Lurraldetasuna konpostagailuan
Konpostagailu barruan, materia organikoa jaten, milioika izaki bizidun mota elkarbizitzen dira. Batzuek elkarren beharra dute, besteak elkar toleratzen dira eta asko, elkar ezin dira ikusi.
Aurreko paragrafoan, zentzu gabeko esaldi mordoa dagoela dirudien arren, elkarrekintza hauek gakoak dira gure konpostagailuan xomorro ezerosoak ekiditeko.
Orokorrean, konpostagailuan arazoak sortzen dituzten xomorroak, bi dira: euli arrunta eta fruta eulia, beraietaz luze eta zabal hitzegin dut ondoko sarrera honetan.
Euli hauek, intsektuak izanik, kume direnean beldar forman egoten dira konpostagailuko materia organiko asko kontsumituz, beraz egokiak dira konpostatzeko. Heldu bihurtzean ordea, gogaingarriak dira, Fruta euliak, hodeiak sortzen ditu eta euli arrunta, bere zarata eta guzti, nahiko deserosoa da eta gainera etxeetara sartzeko joera du.
Nire “ikerketetan” ikusi dudanez ordea, eulien beldarrak oso lurraldekoiak dira. Fruta euliaren beldarra ugari den konpostagailuan ez da euli arruntik agertuko eta alderantziz. Eta irakurri dudanez, oso arrunta da fenomeno hau beldarren munduan, “hi hor eta ni hemen”. Ba ote da beraz, beldar oso jatuna duen euli bat, baina heldua denean ez dena gogaingarria? Bai!
Bada konpostagailurako euli perfektu bat, non beldarra oso jatuna duena, baina heldua ez dena gogaingarria, segituan alde egiten baitu konpostagailutik eta ez ditu euli hodei nazkagarririk sortzen eta ez da etxera sartzen. Euli maitagarri hau, soldadu eulia da, eta bere beldarra (beldar guztiak bezala), oso lurraldekoia da eta berau dagoen lekuan ez dago ez fruta eulirik eta ezta euli arruntik.
Hautagairik hoberena da gure konpostagailurako. Zorionekoak, soldadu eulia duten konpostagailuak!!!
Soldadu eulia, ikusi izan dut konpostagailu askotan, baina ez da oso ohikoa. Baina soldadu eulia nahiko erraz hazi daiteke kutxa sinple batzuetan, beraz, erraza izango zen euli honen haztegiak egitea eta euliekin arazoak dituzten konpostagailuetara botatzea, batez ere jatetxeko konpostagailu eta auzokonpostagailuetan.
Neurri hau, mendian xomorro bila dabilen biologo bizardun baten erokeria dirudien arren, esan, nire lanaren arazorik nagusienak, konpostagailu handietan agertzen diren euli mota ezberdinek ematen dituztenak direla. Ez da eroso eta higienikoa, zure auzokonpostagailua milioika eulitzarrez beteta egotea eta ez da erosoa ere, tapa ireki eta fruta eulien hodei bat zure arnas-bideetatik barrena sartzea.
Hementxe bideo batzuk, soldadu euliaren haztegietan ateratakoak. Ikusi, materia organiko arrunta erabiltzen dutela hazteko eta behin heldu bihurtu behar dutenean, beraien kasa joaten direla leku lehor baten bila.
Eta hemen, etxean egindako haztegi bat
Aukerak hor daude… eta gogoratu, Konpostajeak ere I+D beharko luke, eta I+D guztiak ez dira probeta eta bata zuriarekin egiten.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks