JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abendua
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
Euskal politikagintzaren usteltzea: hezkuntzaren adibidea
Atalak: Sailkatu gabea
Ingurukoekin euskal politikari buruz jardutean, degradazioa, urardotzea edo iruzurra sarri aipatzen dira. Hezkuntzan azken hilabeteotan bizitzen ari garena da horren adibide. Hezkuntza-lege berrirako itunak ahoa bete hagin utzi gaitu euskaltzale asko. Alderdi abertzaleen jokabideak eta adierazpenek bereziki. Azkenak, Bildarratz sailburuarenak. Berrian apirilaren 14an egin dizkioten galderen erdiei ihes, eta beste erdiei “oker” erantzun die. Horra adibide batzuk (sailburuaren hitzak kakotx artean):
“Ikasleen %80 baino gehiago D ereduan badago, hori da gure sistema, baina, aldi berean, gaztelaniarekin eta gutxienez beste hizkuntza batekin”.
Ikasleen %60 pasatxo dago D ereduan osotara (%80 Lehen Hezkuntzan). Eta D ereduari gaztelera eta beste hizkuntza bat gehitzen bazaizkio irakas-hizkuntza gisa, EZ da D eredua.
“Nik nire zalantzak ditut (D ereduarekin euskaraz aski gaitasun) lortzen den edo ez den: selektibitatean bi herenek euskara hautatzen dute azterketa egiteko, eta %99k gainditu”.
Behin eta berriz auzitan jartzen du sailburuak ISEIren, Hezkuntza Saileko Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundearen lana. ISEIren ebaluazio-diagnostikoak dio, DBH bukatutakoan ikasleen erdiek ez dutela euskarazko aski gaitasun. Bildarratzek bere ardurapeko erakunde baten ospea horrela lorrintzea harrigarria da zinez.
“Zer da murgiltzea edo ez murgiltzea?… D eredua murgiltze eredua bada, ia dena murgiltze eredu batean dago. Alderdi politikoen artean hain zaila izan zitekeen gaia gatazkatik baztertu da. Murgiltzea eta beste hainbat kontzeptutatik ihes egin da, sinesten delako ikastetxeen ahalduntzean, autonomian eta irteera profilean.”
Bada, D ereduan daude matrikulatuta Unibertsitate aurreko ikasleen %60 pasatxo (Lanbide Heziketaren kasuan, soilik %20). Beraz, ez da egia “ia dena murgiltze ereduan” dagoela.
Bestalde, Hezkuntza legerako oinarrien itunean “murgiltzea eta beste kontzeptu batzuetatik ihes egin da”, PSEk eta Podemosek hori exijitu, eta alderdi abertzaleak makurtu direlako.
Areago, oso ondo datorkie agintariei, hezkuntza-ereduaren nolakoa ikastetxeen “autonomiaren” esku uztea, hemendik urte batzuetara, lau alderdiok adostu duten eredu eleaniztuna aplikatzearen ondorioak agerikoak egitean, eskuak garbitu eta porrotaren ardura ikastetxeei egotzi ahalko baitzaie.
Hezkuntza-itunean Euskal Herriaren aipamenik ez dagoela gogorazi dio kazetariak sailburuari, eta galdera zuzena egin: ez zaizu beharrezkoa iruditzen? Horra sailburuaren erantzuna: “Ez diot garrantzirik ematen legebiltzarrak bidali digun horretan, gure legerian, eta martxan dauden curriculumetan eta liburuetan eta materialetan badagoelako”.
Ez da egia, baina. Hego Euskal Herriko ikastetxe gehienetako testuliburuetan, “Euskadi” edo “Nafarroa” ikasten dira, Euskal Herriaren ordez (ikastolak eta herri-eskola batzuk salbuespen). EAEko legerian nahiz Eusko Jaurlaritzaren ekimenetan gero eta urriagoa da Euskal Herria izendapenaren erabilera, horren ordez, “euskararen lurraldeak” eufemismoaren erabilera hedatuz doa. Izan ere, EAJ-PSE koalizioa trinkotu ahala. “Euskal Herriaren” kontzeptua eta izena bera, lausotuz eta desagertuz joan da.
Azken batean, akordionismoa, itxurakeria eta profil politikoen lausotzea dira politikagintza abertzalearen ezaugarririk behinenak egun. Garai nahasi hauetan, agintariek edozer esan eta egin dezakete ganorazko erantzunik jaso gabe, erantzuten lehenak izan behar luketen alderdiak, agintean daudenen ikasle aurreratu bilakatu direlarik, antza denez. Uste dut, Hezkuntza legerako oinarrien akordioa eta ondoren etorri diren ordezkari abertzaleen adierazpenak, esandakoaren adibide garbia direla.