Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
American Mary
Atalak: Beldurrezkoa, Gore-a, Suspentsea
American Mary, ebakuntza-tresnak eskuan
American Mary (2012) Jen eta Sylvia Soska ahizpa bikien bigarren filma da. Lehendabizikoa, Dead hooker in a trunk (2009) –Kanadako bi zuzendarien beren hitzetan– dibertsio hutsa izan zen, tarte on bat pasarazi bertze asmorik ez zuen jenero-film bat. Bigarren lan honetan, ordea, bertze zerbait bilatu dute, film europarrago bat egin nahi izan omen dute. Aitortu behar dut ez dudala 2009ko filma ikusi, baina hura nolanahikoa zelarik ere, bistan da American Mary anbizio handiko lana dela. Soska ahizpek beren asmoa borobildu ote duten bertze kontu bat da.
Etzanda dagoen morroia ez dago sobera eroso naski
Nire ustez, American Mary bi zatitan banatzen da. Lehen berrogei minutuetan-edo, kontatzen zaigu Mary Mason (Katharine Isabelle), zirujaua izateko ikasten ari den eta problema ekonomikoak dituen neska gazte trebe eta buruargia, nola bihurtzen den, halabeharrez, gorputza erabat itxuraldatzeko ebakuntza klandestinoak egiten dituen kirurgilari. Ikuspuntu guzietatik, zatirik sendoena da, narratiboki lortuena, hari-mutur guziak hobekien biltzen dituena. Pertsonaiaren aurkezpena egokia da: berehala hainbat xehetasun inportante erakusten zaizkigu, hala nola Maryk medikuntza irakasleen duen harreman gazi-gozoa, haren bakardadea (Budapesten bizi den amatxi du euskarri sentimental bakarra, nonbait, eta elkarrekin ingelesez egiten dute –arras azentu markatuarekin, amatxik–, ez hungarieraz; AEBra joandako tarteko belaunaldiaren berririk ez daukagu), edo haren problema ekonomikoak. Eta berrogei minutu trinko horietan ikusiko dugu gure protagonista, rape-and-revenge eskema narratiboaren bidez, medikuntza ikasle zintzoa izatetik zirujau klandestino baina muturreko gorputz-aldaketen zaleen artean sona handikoa izatera pasatzen. Mary gazte hauskorra kirurgilari hotz beldurgarria (zenbait girotan “Bloody Mary” goitizenez ezaguna) bilakatu da, eta bilakaera hori modu sinesgarrian kontatuko zaigu.
Beatress, alias Betty Boop
Hortik aitzinat, filmak indarra galtzen du, eta hari narratiboa lausotu egiten da. Badira pasarte gogoangarriak, badira gore-zaleak aseko dituzten uneak, badira pertsonaia erakargarriak eta xehetasun politak (niri anitz gustatu zait detektibeari Dolor izena paratu izana), bada inoiz gauzatzen ez den amodio istorio bat, baina, nolabait, hari-mutur solteak dira. Ikuslea ez da inoiz aspertuko (ikusle hau, behinik behin, ez zen aspertu), baina filmak lehen zatian zuen trinkotasuna eskas du bigarrenean. Hein batean, nora ezean dabil kontakizuna, eta akabera ia-ia ezagutzen ez dugun “gaizto” baten eskutik ailegatuko da.
Maryk argazki batzuk behar ditu bere web-gunerako
American Mary-k estereotipoak ditu mintzagai, kanpoko itxuraren kariaz jendeari buruz izaten ditugun aurreiritziak. Filmean, jende ustez normala da beldurgarriena, bere gizatasuna galdua baitu, batez ere Maryren irakasle diren zirujauak. “Zure lana ongi eginez gero, gainerako guzia justifikatua dago” erranen dio mediku batek Maryri, eta, ikusiko dugunez, beren bizian zorrotz betetzen duten araua da hori. Aldiz, egindako ebakuntzen ondorioz kanpoko itxuragatik nazkagarri, asaldagarri edo aztoragarri direnak dira pertsonaia humanoenak (Beatress –Tristan Risk– da bereziki aipatzekoa, Betty Boop-en itxura izateko hainbat ebakuntza jasan dituen pertsonaia).
Operatzeko tenorea da
Edonola ere, akats narratiboak akats, American Mary ongi filmatua dago, eta aktoreen lana –batez ere Katharine Isabellerena– nabarmentzekoa da. Odola eta bortizkeria baditu ere, zuzendariek neurrian erabili dituzte osagai horiek, gehiegikeriarik gabe. Ez da maisulana, baina bai zer kontatua duen filma, eta, erran bezala, bigarren zatian –nire ustez– narrazioaren ikuspuntutik asmatu ez duen arren, esperientziak merezi du. Hau ikusita, ni Soska ahizpek hurrengo filma noiz aterako zain nago dagoeneko.