Irrizbizi
Hasiera » Josune Azurmendiren bloga - Irrizbizi

Nazkatuta nago!

2014-10-23  //  Gizartea  //  Iruzkin bat

1413412883740

Bai bai, ikusten duzuen produktua produktu erreala da! Ideal markak (guk Bimbo izenez ezagutzen dugunak), emakumeentzako ogia atera du, eta nola ez arrosa eta more kolorea ezarri die poltsei. Ez dakit zuei, baina niri atzo arratsaldean lelo, harridura, haserre… aurpegia azaleratu zitzaidan merkatal zentrura joan eta produktu hau apaletan ikusi nuenean. Zertan ari gara? Zein da produktu honen helburua?

Noski, oso normala da, hemen uda dator eta emakumeak dietan jarri nahi dituzte, horretarako… emakumezkoei zuzendutako ogi espeziala! Eta zein ote da produktu honen publizitateko esaldia? “emakumeok, heldu da itxaroten ari ginen ogia! gorputz perfektua izan nahi duzu? zaindu zaitez neska uda dator eta! zelulitisari agur esan nahi? sabel perfektua lortu nahi?” edo horrelako zerbait izan liteke, ezta? Bai bai nahi dut, publizitate sexista guztia pikutara joatea nahi dut!

Nazkatuta nago argaltzeko produktu guztiak emakumeei bideratuta daudelako, edo produktu hauetan emakume argalen irudiak besterik agertzen ez direlako! Nazkatuta nago gizarte honetan emakumeak beti argal egon behar duelako! Nazkatuta nago publizitateak emakumeari ematen dizkion rol sexista guztiez! Nazka ematen didate emakume guztiak gizarteak ezartzen duen emakumearen irudian sartu nahi dituen publizitate kanpainek, produktuek!

Ez al gara ba berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzen ari? ba jakin ez duela hau erakusten publizitateak!

“Nik ere irakasle izan nahi dut ama!”

2014-10-20  //  Gizartea, Hezkuntza  //  2 iruzkin

– “Nik ere irakasle izan nahi dut ama!”

– Ongi pentsatu al duzu? Irakaslea gizartean gutxiesten den hori da maitea, ospe handiegirik ez duen ogibidea. Jendeak ez daki gizartean zabalduta dagoen irakaslearen irudiak, ez duela benetako irakaslea islatzen. Bazeneki zein zaila den irakasle izatea… Irakasleak liburuak ditu eskuan, azaldu eta erakutsi beharreko hori azaltzen duten liburuak, baina ez pentsa liburutik haratagoko gauzak erakutsi beharko ez dituenik, ikasgelako haurrak galderez osatutako jakin-minaren jabe baitira. Gainera, askotan testu-liburuetatik irten beharko du, izan ere, eguneroko bizitzak ematen dizkigun baliabideak bezalakorik ez dagoelako haurrei errealitatea erakusteko, haurrak benetako errealitateaz jabetzeko!

Honez gain, ezin dituzu ahaztu ikasgelak biltzen dituen haur guztiak, denak desberdinak izanik, eta batzuk agian zailtasunak dituztelarik. Irakasle on batek, guztiei esanguratsua izango zaien ariketak edo klaseak prestatu beharko ditu, inor ahaztu gabe. Ariketa hauen abiapuntua, aurretik bakoitzak dakien hori izango da, badakizu, haurrak ariketetan galduta sentitu ez daitezen. Ariketa hauek praktikan jartzerako orduan, haur guztiak motibatzea da irakaslearen helburua, guztiek ariketak gustura egin ditzaten. Honetarako, onena irakaslea ikasle guzti hauen “idolo” bihurtzea da, guztien gustuak batzen dituen idoloa, alegia. Hori bai, irakasleak ikasleen gidari izan behar du, ez agintari!

Bestalde, askotan gustukoago dituen edo gustuko ez dituen haurrak izango ditu irakasleak ikasgelan, baina honek ezin ditu haurrak etiketatu (hau jakintsua, hau ez…), irakaslearen aurre-suposatze hauek ikaslearen ikasketa prozesua erabat kaltetzen dutelako. Ulertu duzu maitea? haur guztiekin berdin ahalegindu beharko duzu, denei zure ehuneko ehuna eskainiz. Eta zer gertatzen da irakasleak egun ona ez duenean? bere irakasle izateko nahia hain handia izan behar du, non triste dagoenean ere, bere indar guztiak atera beharko dituen haur bakoitzari bere irri onena eskaintzeko.

Askotan, hezkuntza sistemak produktuak sortu nahi dituelakoan nago, eta ez pertsonak. Irakasle on batek ordea, haur bakoitzetik pertsona bat sortu beharko du, haur bakoitza gizarteratu beharko du, haurrak nahi duen era horretan, bere nortasuna eta berak izan nahi duen hori izaten lagunduz, bidean haur bakoitzari babesa emanez. Haur bakoitzetik, eguneroko bizitzari aurre egiteko pertsonak sortu beharko ditu irakasleak, bizirik daudenak, euren pentsamendua elkarbanatu nahi dutenak, parte hartuko dutenak, interesa dutenak, gaizki iruditzen zaiena kritikatuko dutenak… bizitza aktibo bat izango duten pertsonak.

Ulertzen ari zara maitea? Irakasle izatea ez da arbelean idatzi eta etxeko lanak bidaltzea soilik, irakasle izatea hezitzaile izatea da, hezitzaile batek hezi egin behar du, eta honetarako gogoa izan behar du. Irakasleak zaintzaile, min guztien sendagile, gurasoen lagun, haurren idolo, motibazio iturri, idazle, ipuin kontalari, antzezle, konfiantza igorle, eztabaiden konpontzaile, irrien sortzaile, irakasle, ikasleen babes, haurren gidari, inspirazio iturri, jakintsu, maitagarri, miresgarri, behatzaile, pentsalari, irudimenaren jabe… izan behar du. Laburbilduz, irakasleak irakasle izan behar du, egunero irakasle izateko gogoz altsatu behar du eta irakasle izateak bere bihotzean koloretako irri bat sortu behar du!

 

 

 

Galderetan galduak ote gaude?

2014-10-17  //  Gizakia  //  Iruzkinik ez

Pausu bat, bi pausu, hirugarrena hurrena… Bizitako egun bakoitzak gure bidea sortzen du, norberarena soilik dena, norbanakoaren bizitza islatzen duena. Bizitza gertakariz eta bizipenez osatzen bada, bide honetan hainbat oztopo eta laguntzekin topo egiten dugularik, gertatu beharreko hainbat gertakari gertatzen dira, ulertu edo ez, gertatu beharrekoak direnak, gertatzen direnak.

Mundu bat. Pertsona bakoitzak bere nortasuna eraikitzen du, berak ikusitakoaren edo bizitakoaren arabera, beraz, posible da pertsona guztiak ez ulertzea, edo nortasun guztiekin bat ez etortzea. Guk ulertuko ez ditugun bezala, besteek ere ez gaituzte agian ulertuko, arrazoi honengatik, saia gaitezen arraroa egiten zaiguna ez gutxiesten. Arrazoi bat. Gertatzeak edo ez gertatzeak arrazoi bat duelako, bakoitzari aurretik edo ondoren gertatu edo gertatuko zaion hori izan daitekeelarik, ezin ditugu arrazoi guztiak ulertu edo jakin, beraz saia gaitezen besteen jokabideak ez epaitzen. Galdera bat. Uneoro galderak sortzen zaizkigu barrenean, naturalki, baina denaren edota gertakari guztien jabe izan ezin garelaz ohartu behar dugu, galderetan galtzea naturala omen da, baina galdera bat: galderetan galduak ote gaude?

“Ez dut ulertzen”. Gertakari guztiak ulertu beharrekoak ote dira? Uneoro gertatzen den horren jabe izan behar al gara? Guztia jakiteko jaio ote gara? Zergaitik jakin zergaiti guztiak? Zergaitik asmatu besteen biziak? Elkar ulertzeko eginak ote gaude? Zergaitik daude batzuk beste batzuen menpe? Zergaitik da horrelakoa gizakia? Kuriositate hutsak eginiko galderetan galdu ote gara? Galderek galdu gaituzte agian? Horren zaila ote da bizitza? Guk zailtzen dugu akaso? Ba ote dakigu bizitzen? Edo bizitzak gidatzen gaitu? 

Nik gaur galtzak daramatzadanez…

2014-10-11  //  Hausnartzekoak  //  Iruzkin bat

men_women_bathroom_clip_art_9341_zps75381cf4

Hausnarketa txiki bat…

Askotan ikusten dugun irudia da hau, bainugela publikoetara joaten garen bakoitzean, alegia. Guztiok dakigu ezkerrera edo eskuinera joan behar garen, irudi soil bat ikusita, baina nire burua inon kokatzen ez badut, irudi hau ikusi eta honakoa pentsatzen dut:

“Ezkerrean soinekoa duten haiek, eta eskuinean galtzak dituzten haiek. Nik gaur galtzak daramatzadanez…”. 

– Neska, barkatu, baina hau gizonezkoen bainugela da!

Mundu guztian ezaguna den irudia, estereotipoek finkatutakoa. Nola liteke pertsona bakoitzak bere irudia barneratuta izatea? Nola liteke gizartean, munduan, emakumezkoaren eta gizonezkoaren irudia horren finkatuta egotea? 

 

Barkatu, baina ez dugu piroporik nahi.

2014-10-09  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Zoritxarrez, Hego Ameriketan daramadan denboraldian, Euskal Herrian bizitza guztian baina piropo gehiago entzun ditut. Zoritxarrez, oraindik gizonezko batzuk emakumezkoa gutxiesten dute. Zoritxarrez, piropoak esaten dituzten gizonezkoek emakumea haragi zatitzat hartzen dute. Zoritxarrez, emakume askok hitz lizun hauek entzutean irri batez erantzuten dute. Zoritxarrez, zenbait emakumek oraindik hitz hauek onartzen dituzte. Zoritxarrez, batzuk berdintasunaren esanahia ezezaguna dute. Zoritxarrez, baten batzuk egunerokotasunean hau normaltzat hartzen dute. Zoritxarrez, piropoek suntsitu ezin den matxismoa islatzen dute.

Barkatu, baina ez dugu piroporik nahi. Ez dugu emakumea gizonezkoaren menpeko bihurtzen duen hitzik nahi, ez dugu lizunkeriarik entzun nahi, ez dugu begirada zikinen jomuga izan nahi, ez dugu deseroso sentiarazten gaituen txistu baten entzule izan nahi, ez dugu errespeturik gabeko hitzen norako izan nahi, ez dugu haragi zati soilaren isla izan nahi.

Ez duzue ulertu? Oso erraza da, gizonezkoak ez du zertan emakumezkoa baina gehiago sentitu behar, emakumezkoak ere berdin- berdinak garelako. Ez duzue zertan hitz lizunik oihukatu behar, hitz hauek autoestimua igotzen ez digutelako. Ez duzue zertan ezer esan behar, entzuten ditugun hitzez harrotzen ez garelako.

Bagara. Geure buruaren jabe gara, nortasun baten sortzaile gara. Badugu. Gorputz hauen barruan sentimenduak ditugu, errespetua merezi dugu, eta ez kezkatu, matxismoaren isla diren hitzik gabe ere irri egin dezakegu!

 

Komunikaziotik inkomunikaziora.

2014-10-07  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkin bat

Komunikazioan oinarritzen da gizartea, baina benetan komunikatuta al gaude? Komunikatzen al gara? Geroz eta baliabide gehiago ditugu geure hitzak, pentsamenduak helarazteko, baina baliabide hauen gehiegizko erabilerak inkomunikaziora eraman gaitu.

Behatzen bidez komunikatzen gara, ordenagailuan edota mugikorrean idatziz, geure komunikatzeko tresna hoberena gorputz guztia dela ahaztuz. Geure pentsamenduak, usteak eta sentimenduak sare sozialetan argitaratzen ditugu, hauek ulertzen gaituztelakoan, hauek erantzungo digutelakoan. Minutuan minutukoa kontatzen dugu, honek garrantzitsua den horri garrantzia kentzen diolarik. Gainera, irakurriz komunikatzeak bizitza errealean entzuten ahaztea ekarri du.

Zergaitik egiten diogu irri ordenagailuari, mugikorrari, pertsonari egin beharrean? Zergaitik ez dakigu aurrez- aurre ahoz komunikatzen geure egunerokoa edonon argitaratzen badugu? Zergaitik gara ausartago, eta zergaitik desagertzen da lotsa pantaila baten aurrean gaudenean? Zergaitik ez gara gorputzarekin komunikatzen hau bada geure ispilu nagusia?

Pantailak ez dira pertsonen arteko loturak, mugak baizik. Behatzek ez dituzte gure sentimenduak adierazten, gorputzak baizik. Sare sozialek ez gaituzte ulertzen, pertsonek baizik. Eskaini diezaiogun pantailari eskainitakoa gizakiari, egin diezaiogun irri komunikazio errealari.

https://www.youtube.com/watch?v=b1Rj5fdSN-g

 

5 - 5«Aurrekoa2345

Josune Azurmendi Telleria

Gizartea eta gizakia. Horren zaila ote da bizitza? Ba ote dakigu bizitzen? Egunerokotasunean ikusten eta ikasten ditudan gaien inguruko hausnarketa zorroztua, gaur egun horrenbeste behar dugun irri egiteko arrazoi batekin. Bizitzeko beste modu bat, irri egiteko beste arrazoi bat.

Azken bidalketak

  • Errege-opila
  • “Garaian garaikoa”
  • Nonbait egongo da norbait.
  • Ez nuen amaiera hori espero: “Te quiero”.
  • Pribatura noa

Iruzkin berriak

  • BOST MINUTUKO IKASTAROA! -tu(a)z joan / -tzen joan / Josune Azurmendi / Zugazart, Zaldieroa | Eskolaegunezegun(e)k Ondo nago, lasai! bidalketan
  • Rosa Rojo(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
  • Josune Azurmendi(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
  • Nerea Altolagirre(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
  • Taupa-Taupa | Zergatik ez diegu haurrei aserratzen uzten?(e)k Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten? bidalketan

Artxiboak

  • 2026(e)ko urtarrila
  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko apirila
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko apirila
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko iraila
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria

Kategoriak

  • Gizakia
  • Gizartea
  • Hausnartzekoak
  • Hezkuntza
  • Politika
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatu gabea

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA