Hasiera »
Gontzal Fontanedaren bloga - Babazorro
Gontzal Fontaneda
apal-apal
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Izena *Leire(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak bidalketan
Artxiboak
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko otsaila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko martxoa
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
Zuzentasuna, justizia, Iruña-Veleia
2020-09-07 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Mundu guztiak badaki Zuzentasuna zer den; justizia bestelakoa da. Iruña-Veleiaren auzia da adibide ugarietako bat.
2009an Arabako Foru Aldundiak kereila aurkeztu zuen epaitegian Eliseo Gilen aurka, erromatarren garaiko grafito batzuk faltsutu zituela leporatuz. Ez zuen axola-izpirik ere izan aldez aurretik egia jakiteaz, grafito horiek noiz grabatu ziren aztertuko zuten laborategi adietuetara eramanez.
8 urteren ostean, 2017an instrukzioa itxi zen. Hain luzean biribildu egin zitekeen frogak aurkituz, errudunak identifikatuz… baldin balego.
Baina ez, instrukzioko epaileak:
1- Grafitodun aurkikuntzak salatzailearen esku utzi zituen (Aldundiaren museo batean) [ikus https://www.veleia.fontaneda.net > 4. koadroa].
2- Aztarnategia, “gertaeren tokia”, zigilatu gabe utzi zuen. Beraz, Eliseo Gil kanporatuta, hurrengo zuzendariak (faltsutzea leporatzen zion txosten baten egilea bera) aukera izan zuen 2010ean hondeamakina bat erabiltzeko eta 6.000 m3 lur erauzteko, han ote zegoena barne. SOS IRUÑA-VELEIAk triskantza hura salatu zuenean, instrukzioko epaileak txosten tekniko bat eskatu zion… nori eta Aldundiari! Txostenak, esan beharrik ez, dena ondo zegoela erantzun zuen [ib. 5. koadroa].
3- Ez zion jaramonik egin Kultur Ondasunen Zaintze eta Zaharberritzeko Goi Eskolak bere txostenean (epaileak berak eskatutakoa) proposatu zion ikerketa zientifikoari [ib. 10. koadroa]. Eliseo Gil hasieratik ari zen eskaera hori egiten.
Gero instrukziotik epaiketara igarotzeko epaitegiak 3 urte gehiago behar izan zituen, beraz 2020ko otsailean, 11 urte luzeren ondoan, epaiketa iritsi zen.
Eta ekainean epaia agertu zen. Zauriaren gainean pikoa. Irakurtzekoa!:
1- Ez du kontuan hartzen, ezta aipatu ere, pieza arkeologikoak garbitzen lan egiten duen Aldundiko zaharberritzaile batek otsailaren 12an epaiketan azaldu zituen testigantza. Adierazi zuenez, Iruña-Veleiako zeramikaz betetako 20 kutxa iritsi zitzaizkien, garbitu gabe zeuden; 2008an garbitzen hasi ziren, eta zeramika batean zarakarren azpian aparteko grafito bat zegoela ikusi zuten; aurkipen horren berri eman zuten eta zeramika gehiago garbitzeari uzteko erantzun zien Aldundiak, eta garbitu gabe geratzen ziren kutxa guztiak hartu zizkien. Lekukoak ez daki kutxa horiek non dauden.
Kutxa horietan aztarnategitik atera berri bezala zeuden zeramikak, oraindik hor nonbait badaude, aurkikuntzen garaian Iruña-Veleian agertzen zenaren froga fisikoak dira. Zuzentasuna egiteko aukera izan du justiziak, gero ere, egia ezagutzeko aukera, kutxa horiek berehalaxe exijituz, garbiketa gainbegiratua eta agian agertuko ziren grafitoei datatzeko azterketak aginduz.
Hori Zuzentasuna litzateke, baina epairako justiziari ez zaio axola izan; testigantza hori zeharo arbuiatu du.
2- Eliseo Gilek piezetan “bere kabuz edo beste pertsona batzuen bidez” [ib. 12. koadroa] ebakidurak egin zituela dio epaiak. Baina “hirugarren pertsona” horiek ez dute izen-abizenik (identifikatzeko 11 urte izan bazituzten ere). “Hirugarren pertsona” ezezagun horiek zigortu ezinik, Eliseo Gil zigortu du, eta kito.
3- Hala ere, epaiak berak dio “berez” egin ez zuela: “Ez da behar bezala frogatu grafito garaikideak bere eskuz egin zituela” [ib. 12. koadroa].
Beraz, azterketa egokiak egin gabe badaki grafitoak “garaikideak” direla, frogarik ez dagoela aitortzen du, eta azkenean “nahikoa zantzu frogagarri badagoelako” bakarrik kondenatzen du. Hona zantzuak: Eliseo Gil zuzendaria zela, eta beraz, aztarnategia zaintzeko arduraduna zela. Arrazoi beragatik zigortu zitzakeen Arabako Diputatu Nagusia eta Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatua ere, aztarnategiaren zuzendaritza kontrolatzeko erantzukizuna zutelako. Bi hauek “hirugarren pertsonak” ote dira? [ib. Bibliografia > Sentencia (67-68 or.)]
4- Epaiak beste txosten guztiak arbuiatu ditu eta Espainiako Kultur Ondarearen Erakundearen txostenetako batean bakarrik oinarritu da. Txosten horren “fidagarritasunaren” adibide bezala, zeramika bateko grafitoari buruz honelaxe pontifikatzen du: “Grafito garaikidea. Antzemandako arazoak: altzairu herdoilgaitzezko zatikiak idatziaren trazaduran” [ib. 7. koadroa]. Hala ere, gero kontraesanean erortzen da, hauxe aitortzen du: “Badaiteke antzemandako altzairu herdoilgaitzezko zatikiak garbitzeko prozesuan sartu izana, haien osaera bisturietako orrien osaerarekin bat datorrelako” [ib. 7. koadroa]. Hortaz, grafitoa “garaikidea” ez izatea “badaitekeela” dio, hau da, agian antzinakoa dela.
Aieruak, galderak eta kontraesanak dituen epaia ez da Zuzentasuna, justiziak emateko gogoa duena baizik.
Trikimailu akademiko, politiko eta juridikoa hainbesteraino iritsi denez, Iruña-Veleia argitzearen aldeko talde bat 2020ko uztailaren 23an gose-greban hasi zen, bere bizitza arriskuan jarriz, euskal erakundeei aurkikuntzen azterketa zientifikoa eta aztarnategiko indusketa gainbegiratua egin ditzatela eskatzeko, “erakundekeriazko” azpijokoak alde batera utzita.
Iruña-Veleia: Eliseori sua!
2020-07-09 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
2020-06-08an Epaitegiak Eliseo Gilen aurkako epaia jakitera eman zuen. 2008an arazo honen hasieratik erruduna erabaki zen errua ote zegoela frogatu baino lehen.
Aurkitu berri ziren grafitoak benetakoak ala faltsuak ote ziren eztabaidan alderantziz jokatu zen.
1) Arabako Foru Aldundiak Batzorde Zientifiko Aholkulariko kideei txostenak egiteko agindu zien, eta txosten horietan beren iritziak, teoriak eta aieruak ere azaldu zituzten.
2) Eskuan hamaiketatik bi txosten bakarrik zeuzkala (Eliseo Gilena zen bat), Eliseo Gil Iruña-Veleiatik kanporatu zuen. Beste txostenak etorri zitzaizkionean, batzuek beren teoria eta iritzien bidez zalantzan jarri zuten grafitoen egiazkotasuna, eta hamaiketatik bostek faltsuak zirela ere salatu zuten, laborategi adituetara aztertzeko eraman izan gabe.
3) Aldundiak, Eliseo Gil aztarnategitik bota ondoren, haren aurkako kereila aurkeztu zuen Epaitegian. Bitartean, prentsa jarraitzailea Eliseo Gilen aurkako kanpaina izugarrian hasi zen eta orain ere jarraitzen du.
4) Epaiketak epaia ekarri zuen, baina ez du argitzen nork egin zuen, (edo agian berak ez zuen egin) egin ote zen ziurtasunez ez jakinik, zein bestek egin zuen.
5) Guztiek uko egin diete beti, eta orain ere uko egiten diete azterketa zientifikoei eta indusketa gainbegiratuari, hasieratik Eliseo Gilek ez ezik, Kultur Ondasunen Zaintze eta Zaharberritzearen Goi Mailako Eskolaren (ESCRBC) txostenak ere eskatzen dituenei.
Hona hemen jokaera oker honen sei adibide.
1.- Batzorde Zientifiko Aholkulariaren lehen txostenak (2008-06-25) grafitoak faltsutzat jotzen zituen, teorietan eta iritzietan oinarrituta. Besteak beste, honako hauxe zioen: “Ez da oso ulergarria hiriaren izena, Veleia, latinezko iturri berantiar batzuetan B- letraz agertu arren, euskal idazkunetan beti V- letraz agertzea“. Urte baten buruan froga bat agertu zen, txostenaren iritzia okerra zela frogatzen zuen nabaritasun fisikoa: 2009an Eliseo Gil kanporatuaren ondorengo zuzendari berriak, erromatar oparri bat aurkitu zuen, eta idazkunean Veleia V- letraz agertzen zen.
2.- Grafitoak faltsutzat jotzen zituen beste txosten batek (2008-11-19) argi eta garbi aitortzen zuen benetakotasuna ez babesteko eskatu zitzaiola: “Eskatutako txostenak ez zuen inolaz ere jasotzen euskal idazkunak onargarriak izan zitezkeen egoerarik eratzeko eskea“.
3.- Ondoren, Aldundiak txosten bat eskatu zion bulego grafologiko bati, baina txosten horrek egilea nor zen jakiterik ez zegoela ondorioztatu zuen (2009-03-11): “Ezin du ondorioztatu ‘komunetako’ grafitoak egin dituen eskuak aztarnategikoen zati bat edo zati handi bat ere egin duenik“.
Horregatik, Aldundiak txosten berri bat eskatu zion beste bulego grafologiko bati. Honek bai, osoaren egile bakarra zegoela zeritzan (2009-10-08): “Ezin du adierazi baizik eta egile bakar batek esku hartu duela“. [Ib. 4. taula]
Hala ere, epaileak ez zituen bulego grafologikoen argudioak onartu, grafologia euskarria zulatzen duen tresnaz egindako idazkunakak aztertzeko baliozkoa ez dela.
4.- Instrukzio Epaitegiak txosten bat eskatu zion Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari (IPCE). Erakundeko geologo batek bere txostena aurkeztu zuen (2013-10-28), eta aurkitutako gaur egungo metalen aztarna guztiak erakusten zituen. Baina kontraesanetan erortzen zen gauza bat eta aurkakoa baieztatzen zituen eta. Grafito bati buruz, zehazki, honako hauxe pontifikatzen zuen: “Grafito garaikidea. Antzemandako arazoak: altzairu herdoilgaitzezko zatikiak idatziaren trazaduran“.
Baina gero grafito berari buruz kontrakoa zioen (baina aurreko deskalifikazioa zuzendu gabe): “Baliteke antzemandako altzairu herdoilgaitzezko zatikiak garbitzeko prozesuan sartu izana, haien osaera bisturietako orrien osaerarekin bat datorrelako“.
5.- Ondoren (2015-10-09) Ertzaintzak bere txostena aurkeztu zuen. Ez zuen frogarik aurkezten, ezta zantzurik ere, baizik eta egintzat jotzen zuen faltsuketa nola egin zen aieruak. Hauxe zen orrialde baten idazpurua: “HIPOTESIA. Batez ere, bi puntutan egin ahal izan zen: aztarnategian bertan, lekukorik ez zegoenean, hau da, gauetan, asteburuetan, jaizubietan, oporraldietan etab. Beste pieza faltsu multzo bat egileek kontrolatutako beste leku batzuetan egin ahal izan zen (bizileku, lokal, tailer batean…), aztarnategiko zati «hutsak» –isilpean– ateraz, inor horretaz ohartu gabe”.
6.- Epaian (2020-06-08) honako hauxe kondenatu zuen epaileak: “Eliseo Gil Zubillagak, bere kabuz zein beste pertsona batzuen bidez, zenbait idazkun egiteko ebakidurak egin zituen”.
Ez du argi uzten Eliseo Gilek egin zuen ala identifikatu gabeko beste hirugarren pertsonek. Horiek ez zuten epaiketan deklaratu eta inork ez daki nor ziren. Baina, hori bai, Eliseo Gil kondenatu egiten du.
Alderantziz bideratutako gai honek frogatzen duenez, grafitoak antzinakoak ala berriak, benetakoak ala faltsuak, kaltetuak ala zainduak diren jakiteko bide bakarra lagin batzuk zientziaren eskuetan jartzea da, zientziak grabatu ziren garaia ebazteko baliabideak dituenez gero, eta aztarnategian induskatzen duen talde arkeologiko bat osatzea, ea orain grafito gehiago agertzen den ala ez. Berriak balira eta grafito gehiagorik agertuko ez balitz, orduan iruzurraren egilea bilatu litzateke.
Grafitoak antzinakoak balira, Eliseo Gil errugabea litzateke eta grafitoak Gizateriaren altxorra.
Hain zaila da Iruña-Veleia?
2020-06-10 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Otsailean Eliseo Gilen aurkako epaiketa egin zen. Orain epaiaren zain egotea besterik ez dago.
Pandemiak eman dituen erdi jarduneko hilabete hauei esker, astia izan da Arabako Foru Aldundiak Batzorde Zientifiko-Aholkulari hartako kideei eskatu zizkien txostenak lasai berrirakurtzeko. Txosten haiek aitzakia izan ziren Eliseo Gil eta bere taldea Iruña-Veleiatik kanporatzeko, Epaitegian salaketa jartzeko, zazpi urte eta erdiko zigorra eskatzeko eta grafitoak faltsuak direla hedatzen duen kanpaina mediatiko izugarria abiarazteko.
[Hamabi txostenak –hamar Eliseo Gil kanporatu ondoren aurkeztu zirela egiaztatzen duten sarrera-datak barne– Aldundiaren webgunean daude > “Informes de los miembros de la Comisión Científica-Asesora sobre los grafitos de Iruña-Veleia”]
Aldarrikatu den aho batezko adostasuna gorabehera, bost txostenek bakarrik baieztatzen dute grafitoen faltsukeria, lauk zalantzak dituzte, bik ezin jakin dute benetakoak ala faltsuak diren, eta Eliseo Gilenak, jakina, benetakotasuna aldezten du). Faltsukeria adierazten duten txostenek ez dute batere frogarik aurkezten, iritziak eta teoriak baizik; eta horretaz bakarrik egin zuten egin zutena. Dakusagun adibide bat.
[ib. “INFORME SOBRE SUPUESTAS INSCRIPCIONES EUSQUÉRICAS ANTIGUAS EN VELEYA”]
4. orrialdean grafitoak gai poliziala direla salatzen du: “… euskal filologoonen ustez, Veleiak – – 2006ko ekaina amaitu aurretik arazo zientifiko izateari utzi zion, eta oso izaera ezberdineko beste bat bihurtu zen: poliziala eta judiziala…“
7. orrialdean bere txostenean azaltzeko eskatu diotena aitortzen du argi eta garbi: “… eskatutako txostenak ez zuen inola ere jasotzen euskal idazkunak onargarriak izan daitezkeen egoerarik eratzeko eskea;…“
Esaneko, faltsukeriazko argudioak bilatzen ditu. Eta eureka!, artikulu mugatua aurkitzen du. 13. orrialdean honako hauxe teorizatzen du: “Ikusi dugunez, –a moduko artikulua ugari agertzen da veleieran, (NAIA, LURRA, SUA); hain da handia veleieraren artikuluarekiko gustua, non benetako euskaraz ( ) artean lehen testuetan agertzen ez den moduetan ere agertzen baita, kasurako, IZANA part., bestalde < Z> duelarik.”
Adibideko lehen hitzari buruz, azaltzen duena iritzi bat besterik ez da; izan ere, beste batzuen ustez, ‘naia’ gaur egungo ‘anaia’ izan daiteke (‘ama’, ‘arreba’, ‘aita’ bezalakoak), eta azkeneko –a ez da atzizkia, hitzaren zatia baizik, lehen hezkuntzako edozein ikaslek dakien bezala.
Beste hiru hitzei buruz teoria bat besterik ez du azaltzen, izan ere, beste batzuek defendatzen dute gaur egungo ‘lurrA’, ‘suA’ eta ‘haizenA’ hitzetan [‘YAHVE ZUTAN IZANA’: ‘yaveh zeruetan haizenA’ (inola ere partizipioa!)] azkeneko –a artikulu mugatua ez dela, baizik eta (demagun) deklinabidearen atzizki ugarietako bat, hala nola –an, –tik, –ra, –ko.
Gainera, euskara eta artikulu mugatua erabiltzen duten hizkuntzak elkarrekin alderatuz gero, ezberdintasun adierazgarriak daude:
1) Beste hizkuntza batzuek artikulu mugatua erabiltzen dute, baina euskarak ez du –a atzizkia eransten:
‘vengo de LA calle’ – ‘je viens de LA rue’ – ‘I am coming from THE street’. Euskaran aldiz, ‘kaletik nator’.
2) Beste hizkuntza batzuek ez dute artikulu mugaturik erabiltzen, baina euskarak –a atzizkia eransten du:
‘eres muy joven’ – ‘tu es très jeune’ – ‘you are very young’. Hala ere, euskaran ‘oso gazteA zara’.
Gero, hurrengo paragrafoan epaia ematen du: “Antzinatean horrelako zerbait euskaraz emateak ez du batere aukerarik … Aipatu –a letrek, beraz, ezinezko egiten dute jarritako data horiek arte Veleiako euskararen benetakotasunezko edozein aukera“. Horrela 7. orrialdeko agindua betetzen du, baina ez du kontuan hartzen erromatarren garaian beste adibideren bat bide dela, Plasenzuelako idazkuna adibidez, non ’ibarrA’ famili izena edo izengoitia agertzen baita.
Froga nabaririk gabe, iritziak eta teoriak eskainiz bakarrik, pertsona bat hondamendira eraman nahi izan zuten eta Iruña-Veleiako grafitoak zabortegira bota nahi izango al dituzte?
Barreiaketa mediatikoak handiagotutako txosten teorizatzaile eta iritzi-emaileak alde batera utzirik, hain zaila al da pieza batzuk laborategi trebe eta inpartzial batzuetara bidaltzea, grafitoei grabaketaren data ebazteko azterketak egin diezazkieten?
Hain zaila al da arkeologi talde trebe eta inpartzial bat osatzea, Iruña-Veleian induskatzeko ea orain leku beretan grafito gehiago agertzen direnetz?
Hain zaila al da zientzia, kultura eta euskara babesten omen dituzten erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, Arartekoak, Euskaltzaindiak, Aranzadik, Eusko Ikaskuntzak, Jakiundek, ez ikusiarena egiteari uztea eta begiak irekitzea, auzia bere eskumenean daukan bitartean, Epaitegiari ofizialki bi jarduketa horiek eskatzeko?
Zintzotasuna ez al da etekintsua?
Txantxetan baina benetan
Erabakiak hartzeko iritzietan edo teorietan oinarrituz gero,
noizbait ere gauza bera gerta liteke:
Feminismoaren garaipena
2020-05-22 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Koroabirus-pandemia inguruan zebilenean, mendetako borrokaren ondoren feminismoak nabari egin du mobilizatzeko gaitasuna martxoaren 8ko manifestazio eta ospakizun ugari, jendetsu eta ondo antolatuetan, eta argi utzi du kalean inoiz ez bezala indarra lortzen duela.
Pandemia “kontrolpean” omen dagoenean, uztailaren 12an eusko legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira. Eta orduan feminismoaren indar hori ahuldu egingo da; berriro ere, leihatuko diren alderdietako ezeinek ez du ordezkatuko klaserik ugariena, duela milaka urtetik mundu osoan eta historia osoan zapalkuntza, erasoa, gutxiespena, bazterkeria eta bortxaketa jasaten dituena: Emakumea.
Horregatik, berdintasunezko gizarte batera eraldatzea zuzentzeko, feminismoaren alderdi BATEK parte hartzea da ezinbestekoa.
Ez da erraza; izan ere, feminismoaren talde batzuek uko egiten diote politikan esku hartzeari, ez dute inola ere hauteskundeetara aurkeztu nahi, ez dute ohiko politika tamalgarrian konfiantzarik. Kalean borrokatzea dute nahiko, kalean bakarrik, eta horregatik, lege zuzenak eskatzeko beste alderdien menpe daude. Beraz, joera feministak biltzen dituen eta alderdi aurrerakoien buru jartzen den alderdi politiko BAT behar da, kalean zein udaletan, aldundietan, legebiltzarretan, jaurlaritzetan eta epaitegietan borrokatzeko, legeak egiteko, legeak betearazteko eta legeak betetzen ez dituena zigortzeko, geroko egun batean berdintasuna eraikitzen duten legeak Emakumeak berak sina ditzan, lege horiek egia bihurtzeko.
Argi dago alderdi horrek, politika zuzentzen hasten denean, akatsak egingo dituela, inor ez dago salbu. Baliteke alderdi horretako emakume batzuek ustelkerian erortzea, alderdiaren programaren aurka egitea, gaur egungo alderdietan gertatzen den bezala. Ulergarria da; elkarkidetasuna eta berdintasuna milaka urtez bahitu dituen Dirujaunaren filosofia indibidualistan herritar guztiak oso ondo hezita daude eta.
Gainera, alderdi horrek politikaren, hedabideen, saresozialen eta zinemaren aldetik irain, lukainka eta erasoak jasango ditu. Jakina; “Botereak gezurra esaten du beti“, bere urrezko negozioa su eta gar babesten duelako. Dirujauna barrutik alderdiaren izen ona lohitzen saiatuko da, eta emakumeen artean liskarrak sortuz apurtzen.
Zailtasunak gorabehera, Dirujauna bera ere ez da ahalguztiduna; sinesgarritasun apur bat galdu du pandemia honetan, arazo larri baten konponbidea, indibidualismoan ez, elkarkidetasunean datzala agerian jarri du eta.
Feminismoak, oztopoak oztopo, berdintasunerako prozesua zuzenduko du azkenean. Garaitu egingo du, beraz herritar guztiek, emakume zein gizon, garaituko dute. Lehenengoan garaituko du… edo bigarrenean… edo ahal denean.
Balizko alderdi horrek ba du boto bat honezkero.
Iruña-Veleiako lardaskeriak
2020-03-28 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Hamaika urte ondoren, azkenean Iruña-Veleiako epaiketa egin zen otsailean, ustezko maula eta ondareari egindako kalteengatik. Epaiaren zain egotea besterik ez dago orain.
Baina bada epaiketarekin zerikusirik ez duen beste arazo larri bat: aurkikuntzak benetakoak balira, kultur altxor handia izan arren, aizun gisa suntsitzeko arriskuan leudeke; txosten teoriko eta hedabide batzuek halaxe nahi behintzat izan dute hamabi urteotan.
2008an Kulturaren foru-diputatuak Iruña-Veleiako grafitoei buruzko txostenak eskatu zizkien batzorde zientifiko aholkalariko kideei. Hamabi txosten horietan oinarrituta (orduan bi bakarrik jaso izan arren) 2008-11-19an Eliseo Gilek zuzendutako talde arkeologikoa bota zuen aztarnategitik. Beste hamar txostenak geroago iritsi ziren, beranduegi. Grafitoen aizunketa aldarrikatzen zuten hiru txostenak, hiru bakarrik, besteak bezala akademiko jakintsu batzuen lanak ziren. Beren iritziak, hamabi urte hauetako hedabide-izurritearen bitartez, egia ofizial bihurtu nahi izan dituzte. [ikus www.veleia.fontaneda.net 2-laukia]
Baina urrunetik urrez eta hurretik lurrez; nahikoa da hiru txostenen adibide bana.
Asko dakiela uste duenak guztia ez dakiela erakusten zuen lehen lardaskeriak. Akademiko jakintsu batek txosten bat aurkeztu zuen 2008-06-25ean Eliseo Gili eta grafitoei kalte larria egiten zieten iritziak emanez. Hauxe zioen, Veleia izena, latinezko iturri berankorretan ere B letraz agertu arren, euskal grafitoetan beti V letraz agertzea oso ulergarria ez zela. 2014an, ordea, Euskal Herriko Unibertsitateko talde berriak erromatarren oparri bat aurkitu zuen. Idazkunean Veleia izena V letraz agertzen zen. Oparria ez zen beste iritzi bat, baizik eta txostenean emandako iritzia okerra zela eta grafito irainduak zuzenak zirela egiaztatzen duen nabaritasun ukaezina. [ib. 6-laukia]
Norberaren begiko habearen adibide egokia zen bigarren lardaskeria. Beste akademiko jakintsu batek 2008-12-03an bere txosten berantiarra aurkeztu zuen. Eliseo Gilen taldearen lana arbuiatzera ausartzen zen honelaxe esanez, Iruña-Veleian egindako indusketa-estrategia, beraren ‘ustez’ prozesu batzuk zeudeneko aztarnategi bat ezagutzeko, ‘antza zenez’, egokiena ez zela. Hau da, Eliseo Gili eta grafitoei kalte larria egiteko, dena zen onargarria. Hau lastoa zen, habea geroago etorriko zen: 2010ean hondeamakina bat sartu zuen, aztarnategitik 6.000 m3 lur atera eta kamioietan zabortegiren batera eraman zituen, barruan zegoen guztia ere bai. Beraren estrategia zeharo ezegokia ez ezik, suntsitzailea ere izan zen. [ib. 5-laukia]
Salakeria izan zen hirugarren lardaskeria. Beste akademiko jakintsu batek 2008-12-03an bere txosten berantiarra ere aurkeztu zuen. Hauxe salatzera ausartzen zen, Veleia arazo zientifikoa izateari utzi, eta polizial eta judizial bihurtua zela. Aldundiak, iritzi hau aintzat harturik, 2009an Epaitegian salaketa aurkeztu zuen. Txosteneko hiru orrialde aurrerago, akademiko jakintsuak Eliseo Gili eta grafitoei kalte larria egiteko eskatu ziotena argitzen zuen hauxe aitortuz, eskatutako txostenak euskal idazkunak onargarriak izan zitezkeen egoerarik azaltzea eskatzen ez zuela. Argi eta garbi. [ib. 3-laukia]
Egia ez dute teoriek edo iritziek ekarriko, bi jarduketa zientifiko errazek baizik: grafitoak grabatu diren garaia zehazteko analitika eta, orain grafito gehiago berriro agertzen direnetz ikusteko, indusketa gainbegiratua. Bi jarduketak botere politiko eta akademikoek erabat ukatzen dituzte hasieratik.
Egia, iritziek ezarri beharrean, nabaritasun zientifikoen bitartez lortzea nahi duzuenok bi jarduketa horiek eskatzea daukazue ‘Iruña-Veleia Argitu’ elkartearen Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko adierazpena www.irunaveleia.eu webgunean sinatuz.
Iruña-Veleiako grafitoek laguntza eskatzen dute
2020-02-15 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
(Fikzioa, euskara zaharrezko originalaren oraingo bertsioa)
Veleiako grafitoak gara. Mendeetan lurperatuta bizi izan gara. Azkenean, pertsona batuek lurpetik atera gintuzten eta, estaltzen gintuen zarakar nazkagarria kentzeko garbitu gintuzten. Gero museo batera eraman gintuzten. Geroztik hementxe gaude aspertuta, duela urte batzuk ia inork ez gaitu bisitatzen eta. Lurpetik atera ginenetik zuen euskera bitxia entzuten dugu, baita daukazuen beste hizkera harrigarri hori ere, pixka bat latina bezalakoa, baina Kadizkoa edo.
[ikus https://www.veleia.fontaneda.net]
Duela gutxi entzun dugu lurpetik atera gintuzten pertsonak epaitzen dituztela, kalte egin zigutela leporatuz. Hara! Hain zintzoak izanda. Gainera, pertsona haiexek grabatu ere egin gintuztela zioten. Nondik asmatu dute hori? Ezin da bizi hain zahar-zaharra denik.
Beldur handia ematen diguten solasak ere entzun ditugu. Esan dutenez, epaiketak kalte egin zigutenetz bakarrik erabakiko duenez, amaitzen denean gurekin nahi dutena egin ahal izango dute.
Iruzurra garela ia jende guztia sinetsita daukatela zioten. Iruzurra gu? Ez dugu ezer txarrik egin. Alderantziz, laguntza handia egin dezakegu historia ezagut dezazuen, gu jaio gineneko garaian kultura nolakoa zen dakikezuen.
Giro politikoak, akademikoak, zientifikoak eta erlijiosoak gorroto gaituztela ere entzun dugu, eta gure alde ezertxo ere egingo ez dutela, epaiketa amaituta suntsitu izatea nahi dutela. Aspaldi jakin genuen gure hirian burdinazko elefante moduko batzuk erabili zituztela lur piloak hondeatzeko, eta leku horretan gure lagun batzuk bizi ziren, zabortegi batean bukatuak.
Beraz, herritarrok lagunduko gaituzuela bakarrik fida gaitezke. Salba gaitzazue! Gutaz duzuen iritzia duzuela ere, nabaritasuna eska ezazue, zientziak azter gaitzala, eta horrelaxe lortuko duzue, ez beste teoria bat, zer garen froga baizik.
Entzun dugunez, badira hemen, baita ere, hezurrak aztertzen dituzten jakintsuak. Izan ere, gure lagun batzuk hezurretan bizi dira. Eramazkiezue aztertzera zeuen zalantzak argitzeko. Zein da arazoa? Hain erraza izanik, gu erailtzen utziko diezue?
Suntsi ez gaitzaten, zuen kulturari laguntza ederra egin diezaiogun, gu zientziak aztertzea duzue bide bakarra, gure adina jakiteko. Salba gaitzazue! Horretarako, mesedez, sina ezazue http://www.iruñaveleia.eu webgunean ‘Iruña-Veleia Argitu’ elkarteak egindako “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA”. Eskerrik asko!
Iruña-Veleiako auzi zentzugabea
2020-01-29 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Hamaika urte luzeren ondoan, otsailaren 3an hasi da, gero ere, Iruña-Veleiaren epaiketa.
Batere frogarik gabeko epaiketa izango da, ez baita inoiz ere egin grafitoak berriak ala zaharrak diren jakiteko azterketarik; beraz, epaiketan ez da iritziak, teoriak, hipotesiak eta aieruak besterik egongo.
[ikus https://www.veleia.fontaneda.net]
Eliseo Gilek bakarrik eskatu du hasieratik azterketa horiek egiteko. Baina ez Arabako Foru Aldundiak ez Euskal Herriko Unibertsitateak ez Eusko Jaurlaritzak ezta Instrukzioko Epaitegiak ere ez dute inola nahi izan grafitoak noiz grabatu diren jakiterik. Zein ote da ukapen horren zioa, hain erraza izanda eta auzia hain argi geratuko litzatekeelarik? Zein ei dute arrazoi sendoa?
Grafitoak Eliseo Gilek grabatu dituenaz hain ziur baleude, zer dela eta ez doaz arin-arinka laborategi aditu batzuetara egiaztagiriaren bila? Horixe litzateke logikoa.
Areago, Instrukzioko Epaitegiak eskatutako bi txostenek ere horixe proposatzen dute, (ESCRBC) Kultur Ondasunen Zaintze eta Zaharberritzearen Goi Mailako Eskolarenak eta (IPCE) Espainiako Kultur Ondarearen Erakundearen txosten kontraesankorrak [ikus lehen aipatu webgunea]. Baina Epaitegiak ez die proposamen horiei jaramonik egin, ez ditu azterketa horiek inoiz ere agindu.
Azterketa horiek bide bakarra dira Auzitegiak lurpetik atera zirenean aurkikuntzak nola zeuden ziurtasuna izateko, orduan grafitoak bazeuzkaten ala geroago grabatu diren.
Nabaritasuna eduki gabe, grafitoak oraintsu ala antzina grabatu diren jakin gabe, zein arrazoi sendok bultzatzen ditu kontu hau Auzitegi batean epaitzera? Izan ere, Iruña-Veleiako auzia zentzugabea da.
Auzitegiari nabaritasuna lortzen laguntzeko, badaukazu Iruña-Veleia Argitu elkarteak egindako “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” http://www.iruñaveleia.eu webgunean sinatzea.
Iruña-Veleiako txarrena
2019-12-25 // Iruña-Veleia // Iruzkin bat
Txarra da duela hamaika urte Arabako Foru Aldundiak aztarnategitik Eliseo Gilen talde arkeologikoa kanporatu izatea, artean hartu ere ez zituen txosten batzuetan oinarrituz.
Txarra da gainera Epaitegian Eliseo Gilen aurka kereila aurkeztu izatea, ondareari egindako kalteak leporatuz batere frogarik eskaini gabe. Eta horrela, akusatuta, hamaika urte luze bizi behar izan ditu. Azkenik epaiketa 2020ko otsailaren 3an hasiko omen da.
Txarra da Eliseo Gilek aldizka beraren ohore eta izenaren aurkako kondena mediatikoak jasatea, aurkakoa frogatzen den bitartean edonor errugabea dela ukatuz.
Txarra da, froga egiaztagarriak badira ere, aztarnategian aurkitutako pieza arkeologikoak, salatzailearen museo batean(!?) ezkutaturik egotea.
Txarra da Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Instrukzioko Epaitegiak grafitoak, oraintsu ala antzina, zein garaitan grabatu diren jakiteko azterketa egokiak egiteari ezezko biribila eman izatea.
Baina txarrena hauxe da, gure herriko erakundeei,
ez Eusko Jaurlaritzari (ondare arkeologikoaren jabe),
ez Instrukzioko Epaitegiari (auziaren argitzaile),
ez Unibertsitateari (jakintzaren gune),
ez alderdi politikoei (herritarren ordezkari),
ez Euskaltzaindiari (euskararen zaindari),
grafitoak aizunak ala benetakoak diren axolarik ez izatea; lurpetik atera ziren piezak baliorik gabeko zaborra ala gizateriaren altxorra ziren.
Ez zuten egia jakiteko ardurarik, Auzitegiari ofizialki hauxe eskatzeko, grafitoak noizkoak diren frogen bila azterketa egokiak egiteko agin dezala, eta, ea orain grafito gehiago agertzen denetz, talde arkeologiko batek orduko leku berean induskatzeko.
Horren erraz grafitoak aizunak ala benetakoak diren ebidentzia lukete, ondareari kalterik egin zaion ala ez. Bai Auzitegiaren lasaitasuna, txosten horiek balitu!
Azterketak eta indusketak eskatzeari lagundu nahi diotenek IRUÑA-VELEIA ARGITU elkarteak egindako “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” http://www.irunaveleia.eu sina dezakete. Gainera, Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Arabako Foru Aldundiaren aurrean egiten den elkarretaratzera datozke.
( Historia eta egiaztatzen dioten agiriak https://www.veleia.fontaneda.net webgunean daude )
Espainian 1936an ez zen gerra zibilik izan
2019-07-14 // Espainia // Iruzkinik ez
Botereak “1936-1939ko gerra zibila” kontzeptua hedatzen du prensa, irrati, telebista, zinema, eskola eta pulpitoaren bidez. Errealitatea ezkutatu nahi du, Espainia bi frontetan, aurkako asmo politikoak zituzten bi bandotan banatuta zegoela, eta zein gailenduko zen erabakitzeko euren arteko gerra zibilean murgildu zirela pentsaraziz.
Eta gezurra da:
1936ko uztailaren 17an estatu-kolpea egin zuen armadaren zati batek Espainiako Errepublika, hau da, herrikideek 1931n hautatutako sistema politiko zilegia uzkailtzeko asmoz. Urte hartako apirilaren 14ko udal-hauteskundeen emaitza zela eta, errepublika aldarrikatu zen eta Alfonso-XIII erregeak Espainiatik irtetea erabaki zuen. Jarraian, errepublikaren garaian, hauteskundeak irabazten zituztenek gobernatu zuten, batzuetan ezkerrak eta beste batzuetan eskuinak.
Estatu-kolpea zerbait laburra dela uste du askok; adibidez, Txileko armadak 1973an egindako kolpeak lau egun bakarrik izan zituen aski Allenderen gobernu zilegi eta demokratikoa uzkaili eta diktadura militarra ezartzeko.
Espainian haatik kolpistek (armadaren zati bat, monarkiko, karlista eta falangisten laguntza zuelarik) ia hiru urte behar izan zituzten errepublika uzkaili eta diktadura militarra ezartzeko. Luzeago ere, aurretik monarkikoak Mussolinirekin zeuden harremanetan, 1934an gerra-hegazkin batzuk erosi ere egin zizkioten eta.
Kolpisten aurka Espainiako armadak errepublikaren zilegitasuna defendatu zuen estatu-kolpearen aurka, eta erakunde politiko eta sindikal batzuek ere bat egin zuten borondatez defentsarekin, “miliziano” bihurtuz.
Gerra zibila bestelakoa da, adibidez, 1833-1840ko lehen karlistada. Fernando-VII erregea semerik gabe hil zenez gero, krisi bat sortu zen; liberalek Isabel haren alaba koroatu nahi zuten eta karlistek Karlos haren anaia. Krisi hura azkenean bi bandoen arteko gerra bilakatu zen, gerra zibila.
Gainera, gerra zibil eta estatu-kolpearen arteko ezberdintasunen beste adibidea hauxe da, lehen karlistadaren ondoren Isabel-II erreginaren armada garaileak ofizial karlista azpiratuak onartu zituela.
1936ko estatu-kolpearen ostean, alderantziz, garaileek atxilotu, torturatu, lapurtu eta erail egin zituzten errepublikaren aldekoak izatea leporatzen zitzaien guztiak,… egun batean kalean bere herriko zinegotzi bati agur bakarrik egin zion edonor ere.
Espainian 1936an ez zen gerra zibilik izan, estatu-kolpea baizik. Botereak gezurra esaten du beti.
Iruña-Veleiako auzia Zuzenbide fakultateetan ikasiko da
2019-06-08 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Zuzengabekeriaren eredua delako: Arabako Foru Aldundiak eragin zuen epai-prozesuak hamar urte baino gehiago darama ebatzi gabe, faltsutasunaren batere frogarik gabe. Oraindik ez da urrunean ere ikustatzen epaiketa noiz izango den. Faltsutasunaren froga bakar bat izan balute, epaiketa aspaldian egina izango zatekeen (ikus historia eta agiriak).
Hala ere frogak badira, bai, aurkitu ziren 400 pieza arkeologikoak. Ez dira aztertu besterik egin behar idazkunak benetako zaharrak ala gezurrezko berriak diren jakiteko. Eliseo Gil salatuak berak eskatu du hasieratik idazkunak aztertzea eta piezak agertu ziren lekuan induskatzeko talde arkeologiko bat eratzea, idazkun gehiago aurkitzen duenetz.
Batzuek oztopo jartzen dute IPCEk edo Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeak azterketa bat egin zuela esanez. Azterketa bat ez, bi egin zituen: bata Anteloren taldeak egina, hauxe baieztatzen zuena: “IPCEk datazio-teknikarik ez du, beraz ez da data absoluturik emango”, eta bestea Navarrok bakarka egina, aurkikuntzetako azalean gaur egungo metalak agertzen zirenez gero, idazkunak egin berriak zirela adieraziz.
Bere txostenean Navarrok gauza bat eta aurkakoa dioz. Pieza bateko idazkunei buruz hauxe dio: “Katalogazioa: Gaur egungo grafitoa. Aurkitu diren anomaliak: (Fe89,3-Cr9.8-Mno,4-Nio.5) altzairu herdoilezinezko zatikiak testuko marraketan”. Hala ere, gero hauxe argitzen du: “Identifikatutako altzairu herdoilezinezko zatikiak garbiketaren lanean sar daitezke, zatikien konposaketa bisturien xaflenari egokitzen zaio eta”. Azalean (eta idazkun garbi batean, azala ere denez gero) edozer ager daiteke, piezak maneiatu dituzten guztiek utzitako aztarnak. Eta jende askok izan ditu piezak eskuetan:
-Talde arkeologikoa, aurkitu, garbitu, argazkiak egin eta Aldundiaren eskuetan utzi zizkiona.
-Aldundiaren Arkeologi museoa, sakonago garbitu zituena.
-Aldundiaren batzorde aholkulariko kide batzuk, estudiatu zituztenak.
-Grafologi bulego bat, Aldundiaren agindupean estudiatu zituena.
-Guardia Zibila, Epaitegiak aztertzeko bidali, baina gaia ez zelako itzuli zituena.
-Ertzaintza, Epaitegiak aztertzeko bidali, baina gaia ez zelako itzuli zituena.
-Aldundiaren museora zihoazenak eta, auzipean egon arren, piezak ikus zitzaketenak, orduko Kulturaren Ahaldunak aitortu zuenez.
-IPCE, aipaturiko bi “azterketak” egin zituena.
Justizia benetan nahiz gero, azterketak laborategi aditu eta inpartzial batzuek egitea da ezinbestekoa, auzi honetan ez da behin ere inpartzialtasunik izan eta. Epaitegiak aurkikuntzak zaintzeko alderdi salatuari, Eliseo Gili, eman balizkio, txoriek ere gaitzetsiko zuketen. Aitzitik, Aldundia alderdi salatzailea denez gero inpartziala ez bada ere, Epaitegiak aurkikuntzen zaintza hasieratik Aldundiaren eskutan utzi du, eta INORK INOIZ INON INOLA EZ DU TXINTIK ERE ESAN!
Zuzengabekeria hau dela eta, idazkunak aztertzeko eskaera zuzenari lagundu nahi diozuen guztiok IRUÑA-VELEIA ARGITU elkarteak egindako IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA sina dezakezue, eta Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Arabako Foru Aldundiaren aurrean egiten den elkarretaratzera etorri.