Zientziaren labirintoan kokatuz
Hasiera » Gaurkotasunekoak » Kontuz gauzak nahita ahazte horrekin!!
Mar23 2

Kontuz gauzak nahita ahazte horrekin!!

Atalak: Gaurkotasunekoak

Gaurko sarrera honetan, Nature aldizkariaren web orrian ikusi dudan artikulu batekin natorkizue. Sarreraren izenburutik ondoriozta dezakezuen bezala, oroimenarekin loturiko lana da, eta bitxia iruditu zaidan heinean, zuekin partekatzea pentsatu dut. Psikologia eta neurologiarekin lotutako zerbait den heinean, argi dago ni ez naizela honetaz azalpenak emateko pertsonarik aproposena, baina zientzia esparru honetan erabiltzen diren ikerketa metodoetarako hurbilketa bat izan daiteke.

Sarritan gertatu izan zaigu gauzak ahaztu nahi izatea. Gure bizitzan bizi izandako momento gogorrak gogoratzeak min ematen digu askotan, eta nahiago izaten dugu oroitzapen mingarri horiek burutik kentzea. Duela urte batzuk egindako ikerketa batean frogatu zenez, persona batzuk duela gutxi gertatutako gauzak nahita ahazteko gaitasuna daukate. Gaitasun horren oinarrian legoke garuneko hipoeremuaren eta hegaleko esparru prefrontalaren arteko konexio indarra.

Gaitasun hori ez daukagunok aldiz, berau ixilarazteko ahalegina egiten dugu. Alegia, gogoratu arren, nahiago dugu oroitzapen hori hitzez ez azaldu, horrek hein batean gogoratzeak dakarren mina txikituko duen itxaropenez. Baina Naturen argitaratutako artikuluan azaltzen den bezela, honek ondorio kaltegarriak izan ditzake gure memoriarako.

Funtsean, oroitzapen berriak sortu eta berauek gure buruan egonkortzeak, hipoeremuaren aktibitatea eskatzen du. Hala, oroitzapen bat ixilarazteak, hipoeremu horretako odol zirkulazioa txikitzea dakar. Baina aipaturiko lan honetan frogatu ahal izan zenez, inhibizio honek hipoeremuaren beste funtzio batzuei ere eragiten die. Izan ere, oroitzapen bat ixildu edo erreprimitzeak, une horretan sortzen eta egonkortzen ari ziren memorien geroko berreskuratzea ere zaildu egiten du.

Hau hobeto ulertuko dugu adibide konkretu baten laguntzaz. Zerbait irakurtzen ari garelarik, oroitu nahi ez dugun zerbaitetaz oroitzen bagara, honek irakurketako hurrengo ideiak lausotzea eragin dezake. Alegia, oroitu berri duguna burutik kentzeko ahalegin horrek, hipoeremuaren beste funtzio batzuk oztopatzen ditu, datorrenaren gaineko memoria zailduz.

Ondorio hauek persona talde batekin egindako esperimentu baten laguntzaz lortu zituzten. Bertan, lehenik eta behin hitz pare batzuk eman zitzaizkien guztiei, buruz ikas zitzaten. Gero, hitz bikote horietako lehen hitza esanez, beraiek zegokion bikotea gogoratu behar zuten. Partehartzaileek ordea, kasu batzuetan bigarren hitz hori esan egin behar zuten, eta beste batzuetan memoria ori erreprimitu, bigarren hitza ixildu edo beren baitan gordez. Hitzen artean, leku jakin batean zegoen zerbaiten irudi bat erakusten zitzaien, eta beraiek irudi hori esaldi bihurtu behar zuten, aldiuneko memoria baten sorrera ahalbidetuz. Irudi horretan, ez zegoen ageriko loturarik lekuaren eta objetuaren artean. Esate baterako, atzean kotxez betetako parking bat zeukan lehoi baten irudia izan zitekeen, eta partehartzaileek, “lehoia parking batean dago” moduko esaldia ahozkatu behar zuten.

Azkenean, behin irudi guztiak kokatu eta gogoratze/ixiltze ariketa guztiak bukatuta, leku bat aipatzen zitzaien partehartzaileei, eta beraiek leku horretan agertzen zen irudia aipatu behar zuten.

Ikusi ahal izan zutenez, irudiaren aurretik eta ondoren oroitzapen baten ixiltzea gertatzen zenean, irudi horren memoria errazago ahazten zitzaien. Aldiz, irudiaren aurretik eta ondoren, hitz bikoteko bigarren hitza esaten zutenean, irudiaren gaineko memoria ere haundiagoa izaten zen.

Esperimentu honek erakutsiko luke, beren bizitzan trauma bat bizi izan duten pertsonek, trauma hori izandako unean nolabaiteko hutsune bat izatea. Alegia, oroitzapen txar bat ahaztu nahi izateak, une horretan gertatu denaren gaineko oroitzapenak lausotu ditzake. Berdin du sortzen ari zen memoriak traumarekin zerikusirik duen ala ez, denboran kointziditze hutsa nahikoa izan daiteke memoria berri horiek galtzeko.

Beraz, guzti honetatik ikasgai edo gomendio bat atera beharko bagenu, oroitzapenak itotzea kaltegarria izan litekeela da. Alegia, garai batean gertatu zena mingarria edo ezatsegina izanik ere, ez du merezi berau ahazten saiatzeak. Izan ere, oso posible da horrelako gaitasunik ez izatea, eta kasu horretan, gure garunaren funtzionamendu egokia oztopa dezakegu. Hobe dugu gertatu zenari zuzenean begietara begiratu, eta oroitzapen hori norbaitekin konpartitzea. Azken batean, sarritan esaten den bezala, ihes egiteak ez du gainditzen laguntzen. Aldiz, gure barrenak askatu eta norbaiti horretaz hitzegiten badiogu, gainetik zama astun bat kenzeaz gain, Natureko artikulu horretan aipatzen den bezala, gure garuneko hipoeremuaren funtzionamendu egokia erraztuko dugu.

Ba hauxe izan da guztia gaurkoz. Ez dakit interesgarria iruditu zaizuen edo ez, baina beno, ikasitakoa praktikan jartzeko balio dezala behinzat! Uneren batean sarrera honetaz gogoratzen bazarete, ez ahazten ahalegindu, zerbaitegatik oroituko zineten eta! Hausnartu noizbait gauzak ahazteari buruz irakurri zenuten sarreraz, eta bide batez, zaindu zuen oroimena!!

2 Iruzkin

  1. Iruñerritarra naiz | 2016-03-26 at 12:06

    Oso interesgarria, konturatu naiz egia dela. Izan ere, ni esperientzia txar bat bizi izan nuen eta hori ahazten saiatu naiz. Hori ‘ahaztu’ ta gero, lehen baino memoria gutxiago daukat eta arraroa egiten zitzaidan adibidez lehen datak oso ongi oroitzea (astelehena edo asteartea zen duela 5 urte) eta orain ia ez oroitzea hainbertze. Ni pentsatzen nuen adina izanen zela, baino badirudi dela esperientziak nahita ahaztu nahi izateagatik.

    Reply
    • Oier Lakuntza | 2016-03-26 at 13:09

      Beno, ba agian horregatik izango da! Dena den, sarrera honetan Natureko artikulua azaldu baino ez dut egin eta ez naiz inondik inora gai horietan aditua.

      Reply

Trackbacks/Pingbacks

  1. Kontuz gauzak nahita ahazte horrekin!! | EIBZko liburutegia - […] Oier Lakuntza / 2016-03-23 / 653 hitz […]

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Oier Lakuntza

Zientzia mundutik at dabilen jendearentzat, sarritan zientzia baino mito itxura handiagoa dute zientziari buruz entzuten diren kontu askok. Blog honetan, gaurkotasuneko gaietatik abiatuta, zientzia gaiak hobeto ulertzeko argibideak eskainiko dira, ahalik eta modurik xumeenean. Halaber, zientziak gordetzen dituen zenbait bitxikeriarentzat, eta beste blog nahiz aldizkarietan jorratzen diren zientzia artikuluei buruzko hausnarketa eta gogoetetarako ere tartea egongo da.

Azken bidalketak

  • Epigenetika: geneak ez dira dena
  • Euskera eta zientzia
  • Plastikoak eta ahanztura
  • Negutegi efektuaz
  • Nanoteknologia

Iruzkin berriak

  • Epigenetika: geneak ez dira dena | EIBZko liburutegia(e)k Epigenetika: geneak ez dira dena bidalketan
  • Negutegi efektuaz | EIBZko liburutegia(e)k Negutegi efektuaz bidalketan
  • Oier Lakunza(e)k Nanoteknologia bidalketan
  • Iñaki Suinaga(e)k Nanoteknologia bidalketan
  • Nanoteknologia | EIBZko liburutegia(e)k Nanoteknologia bidalketan

Artxiboak

  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria

Kategoriak

  • Argitaratuak
  • Aurkezpena eta jarraipena
  • Euskal Herria irratikoak
  • Gaurkotasunekoak
  • Gogoetak
  • Sailkatugabeak
  • Zientziaren paradoxak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA