Konpostagailuko Erresistentzia Taldea
Lurraldea, hondakinen kudeaketa mota eta agintarien erabakien arabera, materia organiko batzuk konpostagarriak dira eta besteak ez.Tolosaldean adibidez guztia da konpostagarria, Bizkaian soilik sukaldatu gabeko hondakin begetalak, orain bost urte debekatua zegoen haragi-arrain eta zitrikoak konpostagailura botatzea, orain ez… guzti honengatik ez da harritzekoa konpostatzaileek dudak izatea.
Printzipioz, hondakin organiko guztia da konpostagarria, baina hondakin organiko mota batzuk denbora gehiago behar dute konpostatzen… eta denbora hau urteak izan daitezke. Gainera, ezberdinatasun handia dago, etxeko konpostagailu txiki batean konpostatu edo konpostatze gune erraldoi batean egitea. Konpostatze gune handi batean konpostatzen diren material asko, ez dira batere erraz konpostatzen etxeko konpostagailu txikian.
Gure etxeko konpostagailuetan ikusi dudanez sei hondakin organiko dira konpostatzea asko kostatzen zaienak, guztiak talde batean sartu ditut eta “Konpostagailuko Erresistentzia Taldea (KET)” deitu diot talde honi, hona hemen bertako partaideak.
Talde honen gidari, ugaztun eta hegaztien hezurrak dira (txekor, txerri, oilasko…). Hondakin hauek urte betean ere ez dira konpostatzen, beraz, konpostean agertu egingo dira, hori bai, haragi eta gantzik gabe, garbi garbiak. Arrain hezurrak nahiko erraz konpostatzen dira, arrain handien baraileko hezur edo bizkarrezurreko ornoren bat salbu. Adibidez, zapo edo rape baten baraileko hezurrak eta ornoak topatu izan ditut zenbait konpostagailutan.
Bigarrenik, oliba, koko, melokotoi eta bestelako fruten hezurrak edo haziak daude, hondakin begetal oso gogorrak dira eta konpostean agertu egiten dira, beraz, ez dut sinisten, soilik begetal hutsez egindako konpostan, ez dela konpostatu gabeko hondakinik ateratzen eta planteatzen den bezain “garbia” den.
K.E.T-ko hirugarren partaideak, itsaski edo mariskoen oskolak dira. Nahiz eta Tolosaldeko konpostagailuetan ez diren oso ohikoak, Urola Kostako auzokonpostagailuetan ugari ikusten dira.
Laugarren partaidea, arrautza azala da. Konpostan asko agertzen da,hala ere, beste partaideek ez bezala, arrautza azalek badute errmedioa: txikituta bota konpostagailura. Modu honetara, konposta ateratzen denean, arrautza zati txikiz josita egongo da eta ez du inongo arazorik ematen, konpostaren zati bat gehiago bezala bait doa.
Hurrengo partadaidea, kortxoa da. Materia organikoa da, baina zuhaitzen azala denez, liginina ugari ditu eta gu bizi garen artean behintzak, ez da konpostatuko.
Seigarren eta azken E.K.T-ko partaidea, papera da. Gidaliburuek eta konpostajean adituak diren pertsonek, “zikindutako eta birziklatu ezin daitekeen papera” konpostatu ahal dela dioten arren… ez-aditu honek ikusi duenez, zenbait paperek denbora asko behar dute konpostatzen. Kapa bateko sukaldeko paper soila nahiko erraz konpostatzen da, konpostagailu barruan busti egiten baita eta mehea denez, desagertu egiten da. Baina kontuz zapi baten itxura duten sukaldeko paper moñoñoekin! Paper hauek oso lodiak dira, mahaia apaintzeko balio dute eta oso erresistentak dira. Nahiz eta zatikatuta bota, konpostan zati txiki eta txuri txurietan (oso ikuskorrak) agertzen dira. Beraz ez dut gomendatzen sukaldeko paper mota hau botatzea. Argi elkarteetan mahaierako erabiltzen den paperarekin, ez bota konpostagailura, nahiz eta paper mehea izan, asko sortzen da eta ez da konpostatzen, aurkitu alternatibak, badaude eta!
Bukatzeko, nahiz eta K.E.T.-ko partaide zuzena ez izan, kide independiente bat bezala sailkatu ditut: poltsa konpostagarriak. Poltsa hauek, zenbait zereal eta paoaten fekularekin egiten dira, beraz begetala da, ez plastikoa. Atez ate organikoa biltzen duten zenbait herritan edo bostgarren edukiontzia dagoenetan, organikoarekin batera botatzen dira. Baina modu honetara biltzen den organiko hau, konpostaje gune batera doa eta birrindu egiten da behin eta berriz, honen ondorioz poltsa konpostagarriak konpostatu egiten dira. Gure etxeko konpostagailuan ez dugu birrintzeko aukerarik, eta konpostatze gune batean poltsa hauek onartzen diren arren, ezinezkoa da gure etxeko konpostagailu txikiak konpostatzea.
Eta orain galdera ezerosoa: zer egin dezakegu K.E.T-ko partaide hauekin?
Material hauek behin konpostagailutik igaro ostean, inolako material organikorik gabe geratzen dira, garbi garbiak, beraz, ez dut astakeria ikusten, konposta bahetu eta hondakin ez konpostatu hauek errefusara botatzea. Azken finean ez dira bolumen handiegiak eta ez dute ez lixibiaturik ixurtzen ingurunera, inerteak dira. Baina hau, ez-aditu baten iritzi soila da.
Interesgarria artikulua, Jon Ander, beti bezala. Halere, ez naiz ados azken paragrafoan proposatzen duzunarekin, alegia hezurrak eta abar errefusetara botatzearekin. Badira alternatiba txit xinpleak:
– berriro konposgatailura botatzea: desegiteko prozesuak aurrera dirau eta sarritan ontzi horretan eduki ohi dugun masa konpaktuegia harrotzen laguntzen dute.
– trituratzea. Konpostagailua daukatenek gehienetan baratzean edo jardinean daukatenez, hauetan zerbitzu handia egiten duen trituradorak (besteren artean adaxkak birrintzeko) erraz txirtxilatzen ditu hezurrak.
– herriko Garbigunera eraman (bidaia justifikatzeko moduko mordotxoa osatu denean, noski) eta han organikoaren ontzian bota. Udal eta mankomunitateek dauzkaten prozesu industrialetan arazorik ez dute jarriko.
Azken oharra, Usurbilgo lagunei ikasia. Hor udalak berak dauka hezurrak eta beste birrintzeko makina, auzokonpostean ari direnei bezala beste guztiei eskaintzen diena.
Pello Zubiria
Aupa Pello.
Txit xinple deritzazun alternatiba hoiek, eguneroko erabiltzaileentzako agian ez dira xinpleak.
– Berriro konpostagailura bota: Tolosaldean badira, kauzpabost “konpost bira” eman dituzten hezurrak, eta gero eta gehiago gehitzen dira urteak pasa ahala.
– Trituratzea: trituratzaileen prezioa altuegi iruditzen zait etxe baterako.
– Garbigunera: ez da ideia txarra. Hala ere, garbiguneko bidea ikastea kostatzen zaigunarekin…
Usurbilgo lagunen idea ordea, bikaina iruditzen zait.
Aipamen bat, trituratzaileen merkatua zabala da eta trituratzaile egokiena aukeratu behar da, aurrez frogak egin behar dira (hezetasunarekiko tolerantzia, potentzia….) Nik “martilladora” deritzon modelo batekin experientzia badut eta zenbait hezur ez ditu apurtzen eta hezetasunarekin oso txarto ibiltzen da.
Errefusa erabat gutxitzearen aldekoa naiz, hala ere, hobe genuke sortuko genukeen errefusa BAKARRA, hezur eta oskolak balira!
Mila esker Pello!!!
Oso interesgarria artikulu hau ere Jon Ander. Jakinarazi Tolosaldeko Mankomunitateak baduela kasu hauetarako trituradora bta erosia sortzaile handientzat. Beraz, hau nola bildu eta bideratzea findu beharko litzateke. Ez zait zaila iruditzen hau lotzen.
Trituratzaile on bat ezinbestekoa konpostajea bideratu nahi den eremu batean.
Eta arrazoi duzu, oraindik gauza asko daude bideratzeko eta fintzeko, baina poliki poliki bagoaz! Urte betean asko ikasi da konpostaje eta bere kudeaketari buruz.
Kaixo.
Ni Jon Anderren artikuluaz bat nator. Nere etxeko konpostagailuan kasu berdina gertatzen da. Ez dakit zure kasuan zenbateko portzentaiaz hari zaren, sortzen den “errefus” kopuruaz hari naiz. Nik ateratzen den bezala erabiltzen dut lurrean eta lurrarekin nahastuz ez dira nabarmentzen. Beraz konpostatze prozesua lurrean bertan emango dute.
Jende asko dago baratzean hezur eta oskolak edukitzea ez zaiona axola, gustu eta estetika kontua da. Gainera, “rotabatora” pasa ezkero txikitzen dira.
Hala ere, aipatzekoa da, Urola Kostan, Tolosaldean baino oskol proportzio handiagoa dagoela konpostagailuetan eta adi egoteko parametro bat dela.