Santi Leone
Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
- Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
- Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
- Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
Artxiboak
- 2023(e)ko otsaila
- 2022(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko abuztua
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko uztaila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
The Wailing (Intziria) – Donostiako Beldurrezko Astearen gaineko oharrak
Atalak: Beldurrezkoa, Suspentsea
Hemen bada zer ikertua
Mikroipuinak idazten diren bezalaxe, mikroiruzkinak idaztea zilegi balitz, hau honela egin liteke: The Wailing Hego Koreako filma da; beraz, ona da. Eta kito.
Baina ñabardura batzuk sartzeko toki eta astia –eta gogoa– baditugunez, erran dezagun film honetan Na Hong-Jin zuzendariak ez duela, ikusle honen uste apalean, Park Chan-Wook edo Kim Jee-Woon edo Bong Joon-ho zuzendariek zenbait filmetan erdietsi duten maila. Horrek ez du erran nahi Intziria film txarra denik –halere, zinema hegokorearraz ari garelarik, kontuan izan beharko genuke hango film erdipurdiko anitz, bertze zenbait herrialdetako film onak baino hobeak direla–, baina, bilatzen hasiz gero, baduela zer kritikatua.
Lehenik eta behin, Bong Joon-horen 2003ko Memories of murder (Hilketa baten oroitzapenak) ikusi duenari ezaguna eginen zaio The Wailing-en erakusten zaigun giroa: herria, euria, polizia traketsak eta hauen gaitasuna gainditzen dituzten krimenak, umore tanta batzuk… Herri bateko biztanleak erotzen hasi dira, deabruak hartuak izan balira bezala, eta krimen izugarriak egiten dituzte, gero beren buruaz bertze egiteko. Polizia batendako (Do Won Kwak), afera bereziki larria bihurtuko da, haren alaba deabruak hartutako guziek izandako sintoma berberak erakusten hasi denetik. Gaizkia herrira etorri da –diote herritarrek–, eta une jakin batetik hasi da bere burua erakusten: gizon japoniar bat (Jun Kunimura), kanpotar bat –eta hortik espainolezko titulua, El extraño, arrotza alegia– herritik hurbil dagoen etxola batean bizitzen jarri zenetik. Gizon arrotz hori deabrua delako zurrumurrua dabil herrian barna. Eta iduri luke atzerritarren inguruko aurreiritziak desegiteko diskurtso bat prestatzen ari zaigula zuzendaria, baina horrek ez luke bat eginen filma ikusi ondotik gelditzen den sentsazioarekin, gizakia funtsean gaiztoa delako sentsazioarekin. Ez dugu hemen argituko japoniar hori deabrua ote den –hori zaputza litzateke–, baina akaberak segur aski ustekabean harrapatuko du ikuslea.
Zertan ote dabil japoniar deabru hori?
Ukitu fantastiko eta beldurgarriak dituen thrillerra da, beraz, Intziria. Eta luzea den arren –156 minutukoa–, ikusleak ez du aspertzeko zirriturik aurkituko. Ongi filmatua, aktore bikainen lan bikainaz hornitua; alta bada, bilatzen hasiz gero, zer kritikatua aurki daiteke: nire ustez, Na Hong-Jinek tranpa egiten du, ez du ikuslearekin zintzo jokatzen. Gauza bat da istorioari bira harrigarriak ematea, eta bertze bat ikuslea engainatzea, eta film honetan, pasarte zentral ikusgarri bat, ikuslea engainatzeko bertze asmorik ez duela dago egina.
Hala eta guziz ere, film ederra da Na Hong-Jinen hau, film ederrak ziren bezala haren aitzineko bertze biak, The Chaser (2008) eta The Yellow Sea (2010). Akabera iruzurtia gorabehera, gozatzeko aukera ematen du istorio honek, eta akatsak akats, nik hasmentako mikroiruzkina atxikiko nuke: film hegokorearra da; beraz, ona da. Eta kito.
[Filma euskarazko azpitituluak ikusteko, hemen]
Zuzendaria: Na Hong-Jin
Gidoilaria: Na Hong-Jin
Aktoreak: Jun Kunimura, Hwang Jung-Min, Do Won Kwak, Chun Woo-Hee
Herrialdea: AEB & Hego Korea
Urtea: 2016