Modus anomali
Modus anomali (Ritual paratu diote izenburua Estatu Batuetan; Le réveil de la proie eta Gefangen im Wahnsinn azpi-izenburuekin hornitu dute Frantzian eta Alemanian, hurrenez hurren) bi hitzetan laburbiltzen ahal da: survival film bat da –alegia, pertsonaia nagusiak borroka egin beharko du bizirik irauteko, eta hori da filmaren funtsa– akaberan, ustekabeko bira baten bidez, ordura artio ikusitako guziari bertze esanahi bat ematen diona. Hala ere, eztabaida liteke amaierako sorpresa horrek filmari mesede edo kalte egiten dion, eta azaldu beharreko guzia azaltzen ote duen ere nahiko zalantzagarria da. Ikusle honen ustez, osagai batzuk argitu gabe gelditzen dira –sute bat eta gezi batzuk aipatuko nituzke nik–, baina, akatsak akats, Joko Anwar zuzendari indonesiar film horrek merezi du, eta ordubetez ikuslea iltzatua izanen du aulkiari.
Gizon bat lur azpitik aterako da, bizirik ehortzia izan baita, Indonesiako baso baten erdian, inolako oroitzapenik gabe: ez daki non dagoen, nor den (sarrixeago jakinen dugu –eta gurekin batera berak ere jakinen du– John Evans duela izena), nola ailegatu den hara edo zer egin behar duen. Bere hilobitik hurbil dagoen etxola batean, pista batzuk aurkituko ditu: bideo-kamera bat –“press play” dioen txarteltxo bat ondoan duena–, eta, bertan, bideo ez sobera atsegin bat –osagaiak: ustezko psikopata bat, emazteki haurdun bat, gutienez metro bat luze den nabala bat–. Bertze pista batzuei esker, gure John Evansek ulertuko du –eta ikusleak ere ulertu uste izanen du– baso hartan psikopata bat haren emaztea hil ondoan, hura bera eta haren bi seme-alabak erailtzeko asmoa duela. Geroztik, basoan ibiliko da nora ezean –dagoeneko ilundu du–, umeen bila eta, aldi berean, psikopatarengandik ihesi. Tentsio handiko une latzak bizi beharko ditu, iduri baitu dena psikopatak prestaturiko joko bat dela.
Modus anomali Joko Anwarren laugarren filma da, baina DVD formatuan aise eskuratzen ahal den (eta, hortaz, nik ikusi dudan) lehendabizikoa. Haren lehen lana, Joni’s Promise (2005), komedia bat izan zen, baina hurrengo biak, Kala (2007) eta Pintu Terlarang (2009), zinema fantastikoaren lurraldean sartzen ziren. Nazioarteko merkatuari begira, zuzendariak ingelesez filmatzea erabaki zuen, eta horrek kritika txarrak jaso ditu nonahi. Egia da –eta Mad Movies aldizkariarekin banatu zuten DVDan dagoen elkarrizketa batean hala aitortzen du Anwarrek berak– erabiltzen den ingelesa Indonesiakoa dela, hau da, arras azentu markatukoa eta ez oso naturala. Baina hori bezain egia da filma ia-ia mutua dela: une gehien-gehienetan John Evans –izena ere nahiko hautu badaezpadakoa da– baizik ez dugu ikusiko pantailan, lasterka, eta dauden elkarrizketak motzak dira eta funtzional samarrak –hain motzak, ezen norbaitek arras denbora laburrean euskaratzen ahalko bailituzke Azpitituluak euskaraz orrialderako–. John Evansen isiltasunari gehitu behar zaio normalean ez dela musikarik, eta basoko asotsak direla soinu-banda bakarra.
Protagonista gizonezkoa izatea da film honen bertze alderdi original bat. Maiz, survival filmetan, emaztekiak ikusten ditugu ihes egin nahian, oihuka, izutuak, psikopata batek jazarriak eta torturatuak. Honetakoan, gizon batek betetzen du paper hori (eta ederki betetzen du, gainera, Rio Dewanto aktoreak), eta bistan da ez dela ez MacGyver ez Arnold Schwarzenegger: haren jarreran ez dugu gizonkeria handirik ikusiko.
Akatsak ez ditu falta Modus anomali -k: hizkuntza aipatua dugu; protagonistak pare bat aldiz egiten du goitika filma, eta bietan itsu batek ere ikusiko luke trikimailua; eta, hasmentan erran bezala, akaberako twist -a ez da nahitaez ikusle guzien gustukoa. Alta, alde onak ere baditu: argazki zoragarria; protagonistaren aktore lan bikaina; isiltasunaren erabilera; une anitzetan istorioari darion tentsioa; eta, tarteka, gorea ere ez da falta. Alde on horiek guziak bilduta, film interesgarria dugu, ez Macabre –blog honetan komentatua dugun Indonesiako bertze filma– bezain muturrekoa, baina ona halere, genero zalea naski aseko duena. Izan ere, neurri batean, Joko Anwarren lan hau parabola metazinematografikoa baita, beldurrezko film bat prestatzeak eta, batez ere, beldurrezko film batean murgiltzeak ematen duen plazera mintzagai duena. Baina hori ulertzeko, filma ikusi beharko duzue.
Iepa Santi. Lagun bati esker jakiin dut Sion Sonoren Why don’t you play in hell? filma ikusgai dagoela Atlantida Film Fest-eko web atarian. Lagunak filma bidali dit deskargatu eta ikus dezadan, interesatzen bazaizu bidal diezakezut.
Noel Carroll filosofoak beldurrezko generoa aztergai du Filosofía del terror o paradojas del corazón liburuan. Galdera bati erantzun nahi dio autore estatubatuarrak. Zergatik du publikoak higuina eta beldurra sentitzeko behar hori? Nola uler daiteke sufrimenduaren aldeko apustua egitea? Agian interesatuko zaizu, beldurrezko generoaren baitan aurki daitezkeen egitura ohikoenak identifikatzea lortzen baitu. Haren tesiaren arabera, beldurrezko generoa ilsutrazioarekin batera sortzen da, eta, zientziaren bidez azaldu ezin diren fenomenoei buruz dihardu generoak. Hortaz, Psycho maisulana, adibide bat aipatzearren, egileak ez luke beldurrezkoa denik esango, transtorno psikologikoak oso ohikoak baitira gure gizartean. Beraz, egileari kasu eginez gero, niri ez zait gustatzen beldurrezko generoa, naturaz gaindiko fenomenoetan oinarritzen baita. Xavier Dolan gaztearen Tom à la férme (Tom at the Farm) ere ikusgai dago Atlantidan, thriller psikologiko beldurgarria da eta biziki gomendatzen dizut.
Eskerrak eman nahi dizkizut zure hitzengatik, beldurrezko generoaren aurka nuen jarrera desegokia eta arbuiagarria zela ohartu bainintzen. Nire fobiak eta maniak ez zaizkio inori interesatzen, publikoari errespetuz tratatu behar zaio beti. Beraz, zuri esker, Santi, nire akatsaz jabetu nintzen. Eskerrik asko eta ondo izan!!
Aupa, Beñat:
Zuk idatzi eta hilabetera, azkenean jarri naiz erantzuna idaztera. Lehenik eta behin, esker mila zuri, susmoa baitut blob honek dituen irakurle banaketarik zarela (eta, urtarriletik hona zenbat idatzi dudan ikusita, ez da harritzekoa).
Sion Sonorena interesatzen zait, baina, beti bezala, DVDa salgai jarri artio esperatuko dut. Aldizkari batean irakurri dut dagoeneko film berri bat prestatzen ari dela Sono (Tokyo Tribe)… Liburua ere apuntatua gelditzen da, bai eta Dolanen filma ere (honen Les amours imaginaires ikusia dut, eta nahiko gustatu zitzaidan).
Niri ere mamuak dituzten filmak dira gutien gustatzen zaizkidanak; eta ikusteko tenorean, pereza handiena ematen didatenak. Protagonista hezur-haragizkoak baldin badira, ez dut problemarik izaten (bidenabar, arrunt ona iduritu zitzaidan Hobo with a shotgun, aitzineko iruzkin batean aipatu zenidana eta nik ezagutzen ez nuena).
Beraz, erran bezala, esker mila zuri, eta segituko dugu elkarrizketa honekin.
Iepa Santi. Sonoren Why don’t you play in hell? gustatuko zaizula pentsatzen dut, ez baita Guilty of Romance bezalakoa, alaia, atsegina eta irreberentea da guztiz. Ikuskizuna ziurtatuta dago, beraz.
Dolanen Les amours imaginaires ez zitzaidan askorik gustatu, batez ere, istorioa arrunta iruditu zitzaidalako. Laurence Anyways, ordea, intentsoa eta txundigarria iruditu zitzaidan. Transexual baten istorioa du ardatz, baina Dolanek adierazi bezala, berak ez du inongo kolektiboren izenean hitz egiten. Homosexuala izan arren, desira eta amodioari buruzko filmak egiten ditu, ez da sekta baten parte sentitzen. Ez du bere burua LGBT kolektiboko ordezkaritzat jotzen. Etikoki eta estetikoki sekulako maisulanak dira Dolanen azken filmak, bai Laurence Anyways eta baita Tom à la ferme (generoz guztiz aldatzen duen arren). Horregatik kanadar gazte honen zinema publiko zabal batengana iritsi da dagoeneko, eta hori berri ona da guztiontzat. Gainera, aurtengo Cannesko sail ofizialean lehiatuko du Mommy filmarekin.
Ostiral honetan FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa hasiko da, eta harribitxiren bat deskubritzeko itxaropena dut. Iaz Antiviral eta Maniac bezalako maisulanak ikusteko aukera izan genuen. Aurten znema korearrari buruzko ziklo bat ere antolatu dute eta sarrera doakoa izango da. Lords of Salem ere berreskuratu dute, ez baitzen Euskal Herriko zinemetan ikusterik izan.
Eskerrik asko zuri eta ondo izan, Santi.