Grabbers
Jon Wright Grabbers komedia da; are gehiago, zenbait iruzkinen arabera, irri-ajataka aritzeko moduko komedia. Irlandaren eta Britainia Handiaren artean ekoizturiko filma denez, Edgar Wright-en Shaun of the dead-ekin konparatzen dute nire DVDren azalean. Egia erran, ez nago sobera ados ez batarekin ez bertzearekin. Bai, komedia da, komedia duina, baina niri irribarre batzuk baizik ez dizkit aterarazi: ez naiz aspertu, filmak nire arreta bereganatu du, baina ez dut algararik bota. Eta konparazioari dagoikionez, bi filmak irletan eginak direla (eta bi zuzendariek deitura berdina dutela) alde batera utzita, ez dute elkarren antz handirik. Edgar Wrightena jenerozaleei begira egindako komedia da; Jon Wrightenak munstro bat duen arren, familia osoak –tira, adin batetik aitzinat– ikusten ahal duen film entretenigarria da. Umorea ez da inoiz beltzegia edo lizunegia, eta aurrekontua efektu berezietan gastatu dute batez ere, odol faltsua erosten baino gehiago.
DVDren azalean Joe Cornish-en Attack the block aipatzen ez badute ere, Grabbers-ek harekin konpartitzen du abiapuntua: meteorito edo espazio-ontzi edo dena delakoa zerutik erori eta bertako bidaiariak gizakiak akabatzen hasiko dira. Cornish-en filmean, Londresen izanen da estralurtarren erasoa; Jon Wrightenean, Erin irlan; baina, bietan, talde-protagonista izanen dugu, eta bietan estralurtarrak zer diren, arrak edo emeak, inportantea izanen da (baiki, Attack the block-en Grabbers-en baino garrantzitsuagoa da; iduri luke azken honetan hari keinu konplize bat egin nahi izan diotela). Bada, halere, diferentzia interesgarri bat: Attack the block-en halako saiakera egiten zen kritika soziala txertatzeko; Grabbers-en ez dugu horrelakorik aurkituko.
Erin irlako polizia batek bi asteko oporraldia hartu behar duenez, Lisa Nolan (Ruth Bradley) etorri da haren ordezkapena egitera; denboraldi horretan, irlako bertze polizia izanen du lankide, Ciarán O’Shea (Richard Coyle), botilarekin problema txiki bat duena. Nolan agentea ailegatu bezain fite, gauza arraroak gertatzen hasiko dira: arrantzale batzuk desagertzeaz gain, otarrainak harrapatzen dabilen agure batek itsasoko munstro bat atzemanen du, eta laster jakinen dute kreatura ezezagun horrek (“alien bat, ezezaguna delako, ez espaziotik etorri delako…”, herriko ikertzaileak adieraziko duen bezala) ura eta odola behar duela bizitzeko, baina alkohola edanez gero, hil egiten dela. Bizirik irauteko modua, beraz, argi dago: odola alkoholez enpo duena ez du olagarro itxura duen munstro horrek ukitu ere eginen.
Istorioa horrela laburbilduta, bistan da Grabbers komedia dela eta ezin dugula serioegi hartu. Aktoreen lana, gainera, ona da, eta efektu bereziak arrunt sinesgarriak. Irlandan dago filmatua, eta ez da saiatu Irlandako topikoetarik aldentzen (ikuspegi idilikoak ditugu, agure mozkorti maitagarriak, herri osoaren bilgune den ostatua…). Lehen hogei minutuetan-edo, munstroa nolakoa den erakutsi baino lehen, musikaren bidez giro mehatxagarria eraikitzeko eginahalak egin arren, bigarren zatian filma komedia aldera lerratuko da inolako zalantzarik gabe. Hori, berez, ez da txarra: blog honetan berean beldurra eta umorea uztartzen dituzten bertze film batzuk (Drew Goddard-en The Cabin in the Woods, Matthias Hoene-ren Cockneys vs Zombies ) mintzagai izan ditugu, baina horiek jeneroan umorea txertatzen zuten lanak ziren. Grabbers-en kasuan, sailkapena bera dago kolokan, nire ustez ez baita benetan jenero-film bat. Bertzalde, Nolan-en eta O’Shea-ren artean garatzen den amodiozko azpitramak are gehiago urruntzen du filma beldurrezko jenerotik: neurri handi batean, ikararik eragiten ez duen asmo oneko komedia atsegina dugu Grabbers –tartean espaziotik etorritako munstro bat izatea ez da nahikoa beldurrezko film gisa edo zientzia fikziozko gisa sailkatzeko–.
Pertsonaia maitagarriak, Irlandako musika eta garagardoa, zerutik eroritako txibia erraldoi bat, eta ongi akitzen den amodio istorio bat. Hori guzia maite baduzue, hau da zuen filma. Ikarak, bertze nonbait bilatu beharko dituzue.
Iepa Santi. Sion Sonoren Guilty of Romance eta Cold Fish ikusi berri ditut, eta oso interesgarriak iruditu zaizkit biak. Hala ere, lehena askoz gehiago gustatu zait, luze samarra den arren. Eskerrik asko apenas ezagutzen ez nuen autore hau gomendatzeagatik. Apirilaren amaieran Sonoren The Land of Hope (2012) estreinatuko da Frantzian (Ipar Euskal Herriko zinemetara ere iritsiko dela pentsatzen dut) eta une hauetan bere filmografia deskubritzen ari naiz. Himizu eta Love Exposure ere jaitsi ditut, beraz, laster ikusiko ditut.
Noboru Iguchiren adierazpen batzuk irakurtzen ari nintzen sarean eta Yoshihiro Nishimura autorea aipatzen du kazetariak. Gogoan dut Nishimura aipatu zenuela Executive Koalari buruz idatzi zenuen testu hartan. Nishimura ez dut ezagutzen, hortaz, jakin nahiko nuke pelikula interesgarririk ba ote duen.
Eskerrik asko ta ondo izan.
Beñat, pozten naiz Sion Sonoren filmak gustatu izanaz. Ikusten dut, halere, gustu kontrajarriak ditugula: nik Cold Fish nahiago izan nuen, Guilty of Romance baino (aitortu behar dut DVD ingelesa daukadala, nazioarteko bertsioa -laburxeagoa- dakarrena; Japoniako bertsioa ikusi beharko nuke). Eta antzeko zebait gertatu zait atzoko zutabean aipatzen zenituen Koreako zuzendariekin: Park Chan-wook eta Kim Jee-woon maite ditut; Lee Chang-dongen filmek, ordea, ez naute sobera erakartzen, baina, tira, zure gorazarrea kontuan hartuta akaso animatuko naiz Oasis ikustera.
Yoshihiro Nishimurak film goreak zuzendu ditu, batez ere, eta efektu bereziez arduratu da bertze zuzendarien hainbat filmetan. Film bat aholkatzekotan, Tokyo Gore Police aholkatuko nizuke: gehiegikeria hutsa da, baina bertze film batzuetan ez bezala, gai serio batzuk ere ukitzen ditu. Odola litroka dago, baina bitxiena da, nire ustez, bortizkeria baino aise asaldagarriagoa dela sexua tratatzeko manera. Kontatuko didazu zer iduritu zaizun.
Segi ongi
Film bortitzak eta odoltsuak atsegin ditut, beti ere zerbait interesgarria kontatzen badute behintzat. Edo emozionatzea lortzen badute, bestela. Jason Eisenerren Hobo with a Shotgun, adibidez, izugarri gustatu zitzaidan, eta itxura guztien arabera gehiegikeria eta jolasa soilik eskaintzen zituen. Baina indarkeria eta erokeria guzti horren atzean hausnarketa interesgarria begitandu zitekeen. Drive ere izugarri gustatu zitzaidan, eta aitortu beharra dut istorioa ez dela beste munduko ezer, baina atmosferak eta musikak liluratu egin ninduten. Drive-k harrapatu egin ninduen. Estetikoki filma paregabea bada, ez zait askorik axola kontatzen duena, baina horretarako beste mundu batetara transportatu behar nau. Esperientzia estetikoa izugarria bada, berdin zait istorioa, baina normalean horrelakorik ez da gertatzen, zoritxarrez.
Lee Chang-dongen Oasis-ek aho zabalik utzi ninduen, baina agian beste askori aspergarri samarra iruditu ahal zaio bere estiloa, hori ez dut ukatzen. Poetry eta Secret Sunshine baino hobea iruditzen zait, hala ere. Merezi du. Park chan wook eta Kim Jee-woonen lanak interesgarriak iruditzen zaizkit, baina nire gogokoena Kim Ki-duk da zalantzarik gabe. Hegokorearren artean bat aukeratu behar banu Kim Ki-dukekin geratuko nintzateke.
Tokyo Gore Police-k itxura ona dauka, ikusten dudanean esango dizut. Oraindik The Cabin in the Woods ikusteko daukat. Eskerrik asko, Santi. Ondo izan!