Hasiera »
Iñakiren bloga - Kontzientzia ala infernua
Iñaki Idigoras
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- iñaki bastarrika izagirre(e)k Espezie inbasoreak bidalketan
- Iñaki Idigoras(e)k Lehen notak bidalketan
- iñaki(e)k Lehen notak bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko uztaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko uztaila
- 2023(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urria
- 2021(e)ko maiatza
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko maiatza
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko martxoa
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
Alardeatzeak
2019-07-06 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Alardeek ematen dute zeresanik. Garaipen militarra ospatzeko, tradizioa lege, gizonezkoak gudari San Martzialen. Emakumeak, parte hartu nahiz, parekidetasuna aldarrikatuz. Ikuskera talka. Kultura talka. Matxismoa – feminismoa. Genero kontuak. Omen.
Eta badira, baina ez soilik. Generoarena kontzeptu handiago baten baitakoa da: Boterea – duintasuna. Bizipenetan, alardea – sufrikarioa.
Euskal usainik ez du alardeak. Ez diot pareko hitz jatorrik aurkitu. Jatorretik gutxi baitu: ‘mostrar de forma vanidosa y sobrada desde una situación de superioridad’ irakurri dut. Asko esaten du definizioak, zapaltzaileaz. Matxismotik badauka. Bestelako atzeak, ere, alardeak.
Orduan ere, popatik eman genien (ziguten) euskaldunek euskaldunoi (sic), arrotzen gozamenerako. Gaztelak 1200dik menperatuak zituenek, bere laguntzaz, menperatu nahi zituenei. Egungo giputxiak, egungo nafar erkidegokoei. Albako dukeak hasi zuen, gogor, 1512an. 1522koa, nafarren berreskurapen saioa izan zen, lagun-senide franko eta soldatapeko aleman batzuen laguntzaz. Noaingo gudu fatidikoaren osteko batailatxoa da Aldabe mendikoa. Egun gutxitan Amaiurgo eta Hondarribiko dramatikoak etorriko ziren..
Eta, ezin ahulak indartsuaren erasoari eutsi. Botere gosearen ahalak menpean hartu zuen, beste behin, kultura propioan izatasun duinarekin bizi zena. Jabetu, ustiatzeko.
Egungo emakumeek jaietan partu hartze aktiboa nahi izatea ulertzen dut. Min egiten dit, baina, ahalduntze prozesuaren baitan, alardean parte hartu nahi izateak. Samina eragiten dit, zapaldua izan denak, ahaldutakoan, zapalduaren zapalketa ospakizunetan parte hartzea, matxistekin parez pare.
1522ko gizon iruindarrek gaztelakoekin (beren jabearekin) egin zuten bat, anai nafar oraindik burujabeen kontra egiteko. Burugabetzeko. Eta garaipenaz alardeatu.
Irudikatzen ditut era zentzuzkoagoak genero talka ospatu baino, oroitzeko. Pentsatzen dut oroimenaren jakintzatik eta egungo ahalduntzetik, gai izango garela biharko egoera parekideago izan dadin, zentzuz, eta zentzu guztietan.
Nire desioa da 2022ko Irungo jaietan argi printzarik ikustea, tunel luze beltz honetatik ateratzeko ahalmena eta gogoa dauzkagunaren erakusgarri. Duintasuna ospatu daigun, duintasunez, parez pare.
Euskaljel
2019-06-19 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Urbasa-Entzian eman dut asteburua. Arreta eskaini diot udaberriak landareetan eragiten duen bizi gogoari. Batez ere, haitz tarteetan hala-nola hazten diren zuhaixkei. Lurrik apenas, haizeak eta orkatzek abarrak kenduta, eta lau hilabeteko neguaren ostean, ostoak atera! Biziraun! Nire baitan pentsatu dut zein ezinbesteko diren erroak, bizi gogo hori baldintza eskasenetan ere iraun arazteko.
Astelehenean Euskadi Irratiko Faktorian Nuria Lopez de Guereñu, zure ‘siñadura’ entzun dut. Euskaltelen errotzeaz: laguntzak eman behar zaizkiola ikerketarako, kontratazio baldintza aproposak ere bai… Partekatzen ditut proposamen hauek, kontzeptu bezala: lagundu, apropos… zeinek ukatu horrelakorik?
Euskaltel aferaren memoriarik ez banu, beste barik pasako litzaidake Euskaltelekiko zure ikuspuntu hau. Baina, haserrea sentitu dut nire erraietan. Gogoan daukat aurreko astean Euskaltelen aferaz Joseba Permachi irakurritako txio kate bat.
Zergatik haserretu naizen hausnartzen hasita, konturatu naiz mindu egin nauela zure ikuspuntuak berak, pasatakoak pasa eta gero. Errotzeaz jaso dituzun adjektibo guztiak lekuz kanpo ikusten ditut gure diruaz hazi, eta orain kapital arrotzak kudeatutako Euskaltelen. Errotu, ez baitira enpresak egiten. Errotu, landareak bezala, pertsonok egiten gara, gure herri eta hirietan. Zuek izenez ere errogabetzen ari zareten Basque Countryn.
Honela irudikatzen dut Euskaltel: Arrotz kapitalista gutxi batzuk gure bainuetxe batean: laguntzak ikerketarako, laguntzak kontrataziorako, laguntza fiskalak… eta masajea barne. Errotzetik baino, losintxa egitetik gehiago dauka horrek. Menpekotasunetik. Zenbat kostako zaigu herritarroi arrotz ase ezin horiek asetzea? Trukean zer jasotzeko? Zer litzateke balnearioko uraren tenperatura jetsiko balitz? Ala masajistak amatasun baja hartu? Dirulaguntzarik eman ez? Zenbat iraungo luke Basquetelek gurean, bainuetxetik kanpo negu ilun bat tokatuz gero?
Enpresak errotzeko erarik egokiena hauek langileen jabetzakoak, kooperatibak, izatea dela sinistuta nago: lana, kapitalaren aurretik. Eta bai, lagundu behar ditugu: Euskal Herriko ondare bezala kontsideratuaz adibidez, belaunaldiz belaunaldi biziraun dezan lagunduz.
Urbasa-Entziako haitzetako landareen bizi gogoaz hasi naiz. Talaia hartatik Arabar lautada eta Sakanako ikusmira ederrak daude. Bizi gogoz dauden herriak, txikiak asko; lurrean errotutako herritarrak. Beraien lurrari eta paisaiari hozkada emango dien EuskalY-aren beldur, etxeetan bandera beltzak eskegita, lehen eguzkiloreak bezala, mamu txarrak uxatu nahiz.
Zein baldintzatan eta nori salduko diozuen ez dakit. Bainuetxe handiegitxo bat beharko dugulakoan nago. Kapitala ez baita errotzen. Kostu baxuenak eskaintzen dizkien gobernuen atzetik globalizatzen da. Kudeaketa eredu kapitalista bere egin dutenen atzetik.
Kapitaletan, kapitaletik eta kapitalarendako bizi zaretenok ez duzue han goiko landareen esperientzia eta ikusmira bera. Bistan da.
Haserrea, joan zait hau idaztearekin. Mina baina, nirekin daramat. Min bizia eragiten dit daramazuen kudeaketa ereduak. Badakit ikuspuntu kontua besterik ez dela. Badaukala kimioterapiarik: zuen balnearioko jelarekin ahaztuko nukeela mina. Bainuetxeen epelean tentsioa jeisten zait, baina. Nahiago dut haize hotz bustia aurpegian, bizipoz eta biziminez erroturik, udaberriz udaberri gure lurrean loratu, Euskal Herrian.
Estatusaren ikuspegiz ok
2019-06-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ikuskera batera egiten garenean, ulertu egiten ditugu aurrean ditugun gertakizunak. Ikuskera horren zentzuarekin, ulertu ere. Ezinbesteko zaigu ikuskera lantzea, ulertu eta jakinmina asetzeko.
Esan beharrik ez dago, gertaera batzuek ikuskera horretatik ez direla behar bezain ondo ulertzen. ‘Modeloa’ hausten dutela. Orduan, zalantza sortzen zaigu. Zientzian, sarri. Onartu dezakegu, eta gure ikuskera moldatu; ala ez, eta gertaera hori salatu, faltsutzat jo. Dogmatismoaren gaitzean sartu gara. Ikuskera baino, ikuskeri daukagu; sanoki gertatzen ari den hori onartu nahi ez duena. Baizik eta ezkutatu. Gure hegemonia edo nagusitasuna zalantzan ez ipintzeko. Eutsi behar diogu hainbeste lanez lortutako ikuskera horri. Hainbeste onura eman dizkigun ikuskera horri. Eri bada ere, iraun arazi.
Fin batean, interesa gertaeretan izan baino, norbere ikuspuntuan zentratzen dugu. Geure tesia, geure betaurrekoak. Geure estatusa, geure egoa. Egia, ikuskeria.
Adibideak dozenaka ditugu auzoan. Euskaldun eta katalanok anomali gara españolen ikuskerian. Lur azpiratu beharrekoak, mamu zaharrak berpiztu ez daitezen. Luzaroan dakigu hau, azalean eta bihotzean ere sentituta. Españako botere politiko, militar eta judizialak ikuskeri bera daukate: España grande y una, Adán eta Evaren garaietatik. Vaticanoa lagun, errege katolikoak, konkistak, inkisizioa, bortxak…. Zer ez!
Euskaldunontzako kanpo faktore bat da eta nekez egingo dugu ezer, alderdiak horretan tematzen badira ere. Eskean, morroiak nagusiari bezalaxe. Europan ikusteke dago Katalanek urratu bideak noraino egingo duen.
Eta, etxean, egin al dezakegu zerbait gure arbasoen mamu lurperatuak azaleratzeko? Bada baiezkotan nago. Abertzaleon esku dagoelako. Geure esku dago, baina zoritxarrez etxean ere zabaldua daukagu ikuskeri gaitza. Geure interesen kontrakoa, gainera!
Vaticanoa eta España gutxi ez, eta hemen UPVko katedrak eta (Arabako) alderdi abertzaleak batu dira Eliseo Gilek gidatutako Lurmen enpresak Iruña-Veleian azaleratutako aurkikuntzak faltsu direla ondorioztatzeko. Froga zientifikorik gabe, ikuskeritiko iritzi soilez. Ikuskera aldatzeak beren modeloa zalantzan jarriko luke. Lurrak ematen diola eguzkiari buelta? Jota zaudete ala? Diozkute beren talaiatik.
Prozedura kalbario egin dute inkisidoreek. Eliseo deabrua bertan gurutziltzatzeko. Nolabait, egin dute iada, 10 urtez gorako prozesu katramilatsu batekin. Llarenak Katalanekin dabilenaren pareko.
Honen arduradun zateren alderdiotako euskaldunok, neuk hauxe ez dizuet onartzen. Gogoan izango dut eta nire semeari kontatu, nola euskaldunok ere ez gauden geure (arbasoen) kontra egiteko gaitzetik libre. Jakintza biziberritu baino, nahiago duzuela zuen estatus politiko mantendu, instituzioetan botere kuota handitu. Marketinarekin zurituko duzue, hauteskunde ataritan, leloetan, ‘pertsona helburu’ jasota.
Auzoan, euskaldunok beharko genuke izan abiapuntu eta helburu. Alboko auzoekin gure ikuskera partekatuz, eta mundua hobeto ulertzeko, beraiena ere jasoz. Irekian, hertsitasunik gabe, konplexurik jabe, oparotasunez. Orduan gerturatuko gara barruan daramagun ‘iza’ sakonkiago ezagutzera.
Naiz, gara, gogo.
Ezkondu Getxon
2019-03-29 // estatugintza // Iruzkinik ez
Casadok hanka-sartzea egin zuen Bilbon, Gipuzkoako Getxora zihoala esanez.
Guk tarte zabala eskaini diogu anekdotari ohiko komunikabide zein sare sozialetan. Politiko abertzaleren batek ere bai, Bizkaiako territorioa defendatuz, gure arteko mugak indartuz.
Bitartean, 1200dik gaur arte inbaditu, zatikatu eta menperatu gaituen armada españolak lur hartu du Getxon, behinola euskaldunok bat ginen Nafar Erresumaren kostan. Casadok lez, militar españolek gure lurretan sartu dute hanka berriro, CAVetik CFNko Errege Bardeak bonbardatuz. Belate eta San Matzial datozkit gogora.
Casado pozik joan bide zen, ‘divide et impera’ lemak oraindik badirauela ikusita. Eta gu, menperatzailearen hanka-sartzearekin entretenituta, zirko españolak eskeintzen digun espektakuluaren eusklabo alai, Asiskok ilustratu bezala.
Iada 33 belaunaldi badituen bortxazko ezkontzaren ezteiak ospatzeko, gerra itsasontziaren ateak ireki dizkigute, eta 7 orduko iladak egin ditugu berau bisitatzeko.
Dibortzio ofizialaren zain egon gabe, badugu garaia eztei hauetara gonbidatuak izan ez diren ahaide jatorrekin, jatorrizkoekin, sexu harremanak izateko, dela kulturan, ekonomian, aisian eta politikan ere.
Probintzialismoen gaitza osatzeko behar baitugu osotasuna, osasuna, batasuna.
Psikologikoa.
izabortegiak
2017-11-05 // emozioz, estatugintza, humanismoa, intentzioa // Iruzkinik ez
Jada balio ez digula uste duguna zabortegira bota ohi dugu. Ala genuen.
Orain, birziklatzera. Bai, ala?
Zer da izabortegia?
iPhone, iPad, iMac, iZabortegi?
Hotz.
izAbortegi.
Bero.
Izaki zabortegiak. Izaki abortatuen egia. (gehiago…)
Euskeraren poloak
2017-09-08 // emozioz, estatugintza, euskara, feminismoa, haserre, humanismoa, partaidetza // Iruzkinik ez
Amalurraren ipar eta hego poloak
Poloak zera dira: continuum baten bi ertzak.
Adibidez, eguerdia eta gauerdia. Maskulinoa eta femeninoa. Beltza eta zuria. Sarri poloetan kokatzen gara. Dramatizatu egiten dugu. Karikaturizatu. Azken finean, zerbait lortzeko ‘dena’ eman. Eta iada badakigu ‘dena’ eta ‘ezer’ gezurrak direla, baldin eta kontextualizatzen ez baditugu. Beste bi polo.
Eta poloak, zailak dira iristen. Amalurreko ipar eta hego poloak, kasu. Edo beltz eta zuri puruak, garbiak.
(gehiago…)
Krema katalana
2017-06-08 // emozioz, estatugintza, feminismoa, partaidetza, pozik, triste // Iruzkinik ez
Elkartzean ala elkartzeko, zer egiten dugu? mahai inguruan eseri, kirola egin, kantatu, dantzatu, jokatu, jolastu…
Partxisera jolastu gaitezke, adibidez. Non eta lehenengo iristea den helburua, ahalik eta azkarren norbere koloreko lau fitxak etxetik atera eta ez dakit non sartzea. Horretarako, V eta VI zenbakiak ateratzeaz gain, helmuga horretara iristeak X mugimenduko bonusa emango digu. Eta auzokidea jateak, XX-koa. Norberak irabazteko bestea nola oztopatu, eta ahal bada, akatu. Hori da estrategia. Joku arriskutsua gure semealabak hezteko, (g)izarte feminista bat eraikitzeko. Elkarlana barik, konpetentziarik latzena jartzen baitu balioan. Eta jolasetatik ikasten dugu bizitzan moldatzen. Sozializaziora proiektatzen gaitu, nola egingo dugun ikasten dugu. (gehiago…)
Euskararen erroak
2017-06-01 // euskara, feminismoa, humanismoa, pozik // Iruzkinik ez
Eguneroko errealitatea jasangaitz zaidanean delirioan sartzen naiz, babes bila. Pasarte polit bezain interesgarriak bizi izaten ditut egoera honetan. Bizi, nire buruan; hori bizitzea bada.
Delirio guztiek izan ohi dute jatorririk, eta oraingo honetan Bittor Kapanagaren Euskara erro eta garak izan du eraginik.
Imaginatu dut soinuekin lehen hitzak ahoskatu ezinik dabilen primatea: ssssuuu, uuurrr, aaarrr…. Hitz gordinak, oraindik garatze bidean diren aho-kordak trakeski astinduz. (gehiago…)
Demonocrazy
2016-05-26 // beldurtuta, haserre, partaidetza // Iruzkinik ez
Hiri adimendunen gaineko CLINES proiektu europarraren baitako jardunaldi batera etorri naiz, gonbidatuta. Itxura polita hartu diot sartu ahala: mahaien antolaketa, jateko eta edatekoak eskura, margoak, paperak… elkarlan bidezko sorkuntza izango denarena. Informazio eta komunikazio teknologien (IKT) inguruan lan egiten dugun dozena pare bat lagun elkartu gaituzte, bi erronken inguruan ideiak emateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza saileko buru den Joseba Muxikarenak haserretu eta beldurtu nau. Erronka plazaratu aurretik, aurreko legegintzaldiko partaidetza eredua salatu du, porrot handi bezala epaituz. Argudioa: aurrekontuko 20 milioi euro (2 milioi eskualdeko) zertara bideratu 360 pertsonek bakarrik erabaki zutela, prozesu partehartzaile ireki baten bidez. (gehiago…)
Lehen notak
2016-05-10 // partaidetza, pozik // 2 iruzkin
Mugarik gabeko euskal komunitatetik egin eta eragiteko asmoz nator ARGIAra. Itzalak argitu, eta piztu edo ixuketako.
itzalak eta argiak
Ez dut nik egia absoluturik, zati bat baino, ibili naizen bideetatik ikusi dudana besterik. Zu ibili zaren bideetatik errealitate beraren beste aurpegi bat ikusi baduzu, eskertuko nizuke gurekin hemen partekatzea, ekarpenei kritika konstruktiboa eginez, euskal komunitatetik dakusagun egia eraikiz, auzolanean. Kontzientzia kolektiboz argituko baitugu bizitzaren egia misteriotsua; gutako bakoitzak geure baitan badaramaguna.
(gehiago…)