Hasiera »
Josune Azurmendiren bloga - Irrizbizi
Josune Azurmendi Telleria
Gizartea eta gizakia. Horren zaila ote da bizitza? Ba ote dakigu bizitzen? Egunerokotasunean ikusten eta ikasten ditudan gaien inguruko hausnarketa zorroztua, gaur egun horrenbeste behar dugun irri egiteko arrazoi batekin. Bizitzeko beste modu bat, irri egiteko beste arrazoi bat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- BOST MINUTUKO IKASTAROA! -tu(a)z joan / -tzen joan / Josune Azurmendi / Zugazart, Zaldieroa | Eskolaegunezegun(e)k Ondo nago, lasai! bidalketan
- Rosa Rojo(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Josune Azurmendi(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Nerea Altolagirre(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Taupa-Taupa | Zergatik ez diegu haurrei aserratzen uzten?(e)k Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten? bidalketan
Artxiboak
- 2026(e)ko urtarrila
- 2025(e)ko abendua
- 2025(e)ko ekaina
- 2024(e)ko uztaila
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko abendua
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko apirila
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2019(e)ko abuztua
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko iraila
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria


Bai, maite zaitut.
2015-01-08 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Ez dakit ongi maite zaitudan, ezta maite zaitudanik ere.
Askotan begiratzean akatsak ateratzen dizkizut, ez dituzun lekuan ere akatsak ikusten dizkizudalako. Gizarteko irudi perfektuaren errua izango ote da? edo nire errua da nik irudi perfektu hau ikusteko desioaren begietatik begiratzen zaitudalako? Batzutan besteen gainetik jartzen zaitut, baina gaizki sentitzen naiz jokabide hau muturrera iristen bada desegokitzat hartu daitekeelako, edo honela hartzen delako. Besteetan gainontzekoei garrantzi gehiago ematen diet zuri baino, eta kasu honetan maitatzen ez zaitudala iruditzen zait, behar baino gutxiago ematen dizudala.
Ez zaitut behar bezala zaintzen, min egiten dizkizuten harriekin behin eta berriz erortzen uzten dizudalako, baina askotan zuk ere min eman izan duzu. Horrelakoetan ongi maitatzen ez zaitudala iruditzen zait; zure akatsak justifikatu, baina zuri egindakoak epaitzen ditudalako. Hausnarketa batean murgiltzen naiz ondoren, nire buruari maitatzeak zer eskatzen duen, ongi maitatzeko zer egin behar dudan galdetuz, behin eta berriz. Behin eta berriz.
Arnasa hartu dut, eta aurrez aurre begiratu dizut. Nik maitatzen ez bazaitut, nork egingo du? Bizitza bat dugu, hau da zu maitatzeko aukera bakarra. Bai, maite zaitut.
Ez dut inoiz zure edertasuna zalantzan jarriko, ez dut zu minduta sentiarazten utziko, ez dut inork zuri autoestimua jaisten utziko, ez dut inoiz zu ez maitatzea onartuko, ez dut inoiz zure irria desagerrarazten utziko. Eta zin egiten dizut, maite zaitudala oihukatuz, zu maitatzen eta errespetatzen zaituztenak izango dituzu alboan,eta inork emango ez dizuna nik neuk emango dizut.
Amaitu dut gaurkoz, ispiluaren aurretik altxatu eta ohera joango naiz. Hemendik aurrera gehiago maitatuko naiz.
Zer diozu egun hontaz, maitea?
2014-12-03 // Gizartea, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
– Zer diozu egun hontaz, maitea?
– Ez dakit zer sentitzen dudan, ezta sentitzen dudanik ere, soilik malkoak erortzen zaizkit, hauek nire masaila bustitzen dutelarik. Hain txiki izan eta une batez handi sentitzeak sortzen duen sentimendu ahaztezin hau beti bizi nahiko nuke, uneoro eta edonon. Nire nortasuna zabaltzen duen giza taldeari esker sortzen zaizkit gaurkoan tximeletak sabelean, irri egitera eta zoriontsu izatera bultzatzen nautenak; txuri, gorri eta berde koloreko tximeletak.
– Soilik gauza bat erantzungo dizut, aska itzazu tximeletak, ia gaur sortu dizkizugun bezala sorrarazten dizkizugun abenduak hiru ez dituenean ere!
Burdin hotzak.
2014-12-01 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Eguzkiaren beroa senti dezake, eguzki izpiek sortzen duten argitasuna ikusiz, bizi izan zuena gogora ekarriz. Urrun ikusten du errepidea, zortez hau egunean auto batek zeharkatzen duelarik. Haize finak mugitzen du apur bat gertuago duen zuhaitza, sustrai luzeei esker tinko, hauetatik ateratzen den gorputzari helduz. Honen hostoak erortzen ikusi ditu, haizeari esker, hegan eginez bizitza lortzen duten hosto lehorrak. Hostoa izan nahiko luke une batez eta bere azalean haizea sentitu, askatasuna harnastu.
Gertuago duen parkeari begiratu dio orain, baina ez du sekula bertan inor jolasean ikusi. Jolasa ere herdoildu da dagoenerako bertan, haizeak soilik eman baitie mugimendua bertako zabuei azken urte luzeetan. Berak jolasu nahiko luke bertan, ume sentitu une batez, eta adierazteko beldurraz ahaztu, hau existituko ez balitz bezala jokatuz. Txiki izatearen handitasuna berreskuratu nahi du, gorputzaren lotura guztietatik alde eginez.
Zopa beroaren usaina antzematen du gauetan, honek urruti dituen etxekoak gogorarazten dizkio, baina beldur da, hauek gertu inoiz sentituko ez ote dituen. Elkarrizketak ere entzuten ditu gertu-gertu, honek komunikatzeko beharra gogorarazten dio, baina beldur da berriz hitz egiteko, sentitzen duena aipatzeko. Txoriak entzuten ditu noizbehinka, hauek kanpoan beste bizitza bat dagoela gogorarazten diote, baina beldur da, behin hauek bezain aske sentitu zelako hala ez zenean.
Gogor heldu die berriz ere burdin hotzei, eguzkiak berotuta ere, gizarte baten hoztasunak izozturik daudenei. Sakon hartu du harnasa betiko moduan, inpotentziak sortutako malko bat ageri da bere masailean, eta ozen esan ezin duenez, isiltasunean Euskal Herria maite duela ohiukatu du.
Bakardadeari.
2014-11-26 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Bakardadearen sentimendua, gizakia beldurtzen duen pentsamendua,
isiltasunaren soinua, larritasunaren doinua.
Bakarrik sentizeko beldurra, gogoan dut sentimendu hura,
negarra, emozioak askatzeko beharra, beldurraren dardara.
Norbere pentsamenduetara bidaia, norbera ezagutzera daramana,
gustoko dut hausnarketak eragiten duen egoera lasaia.
Iritsi naiz ondorioetara, begiratuz nire begi bustietara,
nola sentitu bakarrik talde baten partaide bagara?
Sentimendu alrebesak, guk geuk ere ulertzen ez ditugunak,
gizakiaren xinpletasuna, konplexutasunera daramatenak.
Eskerrak negarra dugun, eta honela gure beldurrak kanporatzen ditugun,
malkoz-malko hausnartuz, ia gure izatea uler dezakegun.
Eskerrak sentimenduak ditugun, eta honela bizirik gaudela sentitzen dugun,
gure konplexutasunak ezagutuz, ia gizarte duin bat eraikitzen dugun.
Zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili izanagatik izan dadila.
