Konpostajearen 3 printzipioak
Aurreko sarreran aipatu genuen bezala, konpostagailua ez da edukiontzi soil bat, konpostagailuak, konpostaje prozesu egoki bat burutu behar badu, mantenu eta zergatik ez, mimo apur bat eskeini behar zaio. Bestela betiko arazoak datoz: usain txarrak, euliak, konpostarik eza…
Horregatik, sarrera honetan, konpostajearen 3 printzipioak erakustera natorkizue eta, nola ez diren printzipio unibertsalak, eta ni ez naizen inongo konpostajearen zientzialari aditua… “nahi baek kaso in ta bestela ez“.
Printzipio hauek ez zizkidan Konpostajearen Jainkoak Txindokiko puntan eman, printzipio hauek aurrez ere bazeuden eta esperientziarekin gurera apur bat egokitzea izan da, batez ere gure klimatologiari, beste klima bat duten lurraldeetan, agian printzipio hauetako bat soberan legoke.
KONPOSTAJEA = ZATI TXIKIAK + EGITURATZAILEA + AIREZTAPENA
1. Printzipioa.
Zati txikiak: konpostagailura botako dugun materia organiko guztiak, AHAL DEN zatituena botako dugu. Ez izan Argiñanotarreneko Karlox bezala, ez ibili labana hartu eta dena xehe-xehe egiten, baina ez bota sagar osoak, oilasko eskeleto osoak… logika baten barruan dena, mesedez. Lehenik logika, gero konpostajea.
2. Printzipioa.
Material egituratzailea: gure hondakin organikoen gehiengoa oso humela eta bustia da, gogoratu zuen zabor poltsak “antigoteo” direla, zergatik ote? Gure konpostagailuan soilik hondakin organiko hezea botako bagenu, usain txarreko masa nazkagarri bat eratuko genuke, eta hau ez da guk nahi genuena. Gure sukaldeko hondakin organiko hezeekin batera, BETI egituratzaile bat nahastu behar diogu. Egituratzaile honek, gehiegizko hezetasuna lehortuz gainera, egitura trenkadatu eta esponjoso bat emango dio gure konpostagailuko nahasteari. Orokorrean, hondakin organikoa botatzen diogunean, beste horrenbeste egituratzaile botako dugu konpostagailura. Nere iritziz, egituratzaile egokiena, inaustutako zotzak dira, baina horren faltan, txirbila, zerrautsa, hostoak eta belar lehorra erabili ahal dugu. Egituratzaileak ez dauka 100%ean lehor lehorra egon beharrik, beraz ez deitu “material lehorra”, deitu material egituratzailea. Urrengo atalean hitzegingo dugu honi buruz, luze eta zabal.
3. Printzipioa.
Aireztapena: Tenperatura erregulatzeaz gain, oxigenoa sartzen diogu konpostagailuari eta usain txarrak ekiditen dira. Konpostagailu baten alboan, egituratzailea gordetzeko ontzi batez gain, aireztagailu bat egon behar du. Aireztagailu deritzon, txerri buztan formako tramankulu honekin, GUTXIENEZ astean behin nahastu egin behar da konpostagailu barrena, bildurrik gabe, ez utzi gunerik aireztatu gabe, zeren usain txarrak sortzeko arriskua baitago. Aireztapen on bat duen konpostagilu batek, ez du usain txarrik. Aipatu izan didate, soilik gainazala aireztatu behar dela. Nere iritzi xumean, gguztia aireztatzea gomendatzen du, konpostagailu asko ikusi ditut, gainazalaren justu azpiko geruzak aireztatu gabe eta berebiziko kiratsa dariotenak.
Konpostagailu bat duen orok, hiru printzipio hauek jarraitzea gomendatzen dut. Gero bakoitzak nahi duena edo ahal duena egingo du. Ez da erraza, konpostagilua, umeak, lana eta hipoteka partekatzea, baina 3 printzipio hoiek hortxe daude eta esperientziak esaten dit, lagungarriak direla.
7 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Egunotako beste albisteen bilduma | Zero Zabor - […] Konposta “Konpostajearen 3 printzipioak” (J.A. Galarraga, Konpostazank! […]
- Konpostagailuaren kokapena | Konpostazank - […] euli hiltzaileen eta xagu gudalosteen bildurra dagoela. 300 litroko konpostagailu txiki batek, konpostajearen hiru printzipioak jarraituta, ez luke usain…
Egun on:
Gauza jakina da konpost kontuetan zenbat buru, hainbat aburu izaten dela. Zu teknikari aditua zara eta ni konpostatzaile arrunt bat, bere esperientzia soiletik ari dena, baina harrituta nago eman dituzun datuekin. %50 egituratzailea botata (horrela egiten nuen konpostatzen hasi nintzenean), hezetasunak behera egiten du, eta ondorioz, tenperaturak ere. Nire etxean behintzat hala izan da. Orain %20 inguru da egituratzailea, eta tenperatura hartzen du, hezetasunik ez du galtzen eta harro-harroa dago. Ni Iruñerrian bizi naiz, eta baliteke tokian tokiko ingurunearen hezetasunak eta tenperaturak zerikusia izatea, baina %50 material egituratzailea botatzen nionean, gero ureztatu egin behar izaten nuen konposta.
Bide batez, nik hasieran konpost multzoa osorik aireztatzen nuen, zuk aholkatu bezala, baina horren ondorioz, nahasi egiten zitzaidan beheko aldean jada ondua dagoen konposta goialdean bota berria den materialarekin . Orain goialdea baino ez dut aireztatzen (15-20 cm.), behekoa bakean utzita, eta aise hobeki doakit.
Hau guztia kontatzen dut, jakina, gehiago ikasteko xedez, ez polemizatzeko asmoz.
Izan ongi
Aupa Aitzol. Lehenik eta behin, mila mila esker iruzkinagatik. Oso interesgarria planteatzen duzuna.
Hasera batean egituratzailea %50ean erabiltzea gomendatzen da. Noski, denbora igaro ahala, egituratzaile honen konpostatze erritmoa, gai organiko hezeena baino geldoagoa izango da. Honek, konpostagailu barruan egituratzaile Stock bat izatea ekarriko du eta noski, egituratzaile proportzioa jeistea beste erremediorik ez dugu izango, konpostagailua segituan bete ez dezagun. Guztiz ados zurekin.
Idatzi ditudan hauek, tituluan ipintzen duen moduan: “printzipioak” dira. Oinarrizkoak, ez dira dogmak eta betirako balio duten aholkuak. Ez noski. Baina hasteko modu bat da. Bestalde, ez naiz aditua. Ez ditut behar adina akats egin aditu titulua lortzeko eta askotan, erabiltzaile batek, bere konpostagailuaz gehiago daki, neuk baino.
Iruñerrian egiten duzuen konpostaje mota ez zait guztiz ezaguna: bolondresa edo behartua? Soilik barazkiak? Sukaldatutako janaria bai? Etxolak ala 300 litroko konpostagailuak?
Nik Tolosaldean ikusi dudana, hezetasun gehiegirekin arazo gehiago daude lehortzearekin baino. Klima ezberdinak dira. Hemen, etxe ugari dira beren organikoaren %100a konpostatu BEHAR dutenak. Hauentzako konpostaje prozesu eroso bat sortu nahi da, konpostaren itxura alde batera utzita. Usain txarrik gabe eta lan handiegirik gabeko konpostajea lortzen bada, ni eta erabiltzaileak, gustora. Organikoa konpostagailura, ez zabortegira. Hori da lehen helburua.
Hala ere, habilezia handia behar da, azpiko geruza ukitu gabe aireztatzeko eta aldi berean, oxigenazio egoki bat ematea geruza guztietan, oxigeno gabeko azpiko geruzarik utzi gabe. Nik, “tapoi anoxikoa” deitzen diot, baina hau beste gai bat da. Hala ere, erabiltzaileei, 6 bat hilabete inguruan, konpostagailuaren albo atea ireki eta ea konpost geruza zenbaterainokoa den ikusteko gomendatzen diet, eta NAHI IZATEKOTAN, aireztatzean berau errespetatzea.
Esker mila zuri, erantzuteagatik. Iruñerrian mankomunitateak martxan jarria du hala nahi duten herritarrendako banakako konpostatze programa (uste dut Iruñeko Sanduzelai auzoan eta Atarrabian ere badirela konpostatze kolektiboko esperientziak). Nahitaezkoa da gutxienez 50 metro koadroko lursaila izatea. Konpostagailua (3 tamaina dituzte eta lursailaren arabera banatzen dira) eta aireztagailua uzten dizkizute (aldez aurretik eskatuta, inausitako zotzak txikitzeko xehagailua ere uzten dizute astebeterako) eta urtea pasata teknikaria etortzen da bisitan. Ongi bazabiltza, ez da gehiagotan etortzen. Mankomunitateak aholkatzen du soilik barazkiak botatzeko, eta ez denak (laranjarik ez, kasu). Egituratzailea nork bere aldetik eskuratu behar du.
Tapoi anoxikoarena entzun gabea nuen. Adi egonen naiz, oxigeno gabeziarik sumatzen ba ote dagoen ikusteko.
Gu Sakanan bizi gara eta dagoeneko urte mordoa daramagu etxe ondoko baratzean konpostatzen, barazki eta fruta hondakinak botatzen genituen. Duela urtebete ingurutik hondakin organiko guztiak bota behar ditugu konpostagailura.
Haragi eta arrain hondakinei dagokionez, bi kontu: batetik, hezurrei dagokionez ez da batere erosoa, izan ere ez dira sekula santan konpostatzen/konpostatuko. Beno, arrainenak bai.
Bestetik, lehen izaten zuen usain bera ez dauka, baina ez da beldurtzeko modukoa.
Hondakinak txikitu behar direneko aholkuarekin erabat ados.
Dena goitik behera eta ezker-eskuin nahastearen kontuarekin. Guk zera egiten dugu. “txerri-buztana” (gustatu zait izena) barruraino sartu eta gora bulkatu pare bat aldiz. Hau da, gora bulkatu, baina ez nahastu. Horrela konpostagailu guztian. Ondoren goiko partea, berriena, bai nahastu. Guri funtzionatzen digu.
Azkenik, egituratzailea. Lehendik konpostagailuak daukan kantitatea kontuan izanik (fruta hezurrak, fruitu lehor kaskalak, hezurrak, itsaski oskolak, ezpaltxoak….) ez diogu egituratzaile berri askorik botatzen. Eta botatzen badugu orbela eta ezpaltxoak dira.
Aupa Idoia.
Hezurrena guztiz ados zurekin. Hazken finean, konpostean hezurrak ez dira erabat desegiten. Produktu bezala, hezur soil eta haragirik gabekoa agertzen da, bisualki nahiko ezatsegingarria dena. Hala ere, hezur honek ez du jada materia organiko zipitzik, horregatik, nere ustez konpostaje ostean errefusara botata ere, ingurumenean ez du eragin esanguratsurik.
Nahastearena, ez dut esan nahi irabiagailu bat bezala egin behar denik (ezinezkoa da), kortxo ateratzaile baten moduan erabili behar da “zerri buztana”, zeuk egiyten duzn bezala. Niri, dadoaren bostgarren aurpegia bezala aireztatzea gustatzen zait. Erdian eta lau ertzetan. Eta nahiago dut, hiru helizeko aireztagailua, seiko baino. Hauetaz hitzegingo dugu aurrerago.
Egituratzaileari dagokionez, lehen ahaztu zait esatea konposta atera eta bahetu eta gero, geratzen den egituratzaile hori konpostagailuaren alboan utzi izan dugula eta berrerabili.
Guztiz ados horrekin. Egituratzaile berri honek, inguru guztia konpostajean aritzen diren xomorroez betea du eta konpostagailu berrira inokulatu ahal ditugu.