsasoz bestaldera. San Frantziskon eta Wyoming-en bizi dira, elkarrengandik 1.600 km-ra. Euskal Herrian kantatzeko ekarri dituzte lehen aldikoz urrian Bertsularien Lagunak eta Bertsozale Elkarteak gonbidatuta, eta hainbat bertso saio egin dituzte han eta hemen: tartean Villabonan Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin aritu ziren, duela urte batzuek San Frantziskon aritu ziren moduan (hemen saioa entzungai). bertsoa.eus-ek elkarrizketa egin die eta Amerikako gazte euskaldunei bertsoa zer den erakusteko asmoa azaldu dute. Nork esan bertsolari amerikarrik sortuko den etorkizunean? Bi bertsolari helduok esperantza gazte dute, euren esperientzia adibide hartuta.

Johnny Kurutxet: “19 urterekin joan nintzen Ameriketara, eta hara joan aitzinean ez nintzen aritzen bertsotan. Han baziren pare bat poliki aritzen zirenak ostatuetan, eta han hasi nintzen”.

Martin Goikoetxea: “Ni umetatik egoten nintzen etxean Basarriren programa entzuten. 12 urtetan hasi nintzen bertsotan, ihaute batzuetan: Kaxiano Ibarguren etorri zen herrira eskusoinua jotzera eta jendaurrean orduan kantatu nuen lehengo aldiz. 1966an Nafarroako Txapelketan sartu nintzen baina txapelketa baino 13 egunez lehenago etorri zitzaidan Ameriketara joateko deia eta joan egin nintzen”.

Beste bertsolariengandik milaka kilometrora

Distantzia izan liteke traba bertsotarako, baina horretara ohituta daude, Goikoetxeak kontatzen duenez: “Ni Wyomingen bizi naiz, Kurutxetengandik (San Frantziskon) 1.600 kilometrotara. San Frantziskon badute euskal etxe oso aberats bat eta tarteka gonbidatzen naute, eta ni pozik joaten naiz. Egin ditugun saio gehienak han izan dira. Nevadan ere bai, eta udako festetan. NABO, Ipar Amerikako Euskal Erakundeak Elkarteak antolatuta, urtean bi-hiru aldiz elkartzen gara han eta hemen eta orduan aritzen gara”.

Ozeanoz alde banatan ziren bertsolariek 1998an egin zuten elkarrekin lehenegoz bertsotan, bide-konferentziaz. Tolosako Kilometroak festak antolatutako bertso saioan izan zen, eta Martin Goikoetxeak bertsook kantatu zituen Wyomingo bere etxetik.

Sortuko dira besteak? Aurrez ezin esan ezetz!

Johnny Kurutxet: “Han jaio den batentzat bertsoak hartzea oso zaila da. Bertsoak hartzeko behar da euskara. Han hitz egiten dute poxi bat baina…”.

Martin Goikoetxea: “Guri interesaten zaigu bertso eskoletan ari diren gazte batzuek (aldian bat edo bi), udan bi asterako eraman eta gutxienez bertsoa zer den erakustea hango gazteei, udalekuetan eta sartuaz. Bertsolariak han aterako diren? Hori zaila dago esaten. Lehen ere ez dira bertsolariak izan, eta une batetik bestera gu azaldu gara. Ongi edo gaizki egin, gutxienez ezagutuak gara, eta errespetatuak. Inork ez lezake esan gero zer izango den!”.

Hemen Berriak egin dien elkarrizketa.

“Egun on”? Waxaparen zuzentzaileak abisatu dizu…

2015-10-18  //  Hizkuntza  //  Iruzkinik ez

Waxapez “Egun on!” jarri dut, eta zuzentzaileak “Según con” idatzi.

Itzulpen jakintsuagorik!

Pablo Sastreren artikuluari erantzunez

2015-10-08  //  Feminismoa  //  7 iruzkin

Educación-Diversidad

Urriaren 21eko Argian (2478 zenbakian), Gizona ez da emakume hiltzen artikuluan, idazleak azpimarratzen zuen sexuak soilik bi direla, “Arrak eta emeak: geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; (…) Interesantea da sexua eta generoa bereiztea. Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia”. Jarraian, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak zerrendatu zituen, ongi ulertu badut, emakumeak gizonen diferente izatea aldarrikatuz: “Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–”.

Gizon eta emakumeon artean –beraz, sexua soilik izanik aldagaia– dauden ezberdintasunen zerrendak egiten hasten garenetan –oso kirol gustukoa kafetegi, taberna eta elkarte gastronomikoetan–, etengabe galdera bat ernetzen zait. Zer onik ekartzen digu balizko “sexu portamen aurre-disponitu”, edo Jainkoaren antz susmagarria hartzen diodan esentzia horretan sinesteak? Adibide ausart xamarrak jarri ditu Sastrek, baina hala ere, nork daki benetan portaera jakin bat –artikuluan aipatzen dira, besteak beste, panpinekin edo armekin jolastea, bide-peoitza lanak egitea edo kartzelara eraman duen hura– juxtu zakilak edo aluak eragindakoa den? Horretan sinesten duzu edo ez, aldeko adina aurkako ikerketa egongo dira. Baina batez ere: zertara garamatza baietz, hala dela pentsatzeak? Itxuraz ebidentea den zerbait konstatatzera? Akta hartzera? Eta horrek zer ondorio ditu esentziak “aurre-disponitu” dion portamen hori jarraitzen ez dituen gizon eta emakumeen artean? Zure adibideetara itzulita, neskek panpinetarako duten joera ustez “naturala” bada, zer da neska batek armekin jolasteko joera izatea? Zer sentituko genuke neska horrekiko inguruko pertsonek? Utziko genioke bakean bere jolasak aukeratzen? Esentziarekiko sinismen horrekin zer lortzen dugu, gizarte osoak gure portamenak hautatzeko askatasuna izatea ala “berdintasun” (sexu bereko besteekiko) eta “diferentzia” (beste sexuarekiko) eredu alienatzaileena indar osoz inposatzea?

Diferentzia aldarrikatzen du feminismoaren zati handi batek, diferentzia eskatzen esentziez dihardutenek… Nola ulertzen dugu diferentzia edo aniztasuna? Feminismoak beldur dion eta esentzialismoak aldarrikatzen duen natura horren oinarrizko arauetako bat da, hain juxtu, bizitza ziurtatzeko, izaki diferenteak egitea (ez klonak). Baina diferente, izaki bakoitza. Gizonen ezaugarriak zerrendatzeaz eta emakumeen ezaugarriekiko ze diferente diren behin eta berriz errepikatzeaz arduratzen diren horiek, aldagai bakarrean (hankartea) jartzen dute marra gorria. Eurek aldarrikatzen duten naturak, aldiz, marra gorria izaki bakoitzaren bueltan jartzen du, eta mila eta bat aldagaien arteko konbinaketak egiten. Zintzoki begiratzen baditugu pertsonak, ohartuko ginateke araua baino salbuespen gehiago daudela. Naturaren araua, juxtu arau-hausteak aurreprogramatzea dela. Badaezpada, datorrena datorrela, izaki gisa bizirik irten gaitezen. Eskerrak eman behar dizkiegula, alegia, “portamen aurre-disponitua” jarraitzen ez dutenei, bost axola portamen hori sexuak edo gizarteak aurre-disponitua den. Denoi zabaltzen digutelako beste portamen bat izateko aukera, eta espezie gisa irauteko araua, arau-haustea delako.

Sastreren adibide bakarrari erantzuna

Adibide bakoitzak sorraraz dezake iritzi artikulu bat   –eztabaida sustatzea ez da ekarpen makala–, nik honakoaren aurrean ezin eutsi: “Ekibokatua egonen naiz baina, emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut”. Esaldia egina dagoen eran, irakurleon buruak jolasten du “emakumearen eder agertu nahiaren atzean” omen dagoena asmatzera. Esaldi horretan bertan gizonen portamenari lotuta sexu-aparatu bat (bere barrabil, prostata eta zakilarekin) ikusi dugunez gure irudimenean, emakumeen adibidearen txanda etorri denean, irakurle honen irudimenak ezin izan dio emakumeen sexu-aparatu osoa irudikatzeari. Eta kar, kar, kar, “umetokia” horrek kolpez hoztu dit gogoa. Emakumeok umetokiak bultzatuta jarduten dugula? Gure bizitzan batzuek 0 bider, beste batzuek behin, beste batzuek bi aldiz, hiru, lau… Aldiz, pottorberoak gara bizitza osoan –horri buruzko ikerketak badira, eta errazago dena, galdetu inguruko emakumeoi–, beraz, eder agertu nahi nabarmena emakumeen sexu-aparatuarekin parekatu behar bada, aipatu ez dituzun sexu atalen batekin lotuagoa egongo da. Eta bai, noski, pottorberook ere jarraitzen ditugu begiradarekin besteen ipurdiak.

Argia Eguna: Festa bizigai

2015-09-21  //  Herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

“Gertuko sentitzen zaituztet. Zergatik? Ba ez dakit, gauzak nondik egiten dituzuen nabaritu egiten delako edo izango da…” Argia zaleen Topaketan herri mugimenduetako eragile batek azaldu zuen sentipena. Argia Egunaren balio nagusia horixe da: Argia elikatzen dugun era guztietako jendeak elkartzea festarako, ospatzeko. Izan harpidedun, kazetari, blogari, edo gizarte eragile, norberak jarraitzen eta elikatzen ditu hainbat gai (hizkuntza, feminismoa, lurraldetasuna, ingurumena, justizia soziala, hezkuntza, aniztasuna, parte-hartzea, ekonomia soziala…), bai bere lanean, bai soldatapeko lanez kanpoko lanetan, bai zaletasunez… Eskerrik asko bihotzez, a zer poza izan zen urtean zehar huntaz eta hartaz Argia dela bitarteko jardun izan zaren hori Oñatiko plazan ikustea! Eta zuen ahotik Argia nola hobetu jasotzea. Astekariak berritu bat behar zuela azpimarratu zenuten iazko Argia zaleen Topaketan eta aurtengo Argia zaleen Topaketa astekari berrituaren 0 ale bat banatu eta kontrastatuz hasi dugu. Azaroaren erdialdera iritsiko da etxe eta kioskoetara astekari berritua, jaso genituen iradokizunekin azken doiketak eginda. Aurtengo Topaketatik atera daitekeen etxeko lanetako bat ardurarena da: herri mugimenduetako eragileek euren eremuko lehen lerroko informazio, erreferentzia eta galdera bila jotzen dute Argiara. Kazetaritza espezializatuarekin, blogari eta informazio iturri sare zabal batekin eta gaien etengabeko jarraipenarekin baino ezingo dio Argiak egarri horri erantzun.

Txikiak bezain anitzak

Zer dute ikustekorik berdintasunaren aldeko lanak, eta euskararen aldekoak, eta ingurumenaren aldekoak, eta zentzua duen bizimoduak, eta kultura kritikoak, eta aberastasunaren banaketaren aldeko ekimenek, eta hezkuntza eta osasun publiko onaren defentsak, eta ekonomia sozialak…? Egunerokoan ikusten dugunak baino zerikusi gehiago izango dute, Argia Egunean eremu horietako saltseroak elkartu garenerako, eta Argiaren bidez beste eragile horien lana interesez jarraitzen dugunerako, norbera dabilen eremuko korapiloak hobeto ulertzeko eta borrokatxoak eraginkorrago egiteko pista bila. Eragile bakoitzak (eta Argia ere bada bere balioak sustatzeko eragile) besteenganako ateak zabalik ditugula argi geratu zitzaigun. Elkarrekin zer egin dezakegun? Hasteko, onena, festa:

Plazerak bizi gaitu

Zein ongi datozen dosi kontzentratuak gure burua elikatzeko. Esaterako, Trantsizioak erakusketan eta Oñatiko ibilbide gidatuan jasotako historia destilatua (mila esker Jerardo Elortza eta Oñatiko bertso eskolako kideak), edo ginkana (mila esker Txatxilipurdi) eta NAN jaurtiketako jolas dosiak, kontzertuetako emozio deskargak, bazkaritako elkarrizketa korapilatuak, edo komikilariek eta Errekondok hizkuntzaz eta umorez ondutako luarrak. Dosi kontzentratuak ditugu bizigai, puska baterako txute, egunerokoa iraultzen digun plazer. Hortik sortuko zaizkigu hurrengo saltsak. Hortik ernatuko da bizitzen (inondik ere ez irauten) jarraitzeko hazia. Gizarte eragileak elkarrekin nahastuta.

Agur bertsoa liturgia zuen apaizari

2015-09-14  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Iñaki Aranzadi, 2010ean urnietarrek egin zioten omenaldian kantari. Argazkia: Aiurri.

Iñaki Aranzadi, 2010ean urnietarrek egin zioten omenaldian kantari. Argazkia: Aiurri.

Iñaki Aranzadi Telleria, “Iñaki apaiza” irailaren 12an zendu da. 1937an sortua, Hernaniko bertso mugimenduaren hauspoetako bat izan zen 80ko hamarkadan. Bere mezetan plazako bertsoak sermoien zati izaten ziren askotan.

 

1980an eman zuen Xabier Amurizak bertso ikastaroa Hernanin. Hura izan zen lehen txinparta, herriko bertsozaleak biltzeko. Ikastaro hari segida “astearteko bilerak” eman zion. Udaletxean biltzen ziren, besteak beste, mutil kozkorrak ziren Joxe Mari Mujika “Anatx”, Jon Eizmendi, Pablo Joxe Aristorena, Jokin Sorozabal… eta “Anatxen” hitzetan, gidari, Iñaki Aranzadi (helduagoa zena). Horrela kontatzen du Anatxek “Bertsoen haria Hernanin” liburuan: “Iñaki Aranzadik eramaten zuen taldearen martxa. Gaia jarri, edo puntua edo errimak eman… horrelako lantegiak Aranzadik bideratzen zituen”. Aranzadik berak ez zuen horrela kontatu nahi izaten “Ni nintzen beste bat, eta besteak baino ahulagoa. ‘Parean tokatzen zenean bota’ lege edo baldintza bakarra zegoen han. Gure metodoa zen lehenik disfrutatzea”. “Ostras zen esaera handiena: ‘ostras, hori huan bertsoa hori!'”.

Aranzadiren etxean maiz biltzen aipatutako gaztetxoak. Hauek kontatzen ditu “Bertsoaren haria Hernanin” liburuan: “Larunbatetan bertso zintak aditzen egoten ginen, Uztapidek eta Lizaso zaharrak Arriatsun egindako saioa, esaterako. Bertsoak egiteko nolako erak zituzten aztertuz asko gozatzen ginen. Gaztetxoak hantxe egoten ziren, begi-belarri zinta horretan sartuta”. “Nire etxean urtean lauzpabost afari egiten genituen. Bakailaoa afaldu eta kantari aritzen ginen”.

Ez zen belaunaldi makala Aranzadik talde giroari eta bertsoen plazerari esker elikatu zuena. Bere umore finez kontrakoa adierazi bazuen ere: “Frakasatu totala izan naiz bertso munduan. Nirekin ibilitako gaztetxo denek utzi egin zuten. Jon Eizmendi Gernikara joan zen eskolara, eta etorri zenean utzia zegoen. Anatx punta puntan ibili zen, ikaragarri estimatua nuen, eta utzi. Aristorenak utzi. Usurbilgo Izetak ere utzi… ‘Hau duk marka, hau!’ esaten nuen”.

 

70eko hamarkadan plazan

Hernaniko lehen “bertso eskola” izendatu daitekeen astearteko bilera horretan aritu aurretik, 70eko hamarkada hasieran auzoetako festetan aritu izan zen kantuan. Auzoetako saio hauek eutsi zioten bertsoari urterik latzenak izan ziren haietan. Aranzadiren hitzetan: “beste bizpahirurekin aritzen nintzen: Xanxanategi, Tapia… ni ez nintzen kantatzera ausartzen, oso lotsatia izan naiz, baina horiekin animatu egiten nintzen. Plazan oso zeharka aritu naiz, asteartetako taldean egiten nuen bertsotan”.

 

Elizan bertsotan

“Elizan bertsoak kantatu? Ahal dudan guztietan!” aitortu zuen aipatutako liburuan. Urnietan ematen zituen mezek bazuten berezitasun bat: “Baditut bertsolariei momentu bakoitzerako harrapatutako bertsoak, eta haiek erabiltzen ditut bataioetan, ezkontzetan… Hiletetan beti nik egindakoak botatzen ditut. Ni bertsoaz izugarri baliatu naiz”.

18 / 30«Aurrekoa101718192030Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA