Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
Under the shadow (Itzalpean) – Donostiako Beldurrezko Astearen gaineko oharrak
Atalak: Beldurrezkoa, Suspentsea
Bunkerrean, itzalpean
Hirutan. Hiru aldiz sentitu nuen hotzikara –buruan hasi eta bizkarrean beheiti egiten zuena– Babak Anvarik zuzendutako filma ikusi bitartean. Eta onartzen badugu beldurra sortzea dela beldurrezko film baten funtzio nagusia, hotzikara horiek aski behar lukete Itzalpean pelikularen kalitatea azpimarratzeko. Izenik eman gabe utziko dudan bertze film baten antza igarri diote han-hemenka –eta zer nahi duk erratea, irakurle maitea? Bai, ba, baduk horren antzekoa–, baina horrek ez dio meriturik kentzen Iraketik heldu diren misilen izupean bizi den Teherango etxe batean kokaturiko istorio honi.
Filmak testuinguru berezia baitu: 80ko hamarkada, iraultza ondoko Iran. Eta bi protagonista: Shideh (Narges Rashidi) eta haren alaba Dorsa (Arvin Manshadi) –tira, eta, nahi bada, hirugarren bat: Dorsaren panpina, Kimia–. Lehendabiziko minutuetan, ikusiko dugu nola debekatzen zaion Shidehri unibertsitatean ikasten segitzea –medikua izan nahi zuen, haren ama bezala–, gazteago zelarik izan zuen konpromiso politiko “okerra” zela eta; hurrengoetan, senarrari –medikua bera ere– armadatik deituko diote, frontean dagoen ospitale batera joan dadin –soldadutza horretara abiatu baino lehen, Shidehrekin izandako eztabaida batekin, ama eskasa izatea egotziko dio–.
Alabaren sukarra ez du preseski birus batek eragiten
Eta horrela geldituko da Shideh: etxean bere alabarekin, Irakeko misilak direla medio husten ari den Irango hiriburuan. Orduan hasiko da alaba erraten pausoak aditzen dituela, eta bertze inork ikusi ez duen emazteki batekin mintzatzen dela; eta orduan, hondarrean amak ere Teherandik alde egitea erabaki duelarik, galduko zaio panpina; eta orduan hasiko da Shideh ere amesgaiztoak izaten eta etxean izaki arraroak –existitzen zirenik sinesten ez bazuen ere– ikusten –eta iruzkingile hau hotzikarak sumatzen–.
Dorsa eta Kimia
Under the shadow ingelesez slow burner deitzen dena da, giroa astiro-astiro sortuz doan filma, pertsonaien ezinegona azaltzeko eta etorriko dena justifikatzeko bere denbora hartzen duena. Itzalpean: Teheran Iraketik igorritako misilen itzalpean bizi delako, baina baita Shideh iraultzaren zaindarien itzalpean bizi delako ere –bere ikasketak ezin akituz, etxean bideo aparatua sekretuan eduki beharrean, karrikara nahi duen jantziarekin ezin atereaz–, eta baita bere senarraren begirada gaitzeslearen itzalpean ere –tematua baitago ama-alabak haren gurasoen etxera joan beharko luketela, uste baitu emazteak ikasketak utzi behar izan izana akaso onuragarria izanen dela–. Horrela, alabak ikusten dituen mamuak amak sentitzen dituen mehatxuen isla dira, edo, nahiago bada, amari sentiarazi dizkioten porroten alegoria. Zeren, etxera sartu diren espiritu gaizto horien kontrako borrokan egiazko medikua eta ama ona dela frogatu beharko baitu –bere buruari frogatu beharko dio hori batez ere, inguruko guzien itzalpean bizi behar izateak sorrarazi dion segurtasun faltari aurre egiteko–. Zaputzik –aka spoilerrik– egin gabe, erran dezagun akabera ez dela zoriontsua izanen.
Iduri luke erbestean bizi diren zuzendari iraniarrak film apartak egiteko tema berezia dutela: hor dugu Ana Lily Amirpourren A Girl Walks Home Alone At Night –blog honetan komentatua–, edo Desiree Akhavanen Inappropriate Behavior (2014) –zinema fantastikoa ez denez, hemen iruzkinik izan ez duena–; eta, orain, Babak Anvariren Itzalpean. Film zoragarria; ikusiz gero, gainera, seguru naiz gure haurren panpinak hobeki zainduko ditugula. Badaezpada ere.
Zuzendaria: Babak Anvari
Gidoilaria: Babak Anvari
Aktoreak: Narges Radishi, Avin Manshadi, Bobby Naderi, Ray Haratian, Arash Marandi
Herrialdea: Britainia Handia / Qatar / Jordania
Urtea: 2016