Hasiera »
Jon Ander Galarragaren bloga - Konpostazank!
Jon Ander Galarraga Zubeldia
Biologoa titulazioz, ikertzailea bokazioz eta konpostaje teknikaria ofizioz. Konpostajea bizidunen zientzia bat delako, ikertu eta hobetu dezagun. Konpostaje prozesu efiziente batek, hondakin organikoen kudeaketa merke eta egoki batera eraman gaitzakeelako… konpostazank!!!
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- luis Mari Olaizola(e)k Jon Ander Galarragaren bloga bidalketan
- Ia beterik dugu gure lehen konpostagailua! | Uliako Lore-Baratzak(e)k Tenperatura bidalketan
- Albiste bilduma, urtarrilak 01 – 31 | Zero Zabor(e)k Konpostaren sekretua ez dago dituen elikagaietan. bidalketan
- Jon Ander Galarraga(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
- Karlos(e)k Konpostazank!!!! bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
Konposta ARAZO bihurtu zeneko hura.
2016-06-18 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Aspaldian konpostagilu zokoan egon ostean, hementxe gara bueltan. Gaurkoan ez dugu ordea konpostatze metodo berri bati buruz hitzegingo, gaurkoan IRITZIA eman nahi dugu, nahiz eta blog hau ez den iritzi blog bat.
Ez naiz alde batean edo bestean egotearen zale, baina gai bati buruz jakintza bat dudanean eta gai horri buruzko gauza “arraroak” entzuten ditudanean, defendatzea beste aukerarik ez daukat.
Aurreko astean Koldo Mitxelena liburutegian izan ziren konposta jardunaldietan egon nintzen, entzule moduan. Jende interesgarria ezagutu nuen eta asko ikasi nuen, bai konpostajeaz, bai legediaz eta bai Gipuzkoan konpostajean izango duen etorkizunaz.
Jardunaldiak bi atal nagusi izan zituen nere ustez: “konposta ideia ona da” eta “konposta arazoa da”.
“Arazoa” konpostagailuan
Laburbilduz, laster egingo den Epeleko konpostatze gune bikainaren bideo bat ikusi genuen, bikaina, polita, modernoa, aurrerakoia eta txundigarria. Pena da irudien gehiengoa digitala zela, espero dut, berandu baino lehen, pixel hoiek benetazkoak izatea. Ostean, adituen eskutik, konpostaren analisi eta legediaren arloak jorratu ziren, oso oso interesgarria guztia, bikaina!
Azken zatian ordea etorri zen danbatekoa. Aureko atalean, konpostaren birtude eta bikaintasunak erakutsi ostean, Epelen egingo den konpostajeren tenplua ikusi ostean eta konpostak-legedia harreman “arraroaz” informatu ostean, ondorio bakarra atera zen: Epelen lortuko den konposta arazo bat izango da, zeren ez baitauka irteera komertzialik. Naiz eta kalitate gorenekoa izango den eta legediaren barruan egongo den. Irteerarik ezean, pilatzea besterik ez da egongo eta hau arazo espazial bat izango da gure Gipuzkoa txikian.
Munduko logika unibertsalak dio, arazo bat datorrela baldin badakizu, erremedioa ipini behar zaiola etorri aurretik, eta hortxe topatu nuen koxka jardunaldi hauetan, “arazoaren” aurrean erremedio POSIBLE bakarra planteatu zela: konpostari balore komertziala ematea, hau da, konposta PUBLIKOA, gure enpresen lehiakide izatea.
Zail zait ulertzea, auzokonposta guneetan eskuetatik kentzen duten konpostak, ez duela irtenbiderik izango. Zaila da ere pentsatzea, edozer obra egiteko edo edozein hondakin kudeatzeko, inongo arazorik gabe inguruko lurraldeetara jotzen dela ikustea eta konpostarekin ordea, ezin dugula Gipuzkoatik irten, Gipuzkoan metatu beharko dugula gure konposta eta Gipuzkoa osoa konposta azpian itoko dela… hau da konpostarekin Gipuzkoarrok dugun “arazoa”. Zaila bai, ulertzea.
Datu xume bat. Konpostagailuen errendimentua %10 inguru da. Hau da, 100 kilo hondakin organiko konpostagailuan bota ezkero, 10 kilo konpost lortu ahal da. Alderantziz pentsatuta: 10 kilo konpost badugu, 100 kilo hondakin organiko kudeatu ditugulako da. Hau horrela, tona bat konpost lortzen badugu, 10 tona hondakin organiko kudeatu ditugula esan nahi du. nere iritziz, konposta horrek jada funtzio bikaina egin du organikoaren kudeaketan.
Ez naiz inongo mikrofonodun aditua, ez naute jardunaldietara gonbidatzen eta ez naiz “Master Composter” bat. Nere egunerokoa, konpostagailu barruan burua sartu, beraren tenperatura neurtu, bertako fauna ikusi-ulertu eta konpostatzaileari egiten ari den lan bikainean aholkatzea da, askotan, konpostatzailea berak ni baino gehiago jakin arren.
Baina Epelen egingo den konpostze gune bikain hori ikusi eta bertatik sortuko den konposta arazo bat izango dela entzuteak, belarri atzean min egiten dit. Batez ere, gugandik gertu, eremu txikitu, kutsatu eta lehorrak ehunka daudenean.
Nahiago dut tona bat konpostekin arazoak izan, “arazo ez den” 100 tona hondakin organiko edukitzea baino.
Eta bide batez, hemen konposta beharra duten eremuak.
http://www.elmundo.es/ciencia/2016/06/17/5763b74222601d58488b45ab.html
60,1,1
2016-03-30 // auzokonposta, hobekuntzak, tenperatura // Iruzkinik ez
Zenbaki magikoak ditugu 60,1,1.
Auzkonposta eta bere arrakasta bermatzen dituzten zenbakiak. Behingoz, matematika eta konpostajea lotu ahal dituen zifra bat. Hala ere, magikotik baino gehiago du ikerketatik.
Auzokonposta guneetan sortzen diren arazoak, etxeko konpostagailu batekoak baino handiagoak eta bisualagoak dira, herriguneetan daudela ez ahaztu. Arazo hauen gehiengoa, auzokonpostagailu barruan 65-70 graduko tenperaturak lortuz ekiditen da, tenperatura hauetan materia organikoa oso azkar kospostatzen baita eta ez dago tenperatura horretan arazoak emango dituen euli edo bestelakorik, zer esanik ez, higienizaio baldintzak ere betetzen dituela.
Tenperatura hauek lortzeko ordea bi faktore nahitezkoak dira: erabilera eta bolumena. Auzokonposta erabili egin behar da, guztia botaz konpostagailura. Modu honetan soilik bermatzen da materia organiko iturri konstante bat eta tenperatura altuak lortzea ahalbidetu digun bolumen handi bat.
Txarrena, erdi bidean geratzen diren auzokonposta guneak dira. Espazio ugari dute, baina erabilera eskasa. Erdi bidean geratu diren auzokonposta hauek ez dute beharrezko tenperatura lortzen, ez baitute materia organiko konstante bat jasotzen eta 30-35 gradu ziztriñetan geratzen dira, sarritan euliz josiak (tenperatura egokia dute arrautzak ipintzeko) eta konpostatze abiadura oso motelarekin (materia organiko erdi konpostatua). Honela, materia organikoak asko irauten du auzokonposta barruan eta arazoak sortzeko aukerak handitzen dira.
Horregatik adi zenbaki hauei: 60,1,1.
60 pertsona, 1 metro karratu eta 1 hilabete.
Auzokonpostagune baten arrakasta bermatzen duen zenbakia da. 60 pertsonak bota behar dituzte beraien biohondakin GUZTIAK, metro karratu 1-eko bolumena duen gune batera eta honela hilabeten 1-ean beteko da gunea. Ostean beste gunean hasi leike erabiltzen eta hau hilabete batean betetzean, aurrekoa hustu eta berriro zikloa hasten da.
Eta honen adibide praktikoa, Astigarragako auzokonpostak. Batere arazorik ematen ez duten txabola moduko konpostagailuak, biohondakin mordoa kudeatzen dutenak eta mantentze erraza dutenak.
Gogoratu: 60 pertsona, metro karratu 1, hilabete 1.
“Zoroek” irekitzen dituzte, “adituek” jarraituko dituten bideak. Matematika eta konpostajea, noski baietz!!!
Sortzaile bereziak
2016-03-09 // hobekuntzak, iritzia, Konpostatze berezia // Iruzkinik ez
Sortzaile berezi deritzogu, berebiziko hondakin organiko kopuru handiak sortzen dituzten erabiltzaileei. Kopuru honi kilo edo litrotan zifra bat ipiniko nioke baina zifrarik hoberena “etxe arrunt batek baino gehiago sortzen duena” esaldia izan leike.
Egunen batean iritsiko da matematika eta konpostajea lotuko duten/dugun edo dudan garaia, bitartean “begimetroa” erabili behar, nahiz eta biologo batentzat zenbakirik gabeko neurketek zerebroan ultzerak sortu!
Honezkero, sortzaile bereziak, jatetxe eta bestelakoak direla ohartuko zineten honetan, jakingo duzue ere, hauek 300 edo 700 litroko konpostagailu pònpoxo batekin ez dutela ezta hasteko ere.
Esperientziak esaten dit (esperientzia txarrek), jatetxe arrunt eta ez oso handi batek 700 litroko bi konpostagailu aste betean topera betetzen dituela… hondakin organiko GUZTIA botata noski. Arazo hau, konpostagailura gutxiago botata konpondu leike, baina, lauzpabost letxuga axalekin egiten den konposta ez da biohondakinen autokudeaketa eta prebentzioa, hori dibulgazioa edo eko-postureoa izan daiteke. Gu hemen, biohondakinen prebentzioa eta kudeaketarako gaude.
Sortzaile berezi hauen konpostajea, konpostagailutik kanpora egitea da hoberena, aire librean eta behar bezala isolatuta eta kudeatuta. Ez gara ari biohondakin mordo bat belaze erdian nola desegiten den ikusten. Hondakin organiko hau aireztatu eta tenperaturaren kontrola eramatea beharrezkoa da. Gainera, egokiena metro terdiko biohondakinen lerro luzeak osatzea da eta horretarako egokitutako gailuekin aireztatzea, edo urrengo adibidean bezala, egurrezko konpostagailu erraldoietan egitea.
www.azurmendi.biz
Gure kultura gastronomikoak sortutako jatetxe guzti hauek, beraien hondakin organikoak modu honetara kudeatuko balituzke, tonaka hondakin organiko kenduko genituzke zirkulaziotik. Industria mailan hondakinen kudeaketak egiten dira, beharrezko inbertsio eta neurriak hartuz eta nire iritzi xumeaz, jatetxe bat, hondakin organikoak sortzen dituen industriatzar bat da, hondakin “arriskutsuak” direnak eta oso kasu guzti egiten zaienak.
Hondakinen kudeaketan aurrera pausoak ematen ari garen honetan, guztiz beharrezkoa da sortzaile berezi hauei denbora apur bat eskeintzea eta organikoaren kudeaketa egoki eta bideragarriak sortzea.
Adibide moduan, Azurmendi jatetxeko organikoaren autokudeaketa dago.
https://www.azurmendi.biz/azurmendi-crea-compost-a-base-de-deshechos-organicos
www.azurmendi.biz
Doktore tesiak konpostajea babesten
2016-02-29 // hobekuntzak, iritzia, konpostagailuak, metal astunak // Iruzkinik ez
Konpostaren ikerketa eta teknifikazioaren txoko honek, behaketan oinarrituriko konpostaje prozesu eraginkor eta azkar bat lortzea du helburu. Baina behaketa hutsetik ez da bizi gizakia eta askotan frogetan oinarritu beharra daukagu.
Frogak nahi? To frogak!!!
Palentzian burutu den doktore tesi batek zera baieztatu du: etxeko hondakin organiko konpostatuen erabilera segurua dela eta metal astunei buruzko hainbat mito ezabatu ditu. Jarri gerrikoak, kurbak datoz eta!!!
