Hasiera »
JJ Agirreren bloga - Arian-arian
JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko abendua
- 2024(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abendua
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
“Soñamos con un Bilbao euskaldun”
2020-01-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ez da nik esana, Bilboko udaleko EHBilduren bozeramaleak baizik.
Bilbao aldizkarian jazo da. Munduko hiriburuko alkateak eta udal taldeek urte berriko zorion gutuna agertu dute bertan.
Alderdi abertzaleak hain daude itxurakeriara ohituta ze, noraino heltzen diren eta zein nabarmen geratzen diren ere ez baitira konturatzen.
Aipatutako aldizkarian Alkateak ele bietan egin du.
EAJren bozeramaleak 23 lerro sortu ditu españolez eta 9 euskaraz.
PSOErenak 22 lerro españolez eta 7 euskaraz.
EHBilduk 21 lerro españolez, goiburukoa tartean, eta 4 euskaraz…
Euskal ametsik beroenak izozteko moduko ariketa burutu dute bada. Soñamos con un Bilbao euskaldun… ¿en español?
Ez dut zalantzarik EHBilduzale gehienek benetan desio dutela Bilbo euskaldun bat, baina euskaltzale platoniko askori gertatzen zaie, nahi dituztela Bilbo, Iruñea, Gasteiz edo Baiona euskaldunak, eurok euskaraz gutxi edo ezer ez egin arren.
Nahi dute Euskal Herri euskaldun bat, españolez bizi diren arren.
Nahi dute beste batzuek, haurrek bereziki, herria euskaldun dezaten, helduok ahaleginik egin barik, inposatu dizkiguten ohitura españoletan eta frantsesetan blai eta gozo dagoeneko.
Amets gutxixeago eta hausnarketa sakon xamarra egin beharko genukeelakoan nago.
Ernamuinak hala ere
2020-01-03 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Altsasu, Olazagutia, Iturmendi, Bakaiku, Arakil-Irurtzun… Sakana-erdaldundua.
Espainiarren mendetako hizkuntza politika arrakastatsuaren adibide.
Eragile abertzaleen utzikeriaren ispilu.
Gutxiengoan dauden alderdi unionisten erabateko nagusitasun politiko-kulturalaren lekuko.
Altsasu “abertzalea” da eskualde-burua; bertan dauzkagu osasun zentroa (bost familia-medikutatik bakarra euskalduna, bajan ez badago…), kultur etxe handia (programazioaren %90etik gora españolez), izen guztietako banketxeak (euskaldunoi erdeinua lotsagabe erakusten diguten Caixaband edo BBVA tarteko) eta euskaldunokin noiz behinka (apur bat) gogoratzen den alkate “abertzalea”, besteak beste.
Ingurumaria horretan, herritarren arteko harremanak españolez dira ia ehuneko ehun. Euskara haur txikienentzat gordetzen da, eta beste erremediorik ez badago, izaera politikodun ekitaldietako sarrera eta agurra egiteko.
Izen abizenetatik ezagutzen dugu elkar, euskaraz egiten saiatzen garen herritarrak. Altsasuko Euskaraldiaren “arrakasta” zertan datzan azalduko digute halako batean adituek, nahi badute.
Euskaltzaleontzat basamortua da Altsasu. Horregatik, argi izpiren bat agertzen den bakoitzean haren arrimura biltzen gara, itxaropenak jota.
Eta argi izpia da Alde zaharrean kokatuta dagoen“Ugari”izeneko janari denda-kafetegia.
Altsasura duela hamabost bat urte heldutako bikote marokoarrak kudeatzen du. Gizonak ez du euskara ikasi, baina ulertzeko ahalegina egiten du (bera baino lehen eta gertuagotik etorritako askok ez bezala), eta hasierako nahiz bukaerako agurra euskaraz egiten ditu, politikari abertzale gehienak bezain ondo.
Emazteak bikain ikasi du euskara Itsasi euskaltegian, eta erraz bezain gogoz erabiltzen du euskaldun bat hurreratu orduko.
Bidezkoa eta ohikoa behar lukeena egiteagatik eskerrak emateko gogoa ematen du, eta hitzez ez, baina sarri bertara joanda egiten dugu.
Merezi dute bisita, lehor ez dadin ernamuina…
Bide barrijak izan badira. Bidegabekeriak bebai.
2019-12-04 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Lauaxeta gogora ekarriz, “bide barriak” erabili zuen Urkulluk, beste inork idatzitako hitzaldiari hasiera emoteko Euskararen “egunean”.
“Euskara bizirik nahi dugu” esan zuen; baina ez euskaraz bizi nahi dugula.
Euskara “garenaren parte garrantsitsua da” jarraitu zuen, euskaldun egiten gaituena euskara dela adieraztetik urrun oso.
Euskarak “gehitu” egiten duela esateko, ez da hobe isilik irautea? Adierazi beharra dago?
Euskaraldiak erabilerari bultzada –iragankorra- eman ziola aitortzea gauza bat da, eta “euskara biziberritu genuen” esatea, gehiegikeria.
Ariguneak edo “euskaraz aritzeko gune erosoak” sortzeko Jaurlaritzak eta Herri-erakundeek oro har duten ardura, kirol-elkarte edota lagunarte batek duenarekin parekatu nahi izatea, lotsagarri samarra. Euskararen eguneko adierazpen instituzionalean behin eta berriz espainiera tartekatzea, esanguratsua…
Baina Lehendakariak bide barriak benetan saiatu gura baditu, hamaika aukera dauzka Lehendakaritzatik hur, oso eskura.
Eusko Jaurlaritzan dihardugun sindikatu euskaltzaleon bulegoetarako bidea, berbarako.
Bertan gauzka zain, euskararen erabileran aurrera egiteko elkarlanean noiz jardungo.
Hamaika proposamen dauzkagu, entzuteko prest badago.
Euskararen erabilera bermatu gura dugun sindikatuoi, aldi bereko itzulpen zerbitzua erabiltzeagatiko zerga garestia altxatzetik has daiteke, adibidez.
Bide barria barik, euskaraz bizi nahi dugunoi zergak ezartzea bidegabekeria galanta baita.
Bidean elkartuko garelakoan.
Menpekotasunean hezi (3): España va bien
2019-09-21 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Lo humano trasciende los idiomas” dio, herri oraindik euskaldun batean bere negozioa ezarri duen “sentiberatasun” handiko Yoga irakasle txupiguai erdaldun elebakarrak. Euskaldunekin harremanetan ez duela inoiz arazorik izan dio, jabetu gabe euskaldunak aspaldi erdaldunduta gaudela guztiak, eta menpekotasunean heziak.
Ez diogula dagoeneko inori eskatzen, sikiera gure etxean gure hizkuntzan jardun dezan. Makurtzen ondo ikasita gaude. Indarrez hezi zituzten gure aurrekoak, eta behin beldurra eta lotsa hezurretaraino sartuta, menpekotasunean hezi gaituzte gure aurrekoek ere.
Yogi espainiar honek Espainian / Frantzian jarriko balu bere negozioa euskara hutsez, azkar ikusiko luke “que lo humano NO trasciende los idiomas”. Besteak beste, gauza gutzi direlako norbere hizkuntza baino humanoagoak.
“Arabako miraria”
Mendi-buelta antolatu du Gasteizko euskal ikastetxe batek. Busean goazenak, %70/80 “euskaldunak”, abertzaleak edota oso abertzaleak, Euskaraldian parte hartutakoak ia guztiak (txapak ikus daitezke oraindik papar bat edo bestean)… Tira, euskara asko entzuteko baldintza bereziki onak: euskaldunen konzentrazio handia eremu itxi batean,kanpoko eraginik gabe… Birritan egin dut “erabileraren neurketa”, lehena Gasteiztik irten aurretik eta bigarrena Altube ingurura heltzen ari ginela. Bietan elkarrizketa guztiak %100 españolez. Salbuespenik gabe.
“Somos lo que comemos”
Hori da Euskal Nekazarien Batasuna sindikatuak, ENBAk, elikadurari buruz antolatu duen mahaingurua. Hizlari guztiak euskaldunak izan arren, Donostian (eta ez Tuteran) izan arren… enpin. Lan-eremu euskalduneneko “euskal” sindikatua, euskaldunak erabilita espainiera sustatzen, eta euskaldunak pixka bat gehiago zokoratzeko lanetan. Txapeau…
Altsasun Ribaforadan bezala
“Mandíbula afilada” antzerkia ekarri du herrira Altsasuko Iortia Kulturguneak. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia euskaldunak antzezle. Aitziber Garmendiak berak eskatu du sarean antzerkia euskaraz antzezko aukera alferrik, Altsasuko kultur teknikaria eta alkate-zinegotzi gehienak “kosmopolitak” baitira… Ribaforadan edo Bollullos del Condadon bezala.
España va bien… Euskaldunok ez horrenbeste.
Menpekotasunean hezi (2)
2019-09-06 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Aurrekoari segida emanez, horra bigarren atal bat.
Pairatzen dugun egoerak, Goenkalek baino atal gehiago idazteko aukera eman dezake baina.
Arima espainiarreko / frantseseko era guztietako erakunde publiko nahiz pribatuek euskaldunoi bizkarra ematen digute ia salbuespenik gabe. Bidasoarik honako larrean adibidez, Espainiako Gobernuaren menpeko ordezkaritza guztiek, Guardia Zibilak, ONCEk, BBVA-k, VOCENTOtarrek, eta hedabide unionista guztiek, alderdi politiko eta sindikatu unionistak, eta abar luuuuze batek.
Espainiarren tradizio kastillano uniformizatzaile muturrekoari egiten diote men harro. Euren Estatu-ereduan ez dago espainiera ez den beste ezein hizkuntzarentzako lekurik.
Min ematen digute, baztertzen baikaituzte eta gure etxean arrotz sentiarazten baitigute, baina jarrera diskriminatzaile hori hain agerikoa izanik, euskaldun askoren harrotasun zanpatua esnaraztea lortzen dute sikiera.
Espainiarren eta frantsesen bazterketa eta erdeinua baino askoz arriskutsuagoak zaizkigu, askotariko erakunde abertzaleen utzikeria… edota erdeinu mozorrotua.
ETB2, Noticias taldea, Gara-Naiz, Onda vasca, edo Radio Euskadi bezalako hedabideek bezero euskaldun asko dituzte, baina guztiak kastillanoak balira bezala jokatzen dute, Gara-Naizek egunero keinu txikiak eskaini eta Gaur zortzi astekaria argitaratzen badu ere, bezero euskaltzaleentzako kontsolamendu.
Hedabide (abertzale) horiek ere erdal hedabideen multzokoak dira, bezero euskaldunak erdaraz elikatzen dituzte, euskaratik urrundu eta erdarara hurbilaraziz. Nahi gabe (hori pentsatu nahi dut) egiten diguten zuloa handia da oso, eta haziz doa.
Eroski eta bestelako azalera handiko saltokiak ere ezin aipatu gabe utzi.
Asko gara, saltoki horietako batera joan beharra dugunean, Eroskiren aldeko apustua egiten dugun euskaltzaleak, bertokoa delako, “gurea” delako, “euskalduna” delako… Euskalduna?
Baita zera ere! Eroskik ere, euskaldunekiko arduragabekeria osoz jokatzen du. Afitxa handietako eta bozgorailuetako iragarki elebietako testuez landa, kastillano hutsez egon ohi da errotulazioa. Ez ote dute itzulpen zerbitzurik ezagutzen?
Ez dugu euskaldunok gastu urri hori ere merezi?
Ezin aipatu gabe utzi darabilten lurraldetasun politika espainiarra ere: Altsasun “bertoko” produktuak Nafarroakoak baino ez dira. Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Arabakoak “kanpokoak” dira Eroskirentzat… “Iparraldekoak” zer esanik ez. Hots, Mahalaren jakiak “kanpotarrak”, baina “alcachofas de Tudela” aldiz, “bertokoak” lirateke.
Milaka eta milaka lagun sartzen dira egunero hizkuntz praktika erdaltzaleko saltoki horietan. Saltokiok kokatuta daudeneko udal “abertzaleetako” euskara zerbitzuek ez dute horietan eskua sartzerik?
(Jarraituko du… tamalez).
Menpekotasunean hezi (1)
2019-08-19 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Kontakizun politikoki zuzenetan ez da euskaldunon hizkuntz-menpekotasun egoeraz txintik ere esaten. Areago, erdaldun gehien-gehienek eta euskaradun askok ere, uste dute menpekoakç eta baztertuak erdaldunak direla, eta ez euskaldunak. Mundua azpikoz gora.
Ez da iritzi kontua baina. Menpekotasuna egunerokoan jasaten dugu euskaldunok, nonahi eta noiznahi. Adibideak aurkitzen oso erraza da, tamalez.
Barakaldoko Decathlonen, berbarako, rotulazioa espainiera hutsez daukate, irteerako afitxa handian bezala.
Webgunea ere gaztelera hutsez. Euskaldunak ez gara nor Decathlonen.
Altsasuko Caixaband: Sakanan, Nafarroa “euskaldunean” kokatuta egon arren, euskaldunoi bizkarra ematen digu Caja de Ahorros de Navarra hondoratua erosi zuen bankuak, La Caixak. Jendaurreko langileak erdaldun elebakarrak, rotulazio guztia gaztelera hutsez…Euskaldunoi bizkarra ematen digu La Caixak nahita.
Ikean rotulazioa ele bietan edo gaztelera hutsez dago. Tarteka, suedierazko esaldi bat edo beste, altzarien izenez gainera.
Elebitasuna baino, elebikeria praktikatzen du Ikeak, beste saltoki eta erakunde askok eta askok bezala: gaztelerazko testua gainean hizki beltzez (erraz ikusteko moduan), eta euskarazko testua azpian, hizki grisez, lausoago, argi utziz nortzuei ematen zaien lehentasuna, eta nortzuei “bigarrentasuna”…
Asko dira euskaldunak baztertzen eta erdaldunak lehenesten dituzten era guztietako erakundeak, izan hedabide, alderdi, sindikatu, lantoki, saltoki, kirol talde eta abar. Apurka-apurka ekarriko ditugu hona.
Nola lagundu euskara lurperatzen “abertzaletasunetik”
2019-07-22 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
Egizu erdaraz lasai eta nonahi (muturreko euskaltzaleen aurrean izan ezik).
Lehen hitza beti erdaraz tabernan, dendan, gasolindegian, zerbitzu publikoetan… “edukazioz eta errespetuz”; oso litekeena baita aurrean duzunak euskaraz ez jakitea, eta hala bada, ez da eroso egongo euskaraz egiten badiozu. Erdaldunen erosotasuna zaindu beharra dago. Besteak beste, nagusi direlako.
Euskaltzale temosoren batekin bazaude egoera horretan eta zure burua euskaraz egitera behartuta ikusten baduzu, ekidin “kafesne” edo “ebaki” bezalako hitz zailak. Asko dira Euskal Herrian urte luzez bizi arren, hiztegi jaso hori menperatzen ez duten langileak.
Nork irakurtzen ditu euskarazko testuak? Muturreko euskaltzaleak temoso jarri direlako, testu bat ele bietan zabaldu beste erremediorik ez badago, erdarazko testua txukun, baina euskarazkoarekin ez indar gehiagi alferrik galdu. Azken batean, nork irakurtzen ditu…?
Demagun (euskal) irrati batean musika saio bat egiten duzula: kantuen %90 erdarazkoak eskaini, ingelesez bereziki. Ingelesa da “lingua franca” Europan eta “munduan”, modernotasunaren marka, aurrerabidearen AHT… Ez zalantzarik egin, saioa askoz modernoa eta erakargarriagoa bilakatuko da, eta finean mesede egingo diozu “euskal kulturari”. Jokaldi biribila!
Euskararen aldeko ekitaldietan, ager zaitez lehen lerroan edo hurre behintzat. Egun horietan garrantzitsua da euskaraz egitea (ekitaldiak iraun bitartean sikiera). Asko dira orduan ere españolez aritzen direnak, baina itsusi ematen du.
Euskararen egoeraz galdetzen badizute, baikor erantzun beti. Gainera, oro har “lehen” baino hobeto gaude, “lehen” noiz den argi ez dagoen arren… eta “hobeto” ote gauden ere oso eztabaidagarria izan arren. Oso bogan daude:
“hori gazteek atera behar dute aurrera”, edo “ez dago arazorik, haur guztiek ikasten dute euskaraz dagoeneko”, edota “euskara ez da inposatu behar; borondatezkoa behar du”, are “euskal gizartea multikulturala eta eleanitza da”… Lau esaldi horiekin, hizkuntzaren gaineko edozein eztabaidatatik aise aterako zara!
“Helduen artean erdara, euskaldunaren legea”. Esamolde hau ez dago oraindik “esaera zaharren” bilduman jasota, baina egon behar luke. “Euskaldun jatorrak” erdaraz egiten dio heldu orori. Euskaraz, zortzi urtez beherako haurrei, txakurrei, eta duela urte batzuetara arte, elkarte eta erakunde gehienei. Egun dena da center, brain edo culinary, hain gara “munduari irekiak”, “kosmopolit” eta “poliedriko”.
Azkenik, ikasi esaldi hau ondo: “Euskara aurrera ateratzeko ardura denona da, izan erakunde, alderdi, sindikatu, kirol-talde, herritar xume”… ala katu. Oso ideia zabaldua da -lan handia egin dute horretan (h)agintariek- eta edozein konpromiso-eskari deserosotik libratzeko balioko dizu, agintariei eta bestelako arduradunei balio dien bezala.
Jarraibide erraz horiei men eginda, arrazoi emango diogu behingoz Jon Juaristi handiari:
“la lengua vasca nunca ha sido perseguida, sino abandonada espontáneamente por sus hablantes, conscientes de su escaso valor”.
Jarrai dezagun “abertzale”, baina “mundutar eta multikultural (erdaldun)”!
INPONENTZIA
2019-06-22 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Komunitatea Bilkura Handia ospatzeko bezperatan zen.
Bilkura Handian, komunitatearen ildo ideologikoak berrikusten eta zorrozten ziren; egunerokoari egokitu eta etorkizunerako oinarriak ezarri. Horretarako, komunitatekiderik zailduenek “Bilkurarako Txostena” taxutxen zuten. Bertan zehazten ziren hainbat eremutako ildo eta jarraibide nagusiak, dela ekonomian, dela hezkuntzan, nola gizartegintzan, hala ekologian, eta abar.
Txostena komunitatekide guztiei helarazten zitzaien Bilkura Handia baino aste batzuk lehenago, irakurri eta barnera zezaten. Eta hala egin zen, beste behin ere. Alabaina, kideetako bat txostenean ageri (ez) zen hutsune batez jabetu zen: BASOGINTZA ez zen aztergaien artean agertzen!
Ez zen harritzekoa baina. Pinu eta eukalitu monolaborantzak ziren nagusi Komunitatearen lurretan, Ugazaba Nagusiek koniferoak landatzeko derrigortasuna ezarri zutenetik, mende luzea lehenago.
Ugazaba Nagusien erabakien ondorioz, jatorrizko basoa gero eta urriagoa eta zatituagoa, desagertzen ari zen arian-arian. Gorpuzkia eta Bazkaria lurraldeetan adibidez, nekez aurki zitezkeen jatorrizko baso horren alor batzuk, barnealdean, hiriburutik urrun beti.
Komunitateak oso estimu handitan zeukan jatorrizko basoa hala ere, kide guztiak pinu- edota eukalitu-sailen jabe izan arren, batzuk jabeago beste batzuk baino. Izan ere, komunitatearen memorian ondo iltzatuta zeuden arbasoek helarazitako kontakizunak, haritzak eta pagoak, astigarrak edo arteak nagusi zireneko garaiak gogora ekartzen zituztenekoak.
Bilkurarako Txostenean txertatzeko berandu, ponentzia bat osatzea erabaki zuten jatorrizko basoaren alde. Testua polita geratu zen, jatorrizko basoaren onura guztiak zerrendatu, eta komunitateak jatorrizko basoaren aldeko apustu sendoa egin behar zuela azpimarratzen zuen. Harrera ona izan zuen komunitatean. Areago, Bilkura Handian ia aho batez onartua izan zen, txalo artean.
Ondo egindako lanak eragiten duen pozak jota irten ziren Bilkuratik komunitatekideak. Jatorrizko basoaren aldeko neurri garrantzitsua onartu zutelako uste betean.
Hurrengo egunean baina, pinuak eta eukalituak landatzen jarraitu zuten gehienek, ponentziak inponentzia, jatorrizko basoaz ahaztuta…
Pixka bat es muchotarra da PSOEAJren hizkuntza politika
2019-06-09 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
PSOErekin adostuak dira EAJren hizkuntza politikaren zenbait atal. PSOEk arrasto-zauri sakona utzi du zalantza barik.
Urteak dira Jaurlaritzak Euskal Herria izendatzen ez duela, adibidez, eta bere ordez “euskararen lurraldeak” aipatzen dituela, edo “Euskadi, Nafarroa eta Iparralde” (sic).
Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, pasabideetako hormetan geratzen den euskararen “aldeko” afitxa bakarrak Patxi Lopezen garaikoak dira. Bertan euskararen erabilerak mugarik ez duela aldarrikatzen da, eta Tolosan, Lisboan bezala erabili dezakegula iradokitzen. Erabilera borondate kontu hutsa dela… Gehiago erabiltzen ez bada gure errua dela, bestela esanda.
PSOEk ekin zion EGA azterketari erasotzeari, urteak direla, zailegia zela esanez. Ekin eta ekin, lortu du EAJ makurraraztea (euskalgintzaren erantzun(?) epela lagun, oraingoan ere).
Hezkuntza Sailaren babesik eza salatu duten EGA-aztertzaileek, eta luzatu dute galdera:
“Zer hizkuntz gaitasun dute Europako herrialdeetako irakasleek, kazetariek, idazkariek, sendagileek?… Nolako hizkuntz ereduak nahi ditugu gure haur, gazte eta herritarrentzat?
ISEIk, Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeak 2005ean DBHko ikasleek euskaraz zuten irakurketaren ulermen maila (gaitasun pasiboa) ikertu zuen, ondorioa hauxe:
DBH 4 mailako ikasleen %47,3k baino ez zuten lortzen B2 maila. Harrezkero egindako azterketek ez dute emaitza hoberik izan. Soilik irakurketa neurtuta!
Zein litzateke emaitza azterketa horiek idazmena eta ahozkotasuna neurtu izan balituzte?”
Salaketa ez da erren geratu oraingoan:
“HABEk C1 mailaren ardura bere gain hartzeak ez du azterketarien euskara maila hobetzea ekarriko. Eta emaitzak hobetzen badira, eta hobetuko dira, erabaki politikoa baita, ez da izango azterketarien maila nabarmen hobetu delako, baizik eta HABEk nabarmen jaitsiko duelako eskakizun maila”.
Are zorrotzago mintzatu da Imanol Goienaga ondotik:
“Hezkuntza Sailean euskararekiko emaitzak gero eta okerragoak dira. Gaiari, bai orduetan eta bai sakontasunean… garrantzia kentzen ibili baitira urterik urte. Ikasleei eman eskolak gero eta eskasagoak dira, orokorrean, eta beti irakasleen borondate onaren pentzudan eratuak; eskoletan euskaraz modu naturalean jardutea gero eta ezohikoagoa bilkatu da, eta erabat erdaraz aritzea gero eta onartuagoa edonon.
Eskoletan erdararen menpe jarraitzen du euskarak… Material eta liburuei dagokienez ere, euskaraz asmatutako materialik ez dago ia, itzulpen ez beti egokietan oinarritzen da gehiena . Irakasle askoren euskara maila zabartzen joan da urterik urte…
Oposizioetan ere, azterketak euskaraz egitea borondatezkoa da… Eskatzen den zertifikazioa C1 mailakoa da eta ez C2… Euskara mailaren endekatze-egoera honen aurrean euskarari behar duen garrantzia eman eta neurri egokiak erabaki ordez, Hezkuntza Sailak begiak estali eta maila jaitsi nahi du berriro ere. Horixe da eta ez beste ezer EGA desagertzearen arrazoia”
PSOEren koarteletan, Celáa, Gasco, Chivite, Esporrín, edota Riveraren etxeetan pozarren behar dute. Beste gol bat España Hunaren alde. Beste arrakala bat “euskararen lurraldeetan”.
EAJrenetan batek daki. Denetik egongo da.
Eta beste eragile abertzaleak non ote? “Gizarte poliedrikoa” eraikitzen?
Bertako Izarrak
2019-06-02 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Okupatzaileek, okupatuetako zenbaiten (ustez modernoenen) laguntzaz gizarte erdaldundu goitizenez “likidoan” herria guztiz urtu eta desegin nahi duten honetan, oso eskertzekoak dira euskaldunokin gogoratzen direnen ahaleginak.
Haize kontra, moda “multikulturalista” uniformizatzaileen aurka, hemengo erakunde “abertzaleen” laguntza barik ere, EUSKALDUNAK AINTZAT hartzen gaituztenen ausardia eta kemena.
Euskaldunak aintzat hartzen gaituen EAEko irrati publiko bakarrean, Euskadi irratian, izan nuenBertako igogailuen berri. Ez nion arreta handiegirik jarri, “zerbitzua euskaraz” ematen dutela azpimarratu zuten arte. Lurrera erori nintzen ia, emozioak jota. Ez dugu etxean igogailurik behar, baina bat erostekotan nago etxe aurrean jartzeko, arraioa!
Eta atzo, larunbatarekin, Topagunearen kemen, ahalegin eta izerdiarekin, baina erakunde publiko nagusien jabeen bedeinkazio interesatuarekin aurrera doan ekimen baten aurkezpenean izan nintzen.
Ekitaldiko unerik gozoena Izarra Tanatorioen jabeetako bat den Mikel Idoateren parte hartzea izan zen. Euskaldunak direla eta euskaldunak aintzat hartzen dituztela adierazi zuen, besteak beste. Hala da. Euskarazko arreta bermatzen dute euren tanatorio guztietan (zortzi orain arte), sei Nafarroa “baskofonoa” delakoan, baina beste bi Iruñea unionistek inguratuan. Izan ere, Iruñean asko dira “el tanatorio de los vascos” deitzen diotenak. Zerbitzu berritzaile eta ezberdina eskaintzen dute gainera. Lagun batek aipatu bezala, “Nafarroan hiltzeko gogoa ematen du” (ez oraindik baina).
Aintzat har ditzagun aintzat hartzen gaituztenak.