Odolaren mintzoa
Hasiera » Gore-a » Deathgasm
Aza24 2

Deathgasm

Atalak: Gore-a

Rock satanikoa joz gero, hau gertatzen da

Rock satanikoa joz gero, hau gertatzen da

Películas de culto liburu gomendagarrian, Mauricio Bach-ek dio, Quentin Tarantino aipatuz –buruz ari naiz; beraz, sarrera hau guzia asmazio bat izan liteke trankil aski, burmuinaren trikimailu bat–, gu aho bete hortze uzteko gaitasuna dela kultuko filmek izaten duten ezaugarri nagusietarik: uneren batean gure artean baina zer demontre ari naiz ikusten erratera behartzen gaituztela, alegia. Ez dakit Jason Lei Howden-ek zuzenduriko Deathgasm kultuko film bilakatuko ote den, baina, zer nahi duzue erratea, bi protagonistak, Brodie (Milo Cawthorne) eta Zakk (James Blake), lehendabizikoaren osaba-izeben gelan gotortu eta kanpoan esperoan duten deabruen kontra borroka egiteko aurkitu dituzten arma bakarrak bola txinatar batzuk –nuntxaku gisa baliagarri– eta tamaina ederreko kontsoladore batzuk –borra gisa erabil daitezkeenak– direla ikusi nuelarik –kontuan hartu, bertzalde, Brodieren osaba-izebak kristau zintzoak zirela, eta bi gazteek jostailu horiek “Elizako gauzak” paratzen zuen kutxa batean aurkitu zituztela, eta, hortaz, tartetxo bat behar izan zutela ulertzeko bola haiek handixko zirela errosario batenak izateko–, hori guzia ikusi nuelarik, diot, bada, nik ere nire artean WTF erran nuen, Bachen liburua gogoan.

Deathgasm heavy metali burla –pixka bat– eta omenaldia –dezente– egiten dion filma da –eta heavy metal diogunean, ez gara Europez edo Bon Joviz ari, death metalaz eta antzeko estiloez baizik–, eta garai batean estilo horretako diskoetan aurkitzen ahal omen ziren mezu satanikoak ditu abiapuntu. Alde horretatik, istorioaren aldetik alegia, ez da Rob Zombieren Lords of Salem (Salemgo jaunak, 2012) filmetik sobera diferentea. Bai, ordea, tonuari dagokionez. Deathgasm komedia baita, Peter Jacksonen edo Sam Raimiren 80ko hamarkadako filmak gogora ekartzen dituen komedia hain zuzen ere.

Film arra izanda ere, neska bat bada

Film arra izanda ere, neska bat bada

Ama kartzelara igorri dutenez –aitaz ez dakigu deus–, Brodie, heavy metalzale amorratua, osaba-izebekin bizitzera joanen da izen egokiko Greypoint herrira. Ez osaba-izebek, ez lehengusu harro nazkagarriak ez dute maite izanen, eta Brodiek bertze metalzale bat –Zakk– eta rol joko bi zale –hain harrigarria ez dena, power metalaren mundua ez baita hain urrun joko horietarik– izanen ditu lagun bakarrak. Laurek talde heavy bat osatuko dute: Deathgasm; tira, egia erran, DEATHGASM, dena letra handietan, “minuskulak koldarrendako baitira” –iturrira joan gabe ezin erabat ziurtatu, baina joka nezake lepoa Jose Ramon Zubimendik ez duela xehetasun hori aintzat hartu Ortotipografia liburuxkan–. Nolanahi ere, kontua da deabrua deitzeko partitura zahar bat aurkituko dutela: jakina, musika joko dute, eta, horren ondorioz, herriko biztanle guziak deabru bihurtuko dira, etortzekoa den deabru handiaren zerbitzari. Hortik aitzinat, kaosa eta anabasa, honela laburbiltzen ahalko litzatekeena: mutilazioak, aizkorak, motozerrak, hertzeak lurrean, buruak airean, bola txinatarrak eta kontsoladoreak –ikus sarrera–, odola litroka.

Bideo amateur horiek

Bideo amateur horiek

Jason Lei Howdenek, Peter Jacksonekin ibilia baita zenbait proiektutan, ederki jakin du 80ko hainbat film goreren espiritua eguneratzen, eta, horretarako, xarmantki uztartu ditu umorea –ez beti fina– eta beldurra –ikus daitekeen film beldurgarriena izan gabe, efektuak ongi eginak daude eta nazka eta izua eragiten dituzte–. Horretaz gainera, musika dugu: heavy metalak betidanik izan du patetismo puntu bat, nahi gabe ere estilo barregarria izateko joera ezin ukatuzko bat, eta iduri luke zuzendaria horren jakitun dela: begi-bistakoa da heavya maite duela, baina irri ere egiten dio; Brodieren edo Medinaren (Kimberley Crossman) fantasia metaleroak horren lekuko.

Kritika negatiboren bat egite aldera, aitor dezagun arrunt film arra dela: pertsonaia gehien-gehienak gizonak dira, eta emaztekien pisua nahiko eskasa. Hori jakinda, heavy metal musika gustuko baduzu –ez nahitaez, halere– eta 80ko splatterra gustatzen bazaizu –hau bai, ezinbertzeko baldintza–, film honekin gozatuko duzu. Nik behinik behin ederki pasatu nuen.

Zuzendaria: Jason Lei Howden

Gidoilariak: Jason Lei Howden & Sarah Howden

Aktoreak: Milo Cawthorne, James Blake, Kimberley Crossman, Sam Berkley, Daniel Cresswell

Herrialdea: Zelanda Berria

Urtea: 2015

2 Iruzkin

  1. Martzel | 2016-11-25 at 23:05

    Zergatik musika subgeneroak pluralean? Arraroa zait.

    Reply
    • Santi Leoné | 2016-11-26 at 10:04

      Arrazoi duzu. Zuzendu dut.

      Reply

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Santi Leone

Liburuak eta komikiak maite ditut, bai eta lagunekin solasean aritzea ere. Gabaz ez dut lorik egiten ahal, eta filmak ikusten ditut, kaskoak jantzita, ordenagailuan. Film arraroak gehienetan. Horietarik batzuk, blog honetan komentatuko ditut.

Azken bidalketak

  • Irati
  • The Innocents (Errugabeak)
  • Girl on the Third Floor
  • Vendetta dal futuro
  • Erregea Netflixen: In the Tall Grass

Iruzkin berriak

  • The Vast of Night | Odolaren mintzoa(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
  • We’re not gonna take it (edo zer eskatzen diodan zinema kritikari) • ZUZEU(e)k El Hoyo (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan
  • Maddi(e)k The Rise of Skywalker, edo J. J. Abrams vs Rian Johnson (iruzkin spoilerduna) bidalketan
  • Jaume Gelabert(e)k Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) bidalketan
  • Vivarium (Donostiako Beldur Astearen Gaineko Oharrak) | Odolaren mintzoa(e)k Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak) bidalketan

Artxiboak

  • 2023(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila

Kategoriak

  • (Euro)-westerna
  • Beldurrezkoa
  • Donostiako Zinemaldia
  • Drama
  • Egile-zinema
  • Fantastikoa
  • Giallo-a
  • Gore-a
  • Sailkatugabeak
  • Slasher
  • Superheroiak
  • Suspentsea
  • Zientzia-fikzioa
  • Zonbiak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA