Hasiera »
JJ Agirreren bloga - Arian-arian
JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko abendua
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
Argazkialdia: euskararen erabilera D ereduko kirolean
2019-03-29 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“>D ereduko kirola” ikerketaren emaitzak aurkeztu berri dituzte Donostian.
“Euskarari garrantzia ematen dioten klubak” hautatu omen dituzte azterketarako, euskara ere “taldearen identitate-zeinu” nahi dutenak.
Talde hauek hizkuntza-plangintzarik ez, baina erabaki batzuk hartu ei dituzte, adibidez: entrenatzaile euskaldunak izatea eta horiei euskaraz egiteko eskatu izana. Euren erreferentzialtasunak taldearen hizkuntzan eragiteko aukera eskaintzen du, eta gazteak euskara gehiago erabiltzera bultzatzen ditu. Gainera, “une jakinetan gaztelera erabilita, gazteen mintzapraktiketara hurbiltzen dira”.
Entrenamenduetan gaztelania gehiago entzuten da euskara baino; gazteok euskara gehiago erabiltzen dute entrenatzaileei hitz egiterakoan euren arterako baino.
Talde batetik bestera alde nabarmenak daude, euren inguru hurbilaren ezaugarrien arabera.
Gazteon hizkuntza gaitasuna: aitortzatik errealitatera dagoen aldea
Gehienek euskaraz eta gaztelaniaz berdintsu moldatzen direla adierazi dute, eta oso gutxi izan omen dira erdaraz hobeto moldatzen direla aitortu dutenak. Euskaraz hobeto moldatzen direla diotenak, ingurune euskaldunetakoak dira.
Alabaina, Realeko erdiak eta Gasteizko, Getxoko eta Arrigorriagako taldeetako kide gehienek gaztelaniaz gehiago hitz egiten dute.
Zarautzen ia talde osoak eta Realeko beste erdiak euskaraz aritzeko erraztasun handia dute, (familian, lagunartean, eskolan… hala egiten ohituta).
Emozioak gazteleraz, aginduak euskaraz
Oro har, emozioen adierazpenetan gaztelaniaz gehiago egiten omen dute; euskaraz gehienbat agindu edo azalpen teknikoetan.
Hizkera informala euskararekin lotzea kosta egiten zaie gazte gehienei, sarri euskaraz gaitasun nahikorik ez dutela sentitzen baitute. Gasteizen, Arrigorriagan eta Getxon gazteek modu informalean nagusiki gaztelania erabiltzen dute. Zarautzen euskara, eta Realean tarteka euskaraz da, baina gaztelaniaren presentzia nagusitzen da.
Gehienbat “euskaraz” jardutean, oso ohikoa ei da esaldi berean euskara eta gaztelania erabiltzea. Gainera, euskaratik gaztelaniarako hizkuntza-mudantza edo aldaketa maiz agertu da.
Aisialdian gaztelania da norma, eremu oso euskaldunetan izan ezik.
Testuinguru jakinetako gazteek diote arrotza dela euskaraz hitz egitea eta entzutea eskolatik kanpo:
“zer ari zara euskaraz? Ez gaude eskolan!!!”, entzun dezake gazte batek lagunekin jolasean ari dela euskaraz egiten badu…
Ondorioak, proposamenak eta galderak
Proiektuaren koordinazioa eta gidaritza Klusterrarenak izan dira, UPV/EHUko Gizarte Antropologia sailarekin lankidetzan. Parte hartu dute Urtxintxako eta Topaguneko teknikariek ere.
Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren –hau da, gu guztiona- babes ekonomikoa izan du.
Egileek hainbat ondorio atera eta dagozkien proposamenak egin dituzte, azterketaren laburpenean ageri direnak.
40 urtetan Jaurlaritza ez da jabetu euskararen berreskurapenerako kirol eremuak (ere) duen garrantziaz?
Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek ez dute inongo interesik gai honetan? Nafar Gobernuak? Iparraldeko Elkargoak? Hiriburuetako udalek? Alavesek? Osasunak? Eibarrek? Baskoniak? Athletic gorri-ta-zuriak? Ez?
Azterketaren egileok hainbat proposamen luzatu dituzte…
Jaurlaritzak (EAJ-k. PSOEk badakigu ezetz) proposamen horiei heltzeko asmorik badu?
Edo hamaikagarren azterketaren aurkezpeneko ai-ene-garren argazkian agertzearekin asetuko da?
Inork uste du benetan, telebistan, irratian, segapoto bidezko erauntsian, hizkuntzaren ospean, hizkuntza-kalitatearen gainbeheran, helduen eremuan eta beste alor batzuetan eragin ezean, gazte-kirol eremuan emaitza esanguratsurik lortuko dela?
Ondorioak norberak.
Onkeriak berri
2019-03-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Kronikatik hartutako argazkia
Oiongo IKAren euskaltegiko Andoni Landari egin diote elkarrizketa Berrian.
Erantzun mamitsuak eman ditu. Euskalgintzaren inguruan ohikoena den mezu politikoki xuxena auzitan jartzeko modukoak asko. Dena-ondo-doazaleen mantrak ezeztatzen dituztenak. Berbarako:
“…Egoerari buruzko hausnarketa egin genuen. Ondorioztatu genuen zulo bat zuen zaku bat betetzen ari ginela…”.
“Ikastoletako irakasleek esaten zuten ikasle izandakoekin elkartzen zirela, eta euskaraz egiten zieten arren ikasle ohiek gazteleraz erantzuten zutela…”.
“Ikastolako irakasle batek pasadizo bat kontatu zidan. 14-15 urte inguruko ikasle batzuk ikusi zituen, eta horietako batek euskaraz egin zuen bati bota zion: «Qué pringao, habla en euskara»…”.
“Euskaltegiko ikasleek inoizko mailarik onena dute, baina eskaileretan inoiz baino gaztelera gehiago erabiltzen da…”.
“Etorri nintzenean, esango nuke jendeak ikasten zuela euskara jakin nahi zuelako. Gaur egun, gehiago ikasten dute, baina titulua dute buruan. Kontua da ez dakidala ikaslerik izango ote genukeen horregatik ez balitz…”.
“Kontua da oraindik urrun gaudela, euskara bezalaxe, helduen euskalduntzean dauden lan baldintzak normalizatzeko. Hor ari gara, administrazioarekin betiko borrokan…”.
Hamaika baieztapen gordin, egiazko, hariari tira egin eta sakontzea merezi duten horietakoak…
Baina orduan, kazetariari bonbila piztu zaio eta ezetz asmatu! Etorkinen eta bertokoen eskola segregazioarekin gogoratu da, eta jakina, euskara omen da segregazio horren arrazoia, aitzakia, bidea edo dena delakoa, eta berebiziko galdera distiratsu, Pulitzerra merezi duen horietako jaurti dio Andoniri ustekabean, txisteratik aterata bezala:
“Eskoletako segregazioaz luze eztabaidatu da. Arabako Errioxan zein da egoera?” Eta irakasleak erantzun:
“Eskola publikoa eta ikastola Bastidan eta Oionen daude, eta esango nuke bi herrietan segregazioa nabarmena dela. Pena handia ematen dit euskara bereizteko erabiltzeak, eta ez biltzeko”.
Berriro eskola publikoaren eta ikastolaren arteko “banaketa gaiztoa”. Berriro ere, eskola publiko“integratzailea” eta ikastola “segregatzailea”. Eta barriro be, euskara “banatzeko eta ez elkartzeko” erabilia.
Errematerako, erantzun horixe aukeratu du kazetariak elkarrizketako goiburu gisa:
“Pena handia ematen dit euskara bereizteko erabiltzeak, eta ez biltzeko”.
Maila (eskax) horretan gabiltza. Onkeriak eta menpekotasunak hezurretaraino jota.
Negargura ematen du halako aldrebeskeriak, ez Vocenton edo Prisan, baizik eta Berria batean ikusi behar izateak.
Hau da marka, hau!
Jaurlaritzan euskararen erabilerari zangotraba… Eusko Jaurlaritzak!
2019-03-04 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika ez da bat eta bakarra.
Salatu izan dugu lehenago be: agintari bakoitzaren jarreraren arabera, alde handiak daude sailetik sailera, zuzendaritzatik zuzendaritzara, eta are handiagoak herritarron diruz hornituta diharduten agentzien, “enteen”, sozietate publikoen, fundazioen eta abarren kasuan.
Bestela esanda, HPS-k (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) emandako irizpideak gorabehera, sail bakoitzak erabaki ohi du bere hizkuntza politika neurri handi batean, are zuzendaritza bakoitzak ere.
Aldibereko itzulpen zerbitzuak indartzeko eta erakunde euskaltzaleoi zerbitzu horren / horien erabilera errazteko proposamena luzatu zion ELAk HPSri 2018ko urrian. Ahoz lehenengo, bilera batean, eta idatziz aurrerago zigilu eta guzti.
Proposamenari erantzunik ez dugu jaso oraindino, baina igaro otsailaren 28an Genero-berdintasunaz saio bat antolatu genuen Lakuan, eta horretarako aldibereko itzulpen zerbitzua doan erabiltzeko baimena eskatu genion HPSri, eta HPS-k baietz erantzun. Alabaina, botereatsuagoak diren beste gobernu-atal batzuk ez zeuden gauzak errazteko prest.
Prestakuntza sindikalerako saioa DEBEKATU lehenik
Gobernantza saileko Lan Harremanetako Zuzendaritzak oztopoak eta bi ipini zituen saioa ez genezan burutu. Lehenengo, debekua ezarri zigun, “prestakuntza sindikal saiorik” Lakuan ezin genuela gauzatu argudiatuz. Antza Lakuatik kanpora bai, baina Lakuan bertan ez, aizue.
Debeku horren aurrean, “prestakuntza saioa” ez, baina “langile batzarra” egiteko baimena eskatu genuen arrapaladan, eta horretarako baimena eman zigun ostera (batzar-ordu oso mugatuen kaltetan).
Alabaina, itzultzaileak gurekin harremanetan jarri ziren hurrengo egunean, harrituta, euren parte hartzea bertan behera geratzen zela ohartarazi zietelako HPStik.
Antolatzaileok ostera, ez genuen beste debeku horren berririk, baina HPSra deitu, eta erantzun ziguten Lan Harremanetako Zuzendaritzak ezarri ziela aldibereko itzulpen zerbitzua ELAri uzteko debekua.
Jaurlaritzak euskaltzaleoi zangotraba
Lan Harremanetako Zuzendaritzara luzatu genuen beste debeku honen zergatiaz galdera, baina ez ziguten erantzunik eman. Eta aldibereko itzulpenik gabe egin behar izan genuen batzarra, langile elebakarren kaltetan.
Ez daukagu hitzik Jaurlaritzaren jarrera izendatzeko. Edo bai, baina ez du merezi.
Dena dela, Jaurlaritzako sailburu, sailburuorde, eta zuzendari euskaltzaleei sikiera, HPSkoetatik hasita, gure kezka helarazi gura genizueke:
Euskararen erabileran urratsak (aurrera) emateko prest gauden erakundeoi, lagundu barik trabak jartzen bazaizkigu, zelan gura duzue euskararen erabilera normalizatu?
Zertarako egin da Jaurlaritza (eta Lan Harremanetako Zuzendaritza bera) sustatzaile duen Euskaraldia?
Itzultzaileen fabore
2019-02-14 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Itzultzaileak dira bikoiztaileak; telebistan nahiz irratian hain garrantzitsuak diren, baina EAJ-PSOEren menpeko EiTBn, aurten inoiz baino ordu gutxiago eta inoiz baino prezio merkeagoan lan egingo duten horiek, Eusko Oasian oraindik ere euskaldunoi zein arreta gutxi ematen zaigun, argi erakusten duen beste adierazle bat.
Itzultzaileak dira, Eusko Jaurlaritzaren eta beste “euskal” erakunde publiko askoren erdarazko jardunari, jantzi euskalduna ematen diotenak. Berbarako, egun batetik bestera, Lehendakariak eta beste agintari askok sinatzen dituzten erdarazko testuak euskaratzen dituztenak, edota erdaraz hilabetetan zehar landutako orrialde ugaritako txosten teknikoak egun gutxitan itzultzera behartuta daudenak… Itzultzaileak diren bezala, Jaurlaritzatik kanpo, lan-baldintza kaxkarretan, Jaurlaritzak –adibidez- igorritako milaka agiri itzultzen dituztenak.
Itzultzaileak dira euskaraz jardun ahal izatea ahalbidetzen dutenak “euskal” erakunde ezberdinetako hainbat bileratan, bertoko hizkuntza ikasi ezin edo ikasi nahi ez duten erdaldunek estuasunik igaro ez dezaten, eta euskaldun euskaltzaleok euskaraz lasai aritzeko aukera izan dezagun, unionistekin eta euskaradun erdaltzaleekin ukondoka jardun beharrik gabe.
Itzultzaileak dira, aldiberekoak, Jaurlaritza eta sindikatuon arteko bileretan, sindikatu abertzaleetako ordezkarioi euskaraz jarduteko aukera bermatzen digutenak, sarri-sarritako bilera luze, astun eta gozotik gutxi duten horietan, bileretako akta-agirietan parte hartzaileen artean aipatu ere egiten ez diren arren.
Euskaltzaleok zenbat zor diegun ez dakigulako ondo.
Esker onez.
Korrika… egin klika eta alda txipa?
2019-01-20 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Klik batean izango dugu Korrika gure artean! Euskaldunok kaleetan harro agertzeko egunak… baina baita erdaltzaleak euskaldun agertzeko eta urte guztiko inertzia español-frantseszaleak astintzeko egunak ere. Euskara platonikoki maite dutela diotenek ere, giharrak luzatu eta izerdia botatzeko aukera sikiera.
Diskurtso euskaltzalearen eta praktika erdaltzalearen arteko sakanak eragiten digun egonezina askatzeko talde-ariketa erraldoia.
Españolez/frantsesez bada ere, euskara “gurtzeko” eta euskaltzaletasun lurperatua lau haizetara aldarrikatzeko eguna.
Ehunka korrikalari elkartuko gara herrian berriro, goizaldeko desordutan familia osoaren atsedena hankaz gora jarriz, euskararen eta korrikaren alde oihuka, dagoeneko ez garenaren irudi erraldoia osatzeko beste behin ere.
“Ya viene la Korrika… qué ganas tengo… L@s txikis están deseando,… ya la estamos trabajando en el cole… Habrá que hacer gaupasa… se me pone el olloipurdi… Ya viene, ya viene, ké emozión“… Horiek eta antzeko hamaika “euskal esamolde jator” entzuteko parada izango dugu laster, gure herrian eta ia eskualde osoan, euskara eta korrika bi egitate gero eta paraleloago direlako erakusle.
Bertan elkartuko dira, gara, bertoko euskal hiztun temati bakanak eta euskaraz egun on esateko gauza ere ez direnak. Ezker abertzaleko euskaltzale eta erdaltzale porrokatuak, EAJko “une jakinetako” hiztunak eta UPNko botoemale kontzientzia txarrekoak.
Paso-de-todo “enrrollatuak”, ospakizunera pozak zoratzen doazen haurrak eta Korrika saiakera gisa erabiliko duten kirolzaleak. Unerik beroenetako batean, udaletxe parean, hautetsi euskaltzale apurrak zinegotzi erdaltzale postalzaleen ondoan…
Eta igaroko da Korrika, eta klik batean ahaztuko zaie parte hartzaile gehienei zertarako zen ere, inoiz jakin badute, eta jarraituko dute españolez/frantsesez bizitzen karabana urrundu bezain laster, hitz eta putz, klik eta krak españolez eta frantsesez.
Izaera aldarrikatzailea berreskuratu behar luke Korrikak.
Mezu gozo lausoetatik, eskakizun eta aldarrikapen zehatzetara igaro. Baina oso nagusiki norbanakoei zuzenduta dago aurtengo mezua ere.
Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak (nork?) hartu beharra, lerro t’erdira mugatzen da, herritar xumeengan jarriz erabilera azkartzeko lanak eta zamak berriz ere, baldintzak gero eta zailagoak izanagatik.
Jakingo ez bagenu bezala erabileran ez direla emango urrats esanguratsuak talde eragile abertzale nagusietako ARDURAdunek, TXIPA aldatu eta HITZA betetzea erabakitzen duten arte. Eta Euskalgintzak –oro har- eraikin instituzionaletako pasilloak utzi eta kalera, gizartera, jende artera itzultzea erabakitzen duen arte.
Klika nork eta non egiten duen, emaitza ez baita berdina izaten.
Euskal kulturaren kontsumoa… Nor dago ardurari heltzeko prest?
2019-01-07 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Euskarazko produktu eta zerbitzu erabilgarri askoren ezagutza mugatua da… balizko erabiltzaile gehienok ez ditugu dauden aukerak ezagutzen…Euskarazko produktuen eskaintza sakabanatuta dago, erdarazko eskaintza erraldoiaren zirrikituetan ia-ia galdurik. Oraindik ez dago halakoak ezagutarazten eta bilatzen lagunduko digun gune erreferentzialik… Euskarazko produktu eta zerbitzu guztiak sistematikoki jasoko dituen aurkibide edo direktorio baten premia dugu, non erraz izango genukeen eskaintza zein aukeren berri. Hordagoa jotzeko ordua iritsi da...” Iñaki Martinez de Lunak Argian bertan idatzitako lerroak dira. Eta bat nator, baina uste dut haratago joan beharra dagoela. Eta Hordagoak aspaldi behar zuela.
Ez da sinistekoa oraindik ere, 2019an, tresnarik oinarrizkoenak eratu/hedatu barik izatea. Euskarazko eskaintza bilduta ikusteko Durangora jo behar izatea ia derrigor. Euskal kultura kontsumitzea aukera militantea izatea eta ez aukera librea…
Arazoa ez baita sakabanaketa soilik. Euskarazko kultur eskaintza oso urria da erdarazkoaren aldean, baita Euskal Herrian bertan sortutako erdarazko eskaintzarekin alderatuta ere sarri. Euskarazko produktuen eskaintzarik oparoena duen denda-katean ere, adin batetik aurrerako euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da erdarazkoarekin alderatuz gero.
Txirrindularitzaz dozenatik gora liburu… erdaraz guztiak.
Hain “gureak” diren eta mundu mailako erreferente euskaldunak dauzkagun mendizaletasunari, sukaldaritzari, edo txirrindularitzari lotutako eskaintzari erreparatu besterik ez dago, egoeraren larriaz ohartzeko. Esparru horietan ere, agerikoa da euskarazko eskaintzaren ahulezia ikaragarria. Hainbestekoa, non punta-puntako zenbait sortzaile euskaldunek ere erdararen aldeko apustua egiten duten, euskara bazter utzita, etekin seguruaren bila… finean euskaldunok ere erdaldun baikara.
Adibide latzak jar daitezke. Euskal Herriko bide, mendi, erreka eta bestelako bazter guztien berri erdara hutsez ematen duen ekoiztetxearena bezala, edo errezeta liburuak erdara hutsez atera eta atera ari diren sukaldari ospetsu euskaldunenak bezala, edo erdarazko hedabide-kateak euskarazkoak baino askoz hobeto zaintzen dituen Jaurlaritzarenak bezala… edota erdara hutsez ekoizten duten sortzaile ezin abertzaleago horienak bezala.
Baratza, loragintza… ia guztiak erdaraz.
Eskaintzaren meheari, sustapen oso mugatua eta erakustoki are urriagoak gehitzen bazaizkio, eta erdarazko eskaintza animalekoa gaineratzen, ikaragarri zaila gertatzen da euskal kulturaren kontsumoa hazaraztea. Hau ez da direktorio soil batekin konpontzen (zein ona eta beharrezkoa den ere).
Egoera larri hau iraularazteko hizkuntza politika neurri sendoak abiaraztea ezinbestekoa da: sortzaile euskaldunak babestu lehenik, euskarazko eskaintza askoz gehiago ezagutarazi, saretu eta hedatu, beste hizkuntzetan sortutako kalitatezko produktuen itzulpen bidezko eskaintza ugaritu…
Ardura alderdi abertzaleena da lehenik eta behin (ez diogu beharleku hau Mendiari, Alonsori edo Abascali eskainiko ezta?), baina baita gure “konfort-eremutxotik” irten ezinda gauden euskaltzale profesionalena adibidez, eta beste euskaltzale guztiena ondotik, nori bere neurrian.
Hordago joko diogu handiari behingoz? Ala jarraituko dugu txikira enbidoka eta jokoak galtzen?
Euskaldunegiak-edo
2018-12-26 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Españolek edo frantsesek dituzten hizkuntza-eskubide berberak aldarrikatzen dituztenak dira euskaldunegiak. Txarto hezitako umeak legez, daukatenarekin egoten ez dakiten horietakoak. Edozein Tabernatan sartu, eta tabernariari “zurito bat” eskatzeko beldurrik ez dutenak, zerbitzari erdaldun gaixoak estualdi larri batean jarriz, inongo beharrik gabe. Lotsabakoak.
Telebista kate bat gutxi iritzita, gainera kalitatezkoa izan dadin galdatzen duten horiek, eta bakarra barik, bi kate izan daitezela!
Erakunde abertzaleei erdaraz jarduteagatik kargu hartzeko gauza diren esentzialistak.
Koadrilan erdaldun bat edo beste egon arren, erdaldun gaixoak eta erdal-elebidun baketsuak aztoratzeraino euskaraz berba egiteko gauza diren edukazio bakoak.
Alderdi politiko zentzudun guztiek (baita VOX berak ere) euskara borondatezkoa izan dadin aldarrikatu arren, euskara Euskal Herrian, espainiera eta frantsesa Espainian edo Frantzian diren bezain derrigorrezkoa izatearen alde dauden buruberoak!
Euskal nazioak euskalduntasuna berreskuratu behar lukeela amesten duten eroak… Euskararen lurraldeei, “EAE, Nafarroa eta Pirynées atlantiques” esan ordez, Euskal Herria esaten tematzen diren ETAkumeak. Jende basak (VOXekoak ez, euskaldunegi horiek baino).
Lan mundura etorrita, lanpostu bat edukitzearekin ase ez, eta areago lan baldintza duinak exijitzen dituzten langileen edo kontrabotereko sindikalisten antzekoak lirateke.
Edo generoen arteko desoreken auzian, gizonkien alardean desfilatzea edo generoen arteko erabateko berdintasuna exijitzen duten feminista horiek bezalakoak.
Gizarte egonkor (kontserbadore) eta anitz (asimilatu) honetarako euskaldunegiak. Deserosoak labur esanda.
Euskal astoa bizirik! (Utikan Troiako astoak)
2018-12-16 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Astoa abere noblea izanagatik, gizakumeak gutxiesteko erabili ohi dugu. Astamandoak, astazakilak, astotzarrak… ez dira deitura gozoak, baina izan badira gure artean halakoak.Troiako astoak bezala. Ugazabek gure artera, euskaldunon etxera, bidalitako aleak izan ohi dira, bazterrak nahastu eta zangotraba egitera. Sarri, gure artean hazitako astoak hezi eta Troiako bilakarazten dituzte.
Asto makurrak izan ohi dira, ostikozaleak. Euskaldunok, herri otsandua –“eskuzabala eta anitza”, euskara politikokixuxeneraz – izaki, abegi on egiten baitiogu edonori. Baita gure etxetik bota nahi gaituztenei ere.
Horra Idoia eta Andoni izeneko Troianoak berbarako, euskaradunak izan arren, ugazaba espainiarrei gustua ematearren, euskaldunoi zangotraba egiten digutenak gure boteregune mugatuetatik bertatik. Edota Alfredo bera, euskaldunontzako ez, baina zakurrentzako turismo-gida mardula osatu duena (esan gabe doa Alfredoren aurretik egon zirenek ere ez zutela egin).
Etxe-etxeko Troiako astoak ere badira nonahi. Horiek dira ostikorik mingarrienak askatzen dituztenak. Kalte gehien egiten digutenak: erakunde abertzaleetan txertatutako Troianoak dira arriskutsuenak. Asto euskalduntzat dauzkagun horiek. Ustez gure bidelagun direnak. Goian eta behean, eskuin-ezker, inguru guztietan daude.
Euskaraz jakin ez eta ikasteko asmorik ez dutenak, ingurukoak erdaraz egitera behartuz, eta gogaikarrienak, euskaraz jakin arren egiteko prest ez daudenak, nahiz inguruko guztiak ahalegin betean ikusi.
Inposatutako hizkuntza barreiatzen dute barra-barra euskaldun “eskuzabal eta anitzon” artean, “jende guztiek, erdaldun elebakarrek erran nahi baita, uler dezaten”, eta batez ere, Troiako astotzarrok erosoago dihardutelako inposatutako hizkuntzan euskaraz baino, zein “euzkotar peto”, “jeltzale”, (kausabako) “errebelde”, “abertzale total”, “ekologista”, “feminista”, “iraultzaile” edo “elkartasunzale” diren ere. Eta ez dute ikasi edo euren jarduna aldatzeko asmorik, ugazabek txalo bero egiten dietelako, eta batez ere, asto euskaldun “eskuzabalek” Troianoen hizkuntza-aukera “librea” errespetatzen dutelako inozoago ezin, euskaldunon aukera “librea” zapuztu eta txikitu arren. Troiako astoei, hangoei eta hemengoei, adi!
EKAITZ FERPEKTUA NAFARROAN
2018-11-28 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Nafarroan (ere) euskararen (euskaldunon) egoerak onetik ezer ez duela badaki (jakin nahi badu), begiak eta belarriak dauzkan edonork.
Aski da “eremu euskalduneko” herrietatik adi igarotzea, balantza egiteko eta “eremu mixto eta ez euskaldunean” euskararen (euskaldunon) osasuna zein izan daitekeen ondorioztatzeko.
Unionismoa mozorrotik gabe jasaten dugu Nafarroan. CCOO, UGT, PSN, UPN, eta PP koalizioa dira hizkuntzaren auzian ere, denek euskara behin betiko museoratzeko ahalegin agerikoan, lotsagabe, harrokeriaz, eta euskaldunekiko erdeinuz.
Bestaldean, “gurean”, EHBildu, GB-EAJ… Podemos?… eta IE (baita zera ere) leudeke. Daude ez, leudeke baizik. Ez baitago argi. Alderdi abertzaleen itxurakeriak goia jotzen du hemen.
Administrazioan Euskaraz taldearen lan nekaezin eta ausartari esker, jakin dakigu “aldaketaren gobernuak” euskaldunoi paso egiten digula uste baino gehiago(tan). Hainbeste(tan) egiten digu ezikusiarena ze, Joseba Otanoren taldeak Arartekoarengana jo behar izan duen gure eskubiderik oinarrizkoenen defentsan… beste behin ere.
Nafarroako “aldaketaren” Gobernuak 3 urte pasa bete dituenean, 63 lan eskaintza publikotan ZERO puntu eman dizkie, Lingua Navarrorum zelakoa menperatzen zutenei. Lagun albaitari batek esaten zigun lehengoan, UPN gobernuan zela euskararen ezagutza baloratu ziotela, eta azken deialdian, “aldaketatarrak” gobernuan, zero. Marka da gero… Soilik Osasunbidearen 11 deialditan eta Turismo sailaren 2tan baloratu omen da euskaraz jakitea. Guztietan baloratu dira frantsesa, ingelesa eta alemaniera, hagitz kosmopaletoak baikara, arraioa.
Esan beharrik ez dago espainiera derrigorrezkoa dela Nafarroako Erre(n)inuan, Eusko Oasian edo Bollulos del Condado-n bezainbeste.
Administrazioan Euskaraz Taldeak azpimarratu bezala, lan deialdi gehienak zerrendak osatzekoak izan dira, horietan ez da euskara jakitea baloratu, gero Nafarroa osoan erabiltzen diren arren, baita eremu euskaldunean ere… Euskararen Lege (murritzak) dioenaren kontra. Aldrebeskeria galanta.
“Aldaketaren” Gobernuaren jardun ulertezin honen atzean, Izquierda-Ezquerra (Izquierda Unida-Batzarre) alderdi ttipiaren jarrera espainiazale amorratua dagoela entzun izan dugu, eta honen atzean sindikatu unionisten interes are amorratuagoak, antza. Era batera eta bestera, unionisten erasoaren eta abertzaleen utzikeriaren eraginpean, euskaldunon eremuak gero eta mugatuagoak, gero eta zailagoak dira Nafarroan, uste izan genuenaren zeharo kontra.
Alderdi (ustez) abertzale bati eman genion bozka etxean azken hauteskundeetan. Hurrengoetarako bozka hasi gara prestatzen. Geuk idatzita joango da, eta kopia bana bidaliko diegu alderdi abertzaleetako buruei. Izquierda-Ezkerrako chupiguay-ei ere bidaliko diegu oraigarriren bat, noski. Bien bitartean, perfekturik ezer ez dagoelako itxaropenari helduta bizi gara euskaraz, uzten digutenean.