Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten?
Sarritan entzun ditugu “ez zaitez tontakeria horregatik haserretu” edo “ez zaitez horregatik triste egon” bezalakoak, baita “ez du pena merezi horregatik negar egiteak” ere. Horregatik, horregatik, horregatik… Baina joder, ni haserretu banaiz zer? nik triste egon nahi badut eta arrazoi horregatik negar egin nahi badut zer? Zer gertatzen da?
Txikitatik behartu gaituzte haserreak konpontzera. Gogoan dut umetan ikaskideren batekin haserretzean, bakoitza beste jolas talde batean sartu izana, edota irakaslea haserreaz ez ohartzeko amorruaren malkoei sabel barruan eutsi izana ere. Izan ere irakaslea, edo ikasgelatik kanpo izandako kasuetan gurasoak ohartzen baziren, haserrea berehala konpontzera behartuak geunden. Guk haserre egon nahi genuen ordea! Ez dakit haserreak debekatuta zeuden eta oraindik hala diharduten edo zer!
Lehenengo pausua honakoa, irakaslea edo gurasoa zugana hurbildu eta: “Zer gertatzen zaizu?, haserre al zaude?”. Guk berriz, estuasun honetan gezurrik ezin ezkutatu: “Bai, baina utzi bakean!” erantzuten genuen askotan. Orduan hasten ziren, haserrea inoiz konponduko ez ote genuen beldurrez edo ez dakit; “baina zer gertatu da?”, “norekin haserretu zara?”, “zer egin diozu?” edota “zer egin dizu?” bezalako galderak, ia bat erantzuteko betarik gabe hurrengoa entzuten genuenekoak. Eta nik pentsatzen dut, benetan? benetan axola al zaizkigu erantzun guztiak, entzundakoa entzunda ere “eskatu barkamena” edo “barkatu iezaiozu” esan behar badiegu haurrei? “Horrek ez du garrantzirik maitea”,”ziur ez duela zu mintzeko egin”, “esaiozu hurrengoan ez duzula horrela jokatuko”, “ez al da ba zure laguna?”, “lagunek beti barkatzen dute elkar” … bla bla bla, bla bla bla!
Ez naiz barkamena ez eskatzearen aldekoa, ezta ez barkatzearen aldekoa ere. Are gehiago esango dut, barkamena eskatzearen eta barkatzearen aldekoa naiz, baina pertsona bakoitzak prozesu hau bere erritmoan egiten duenean. Izan ere, iruditzen zait, modu honetan haurren emozio “negatiboak” edo zailak ezkutatzen ditugula, eta horrela itzaltzen ditugula haurrek haserre une horietan izaten dituzten sentimenduen garrak. Barkamena eskatu edota barkatzea ur balde bat bailitzan! Helduok badakigu hori ez dela horrela, guk gure artean ditugun haserreen arrazoiak askotan tontakeriak izaten direlako eta guk ere gure denbora behar dugulako hau ikusteko. Helduoi emozio hauek kudeatzea zaila egiten zaigu askotan… Norberak bere prozesua behar du, izan duen jokabideaz ohartu eta haserrea konpontzeko. Zergaitik ez diegu haurrei haserretzen uzten? Haserreak konpontzeko askatasuna ematen?
Beldur gara haurrek haserreak kudeatzeko guk ditugun zailtasunak izango dituztelakoan? Haserreak guk konpontzen badizkiegu ez dugu ezer konpontzen ordea!
Ai, aria galdu dut! Ba hori, utzi haurrei haserretzen. Utzi triste egoten eta negar egiten, agian guretzat tristea eta negargarria ez den horrek gure albokoari tristura eta negargura sortzen dizkio! Haserretzea, triste egotea eta negar egitea ezin ditugu inoiz debekatu; haserre edo triste dagoenari eta negarrez ari denari entzun egin behar zaio. Entzun soilik eta ez behartu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks