Arrosa, loto-lorea
Jatorrizko bertsioan, koreeraz alegia, filmak hala (omen) du izena: Arrosa, loto-lorea, eta Arrosa eta loto-lorea tituluko ipuin tradizionalean dago oinarritua. Ea zer kontatzen duen ipuin horrek? Bada, bi ahizparen istorioa. Naski horregatik hautatu zuten izenburu hori nazioarteko bertsiorako: A tale of two sisters, gure auzo erdaretan laburbildua (eta nafartua) izan zena: 2 hermanas / 2 soeurs.
Kim Jee-Woonen lehen filma, The Quiet Family (1998), komedia beltz bat izan zen (geroago, belztasuna galdu gabe, Takashi Miikek musikal bihurtu zuena The Happiness of the Katakuris 2001eko remakean), baina memento batzuetan iduri luke zuzendariak beldurrezko film egin nahian zebilela: pertsonaiek gauez aditzen dituzten zenbait asotsek ustekabeak eta ikarak iragartzen baitzituzten, agindutako izu hori azkenean gauzatuko ez zen arren. Film hartaz geroztik, Kim Jee-Woon genero-zineman ibili da bere film guzietan, nahiz beti saltoka genero batetik bertzera. The Foul King (2000) komedia zen, tarteka irri-emangarria, eta tarteka ergel samarra. Zinema beltza landu zuen A bittersweet life (2005) film zoragarrian, eta spaghetti-westernari omenaldi ederra eskaini zion The Good, the Bad and the Weird-en (2008). Zientzia-fikzioan sailkatu beharko genuke Doomsday Book (2012), eta, diotenez –nik ez baitut ikusi–, zinema beltza da Estatu Batuetan egin duen lehen lana, The Last Stand (2013), Arnold Schwarzeneggerrekin.
Bi aldiz hurbildu da zuzendari korearra beldurrezko zinemara: bigarrena, I Saw the Devil (2010) film bortitza izan zen (Gontzal Agotek iruzkin bat egin zion bere garaian), eta A tale of two sisters (2003).
Ospitale psikiatriko batean denboraldi bat pasatu ondoren, bi ahizpa –Su-mi eta Su-yeun– etxera bueltatu dira aitarekin eta amaordearekin. Fite ikusiko dugu bi neskak haserre daudela aitarekin, eta gorroto dutela amaordea (amaren erizaina izan zena), eta badela sekretu ilun bat Su-yeunen gelako armairuaren inguruan. Luze gabe, gauza arraroak hasiko dira gertatzen, eta amaordearekin duten harremanak agudo eginen du okerrera. Neurri batean, Arrosa, loto-lorea etxe sorgindu batean gertatzen den mamuen istorio bat da. Hideo Nakataren Ring-en bezala, bada ile luzeko mamu bat, eta Takashi Miikeren Auditionen antzera, bada eduki beldurgarriko zaku bat. Bertze maila batean, alde bisuala ezin zaindu eta dotoreagoa duen filma da A tale of two sisters, eta horregatik bakarrik merezi du ikustea: etxe apainduegi horretako giro itogarriak luze irauten du ikuslearen gogoan. Eta, azkenik, sufrimendu eta eromenaren istorio bat da Kim Jee-Woonek kontatzen diguna, soilik azken minutuetan azaleratuko den sekretu baten ondorio diren sufrimendu eta eromena.
Beldurrezko zinema bada ere, eta ikuslea ikaratuko duten zenbait sorpresa eta naturaz gaindiko agerpen badira ere, erritmoa eta giroa dira film honetan alderdirik gogoangarrienak. Odola ere bada, batez ere akabera aldera, baina ez da film gorea, ezta –egia aitortzeko– bortitza ere. Bukaerako azalpenak ez du, nire ustez, dena azaltzen, eta ikuslearen zalantza guziak ez dira argitzen, baina oraindik ez dakit hori zuzendariaren akatsa den, eta nahita egindako zerbait, ikuslea berriz telebistaren aitzinean jarri eta filma bigarren aldiz ikus dezan. Edonola ere, edozein aitzakia hartuta, beti da gomendagarria harribitxi hau bertze behin ikustea.
Eskerrik asko euskaratzeagatik Santi. Ez dakit oso ondo azkenean ulertu dudan nik ere, lasaiatua hartu dut orain irakurri dizudanean akaso zuzendariaren intentzioa hori zela. Kartela ikusita beldur pixkatekin ikusi dut, baina zorionez, hemen diozun bezala, ez zen hainbeste odol.