Doktore tesi honetan hiru hondakin mota aztertu dira: araztegietako lokatzak, araztegieta lokatz konpostatuak eta etxeko hondakinekin konpostatuak.
Tesi hau 7 urteetan zehar burutu da, eta ondorio hauek atera dituzte.
– Araztegietako lokatzez eta etxeko hondakinekin egindako bi konpost motek, landareei behar duten adineko nitrogeno kopurua eskeintzen diote, zenbaitetan, batazbestekoaren gainetik egoten delarik. Gainera, lurzoruaren ezaugarrien pixkanakako hobekuntza ekartzen du.
– Egoki erabilitako konpostak, ez du lurzoruan metal astunen gorakadarik ekartzen ezta ere, konpostarekin ongarritutako hazi eta landareetan.
Zoritxarrez tesi osoa ez dugu eta laburpenetan oinarritu beharra daukagu. Hala ere, espero dugu tesi hau laster eskura izatea eta zer nolako ikerketa mota izan den, metodologia, ondorio guztiak… lehen eskutik irakurtzea eta batez ere ondorio hauek erabiltzea konpostaren inguruko bildurrak kentzeko.
Dokotore tesiaren laburpen bat ondoko loturan dago.
http://www.retema.es/noticia/demuestran-que-el-uso-de-lodos-de-edar-y-residuos-urbanos-es-seguro-para-fertilizar-l-BXzTt
IRITZIA: Konpostaje adituak
2016-01-27 // auzokonposta, iritzia // Iruzkinik ez
Oharra: hau iritzi aritukulu bat da. Konpostajearen teknifikazioaz diarduen artikulu bat nahi izatekotan, itxoin urrengo asterarte.
Noizean behin topatu izaten naiz konpostatzen adituak diren pertsonekin. Bi motatako konpostaje adituak daude: lehen motatakoak, liburu bat irakurri dutelako dira adituak eta bigarren motakoak aldiz, jaiotzen (eta Jainkoaren graziaz) dira adituak.
Lehen motatakoak oso interesgarriak dira, eta merit
Konpostaje teknikaria lanean
ua dute, konpostajeari buruzko 200 orriko liburu oso bat irenstea ez baita lan makala! Oso aktibitate polita eta ABERASGARRIA izaten da beraien ideiak eta zeureak kontrastatzea. Nahiz eta aditu hauek, beste “aditu” batekin topatzean, apur bat atzera botatzen diren.
Bigarren motakoak, aditu jaio direnak, nahiko gaizki eramaten ditut. Genetikoki aditu diren hauek, dogma batek gidaturik bizi dira… eta euskalduna dogmatismotik ateratzea oso zaila da! Esaldi epiko asko dituzte “konpostajeak beti du usain txarra”, “konpostajearekin ez goaz inora”, “hortik ateratzen den konpostak ez du ezertarako balio, baserritareek ez dute ikusi ere egin nahi”.
Ehunka adibide dokumentatu ditut baieztapen hauek kontrajartzeko, baina ez omen da gorraize txarragorik, entzun nahi ez duenarena baino.
Egia esan neu ez naiz aditu ofizial bat. Biologo xinple bat naiz, ekosistemetan postgradu bat egin nuena eta bizitzak, konpostaje teknikari izatera eraman nauena.
Ez daukat “Master composter” titulua, ez dut hondakinen kudeaketari buruzko ikastarorik egin, ofizialki postgradu bat duen biologo txiki bat naiz, ofizialki ideiarik ez duena konpostajeaz.
Lan esperientziaz ordea, 3 urtetik gora daramatzat konpostaje teknikari bezala, 3000 autokonpostagailu, auzokonpostagailu eta sortzaile berezi bisitatu ditut eta konpostajeari buruzko 30 dibulgazio artikulu publiko idatzi ditut orrialde honetan. Badauzkat beste ehunka orrialde “pribatu” idatzita eta ongi gorderik kaxoi batean, noizbait argia ikusiko dutela esperantzarekin.
Ziur badagoela hor nonbait, konpostajeari buruzko ni baino liburu gehiago irakurri dituenik, konpostaje tituluak dituena eta hondakin organikoaren kudeaketaz asko dakiena.
Esperientzia ordea, esperientzia da. Konpostajea, gurean egin den kudeaketa mailan egitea, nere ustetan, mundu mailan lehena izan da, bai kopuruz eta bai dimentsioz. Europan esperientzia asko izango dute, liburu asko idatzi dituzte, baina Europartar hauek harriturik gertazen dira foro batean hemengo esperientzia azaltzen diezunean. Liburuek ez dute kontatu gure esperientzia hau eta konpostajeak hemen hartu duen dimentsioa, hemen konpostajea beste modu batekoa da. Europako liburuetan aipatzen diren kontzeptu eta gomendioak, parrasta batean botatzen ditu pikutara, ehunka aditu ofizial zer egin ez dakitela utziz.
Konpostajea organikoa kudeatzeko modu oso eraginkorra da, eta gurean egiten dena, eredu izan beharko luke beste lekuetan, eta ez beste lekuetakoa gure eredu!!!
Konpostaren sekretua ez dago dituen elikagaietan.
2016-01-10 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Konpostajearen amaierako produktua dugu konposta, beti esan da kalitate honeko ongarria dela eta gure baratza, lorontzi zein lorategiarentzako, usain gozoko lur marroi eta ekologikoa. Baina benetan elikagaiak al dira konpostaren onura?
Konpostazale guztientzako berri txar bat: etxean egiten dugun konposta ez da elikagaiez topera beteta dagoen ongarria, merkatuan dugun edozein ongarri mineralek, gure konpostak baino elikagai gehiago ditzute.
Baina zerk egiten du konpòsta hain ona gure lurzorurako? Zergatik diote orduan bisitatzen ditudan erabiltzaleek, “diferentzia” nabari dutela konposta erabiltzen dutenean?
Konpostak lurzoruari ematen dizkion ezaugarri fisikoengatik da.
www.huertodeurbano.com
Konposta, “substantzi humiko” deritzon konposatu organiko oso egonkorrez betea dago, horregatik “humus” izena eta bere kolore marroi iluna. Substantzia hauek, laburki esanda, lurzoruak duen uraren erretentzioa handitzen dute, ph-a egonkortu eta lurzoruan bertan dauden elikagaiak, landareentzako eskuragarriagoak egin. Azken hau oso garrantzitsua delarik, izan ere, lurzoruak elikagai asko egon ahal dira baina ez dira eskuragarri landareentzat, ez baitaude forma kimiko konkretu batean. Alferrikakoa dut nire biltegia atun latez beterik egotea, ez baduk lata-irekigaula bat eskura.
Sarritan, ongarri mineralak, ongarriz lepo daude, baina duten forma kimikoagatik, lurzoruan barrenako euri eta ur filtrazioek oso erraz “garbitzen” dituzte lurzorutik, landareentzako oso gutxi utziz. Konpostak ematen dituen ongarriek, egoera kimiko egonkorragoa dute, ez dira uraren bidez hain erraz garbitzen eta luzerako elikagai biltegi bikainak dira.
Honi, konpostak gehitzen duen mikroorganismo kopuru handia ere kontutan hartu behar da, mikrorganismo hauek, konpostatu kimiko askori forma kimikoa aldatzeko gai dira eta lehen eskuragarri ez zeuden elikagaiak, eskuragarri utziz.
Beraz ez pentsa zuen konpostak elikagai kopuru handiko biltegi handi bat denik, elikagaiak baina garrantzia handiagoa du landarea bizi den lurzoruan ematen dituen aldaketak.
Legedia: auzokonpostak kilikolo
2015-11-10 // auzokonposta, Legedia // Iruzkinik ez
Sarritan konpostaje teknikariok, konpostaje prozesuan, bere faunan eta faktore fisiko-kimikoetan geratzen gara. Baina lurralde batek konpostajea bere biohondakinen kudeaketa modu bezala aurrera eraman dezan, legedi egoki bat ere behar du eta hau oso zaila da aurkitzen gurean. Gaurkoan lege konkretu batetaz aritu gara, gure teknikari esperientziatik abiatuta.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika sailak, auzokonpostak erregulatzen dituen 1/2015 instrukzioa atera du. Guztia, Europako Batzordearen hainbat dokumentuetan oinarritua.
Instrukzio honek, konpostaje-moduak hiru taldetan bereizten ditu: etxekoa, auzokoa eta zentralizatua edo industriala. Etxeko konpostajea eta zentralizatua legediaren aldetik nahiko erregulaturik eta definiturik zeuden lehen ere, arazoa auzokonposta zen, bi konpostatzen modu hauen arteko forma bat bezala baitzen eta legediaren aurrean alde bien artean kokatzen baitzen, errealitate paralelo batean.
Orokorrean, legediaren arabera, etxeko konpostajea, norberak etxean egiten duen organikoaren kudeaketa da, partzela propioan eta konposta beretzako erabiliz. Konpostajea kasu honetan, hondakinen prebentzio moduan definitzen da eta ez hondakin kudeaketa moduan, honek juridikoki zama handia kentzen dio, bai baimenetan eta erregulazioan.
Konpostaje zentralizatua ordea, biohondakin kopuru handian industrialki kudeatzean datza eta ingurumenarentzako izan litzazkeen kalteak kontutan edukita, hondakin kudeaketa jarduera bezala sailkatzen da eta erregulazio eta baimenen beharra dauka. Gaur egun 22/2011 eta 34/2007 legeekin erregulatzen da eta hauen eskakizunen arabera eraiki eta mantentzen dira konpostaje zentralizatuko guneak.
Auzokonposta berriz, bi konpostatzeko modu hauen artean kokatzen zen, eta 1/2015 instrukzioak bere lekua eman dio eta ez du definitu hondakin kudeaketa moduan, hondakin prebentzio moduan ordea, beraz, etxeko konpostaje moduan dago sailkatua. Honek, eragin nabaria du auzokonposta guneen kudeaketan, sailkapen honengatik ez baitute behar konpostatze gune zentralizatuek eskatzen dituzten baimen eta erregulaziorik.
Hala ere, instrukzio honek, auzokonposta guneen ezaugarri batzuk definitzen ditu, eta ez badira betetzen, auzokonposta gune hori hondakin kudeaketa modu bezala katalogatzne da eta gune zentralozatuen legedian barneratzen da. Ezaugarri hauen artean bada bat, nere uste xumean, arazoak emango dituena.
Instalazioen bolumen maximoa 10 metro kubikotik ezin du igaro. Bolumen honetan barneratu behar dira, konpostagailuak zein materia egituratzailea gordetzeko ontziak.
Txabola motako auzokonposta gunea
Jakinda auzokonposta gune tipiko batean, 700 litroko (0.7 metro kubiko) 8 konpostagailu daudela, auzokonposta gune batek (0.7 x 8) 5.6 metro kubiko ditu. Honi egituratzailea gordetzeko beste 300 litroko (0.3 metro kubiko) bi konpostagailu gehituz 6.2 metro kubiko bolumen ditu gure guneak, 10 metro kubikotik behera, beraz, 1/2015 instrukzioaren barnean sartzen da. Gune hauek hondakinen prebentziorako dira legearen aurrean.
300 litroko konpostagailuak
Baina zer gertatzen da txabola motako auzokonpostekin?
Euskadi mailan badaude, 10 metro kubikotik gorako kapazitatea duten txabolak. Non sartzen dira beraz auzokonposta mota hauek?
Instrukzio honen arabera, jada hondakin kudeaketa jarduera moduan sailkatzen dira eta hau honela izanik, konpostaje gune zentralizatuek betetzen dituzten lege eta erregulazioen markoan sartu beharra daude.
Eta orain zer?
Arratoiak eta konpostajea, arazoa?
2015-11-03 // auzokonposta, konpostagailuak, xomorroak // Iruzkinik ez
Aspaldian bidalketarik gabe egon ostean, hemen gara berriz konpostajearen teknifikazioaren txokoan. Gaurkoan, makina bat zer esan ematen duen gai batekin gatoz: arratoiak, benetako arazoak al dira konpostajean?
Arratoiekin hasi aurretik, esan beharra daukat, konpostaje teknikari izan naizen urte hauetan eta mota guztietako ia 3000 konpostagailuei jarraipenak egin ostean. Arratoiak ez direla ugariak konpostagailuetan. Agertzen direnean gizartean inpaktu handia duten arren, arraroa da konpostagailu bat edo auzokonposta gune bat arratoien bizileku edo elikaleku izatea. Ez dut esan nahi, ez denik gertatzen, baina esku bateko hatzekin kontatu ahal ditut kasuak.
Sarea, ezinbestekoa karraskariak ekiditeko
Ondorengo bidalketa honetan, konpostagailuekin arratoiek duten jokamoldeak azalduko ditut, beti ere nire esperientziatik abiatuta eta hau arratoilogo batek irakurtzen badu, eskertuko nioke bere iritzia.
Konpostagailua ipini den lekuan, lehendik arratoi lekua bada, konpostagailuetan arratoien bisita izateko aukerak igotzen dira. Arazoa ez da beraz konpostagailua: erreka ertzak, oilo pentsua dagoen lekuak eta edukiontziak dira arazoaren hasiera.
Ongi muntatutako eta tapa itxirik duten konposagailuak ez dira arratoiengatik karraskatuak izaten. Hori bai, ertz bat irekita dagoen konpostagailuan, ertz horri erasotzen diote hortzekin karraskatuz, sartzeko zulo bat irekiz. Konpostagailu azpian burdinezko sare bat ipintzen bada, ez dira azpitik sartzen. Agian konpostagailu azpitik doazen igarobideak eraiki ditzazkete, eta zenbaitetan lurra mugitu (hau, nahiko kasu arraroa den arren).
Arratoien karraskatze modua
Arratoiek zenbait konpostagailu gustokoagoak dituzte karaskatzeo, litekeena da plastiko mota ezberdinagatik edo plastikoaren dentsitateagatik izatea. BULBEO modeloa oso gustuko dute, CONTAINER eta HORTO modeloak aldiz ez dituzte karaskatzen. Hemen konpostagailuen merkatuarik buruzko gida bat.
Haragi-arrain eta sukaldaturiko janariak ez ditu arratoi gehiago erakartzen. Soilik fruta eta barazkiak dituen konpostagailuetan ere sartzeko joera badute. Jatera doaz, ez doaz delikatesen baten bila.
Kasurik egin gabe uzten diren konpostagailuetan, joera handiagoa dago aratoiak agertzea. Aireztapen eta gizakiaren asteroko presentziarekin, arratoiei konpostagailuara joateko joera ekiditen da.
Normalean, arratoi batek lur azpiko galeria bat egiten duenean, pareta baten alboan egiten du. Beraz, konpostagailua paretetatik urruntzea gomendatzen da eta oso garrantzitsua da, konpostagailu inguruko belarra motza mantentzea, arratoiek babesleku gutxiago izan dezaten.
Horra esperientzia eta gomendioak, gero bakoitzak ikus dezala zer egiten duen.
AUZOKONPOSTA. BOLOAREN TEKNIKA
2015-09-23 // auzokonposta, hobekuntzak, tenperatura // Iruzkinik ez
Askotan, konpostagailu batean tenperatura altuak (50-60ºC) mantentzea zaila izaten da, izan ere, erabilerak eragin handia baitu tenperatura hauen eskuratzean, zenbat eta gutxiago erabili konpostagailua, tenperatura eskasagoak baitira.
Banakako konpostajean erabilera nahiko bermatua dagoen arren, bolondres diren auzokonpostetan, erabileraren gutxipen progresiboa ohikoa izaten da.
Zergatik ibili aireztapenak eta bestelakoak egiten alboan edukiontzi berde libre bat badago?
Erabileraren gutxipen honek, tenperaturaren gutxipena dakar, auzokonpostak 30-35 ºC inguru hartzen ditu nukleoan, prozesua geldotzen da eta euli gogaingarrientzako paradisu bihurtzen da. Zer esanik ez hazien inaktibaziorik ez dela egoten eta higienizazioa ere ez dagoela bermatua.
Baina konpostajearen ikerketa eta teknifikaziorako txoko honetan, arazoak konpontzeko gaude eta erabilera gutxitu arren, bada modu bat konpostagailuan tenperatura altuak mantentzeko, “Boloaren teknika” deitu diogu… eta bai, hau ere I+D Konposta parke teknologikotik atera da, munduko zientzialari famatuenen garunetik zuen etxeetaraino.
Boloaren teknikak, azalera eta bolumenaren arteko erlazio erabiltzen du konpostagailuko tenperatura galera ekiditeko. Dakigunez, barne nahasteak zenbat eta bolumen handiago eduki, tenperatura handiagoa izan ohi du, hala ere, bero hau azaleran zehar galdu egiten da konbekzioz. Honekin esan nahi dut, azalera zabal batean utzitako barne nahasteak, beroa galtzeko joera handiagoa duela aiearekin kontaktu azalera handiagoa baitago. Alderantziz bolo bat eginda dagoen barne nahasteak airearekiko kontaktu azalera txikiagoa du eta bero galera gutziagoa da.
Beraz, auzokonposta egiterakoan, saiatu aireztatu ostean, barne nahastea konposagailuko pareta baten alboan pila batean bolo bat eginda uztea, modu honetara beroa errazago kontserbatuko du.
Egituratzailearen xehetze maila
2015-09-06 // egituratzailea, hobekuntzak, tenperatura // Iruzkinik ez
Esperientziaz dakit, gaur egun dugun egituratzailerik hoberena, birrindutako inausketa dela eta esperientziaz dakit ere, egituratzailea kanpoan metatu behar dela, beti ere ongi drainatuta dagoen leku batean eta ez dela beharrezkoa tapaturik egotea, lehorregia egotea ere ez baita egokia.
Beraz, euri urak, egituratzaile multzoa goitik behera igarotzen badu eta ez badu putzurik sortzen, bikain!
Egituratzailearen hasierako itxura
Gauza da ordea, kanpoan dagoen egituratzailea erregularki berritu behar dela. Zeren, ez badugu ibiltzen eta denbora igarotzen uzten badugu, materia organikoa izanik deskonposizio prozesu oso zehatz bat pairatzen du, denbora igaro ahala xehetzen eta bere izaera galduz.
Aldez aurretik esan, deskribatuko dudan prozesu hau bistaz ikusitakoa dela, astero bisitatzen dudan inausketa birrinduko egituratzaile multzo handi batean behatutakoa. Beraz, edozelako “balio zientifiko-biologiko”-tik kanpo gertatzen dela, izan ere ez bait naiz egurraren deskonposizioan aditua. Jakin ere, nere ustetan, egituratzailearen deskonposizioaren eragile nagusiak onddoak direla.
– 1 fasea. Onddoen firuak agertzen dira egituratzailearen lehen geruzetan, zuntz zuri batzuk dira, hau onddoaren gorputza da, jada onddoak egituratzaile kolonizatu du eta bertan hazten ari da.
Egituratzailea deskonposizio fase ezberdinetan
– 2 fasea. Onddoa gehiago hazi da eta egituratzailea trinkotu eta esponja batez itxura hartzen du. Momentu honetan, onddoak fruituak eman ditzazke… bai, perretxikoak agertzen dira egituratzailearen gainazalean.
– 3 fasea. Onddoa desagertu egiten da eta egituratzaileak hauts itxura hartzen du, hemen kolorea marroitu egiten da.
– 4 fasea. Egituratzaileak forma erabat galdu du, guztiz beltza da eta konpostaren itxura dauka. Jada ez du balio egituratzaile bezala.
Birrindutako inausketa multzo handi bat bere deskonposizioan 65 gradutara iritsi daiteke (neronek neurtua). Gainera, egituratzailearen eremu ezberdinetan, aurrean deskribatu dudan prozesuaren fase ezberdinak ikus daitezke. Bera, argi egituratzailea biltzen duzuenean etxerako, ongi begiratu nola dagoen.
Iritsiko da eguna, non, bereziki konpostatzeko egituratzaile bat sortuko duguna, hezetasun eta birrintze maila kon kretu batzuekin. Bitartean ordea, honelako behaketak egiten jarraituko dugu.