2014-11-17 // Gizartea // 13 iruzkin
Kaixo, ni naiz, zure bizitzako lehenengo egunetatik zure alboan dagoena, komunikatzen lagundu zizuna. Hasierako egunetan esaten zenituen astakeriak zuzentzen zizkizun inguruko jendeak, nire arauen arabera, eta nahiz eta jendeak barre egin, txikia zinenez onartuta zeuden zure ahotik ateratako hitz alrebesak. Helduekin beste zerbait gertatzen zait, oso nahasia naiz eta maite nautenek ez dute nirekiko akatsik onartzen, dena zuzentzeko joera dute, eta honek pertsona asko nitaz lotsatzea ekarri du.
Zuzenketak eta lotsak tarteko, denboraren poderioz nigandik urruntzen joan da jendea, eta niganako konfiantza albo batera uzten hasi. Zoritxarrez honela galdu dut prestigioa ,eta ziur nago, guztiok errespetatu eta maitatuko bazenidaketen, orain indartsua izan eta harro hitz egingo zenuketela nitaz.
Zure ahotik atera nahi dut, zure pentsamenduetan sortu, munduan ezagun bihurtu, bihotz guztietara lotu, txikitik handira joan, jendea ni maitatzera motibatu, letra guztiekin jolastu, neure arima kalean usaindu eta neure erritmora dantzatu. Maitatu egin nahi dut, xuxurlatu, lagundu, haserretu, ligatu, borrokatu, zoriontsu sentitu, eta herri baten nortasunaren zati izateaz gain, herriko norbanako bakoitzak niri nortasuna ematea nahi dut.
Zaren bezalakoa nahi zaitut, onartzen zaitut eta maite zaitut. Niri ahoz-aho ibiltzea gustatzen zait, hitzek bizitza ematen didate eta zaila naizela esaten duten harren, ezagutzea merezi duen bihotz handia daukat nire sustrai luzeen artean, beraz, ziur nago nik zu maitatzen zaitudan moduan zuk ere maite nazakezula.
Amaitzeko, mesedetxo bat eskatu nahi dizut; ez dakit hiltzen ari naizen edo ez, baina bizirik jarraitu nahi dut denbora luze batez, beraz gauza bakarra esango dizut: zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili izanagatik izan dadila.
Aldez aurretiko eskerrak irri batez,
Euskara.
Piztu argiak mesedez!
2014-11-13 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Sua. Argia. Piztu da noiz itzaliko den ez dakigun argia, kandela baten modukoa da, egun batean piztu zena baina denboraren poderioz urtzen dena, hala ere, argi hau ez da azken eguna iritsi arte itzaltzen, ez du indarrik galtzen.
Bakoitzak argi bat omen du bere barnean, bere izatea argitzen duena eta hau egunerokotasunean ikusten ei da; begiraden, ekintzen, irrien, jokabideen… bidez antzematen delarik. Argi honek kandela baten efektua egiten omen du, norbera eta honen bidea argitzeaz gain, ingurukoak eta hauen bideak argitzen dituelarik. Hots, bakoitzak argi bakar bat izan beharrean, milaka argi ditu inguruan, bere argia gehiago argiztatzen dutenak, hau itzaltzera doanean berpizten laguntzen dutenak, eta iluntasuaren oinetan galtzen uzten ez dutenak.
Besteen argiak erraz antzematen ditugu, baina askotan ez dugu gure argia ikusten, aurkitzen; hau ezagutzen ez dugulako, edo beste argiren batek estaltzen duelako akaso! Argia txikia izanik ere, bakoitzak berea aurkitu behar du, ikusten dituen argiak laguntza paregabea direla kontuan izanik.
Askotan ahaztu egiten zaigu geure argia gainontzekoena bezain indartsua dela, beraz elkarren argiak piztuta mantendu behar ditugu hauek nolakoak diren erakutsiz eta azalduz, gainontzeko argiak errespetatuz, maitatuz. Honela hauek geurea errespetatuko dute, eta itzaltzera doanean indarra eta energia emango diote.
Hitzen bidez, begiraden indarrez, lagunduz, errespetuz, maitasunez, xirriz, irriz… bakoitzak bere modura, baina piztu argiak mesedez!
Gizatasuna usaindu nahi dut, besterik ez.
2014-11-06 // Gizakia, Gizartea, Politika // Iruzkinik ez
Politika isilarazi nahiko nuke, politikoak gezurretan ez ibiltzea, horrenbeste hitz esan gabe egin beharrekoa egitea, ekintzen bidez hitz ustelak isiltzea, herriaren ahotsa kontuan izatea, berdintasunean oinarritzen den gizarte bat eraikitzea, herriarekin eta herriarentzat lan egitea, ekonomia arloari irtenbide bat ematea, ekonomikoki herritar guztientzat onuragarria den plan bat eraikitzea, animalien tratu txarrak kulturatzat ez hartzea, kulturaniztasuna kulturartekotasunean bilakatzea, arraza orori eskubide berdinak ematea, herriaren agintari beharrean honen gidari direlaz ohartzea, herritarroi dirurik ez lapurtzea, azaleratu beharreko egia ez ezkutatzea, egin behar ez diren lekuan murrizketak ez egitea, euren dirua behar dutenei ematea, herritar guztiei hezkuntza duin bat eskaintzea, hezkuntza laikoaren aldeko apustua egitea, zentzurik gabeko hezkuntza erreformak sortzez uztea, genero indarkerien aurrean tolerantziarik ez izatea, aukera berdintasuna egongo den gizartea bermatzea, klase sozialak desagertzea, osasun publikoa sustatzea, diruak duen boterea ezabatzea, naturaren ahotsa entzutea, hau kontutan hartzea, buruarekin jokatzea, herritarrei ideiak ez inposatzea, hauek ez manipulatzea, libre izaten uztea, kultura guztiak aintzakotzat hartzea, herritar guztiok eskubide berdinak ditugula jabetzea, eskubide hauek ez urratzea, hizkuntza bakoitzari dagokion balioa ematea, guztiak errespetatzea, gizakiak garelaz jabetzea, politikari duena baina balio gehiago ez ematea, politika burua jakintsua izatea, honen aurpegian faltsua ez den irri bat egotea, herritar guztien azalean jartzeko gai izatea, herritarrei irri egiteko arrazoiak ematea, herritar orori irri bat sortzeko gai izatea … gehiegi amesten ari naiz ezta?
Hala dirudi!
Gizatasuna usaindu nahi dut, besterik ez.
Itsasoak sortutakoak.
2014-11-05 // Gizakia // Iruzkin bat
Eguzkiak argitzen du itsasoa,
alboan olatuen soinu gozoa,
erritmo lausoan dabil egun osoan.
Itsasontzi handiak portuari so,
laguntza behar dute akaso,
beldur dira hondartzako zaborrak noiz egingo dien eraso.
Kaioak hegan dabiltza,
hau omen da askatasunaren dantza,
hegalak behar ditu gizakiak amets hau lortzeko, antza!
Pausu guztien euskarri hondarra,
oraindik ez dakigu honek duen indarra,
irensten baitu itsaso zein gizakiaren negarra.
Denboraz kanpo jarritako amaierako puntua.
2014-10-30 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Bazen behin esaldi bat, beste esaldi batekin harreman on bat egin zuena. Biak hitz eta aditz desberdinez osatuta egon harren, oso ongi moldatzen ziren elkarrekin, eta nola edo hala elkar lotzeko moduak aurkitzen zituzten beti. Esaldi desberdinak sortuz, paragrafo berriak idazten hasi ziren, honela historio bat sortzen zutelarik. Noizean behin, komak edota puntuak idazten zituzten beraien artean; elkar errespetatzeko, eta bien artean distantzia puntu bat finkatzeko, arnasa hartzeko.
Bakoitzak bere moduko esaldiak sortzen zituen, bestearenak kontuan izanik, eta honela elkarrenak aberasten zituztelarik. Orrialdeak pasatzen zihoazen heinean, esaldiak geroz eta lotuago zeuden, zentzu gehiago zuten eta hauen esanahia sentimenduarekin erabat loturik zegoen. Batzuetan, esaldiak elkarren artean ongi lotzen ez baziren ere, hurrengo orrialdean hauen arteko lotura nabaria zen, aurreko egoerari konponbidea eta zentzua ematen zion paragrafo bat sortzen zutelarik.
Kapituluz- kapitulu, esaldien arteko distantzia areagotzen hasi zen, lehengo lotura hori galtzen hasi zelarik. Ez zuten komen kokapena argi ikusten, gainera bakoitzak leku desberdina eman nahi zion koma bakoitzari. Honez gain, esaldietako sintaxia erabat nahasturik agertzen zen, aditz jokoak kaltetuta zeudelarik. Kapituluak beraz, geroz eta laburragoak ziren, gogoz kontra idatzitakoak, esanahi gutxikoak.
Amaierako puntua jartzeko unea izango al zen? agian bai, baina ez ziren adostasun batera iritsi, beraz, zentzurik gabe, bakoitzak bere esaldiak idatziz jarraitu zuten. Orrialde bakoitzean hainbat esaldi zeuden, elkarren artean loturarik ez zutenak, eta elkarrengandik erabat bereizirik aurkitzen zirenak. Orri zuriak ere baziren tartean, hitzik gabeko tristuraren adierazle. Puntu eta aparte, puntu eta aparte…
Iritsi zen amaierako puntua jartzeko unea, baina berandu jartzen diren horietakoa zen. Elkarren arteko loturarik gabe, zentzu gabeko esaldi baten ostean, amaierako puntua ezarri zen. Denboraz kanpo edota berandu jartzen diren amaierako puntu guztiek bezala, liburuaren azken azala malko ilunez zikinduta utzi zuen.
Lasai, nik ere negar egin izan dut komuneko atea krisketarekin itxi ostean.
2014-10-24 // Gizakia // Iruzkinik ez
Bizitza jolas baten modukoa dela esango nuke, eta askotan jolasten ahaztu zaidala iruditzen zait, jokoan galdu naizela. Jokoa izan edo ez, bizitzan uneoro jokabide bat edo bestea hartzen edo izaten dugu. Joko honetan norberak bere arauak finkatzen ditu, baina ba al dago inoiz bere jokoan galdu ez den inor? bere jokoaz damutu ez den inor?
Ni behintzat damutu naiz haserretzeko arrazoirik gabe haserretu izanaz, haserretzeko arrazoia izan eta ez haserretu izanaz, esan behar ez nituen hitzak esateaz, esan behar nituen hitzak ez esateaz, gaizki jokatzeaz, ondoegi jokatzeaz, gezurra esateaz, egia esateaz, eman beharreko besarkada hori ez emateaz, konfiantza gehiegi emateaz, konfiantzarik ez emateaz, ezagutzen ez dudan norbait epaitzeaz, epaitu beharreko hori ez epaitzeaz, nire sentimenduak ez aitortzeaz, nire sentimenduak aitortzeaz, garrantzia eman beharrekoari garrantziarik ez emateaz, garrantzia ez duenari garrantzia gehiegi emateaz, gehiegi pentsatzeaz, ez pentsatzeaz, bultzaden arabera jokatzeaz, bultzadei kasu ez egiteaz, barkamenik ez eskatzeaz, alde txarrari onik ez ikusteaz, irri ez egiteaz, momentu jakin batean irri bat egiteaz, lotsa sentitzeaz, lotsarik ez sentitzeaz, beldur izateaz, beldurrik ez izateaz, nire bidea ez jarraitzeaz, ni neu izateaz, merezi ez dutenen ondorioz malkoak isurtzeaz, zerbait sinisteaz, ez sinisteaz. Damutu naiz damutu izanaz ere.
Ikusten, galdu naiz jokoan, ez dakit nola jokatu! Eta orain zer?
Lasai, nik ere negar egin izan dut komuneko atea krisketarekin itxi ostean.