Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Ich seh, ich seh (Badakusat, badakusat)
Atalak: Egile-zinema, Suspentsea
Bi mutiko berdin, bat izateraino
Eine Reise in das Innere von Wien (Vienaren barnealderako bidaia) saiakera bilduman, Gerhard Roth-ek Pohanka arkeologo viendarrak eginiko aurkikuntza baten berri ematen digu: hezurdura bat ekarri zuten azalera Minoriten elizan, eta, hilkutxa aztertuta, itxura guzien arabera, barnean zegoen gorpua gorpu bihurtu baino lehen izan zen lurperatua. Katabut hura Rothen hitzetan, Austriaren metaforatzat har liteke: azal distirant orbangabe baten azpian, beldurra eta desesperazioa.
Rothen esaldiak badu estereotipotik, anitz izan ere, baina egia da Austriako zenbait zuzendariren espezialitatea –Ulrich Seidl, Michael Haneke, Jessica Hausner– horixe dela, giro dotore, hotz edota aseptiko baten azpiko ankerkeria azalera ekartzea. Severin Fiala eta Veronika Franz Ich seh, ich seh filmaren zuzendariak multzo horretakoak dira, dudarik gabe, baina ez da komeni antzekotasunak –familia aire hori, bertze austriar baten esamolde bat baliatze aldera– urrunegi eramatea. Fialari eta Franzi ez omen zaie gustatzen Hanekerekin konpara ditzaten –“Zergatik konparatzen gaituzte? Austriarrak garelako?”–, eta badakite haserre hori arrazoitzen: Hanekek ez du beldurrezko filmik maite, bortizkeria erabiltzen du pantailan, pantailan egiten den bortizkeriaren erabilera salatzeko; Franzek eta Fialak, ordea, genero filmak maite dituzte, eta lerro hauetan mintzagai dudan lanean ez da moralismoaren arrastorik.
Ama ote?
Ich seh, ich seh (Badakusat, badakusat), edo, nazioartean, Goodnight, Mommy (Gabon, amatxo): mendi idilikoen eta artasoroen artean dagoen etxe eder batean, bi anaia biki, Lukas eta Elias (Lukas eta Elias Schwartz) –Lukasen izena berehala ikasiko dugu, filmean, hasmentako kanta kenduta, ahoskatzen den lehen solasa baita; Eliasena, berriz, gehiago kostatuko zaigu aditzea–, ama bat, Marie-Christine Mettler (Susanne Wuest) –baina honen izena ordenagailu baten pantailan ikusi beharko dugu–, eta hiruren arteko harremana.
Mutikoak jostetan ari direlarik ailegatuko zaie ama ospitaletik, aurpegia oihalezko zerrenden azpian estalita, eta, haurren harrera hotza jaso ondotik, honek etxeko arau berriak azalduko dizkie: zaratarik ez eta argi guti; medikuak manatuta, amak lasaitasuna behar du, atsedena, aurpegian egin dioten ebakuntzatik ongi osatuko bada.
Amaren jarrera berriak mutikoak elkarrengana are gehiago hurbiltzera eramanen ditu: filmaren lehen zatian erraza da biak bereiztea, forma berdineko baina kolore diferenteko elastikoak janzten baitituzte beti; bigarrenean, berriz, arropa berdina hautatzen dute, bat bihurtu balira bezala, edo bat bertzeari gailendu balitzaio bezala. Hori aski ez eta lotsati, iheskor baina aldi berean suminkorra den ama berri horren jarrerak susmoak ere piztuko ditu bi semeengan. Gure ama ote da hau? Zalantza horrek filma hartu eta beharbada aurreikusten ahal den baina nolanahi ere hotzikarak sorrarazten dituen akabera gogor batera bideratuko du.
There will be blood
Erritmo mantsoko filma da Severin Fialaren eta Veronika Franzen hau, gauzak patxadaz erakusten dituena, baina beti zeharkako begirada ironiko edo hotz batekin. Ich seh, ich seh du izena, bi aldiz, baina akaso amak ez du ikusten begi aitzinean duena; ez, behinik behin, bi aldiz. Nazioarteko tituluak ere badu ironia: hasmentako irudietan, Trapp familia ikusten dugu, Guten Abend, gut’ Nacht kantatzen –ama bat eta hainbat seme-alaba, zorionaren eta familia perfektuaren irudia, inon familia perfektuaren irudirik bada–. Gure filmak perfekzio horren arrakaletarik ateratzen diren mamorro asaldagarriak erakutsiko dizkigu –literalki, pasarte batean–. Gute Nacht, bertzalde, ez da Lukasen kanta gogokoena, eta horren berri ez jakiteak ondorioak ekarriko dizkio amari, ondorio latzak.
Harribitxia da Ich seh, ich seh, maisulan txiki bat. Ez du sustorik, ez du mamurik, baina badu tentsioa sortzeko eta hotzikarak eragiteko gaitasuna. Ikusi beharreko filma, estomaka guziendako ez den arren.
Izenburua: Ich seh, ich seh
Zuzendariak: Severin Fiala & Veronika Franz
Gidoilariak: Severin Fiala & Veronika Franz
Aktoreak: Lukas & Elias Schwartz, Susanne Wuest
Herrialdea: Austria
Urtea: 2014