Konposta, usaina eta erlatibismoa
Usaina, konpostajearen ezker aldeko sorbaldan kokatzen den deabrua da. Konpostajearen aurpegiari begiratu ordez, guztiak usainaren deabruaren begietan ipintzen ditugu begiak. Betiko galdera: “Konpostajeak ba al du usainik?” Noski baietz, gauza guztiek dute usain bat, adjetiboa eman behar: ona, txarra, freskoa, sakona…
Pena da usainaren adjetibazioa erabat subjetiboa izatea, nahiago nuke nere termometroarekin batera usain-metro bat edukiko banu, kaletik neregana eta konpostagailuetara gerturatzen diren eta “puaj ze usain txarra!!!” esan eta alde egiten duten espontaneoei usainaren txartasunaren balio zehatz bat emateko. “Hi espontaneo/espontanea, usain honen txartasunaren mailaren arabera, alboko eduki ontzi berde horrrek oraintxe bertan konpostagailuak baino usain txarragoa dauka”.
Baina zientzia ez da hainbeste aurreratu oraindik!
Usain txarrik gabeko eta oso ongi funtzionatzen zuten auzokonposta guneak itxi izan dira, ustezko usain txar batengatik.
Benetan egoera surrealistak gertatu zaizkit usainarekin. Nik burua konpostagailu barruan sartuta eta usainik aditzen ez, bitartean hamar metrora pertsona bat sudurra itxita, konpostagailu kirastun eta infekzioso batean janari bila dabilen leproso bat banintzeke begira. Beste batzuetan, alboko belazean zisterna bat milaka litro segunduko behi pix zabaltzen ari den bitartean, konpostagailuen usainataz kexuak entzunak ditut.
Denbora erlatiboa omen dela zioen Einsteinek, usaina ere bai.
Badakit konpostagailuek usaina dutela, eta usain hau ez dela inoiz bostgarren zenbakiko Txanel markako lurrun batena, badakit ere, ongi aireztatzen ez diren konpostagailuetatik usain txarra agertu ohi dela eta konpostaje teknikariak, aspaldian aireztatu gabeko eta tenperatura altuak dituen konpostagailu bat airetatzean, usain oso txarra ere agertzen dela. Baina usain txar hau, konpostagailu konkretu batean eta momentu zehatz batean gertatzen da, ez konpostagailu guztietan, ezta ere egun osoan zehar.
Usain txarreko konpostagailu asko topatu ditut, guztiak gaizki aireztatuak eta batere kasurik egin gabe utziak. Usain txar hau, mendi puntan dagoen etxe bateko konpostagailuan gertatzen bada, ez du eraginik izaten inguruko jendean, baina auzokonposta batek sortzen badu, hor komeriak eta kexuak!
Aireztatzeak garrantzi handia du konpostagailuaren usainean, baina baita ere aurreiritziek. Norberaren konpostagailuak aireztatzeak duen garrantziaz aparte, egin kasu auzokonpostei, ez utzi usain pitzik agertzen, konpostajearen izen ona eta funtzionamentu egokia bermatzeko, ezinbestekoa da.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks