The human centipede (First sequence & Full sequence)
Diotenez, Tom Six zuzendari holandarrak trilogia bat osatu nahi du Giza-ehunzangoa filmekin; lehendabizikoa eta bigarrena ikusita, ordea, zaila da irudikatzea zein norabide hartuko duen balizko hirugarren zatiak. Edonola ere, azken hori etorri bitartean, erran dezagun lehendabizikoak, The human centipede (First sequence) izenekoak, bi gauza interesgarri bederen badituela: goi mailako “mad doctor” bat, Heiter doktorea (Dieter Lieser) eta horren neurriko ideia zoro bat.
Heiter doktorea Alemanian bizi da, basoan galdutako etxe batean. Erretreta hartutako kirurgilaria, biki siamesak bereizten eman ditu bere lan urteak (eta etxeko paretetan zintzilik dauden margolan aski morbosoek ez dute bere profesionaltasunari buruzko zalantza izpirik uzten). Gorputz bakarretik bi egiten aritu ondoren, gorputzak uztartu nahi ditu orain; elkarri loturik sorturikoak bereizi beharrean, izakiak elkarri itsatsi nahi dizkio orain, izaki mota berri bat osatzeko asmoz. Heiter doktoreak ehunzangoak ditu obsesio, eta, gau ilun euritsu batez haren etxera ailegatuko diren bi neskei azalduko dien bezala, munduko digestio-sistema luzeena eratzea paratu dio erronka bere buruari. Piezak aipatuta (ehunzangoa, gorputz batzuetatik abiatuta gorputz bakarra osatu, digestio-sistema luzeena), puzzlea osatzea ez da zaila.
Esperimentua bere zakurrekin egiten saiatu zen, eta arrakastatsu gertatu omen zen; orain, gizakiekin proba egiteko tenorea iritsia da: hain zuzen ere, lehen aipatu bi neskekin eta preso daukan turista japoniar batekin. Eta, borondatez kontrako bezeroei operazio txiki batzuk egindakoan (hortzak erauzi, belaunak egokitu, batzuen ahoa bertzeen ipurdiari josi) gauzatu ere gauzatuko du Heiter doktoreak bere helburua.
Erabiltzen dituen motiboetan, The human centipede (First sequence) nahiko film klasikoa da, ez du ia-ia originaltasunik: gauez eta euripean, baso ilun batean matxuratzen den autoa; nora ezean ibili eta gero, etxe malapartatu batera ailegatzen diren bi neska gazteak; biktimei bere egitasmo zentzugabea plazer sadikoz azaltzen dien mediku eroa; istant batez ihes egitea lortzen duen biktima; bertze zerbaitengatik galdezka etorri eta medikuaren jarrera susmagarritzat jotzen duen polizia parea… Baina Dieter Lieser aktorearen lanari eta, batez ere, giza-ehunzangoa egiteko ideia zoro horri esker, buruan iltzatua gelditzen diren filmetarik da Tom Sixena.
Gaia zein den kontuan hartuta, nahiko film aseptikoa da trilogiaren lehen zati hau: odol guti ageri da, eta espero zitezkeen gorputzeko bertze isurkariak ez ditugu ikusi ere eginen. Eta ez da falta modu alegorikoan irakurri duenik. Giza-ehunzangoaren lehen osagarria turista japoniarra izanik, Sixek, horren bidez, erreferentzia egin nahi omen zion Hollywoodek Japoniako beldurrezko filmen remakeak ekoizteko izan duen temari: japoniarren ahotik sartzen dena, amerikarraren ipurditik ateratzen baita, ohiko forman. Auskalo.
Metazinema dugu, berriz, The human centipede II (Full sequence). Bigarren zati honek lehendabizikoa baitu mintzagai. Protagonistak, Martinek (Laurence R. Harvey), behin eta berriz ikusten du Sixen lehen filma, garaje bat zaintzen lanean ari den bitartean. Izan ere, ez du bertzerik buruan. Filma ikusi bitartean, batzuetan ordenagailuko pantaila ferekatu eta dena egiten du. Are gehiago, pasarte krudelenetan bero jartzen da, eta eszena gogoangarri batean, masturbatuko eginen da, zerekin eta (please, irakurle maiteak, do not try this at home) liz-paper puska batekin, odola egin arte. Psikologia konplikatua baitu Martinek. Aitaren sexu-gehiegikeriak hainbat urtez sufritu ondoren, bere itxura nazkagarria dela-eta inguruko guzien mespretxua pairatzen du orain. The human centipede (First sequence) ikustea du kontsolamendu bakarra. Tira, hori, eta garajean jendea bahitzea bere proiektu handirako: Heiter doktoreak bezala, berak ere giza-ehunzango bat sortu nahi du-eta; alabaina, Heiterren hiru ataleko espezimenari xumeegi iritzita-edo, hamabi ataleko ehunzango bat eratu nahi du Martinek.
Giza-ehunzangoa bigarren film hau, neurri batean, lehen filmak jaso zenbait kritikari erantzuna da. Batzuek erran bazuten lehen zatiak odola, sufrimendua eta gorotza falta zituela, honetan Tom Sixek ez die bere ideiei bridarik jarri. Eta zentzu anitzetan, bigarren zati hau lehenbizikoaren kontrakoa da. Hura koloretan filmatua izan zen; hau, berriz, zuri-beltzean (kakaren marroia, halere, ederki ikusten da hondar minutuetan). Hartan, giza-ehunzangoa prestatzeko operazioak ebakuntza-gela garbi aseptiko orbanik gabe batean egiten ziren; honetan, zikinkeriaz beteriko biltegi abandonatu batean. Hartan, Heiter doktoreak bazekien zertan ari zen; honetan, ez du iduri Martinek lehen hezkuntza ere egin duenik. Lehen zatian, tresna egokiak erabiltzen zituen Heiter doktoreak ebakuntzak egiteko; bigarren zatian, Martinek eskuar duena erabiltzen du, etxeko sukaldean harrapatzen dituen tresnak alegia (hortzak erauzteko, mailu bat; bisturiaren ordez, sukaldeko nabala zerraduna; eta anestesiaren ordez, bada, deus ez).
The human centipede II (Full sequence) filmak krudelkeriaz eta zikinkeriaz beteriko mundua erakusten digu. Denetarik dugu: odola, kaka, lerdea, intzestua, bortxaketak. Ikusleak ez du heldulekurik, ez baita pertsonaia sinpatikorik. Neurri batean, erran liteke Tom Sixek bere jarraitzaileei egin dien broma luzea dela bigarren zati hau: izan ere, umorea ere bada, beltz samarra, hori bai. The human centipede, batez ere bigarren zatia, ez da guzien gustuko izanen. Kultuko filma izateko osagai guziak ditu, eta aktoreek ongi egiten dute beren lana, batez ere Martin gorpuzten duen Lawrence Harveyk. Azken minutuak, halere, gogorrak dira. Ez da erraz ahazten den filma: zenbait irudi, izan ziur, luze geldituko dira ikuslearen buruan.
https://www.youtube.com/watch?v=isaKOPb2FDM
Eta, hori bai, ikustekotan, hauxe nire aholkua: ez ikusi merienda hartzeko tenorean, batez ere Nocilla jateko asmoa baduzu. Ez da ideia ona.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- The Human Centipede [The Final Sequence] (Giza ehunzangoa [Azken partea]) | Odolaren mintzoa - […] Human Centipede [The Final Sequence] trilogia baten hondar alea da. Ospea gorabehera, lehendabizikoak nazka handiagoa ematen zuen kontatuta, […]
Grazia egin dit bigarrenaren trailerrean nola jartzen duen “banned in the UK”, Donostian ‘A Serbian Film’-ekin pasa zena gogorarazi dit. Bigarren hori interesatu zait aurrenekoa baino gehiago; ondo jarraituko al dut istorioa aurrekoa ikusi gabe?
Bada, bai, ez da beharrezkoa lehen zatia ikustea bigarrena jarraitu ahal izateko. Beraz, lasai.